Buenos Airesen, 2001eko abenduaren 19an
Itziar Abad-en ipuin erotikoa, Kristina Sáez-en irudiez lagundua. Lehenengo partea. Pronto, la traducción a castellano
Ipuin honek Ipuin Erotikoen 15. lehiaketan bigarren saria lortu zuen. Lehiaketa Euskarabila erakundeak eta Txalaparta argitaletxeak antolatutakoa zen, 2010ean.
“Zer falta zaio egoerari perfektua izateko? -galdetu zion Lucíak bere buruari-. Fruta gozo baten edo txokolatezko bonboi batzuen zaporea, lurrin garestiaren usaina, giro-musika…”
Valeria Lucíaren aurrean gelditu zen eta irribarre egin zuen, modu dibertigarri eta urduri batean. Izan ere, ziur zegoen beraien artean une hartantxe gertatuko zela, azkenean, desideratua bezain erremediorik gabekoa zen zer edo zer
Naturak nahi izan zuen bezala zulatu zituen terma haiek, mendi baten hegalean. Lucía eta Valeria bakarrik zeuden han. Berdeak eta oparoak ziren landareak eta atzealdean zegoen paisaia, izugarria: Los Andes mendikatea. Ez zuen guztiz ilundu, baina ilargia Catamarcako zeruaren protagonista zen, jadanik.
Valeria Lucíaren aurrean gelditu zen eta irribarre egin zuen, modu dibertigarri eta urduri batean. Izan ere, ziur zegoen beraien artean une hartantxe gertatuko zela, azkenean, desideratua bezain erremediorik gabekoa zen zer edo zer.
– Mirá… -xuxurlatu zuen Valeriak- Para vos…
Erantzi zuen arropa, presarik gabe, Lucíak beraren gorputz beltzaran eta irmoa azter zezan. Valeriaren titiburuak handituta zeuden. Lucíari haiek ukitzeko baimena eman gabe, ur beroetan urperatu zen.
Lucía konturatu zen, une hartantxe, egoerari ez zitzaiola elementurik falta, nahiz eta berari bilatzea buruan sartu. Egoera perfektua zen eta gozatzea erabaki zuen. Oraindik jantzita, Valeria bainatzen ari zen igerileku-bazterrean eseri zen.
Behean zegoen lokatza zela eta, ura iluna zen, baina garbi eta terapeutikoa, esaten zutenez. Hankak sartu zituen uretan eta plisti-plasta egiten hasi zen, urduritasunez, begiekin bere desioaren gorputza bilatzen zuen bitartean. Arnasa hartu zuen; 2.000 metroko altitudean eta uraren 40 graduko tenperaturarekin ez zen erraza.
Valeriak, urpean igeri eginez, Lucíari hurbiltzeko denbora gutxi behar izan zuen. Azaleratu zenean, Lucíak ikusi zuen urak lagunaren kizkur beltzak leundu zituela eta ilea, horren ondorioz, bizkarraren erdiraino heltzen zitzaiola. Haren titi handiak eusteko irrikan zegoen Lucía, haietatik labaintzen ziren tantak dastatzeko.
Halere, Valeriak aurrea hartu zion. Lucíaren gonaren azpitik eskuak sartu eta beherantz tiratu zuen kulerotik. Kuleroak ur gainean geratu ziren. Astiro-astiro ireki zizkion hankak Lucíari eta izterren artean sartu zuen burua. Denbora luze egon zen haren alua miazkatzen eta zulatzen, mihi irmo eta iaio batekin. Bat-batean, Lucíaren gorputz inkontrolatuak sentitu zuen plazerrezko eztanda batek Los Andes mendikateko tontorrik altuenera altxatzen zuela. Gainerako arropa erantzi zuen eta ahoz gora etzanda geratu zen. Hainbeste izar ikusi zituen azken aldia noiz izan zen gogoratzen saiatu zen.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Lucía Arriaga Salazar 2001eko abenduaren 19an lurreratu zen Buenos Airesen. Zuen bizimoduaz gogaituta, etapa berri bati hasiera eman nahi zion. Jaioterritik (Bizkaitik) urrun joan nahi zuen, beste batzuetan egin zuenez, gazteagoa zelarik. Familiak beti animatzen zuen Lucía bidaiatzera eta atzerrian denboraldiak ematera. Beste kultura batzuk ezagutzen dituena pertsona tolerantea eta zintzoa bihurtzen zela esaten zioten.
Aldi hartan, ordea, dena zen desberdina: familiak oztopo asko jarri zizkion eta lagunek azalpen gehiegi eskatu zioten Lucíari, Buenos Airesera bidaiatu aurretik. Izan ere, etapa berri hari hasiera emateko, Lucíak lana bertan behera utzi behar zuen. Kazetaria zen Euskal Herriko aldizkari baten edizio digitalean. Buenos Airesetik bueltan, ez zitzaion samurra egingo beste lan bat aurkitzea orduan zeukana bezain gustukoa.
Hala ere, gurasoen kezkarik handiena ez zen lana, Lucía Buenos Airesen bizi izatea baizik. Erabat ulertezina eta zoroa zeritzoten alabak hartutako erabaki hari. Argentina kolapsatzeko zorian zegoen eta argentinarrek handik ihes egin nahi zuten. Aitak egunero gogorarazten zion hura Lucíari, berriak entzun ondoren:
– Argentinar guztiak Europara edo Estatu Batuetara joaten ari dira. Buenos Aireseko aireportuan badago kartel bat esaten duena: ‘El último que apague la luz’. Eta zu zer, berriro pizteko asmoz?
Lucíak ez zion erantzuten aitaren zirikadari, merezi ez zuelakoan. Emakumeenganako indarkeria, pobrezia, edota gerren aurkako hainbat manifestaziotan hartu ohi zuen parte, unibertsitateko garaietan. Horrexegatik, familiakoen artean, ‘borroka galduen’ defendatzailea izateko ospea hartu zuen, Calcutako Ama Teresaren bertsio sofistikatua eta ateoa. Horrexegatik, aitak galdetu zion Lucíari, era ironiko batean, ea bidaiak Argentina kolapsotik ateratzea zuen helburu.
Alabaina, Lucíaren asmoa askoz praktikoagoa eta errealistagoa zen. Nahiz eta lana gustatu, bulegoko giroak aspertzen zuen eta eguneroko bizitza gero eta astunagoa egiten zitzaion: aginduak, erlojua, presa, euria, aginduak, erlojua, presa… Horrela jarraituz gero, Momoren gizon gris haietako bat bihurtuko zela pentsatu zuen.
Zalantzarik gabe, aldatzeko ordua zen eta Argentina, aukera paregabea. Hedabideek garrantzi handia ematen zioten Argentinako krisialdiari eta erraz erosiko zituzten handik bertatik idatzitako kronikak. Beraz, diruaren kontuak ez zuen kezkatzen Lucía; nahikoa irabaziko zuen free lance lan eginez.
Buenos Airesen eman zuen lehen egunean, Lucíak San Telmoko auzoko pentsio batean egin zuen lo. Berandu altxatu eta hiritik ibiltzera irten zen. Kalea zapaldu bezain pronto, uda australa zama astuna izango balitz bezala erori zitzaion gorputzaren gainean; pare bat egun behar izango zituen bero eta hezetasun hartara ohitzeko.
Giroa oso nahasia zen. Azkar zebilen jendea, begirada galdua, errepideetatik nahiz espaloietatik, norabide guztietan. Balkoietatik, pertsona batzuek oihu egiten zuten: “¡Todo el mundo a la Plaza de Mayo!”.
Bat-batean, jendeak kaleak okupatu zituen eta izugarrizko manifestazioa sortu zen. Lucíak ez zeukan galdetu beharrik Buenos Airesek zergatik ematen zuen presio-eltze bat. Hedabideen bidez, egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren jakinaren gainean zegoen. Argentina noraezean zebilen eta politikariek ez zuten porrotaren kontrako alternatibarik. Hura gutxi balitz bezala, corraliton harrapatuta zeuzkan argentinar askok aurrezkiak. Hala deitzen zen Fernando de la Rúa presidentearen gobernuak hartutako neurri ekonomikoa.
Lucíak jendeari jarraitzea erabaki zuen baina, Maiatza Plazara jo aurretik, pentsiora bueltatu zen beste gau bat gehiago erreserbatzeko. Giroa harrigarriegia zen, gau hartan non egingo zuen lo aldez aurretik ez jakiteko.
Maiatza Plaza bandera zuri-urdinez eta Ché-ren argazkiz beteta zegoen. Egurrezko banku batera igota, Lucíak hainbat lekutan barrikadak zeudela ikusi zuen. Jendetzak bere onetik irtenda ematen zuen eta oihuak eta lapikoekin egiten zuen zaratak gero eta tentsio handiagoa sortzen zuten. Polizia armatua Plazara heltzen hasi zen. Tenperatura altua izan arren, Lucíak hotzikara bat sentitu zuen gorputz osoan. Begiekin biderik laburrena bilatu zuen pentsiora bueltatzeko; Buenos Airesen lehen eguna izateko, nahikoa izan zuen.
Nekez lortu zuen plazatik irtetea. Behin kanpoan, pentsiora zuzenean joateko kalea hartzen saiatu zen. Hala ere, ezin zuen bidea identifikatu, kaosagatik. Oso urduri jarri zen. Ia bulkadaz, norabidea galdetzeko asmotan, kolpetxo bat eman zion bizkarrean bere aurrean zihoan neskari. Neskak buelta eman eta, haren begietara begiratzean, zer esan ez zekiela geratu zen Lucía. Ustekabean, bihotzondokoa izan zuen; xarma handiko neska bat zen.
Azpitik gora begiratu zion Lucíak: begi beltzak, azal beltzarana, ile kizkurra eta trinkoa, bera bezain altua. Bakero estuak janzten zituen eta kamiseta zuria. Zabala ematen zuen kamisetak baina, urez bustita zegoenez -beharbada freskatzeko botata-, erabat itsasten zen neskaren gorputzean, bi titi handi nabarmenduz. Lucíari listua ur bihurtu zitzaion, nahiz eta eztarria siku sentitu. Bihotza oso azkar hasi zen taupadak egiten.
Lucíak gorputz hura aztertu zuen segundo batzuk gehiago. Azkenean, listua irentsi eta berriro begietara begiratu zion neskari. Neska barre egiten ari zen, isekaz:
– ¿Terminaste?
Une hartan, perkusio zarata bat entzun zen eta Lucíak ez zuen aditu neskak zer esan zion. Hala ere, bazekien zein izan zen galdera, haren ezpain lodi eta gorriak irakurri baitzituen. Nahiago izan zuen, ordea, disimulatu. Alde batetik, bere jokaeraz -neskari egindako analisiaz- lotsatu zen. Beste alde batetik, nahasi zegoen; berotu egin zen neska harekin eta batailaren erdian zegoela ahaztu zitzaion berehala.
– Perdona; ¿la calle Defensa, la Pensión Sandanzas? -esaten asmatu zuen Lucíak.
– Soy Valeria -eta bidea erakutsi zion.
Pentsiorako bidea ere leku guztietatik ateratako jendetza amorratuz lepo zegoen. Barrikadek jarraitzen zuten eta establezimenduetako ateak itxi zituzten dendariek. Pentsiora heldu bezain laster, dutxa hartu eta ohearen gainean etzan zen Lucía, ahoz gora eta arroparik gabe. Finko begiratzen geratu zen sabaia. Gune bitxi hartan olio-pinturetan, emakumezkoen eta gizonezkoen irudiak larrua jotzen ari ziren, sekulako orgia batean. Era eta neurri guztietako zakilek eta titiek apaintzen zuten sabaia eta, haien artean, plazerragatik itxuragabetutako aurpegiak ikusten ziren.
Manifestazioan zegoen neska burura etorri zitzaion eta, nahi gabe, haren titiak bezalako titi batzuk bilatzen hasi zen margoen artean. “Valeria…”, ahopean esan zuen Lucíak, bihotza eta arnasa berriro ere azkartzen zitzaizkiola nabarituz. Kilika sumatu zuen Lucíak baginako ezpainetan eta, jarraian, ihintz arina, han behean izerditan egongo balitz bezala.
Eskuineko eskua jarri zuen plazerren zentroan. Bere alua Valeriarena zela imajinatu eta laztandu zuen, maitasun handiz. Beste eskuarekin, aldi berean, bularrei masajea ematen hasi zen. Dutxa hartu berria bazen ere, izerdi-tantak irten zitzaizkion, berriz, azaleko poroetatik. Hura gustatu egin zitzaion Lucíari; azala labainkor izanda, errazago igurtzi ahal izango zituen titiak eta baita gorputzeko beste atal batzuk ere: sabela, tripa, izterrak…
Atzamar trebeek egindako lanari esker, baginatik tanta lodi eta melekak erortzen hasi zitzaizkion. Alua urtsu sentitu zuen Lucíak, fruta-zuku hotz bat bezain desiragarria. Begi txilotuta, gihar irmo, titiburuak gogortuta… “Oso gorputz boteretsua daukat, hainbesteko plazer sentitzeko kapaz baldin bada”, hausnartu zuen Lucíak. Nekatuta zegoenez, denbora gutxi behar izan zuen orgasmora iristeko.
Bere gorputza ohearen gainean geratu zen etzanda, zoriontsua eta arina, luma bat bezala. Orain bai zegoen erlaxatuta, Plazan zegoen tentsio handi hura pasata eta orgasmo gozoa izanda. Zortziak ez zuten oraindik jo, Lucíak lo hartu zuelarik.
Hamarrak inguruan, norbaitek atea jo zuen. Izututa esnatu zen Lucía eta gainera, hotzez dardaka, erdi bustita eta arroparik gabe lokartzeagatik. Itxaroteko eskatu zuen, kamiseta luze bat bilatzen zuen bitartean. Valeria zen.