Nola egin txortan ondo?

Nola egin txortan ondo?

“Galdera azkar bat: nola egin txortan ondo?” Zalantzati.

Ilustrazioa: Sonia R. Arjonilla

Ilustrazioa: Sonia R. Arjonilla

Zalantzati maitea, horixe bera galdetzen diot nik nire buruari. Zer da, ba, txortan ondo egitea? Larrukideak orgasmo asko edukitzea? Larrukideak esatea oso ondo pasatu duela? Larru-saioak nahikoa irautea? “Trikimailu” asko jakitea? Maila ematea? Zer da, ba, maila ematea? Zer neurtzen dugu: kopurua ala kalitatea?

Zalantza horiek denak pizten zaizkit inork galdetzen didan aldiro ea nola egiten den txortan ondo, edo inork esaten didanean berak oso ondo egiten duela txortan. Sexualitatean, bizitzako gainerako esparruetan bezala, nork badu bere gozatzeko modua. Hezkuntza kulturalari helduz gero, hauxe da txortan ondo egitea: gizonaren kasuan, erekzioak luze iraun dezala, larrukideak, itxuraz behintzat, asko goza dezala eta orgasmo asko eduki ditzala. Emakumearen kasuan, berriz, hauxe omen da ondo txortan egitea: adeitsua izatea, orgasmoa luze gabe edukitzea eta orgasmo bakarra ez baizik laupabost edo gehiago edukitzen baditu, bada, orduan, fenomeno! Eta, bi-bietan, txortan ondo egiteak esan nahi du larrukidearen desirak aurreikustea, eta, hark berretsi diezagula ondo ari garela, gozamena islatzen bide duten seinaleak emanez. Dena erraz eta natural, bai horixe! Goazen apur bat harago eta galde diezaiogun gure buruei: zera, halako enkontruetan, non jartzen dugun arreta? Hori da! Larrukidea bilakatzen dugu epaile eta testigu.

Larru-gaietan ondo baino hobeto moldatu arren, larrukideak ez badio bere buruari gozatzeko baimenik ematen, ez du inoiz gozatuko: horixe izaten dugu abiapuntu. Inork ezin dio plazerrik ez orgasmorik eragin beste bati, asko jota, horretan lagun dezake, baina ez da inoiz izango plazer horren egile. Horri buruz hitz egin genuen beste artikulu honetan: ‘Mi pareja se siente culpable por no darme orgasmos. Hori jakinik, zure esku daude enkontrua atsegingarri izateko osagai guztiak, betiere ZURE ikuspegitik, hori bai. Inoiz kirolik egin baduzu, jakin badakizu batzuetan gertatzen dela, ondo jokatuta ere, inoiz partidak galtzen direla norberak baino partida gutxiago irabazi dituen aurkari baten kontra. Zergatik? Bada, egun horretako aldarteaz gainera –buru eta gorputz–, izan daiteke aurkariak beste modu batean jokatzea; horrelakoetan, malgu jardun behar duzu, estilo berri horri aurre egiteko.

Zenbait bikote hasiberrik ez dute sexuaz guztiz gozatzen zergatik eta bietako batek tema handiz uste duelako berak lehen ondo egiten zuela txortan baina, orain, ordea, larrukide berria ez dagoela hartzeko prest, eta, beraz, harena dela arazoa. INOLAZ ERE EZ. Eta era berean, gutxiago gozatzen duen larrukideak ez lioke errua egotzi behar gehiago gozatzen duenari. Sexu-harreman genitalak bi pertsonaren (edo gehiagoren) artean eraikitzen dira, eta ezberdinak dira aldiro, beraz, ez dago aurrez ezarritako gidoirik, egin beharrekoa zehazten duenik. Horretarako, hauxe dugu onena: erne egotea unean une. Eta unea diodanean esan nahi dut larrukidearen ahotsa, mugimenduak, arnasa; hots, burua aparkatu eta uneaz gozatzea. Gure buruari aukera ematea uneak markatu ditzan urratsak, egin behar omen genukeena egin ordez.

Eta hona hemen auzia: ez al litzateke zentzuzkoagoa, txortan ondo egiteaz ari garenean, norberak ondo pasatzeaz ari bagina? Norberak ondo pasatzeari jarriko bagenio arreta? Esango bagenu zer dugun gustuko? Larrukideak ere hala egingo duela pentsatuko bagenu? Hala, jakin badakizkigun irizpideen arabera neurtuko genuke gure gozamenaren maila (jakin baitakigu ondo pasatu dugun ala ez); eta ez genuke gure gozamena neurtuko aurre-suposizio eta dedukzioen arabera (“besteak ondo pasako al zuen?”). Ikuspegi horri esker, gainera, ez genizkioke halako espektatibak jarriko gure buruari, jakiteko ea gozatu dugun, eta beraz sexu-harremanak ez lirateke izango halako azterketa batzuk, non garrantzia handiagoa ematen baitiogu larrukideak pentsatzen omen duenari eta ez hainbeste gure sentsazioei. Larrukideak pentsatzen omen duena irudikatzea, izan ere, kontu labaina baita.

Sexuan aditua izateko dekalogoari jarraikiz, hasteko, plazerrari eta dibertsioari erreparatu behar diogu, eta, horietatik abiatuta, jolastu egin behar dugu, jakin-minari tira eginez. Berreskuratu behar dugu ematearen eta jasotzearen gozamena, kontua ez baita bueltan jasotzeko ematea, baizik eta jakitea eman ahala jasotzen dugula. Nork berak jakingo du zer jasotzen duen: larrukidearen zaporea, ukia, hasperenak, beste gorputzaren pisua norberarenaren gainean etab. Izan ere, kontrakoa sinetsi nahi izaten dugun arren, gizakiak geurekoiak gara. Eta, ematen dugunean, jaso egiten dugu. Bi norabidetan doa prozesua. Beste artikulu batean sakonduko dut gehiago berekoitasun osasuntsu edo positibo horren inguruan, baina, momentuz, eutsi honi: norbere buruari zenbat eta arreta gehiago ipini, orduan eta gozamen handiagoa. Eta norbere buruari erreparatzeak berarekin dakar jaso nahi zenukeena ereitea. Adibide bat ipiniko dut (ondotxo dakizue-eta oso gustuko ditudala!), egoera berbera hiru ikuspuntutatik azalduz: demagun sexu-harreman genitalak izango ditudala emakume batekin. Eskarmentuak erakutsi digu emakumeei asko gustatzen zaiela belarrietan hozkada txikiak ematea eta bien bitartean klitoria laztantzea abiadura ertainean.

  1. kasua: buru-belarri heldu diot teknika horri, baina ikusi dut une horretan ez duela sortu nik espero nuen eragina. Pentsatu dut akaso larrukidea urduri dagoela eta berriro heldu diot teknikari, jakin baitakit ondo funtzionatzen duela… Baina ezer ez… Are, larrukideak esan dit azkarrago egiteko baina nik ondotxo dakit nire teknika ezin hobea dela. Ene bada! Nola emango diot plazerra bera ez baldin bada erlaxatzen?
  2. kasua: Teknika egin bitartean, iruditu zait agian larrukideak ez duela gustuko, ez baitu hasperenik egiten. Huts egitea zuzendu eta azkarrago egiteko eskatu dit. Hara! Banekien! Oso gaizki ari nintzen eta pentsatuko du maitale izugarri kaskarra naizela!
  3. kasua: izugarri gustuko dut belarrien ukia, eta nola gordetzen den pertsonaren usaina belarri atzean. Plazer handiz miazkatu dut eta belarrira xuxurlatu diot oso gustuko dudala bere arnasa sentitzea eta aditzea. Behera egin dut, lepatzera, eta sentitu dut arnasa azkartu zaiola… Izugarri gustuko dut! Berak xuxurlatu dit azkarrago aritzeko eta bulbara eraman dit eskua, kanpoko ezpainak presionatzeko gonbita eginez. Bularrak laztantzeko eskatu diot eta… gainerakoa irudikatu ezazue zuek zeuek!

Aldea nabarmena da, ezta?

  1. kasuan, betikoari eusten zaio, eta besteak ez badu gozatu, ba, hor konpon, bere errua da. Jarrera horri eutsiz gero, nekez ikasiko dugu ezer berririk, eta gauza bera egingo dugu beti, gustuko izan zein ez.
  2. kasuan, ordea, norbere buruari egozten zaio denaren ardura. 1. eta 2. kasuetan, bietan, egiteari ematen zaio garrantzia, ez jolasari. Larrukideak ezer eskatuz gero, ez da hutsegite bat zuzentzen ari, ezpada gustuko duena adierazten. Zeuk adina eskubide du nahi duena eskatzeko.
  3. kasuan, azkenik, gozamenaren efektua. Horrela, hutsean. Nork bere buruari erreparatzen dio. Zer duzu zuk gustuko? Zer eskatu dizu besteak? Askoz gehiago ikasiko duzu uneari jarraituta gidoia zorrotz-zorrotz beteta baino. Jarrera onena, hasiberriaren jarrera. Ez duzu beste pertsonaren gorputza ezagutzen. Esplora ezazu, dasta ezazu… laburbilduz, goza ezazu. Pentsa ezazu larrukideak ere hala egingo duela, eta, ez badu hala egiten, gonbida luza diezaiokezu. Helburua baldin bada ahalik eta gehien gozatzea, bada, orduan, horrexetarako giro aproposa sortuko duzu.

Noiz utziko diogu egiteari, eta gozatzen hasi?

Texto traducido por Danel Sarriugarte. Lee aquí la versión en castellano.

Download PDF
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba