Bazterrak eta ertzak

Bazterrak eta ertzak

Kattalin Miner

Sarri esan ohi dugu bazterretako politika dela geuk egiten duguna. Zentroak, hegemoniak, alde batera uzten gaituen gorputz horiena. Emakume izendatuona, arrazakeria pairatzen dutenena, lesbianona, putena, errefuxiatuena, aniztasun funtzionala dugunona… zapalduona. Besteak gara eta besteon aliantzek sortzen dituzten erresistentzien aliantzan aritzen gara botere zentrua noiz pitzatuko borrokan.

Batzuetan ordea, guk geuk aldarrikatu ohi dugu, geure bazterrak unibertsalizatzeko nahia, geurea hegemonia bilakatzeko desira; hegemonia behingoz anitza izan dadin.

Kataluniako DUI famatuaren bueltan Anna Gabriel entzuten nabil, eta horixe dio berak ere, Kataluniako Errepublikak, izango bada, bazterrak erdigunean jarriko dituen errepublika izan behar duela. Errepublika solidarioa, feminista, antifaxista, arrazakeriaren aurkakoa, internazionalista, kapitalaren logiketatik at eratuko dena, eta batez ere, herri eta gorputz erresistenteak aintzat hartuko dituena.

Azkeneko urteetan, lortu dugu hainbat testuinguruetan (ezkerreko eta feministetan, esaterako) bazterrak diskurtsoaren zentroan sartzen. Eta CUPen kasuan bederen, argi asmatu dute bazterrak erdiguneratzen dituen diskurtsoak artikulatzen. Aldi berean, hala ere, ongi dakigu honek ez duela esan nahi hegemoniatik gertuago gaudenik.

Beraz, beste aukera batean pentsatzen hasi naiz; hain zuzen, bazterrak ez direla ertzak. Bazterrak marjina esan nahi duela, zerbaiten bueltan, kanpoan, zentrotik at gauden horiek. Bazterrak kanpoan utzi daitezkeela eta ertzak ostera, zentro hori borobiltzen dutela, sarri erpin bilakatzen direla, puntak, zentro horretara batuta dauden zati deserosoak. Mugak.

Noski, mugen aurkakoak gara geu, baina, eta geure mugek hegemoniaren marra gorriak zehazteko balio badute? Eta geure marrek, estutzearen estutzez, hegemonia hesitu eta setiatzen badute? Emango bagenie, geure erresistentzia lekuei bazter izaeraren ordez, ertz izaera, eta zentroa bera itotzeko gaitasuna? Hurrengo asteetan ikusiko da noraino heldu daiteken ertz-estrategia (Katalunian), eta aurrerago, beste hegemonia guztiak suntsitzeko borrokan.

Download PDF
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba