Bagenekien emakumeok hiru aldiz on behar genuela, behin ontzat joak izateko. Ez aspaldi, Euskal Herriko bertsolari txapelduna ona izan zen emakume izateko; laster bilakatu zen emakumerik onena eta, azkenik, kostata, onena, edo, gutxienean, Txapelduna. Aho batez. BECera hurbildu ziren 14.600 bertsozaleen eta finala etxetik jarraitu zuten 300.000 gehiagoren aurrean.
Lujanbiok bigarren txapela jantzi izanak asko gozatu digu txapelketaren biharamuna behazuna dastatzen hasiak ginen zenbaiti. Bigarrenak zilegitu du lehena, eta libratu du Lujanbio kasualitatearen eta salbuespen mirarizkoaren gezur aurreikusgarritik. Aurreneko txapela dudakoa izan baitzen askorentzat: aurrekoak erdi-opari emana, hurrengoari erdi-lapurtua, feministon bultzadari esker erdi-behartua.
Autoritate nagusia irabazi zuen argudioekin sega pasatuta, hitzekin txiribuelta bikoitzak eginda eta modurik adierazkorrenean kantatuta”, idatzi zuen Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak. Han eta hemen ari da aipatzen Lujanbioren bikaintasuna, ertzetik eta beltzetik datorren ahotsaren maistratasuna. Hedabide berean, txapeldunaren gaineko adostasunaren garrantzia azpimarratu zuen Kattalin Minerrek eta ohartarazten, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean (eta kanona ezartzen den gainerako tenplu guztietan) “gauza asko erabakitzen, kontsentsuatzen eta onartzen direla (bertsotan hobekien nork egiten duenaz aparte)”.
Orain pentsatu beharko dugu Lujanbiorengan “lautadako biztanle bakartiaren” sindromea haragitu ez dadin nola jokatu. Delikatua baita kanona egosten den txapelketak gainerako emakume bertsolarioi gaur arte igorri digun mezua: “(oraingoz) ez zarete iristen”. Beraz, “(oraingoz) ez duzue goi-bertsolaritza” egiten, hots (gaiztoa da logika), “(oraingoz) plazetan duzuen lekua (%25aren bueltan dabilena) “objektiboki” eta “kalitatearen ikuspegitik” dagokizuena baino handiagoa da”, hortaz: kexak kexa “(oraingoz) pribilegiatuak zarete”.
Autoritate nagusia emakumeak gorpuzteak laguntzen du, baina ez du bermatzen bertsolaritzan emakumezkoon autoritatea gizonezkoenaren pare jartzea. Lanean eta kantuan segi beharra dago, ertzetik, beltzetik eta sorgin zaharren pertzetik.