Adeline Virginia Stephen
Virginia Woolf-en urtebetetzea dela eta, Oihana Etxebarrietak idazlearen ibilbidea eta ekarpen feministak gogoratzen ditu. Aurten lehen aldiz ‘Gela bat norberarena’, bere saiakera ospetsuena, euskaraz argitaratuko dela ere ospatzen du
Oihana Etxebarrieta
Ehun eta hogeita hamaika urte beteko lituzke gaur. 1882an jaio zen, gaurko egunez, Virginia Woolf, eta 1941ean bere buruaz beste egin zuen, 59 urte zituela.
Baina bere testuak irakurtzen ditudanean, begien aurrean gaur egungo militante feminista bat dudala iruditzen zait behin baina gehiagotan. Hala ere eztabaida ugari daude honen inguruan: Feminista ote zen? Ezberdintasunaren feminismoko korrontekoa zen? Androginia bultzatzen ote zuen? Zertarako? Heteropatriarkatua kritikatzen ote zuen? Lesbiana ote zen?
Galdera hauei erantzuna ematen saiatu izan dira eremu desberdinetatik: akademiatik, feminismotik, literaturatik… Doktore tesiak, hitzaldi konferentziak, mahai-inguruak eta solasaldiak antolatu izan dira honen inguruan eztabaidatzeko. Nik gaur ez dut inolako erantzunik emango, nire sentimenduetatik eta nire pertzepzioetatik hitz egingo dizuet, erabat subjektiboa eta erabat partziala.
Adeline Virginia Stephen (Woolf, senarraren abizena zen), Londres hirian jaio zen, eta eskolara joan ez zen arren, etxean aitaren eta irakasle pribatuen eskutik heziketa jaso zuen. Intelektualez inguratua hazi zen, baita bere ahizpa eta neba ugariez ere. Anai ordeetako batek, Virginia bortxatu zuen hamalau urte zituenean. Honek eta gurasoen eta ahizpa baten heriotza goiztiarrak psike ahula izatera eraman zutela esan dute “aditu” askok. Zenbait krisi bizi izan zituen gaztetatik, eta batzuetan, zentroetan egonaldiak egitera bidali zuten. Hala ere, aurrera egiten jarraitu zuen, eta bere anai eta ahizpa batekin Bloomsbury auzoan zegoen etxe batera bizitzera joan zen. Bertan, anaiaren fakultate kideak biltzen hasi ziren, eta pixkanaka, eztabaida gune horietara geroz eta jende gehiago hurbilduz joan zen, gerora ezaguna egin zen Bloomsburyko zirkulua osatuz. Bertan ezagutu zuen Virginiak bere senarra izango zen Leonard Woolf. 1917an harekin batera Hogarth Press argitaletxe arrakastatsua sortu zuen. 1922an, Vita Sackevile-West ezagutu zuen eta harekin erlazio afektibo eta sexualak izango ditu urteetan zehar. Hari eskainia idatzi zuen Orlando. Bere lagun eta maitalearen fantasiazko biografia da liburua.
‘Orlando’ eleberrian rolen estereotipazioaz eta generoaren performatibitateaz dihardu, gaur egungo feminismoan pil-pilean dauden gaiak, alegia
Niretzako, azken hau, bere gaurkotasunaren adibiderik argienetako bat da, protagonista den Orlando hiru mendeetan zehar bizitzeaz gain, genero aldaketa bizitzen baitu nobelan (edo biografian). Hasierako mutiko gaztea, emakume bilakatzen da. Eta aldaketa honen inguruan hausnartzen dihardu nobela guztian zehar: Arropaz mintzatzen da, emozioen banaketaz, rolen estereotipazioaz,… generoaren performatibitateaz azken finean. Gogoeta sakonak bultzatzen ditu, gaur egungo feminismoan pil-pilean daudenak oraindik ere! Niri behintzat, izugarri harritzen ninduen, nobela irakurtzen nenbilela horrelako hausnarketak topatzea 1928an!
Virginia Woolfen nobelagintza hala ere, asko aztertua, eta ezagutzera emana izan da. Narrazio moduetan egin zuen berrikuntza azpimarratzen da alde batetik zein bestetik. Barruko ahotsak eta pertsonaien burutazio eta bakarrizketak adierazten maisua izan zela diote aditu ugarik. Baina honetaz gain, kontuan hartzeko beste fazetak ere zituela azpimarratu nahiko nuke gaur. Bere saiakerak, feminismora gehien hurbildu ahal gaituztenak direla esatera ausartuko nintzateke. Hiru Ginea eta Gela bat norberarena testu sakon eta hausnartzaileak ezagutzeko modukoak dira.
Lehena, 70. hamarkadako feministengatik berreskuratua izan zen, gerraren aurka mintzatzen baitzen. Garai horretako feministentzako oinarrizko testu bilakatu zen. Bertan, honelako esaldiak topatu ahal ditugu “Munstro honek- zioen gizonez mintzatuz- zuen askatasuna trabatu egiten du… Zuen amak emakume izateagatik, baztertuak, giltzaperatuak zirenean sentitzen zutena sentitzen duzue orain zuen haragian. Orain judu, demokrata izatearren baztertzen eta giltzaperatzen zaituztete” Horregatik “soluzioa ez datza zuen berbak, zuen metodoak behin eta berriro errepikatzean, baizik eta emakumezkoen sortze ahalmena kontuan hartzen duten beste hitz batzuk, beste metodo batzuk bilatzean”[1].
70. hamarkadako feministek, garai horretara arte ezezaguna zen Virginia Woolfen saiakera fazeta ezagutzera eman zuten.
‘Gela bat norberarena’ saiakeran garaian (eta gaur egunean ere) gizonezkoek menperatzen zuten literaturaren espazioan emakumeen presentzia handiagotu zedin nolako baldintzak behar ote ziren adierazi zuen
Eta aurtengoa, ez da ospakizun zenbaki borobila izango Virginia Woolfentzako, 131 urte baitira bere jaiotza izan zenetik, baina bai euskal feministontzako. Lehen aldiz, Virginia Woolfen Gela bat norberarena euskaraz izango baitugu esku artean Consonni arte ekoizle eta argitaletxeari esker. “Emakume batek, fikzioa idatziko badu, dirua eta bere gela behar ditu” esaldi aski ezaguna biltzen du liburuak. Garaian (eta gaur egunean ere) gizonezkoek menperatzen zuten literaturaren espazioan emakumeen presentzia handiagotu zedin nolako baldintzak behar ote ziren adierazi zituen hitzaldi batean Woolfek. Esan bezala, nire ustez, oraindik gaurkotasun izugarria duen testu honek, hausnarketara bultzatzen gaitu, adibidez Shakespeareren arrebaren figurarekin. Virginia Woolfek galdetzen dio bere buruari ea zer gertatuko ote litzakeen idazle ingelesak arreba bat izan balu, eta honek arte gaitasun handia eduki izan balu. “Antzerkian jardutea eskatuko zuen agian, eta antzezlanaren zuzendariak, jarrera ulerkorrez, haurdun utziko zuen eta emakumeak bere buruaz beste egin. Shakespeareren arreba zoritxarreko hori, zuregan, nahiz niregan, nahiz zoru garbitzaileari eta haurrez erditzeari ekiten dioten beste emakume askorengan bizi da”1. Uste dut ez duela azalpenik eta hausnarketa gehiagorik behar.
2013 honetan, daukagun edo eraikitzen ari garen gela propio horretan, norberaren gela horretan, apal batean, euskaraz bizitu nahi dugun feministok izango dugu zer ipini. Eta Gela bat norberarena heltzen den bitartean, aukera baduzue, hartu esku artean Virginia Woolfen liburu edo saiakeraren bat, eta egun hotz eta umel hauetan, kokatu zaitezte, zuen gela propioan, toki goxo batean, eta emaiozue sormenari!
[1] Itzulpena “Emakumeak XX. Mendeko historian. Pertsonaiak, Gaiak, Gertaerak” liburutik hartu dut. Alizia stürtze, Maria Colera eta Mertxe Kortak Gaiak argitaletxean 2002an publikatu zuten.