Palestina eta Euskal Herria, elkartasun feministarekin bat

Palestina eta Euskal Herria, elkartasun feministarekin bat

Borroka feminista nazio askapen borroka eta gaztazka politikoaren irtenbidearen aldeko lanarekin uztartzen dabil, nahiz eta okupazio israeldarrak eta blokeo egoerak maizetan eztabaida feminista zein espazio propioak eraikitzea oztopatzen duen

26/06/2013

Palestinan gauden Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat kide

“Ez dugu sinisten emakumeok aske izango ez garen Palestina estatu independiente eta laiko batean”, Soraida Hussein militante feministaren adierazpenek indarrez eta gogoz hartu gaituzte Palestinan. Borroka feminista, nazio askapen borroka eta gaztazka politikoaren irtenbidearen aldeko lanarekin uztartzen dabiltzala gaineratu digu Husseinek. Nahiz eta zehaztu digun, okupazio israeldarrak eta egun bizi duten blokeo egoerak maizetan borroka feministan eztabaida zein espazio propioak eraikitzerako orduan oztopo bat diren. “Oso zaila egiten zaigu emakumeon eskubideen aldeko borrokan markatutako agenda jarraitzea okupazioa/zapalkuntzaren ondorioz bihotza Gazan dugulako” gaineratu du militante feministak.

Hala, banaketa geografiko, politiko eta sozialak ere eragin zuzena duela nabarmendu du feminismoaren bidean.

Adierazpenak, hitzak, begiradak eta besarkadak jaso eta ematen gabiltza aste honetan Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat kide Palestinan, UNRWA Euskadi elkarteak ahalbideratutako bidaian. Bertako emakume eta talde feministen praktika politikoa ezagutzeko, harreman eta elkartasun zubiak eraikitzeko eta emakume palestinarren egoera gertutik ezagutzeko asmoz gaude bertan.

Bizipen guzti hauek benetan hunkitu gaituzte, ikaragarria baita bizitzako arlo guztietan palestinar herriak eta bereziki emakumeek bizi dituzten errepresio bide eta egoera ezberdinak. Izan, okupazio israeldarraren edo izan bertako instituzio eta agintari patriarkalen eraginez. Hala eta guztiz ere, indarra ez zaie falta eta gogotsu dabiltza emakumeon eskubideen aldeko borrokan.

Honela, Palestinako emakumeen eskubideen aldeko lana oso anitza dela esan genezake, errealialitateak bezain anitza. Hauexek dira lantzen dituzten gai eta aldarrikapen nagusiak: besteak beste, gaur egun indarrean dituzten lege berri eta zaharren (otomano eta egipziarrak) inguruko irakurketak eta hauen gaineko aldaketen exijentziak; emakumeen jabekuntza; indarkeria sexistaren inguruko sentsibilizazioa, sozializazioa, prebentzioa eta asistentzia zerbitzuen sortzea; emakumeen eskubideen inguruko informazioa eta aldarrikapenak kalean eta etxeetan ezagutarazteko bitarteko desberdinen sorrera; adin txikikoen arteko ezkontzen aurkako lanketa; herentzia eskubidea eta justiziarako sarbidea bermatzea.

Bukatzeko, Zienab Al-Ghonaimi Hayak zentruko militante feministaren hitzekin agurtzen gara: “ez dut zuen hizkuntza ulertzen, baina bai emakumeon hizkuntza”.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba