Sorginak, sorginok
'Las brujas de Zugarramurdi' pelikularen harira, Nahia Fernandez Vicariok sorgina etiketa feminitatearen arauekin apurtzen zituzten emakumeak estigmatizatzeko erabili zela gogoratzen du eta gaur egun mito horren esanahiaren inguruan hausnartzen du
Nahia Fernandez Vicario
Estreinatu berri den ‘Las Brujas de Zugarramurdi’ pelikula ikusi nuen aurrekoan. Film honen komedia emakumeon inguruko topikoetan zein gizon eta emakumeen arteko harreman estereotipatuan datza, batez ere. Horretaz gain, pertsonaien artean azaltzen diren emakume guztiak sorginak dira, eta interesgarria iruditu zait emakumeen inguruko broma topiko eta estereotipatuak sorginaren paperarekin zein erraz ahokatzen diren aztertzea.
Gizaki sexualak eta jakintsuak izatea eta ekimen kolektibistetan parte hartzea izan ziren sorginak akusatzeko arrazoi nagusiak
Gizonez nazkaturik dauden emakumeak, neskazaharrak, emakume hipersexualizatuak, berekoiak, gaiztoak… ezaugarri guzti hauek biltzen dituzte ‘Las Brujas de Zugarramurdi’ filmeko sorginek, beste edozein istoriotako sorginen antzera. Guzti honek sorginaren mitoaren inguruko gogoeta egitera bultzatu nau. Nortzuk ziren sorginak? Zergatik irudi gaizto hori?
Mitoa errealitate bihurtu zenean
Izaera “femeninotik” aldentzen diren emakumeak etiketatzeko eta demonizatzeko mitologia ezberdina sortu izan da mendeetan zehar. Sorginaren irudia Erdi Aroaren bukaeran indartu eta bortizki hedatu egin zen Europan, eliza kristauaren eskutik. Garai hartako sistema, eliza kristaua eta feudalismoa oinarri zituena, krisian zegoen, aldaketa giroa nabarmentzen baitzen herri mugimenduaren artean. Horren aurrean, eliza kristauak sorginenganako beldurra hedatu egin zuen herritarren artean, hauen batasuna zapuztuz eta deskonfiantza giroa ezarriz. Honela sortu zen hain ezaguna den Inkisizio Santua deituriko prozesua, zeinetan milaka pertsona akusatuak, torturatuak eta erailak izan ziren sorginak izatea leporaturik.
Inkisizio prozesua eraginkorra izan zedin, gidaliburu bat ere sortu zuten eliza barrutiko zenbait kidek, ‘Malleus Maleficarum’ (euskaraz, Sorginen Martilua) izenarekin. Dokumentu honek sorginak nola identifikatu eta zigortu azaltzen zuen, eta oso erabilia izan zen prozesu guztian zehar Europako inkisidore anitzen artean. Zeintzuk izan ziren, hortaz, sorginak identifikatzeko irizpideak?
Sorginkeriaz akusatutako pertsonen %85-90 artean emakumeak izan ziren, maila sozial baxukoak gehienak. Horretaz gain, zenbait ikerketek sorginkeriaz akusaturiko emakumeen gehiengo handi bat ezkondurik ez zegoela frogatu egin dute; hauek, beraz, alargunak, ezkongabeak edo “neskazaharrak” izan ziren. Malleus Maleficarum dokumentuak, hain zuzen, zera zioen: “Emakume batek bakarrik pentsatzen duenean, pentsamendu gaiztoak besterik ez ditu”. Hortik gaur egun oraindik ere dugun sorginaren irudi bakarti eta berekoia.
Sorginen delituak, emakumeon delituak
Garaiko inkisidoreak hiru arrazoiketa edo aitzakia nagusiez baliatzen ziren emakumeak sorginkeriaz akusatzako:
Lehenengoz, sorginek burututako gizonen aurkako ustezko krimen sexualak ditugu, beste hitz batzuekin esanda, emakumeak gizaki sexualak izate hutsagatik, gizonezkoei lizunkeria kutsatzea. Malleus Maleficarum idazkiak honela dio: “sorginkeria oro lizunkeriatik dator, zeina emakumeengan aseezina den”. Gaur egun ere, bortxaketa kasu askotan emakumearen probokazioan erasoaren justifikazioa bilatu egiten da, janzkera, esaterako, aitzakia moduan erabiltzen delarik maiz.
Egun ere sorginaren mitoak emakumeoi zer izan behar ez dugun gogorarazten digu, “geure generoari” dagokionez “bide okerretik” joan ez gaitezen
Sorginak akusatzeko bigarren arrazoi nagusia akelarreetan parte-hartzea izan zen. Akelarreetan maila sozial baxuko emakumeak bildu egiten ziren, festa paganoak ospatzeko edota egunerokotasuneko zein garaiko arazoen inguruan eztabaidatzeko eta horiei modu kolektiboan aurre egiteko. Hau ez zen ez eliza kristauaren ez sistema feudalaren gustuko, hura herri mugimenduaren iraultza garaia zela kontuan izanik.
Osasunaren gaineko “botere magikoak” izatea ere delitutzat jo izan zuten garaiko inkisidoreek. Jakintzak dakarren boterea gizonentzako bakarrik erreserbatzea hoberena zela erabaki zuten garai hartan, izan ere, emakume asko eta asko jakintza mediku eta ginekologikoak izatea leporatuta kondenatuak izan ziren. Emaginak izan ziren Inkisizioaren bortizkeria gehien pairatu zuten emakumeak, batik bat antisorgailu teknika ezberdinak hedatzeagatik eta abortuak praktikatzeagatik. Gaur egun ere, dakigun moduan, azken hauek demonizatuak dauden praktikak izaten jarraitzen dute.
Sorgina pirulina…
Sorginkeriaz akusaturiko emakume guzti horiek zerbait zeukaten amankomunean: feminitate idealaren kontzeptuarekin bat ez egitea. Euren sexualitatea bizitzeagatik, zoriontsu bizitzeko gizonen beharrik ez izateagatik eta baita emakume autonomo, independiente, boteretsu, jakintsu edota errebeldeak izateagatik ere izan ziren kondenatuak eta zigortuak: emakumeoi sozialki dagokigun feminitate rolarengandik aldentzeagatik, alegia.
Jendarte patriarkalaren barne bizi garenez gero, sorginaren mitoa erdi arotik gaur arte izan da erabilia emakumeok “geure generoari” dagokionez “bide okerretik” joan ez gaitezen. Egun, baieztapen honen anitz demostrazio aurki ditzakegu Alex de la Iglesiaren filmetan, esaterako, edota haurrentzako ipuin, abesti eta jolasetan, zeinetan emakume gaiztoak maiz sorgin itxuraz ageri diren (Edurnezuriren edota Loti Ederraren istorioetan, adibidez). Sorgin guzti horiek bakarti, soltero, beldurgarri, berekoi eta itsusi ageri dira; horren ezkutuko oinarrian izaera independiente, autonomo, boteretsu eta norbere desioak besteen desioen gainetik jartzen dituen emakumearen izaera ezkutatzen delarik. Ezkutatu baino, berriro ere, emakumeongan ezaugarri hauek desegoki moduan azaltzen dira, mezu sutil baina eraginkorra dugularik sorginaren mitoaren bidez transmititzen zaiguna: emakumeoi zer izan behar ez dugun gogorarazten digun mezua.
Artikulu honi amaiera borobil bat emateko hausnarketa txiki bat konpartitu nahi nuke zuekin. Feministok geure mito propioa ere badugula esango nuke, maiz ezaugarri pertsonal konkretu batzuk atxikitzen zaizkigularik: emakume itsusiak, iletsuak, lesbianak, histerikoak, umore txarrekoak, mari-mutilak edota “feminaziak” omen gara, geure ideien pisua desagertu egiten delarik kalifikatibo artean. Ez al duzue sorginaren mitoarekin antzekotasunik topatzen?