Hezkidetzatik, pedagogia feministarantz

Hezkidetzatik, pedagogia feministarantz

Transfeminismoaren marko ideologikotik abiatuz, hezkuntzan binarismoa, esentzialismoa eta pedagogia bera zalantzan jartzea proposatzen dugu: ardatza normaltasunetik harago eramatea, nolabait eguneroko praktikan transgresioa, gatazka eta deserosotasuna txertatzeko helburaz.

13/03/2019
Ilustrazioa: Nac Bremón

Ilustrazioa: Nac Bremón

Aspaldi hasi ginen feministok berdintasuna sustatzeko lanketa propioak proposatzen ikastetxeetan. Gure proposamenari Hezkidetza deitu genion, garai hartan ezin genuelako esan gaur egun harrotasunez aipatzen dugun FEMINISMO hitza. Gaur, gure aurrekariek egindako ibilbideak eman du bere fruitua, eta hurrengo pausoari ekiteko prest gaude. Pauso hori pedagogia feminista martxan jartzea da.

Erronka ez da makala, beraz argitu behar da testu honen helburua ibilbide horren zertzeladak ematea besterik ez dela. Berriari ekiteko aurrekoari begiratu behar zaionez, lehenik eta behin, genealogiari erreparatuko diogu, eta gure proposamena bere marko ideologikoan kokatuko dugu: transfeminismoan, alegia. Marko teoriko politiko horrek egiatzat hartzen ditugun hainbat kontzeptu astinduko ditu, eta hezkuntzara ekarri beharreko zenbait inperatibo ezarriko dizkigu. Gauzak horrela, zalantzan jarri beharko ditugu binarismoa, esentzialismoa eta pedagogia bera, gure hezkuntzarako proposamena hauxe izango baita: ardatza normaltasunetik harago eramatea, nolabait eguneroko praktikan transgresioa, gatazka eta deserosotasuna txertatzeko helburaz.

Aipatu den bezala, pedagogia feministaren marko teorikoa feminismo queer delakoaren barruan kokatu ohi da, zeinari, estatu espainolean, transfeminismo deitu izan baitzaio. Postfeminismo hitza ere erabiltzen da, baina “post” aurrizkiak duen konnotazioa dela-eta, testu honetan ez dugu halakorik erabiliko, gaur egungo korronteak ez baitira superatu den fase baten ondorio, ezta aurrekoarekin zerikusirik ez duten korronteak ere. Gure proposamena, aldiz, garapenaren ondorio da, ez du aurrekoa suntsitzen beste zerbait sortzeko; aitzitik, jarritako egituraren gainean eraikitzen jarraitzen du, hori eraldatuz, transfeminismoaren izpirituari jarraituz, gure borroka continuum gisa ulertuz, eta ez superatu beharreko etapak egongo balira bezala. Noizbait ere ikasi beharko dugu egokitu zaigun Peneloperen patua apurtzen, utzi beharko diogu gauez josteari egunez desegiteko: egin dezagun saretuko gaituen mantu amaigabea.

Gure gaurko proposamenari ekiteko ezinbestekoa da genealogia pixka bat egitea. Hezkidetzaren hastapenak 70eko hamarkadako feminismo erradikalean kokatu ohi dira, baina urrutiago ere joan gintezke. Simone de Beauvoir-ek argi utzi zuen, Bigarren sexua liburuan, generoa heziketaren bidez txertatzen dela gure gorputzean. Hausnarketa horrek eman zigun hezkidetzan lan egiteko abiapuntua, berdintasun formal zein errealaren bila.

Urte batzuk beranduago, genero horren nortasuna zalantzan jartzen hasi ginen, edo bestela esanda, bi genero edo sexu soilik daudela problematizatu genuen. Monique Wittigek bere emakume izaera ukatu zuen, zergatik eta lesbiana izate hutsagatik, izan ere, lesbiana izanda, ez baitzituen emakumeen eginbeharrak betetzen. Eta, besteak beste, Sojourner Truth -ek, feminismo beltzaren izenean, “Ni ez al naiz akaso emakume bat?” galdetuko zigun. Horrek guztiak ipini zuen gaur egun queer teoria gisa ezagutzen denaren hazia, zalantzan jarriko baitzuen emakume izaera, identitatea suntsituz eta soilik estrategikoki aldarrikatuz, behin eta berriro.

Narrazio hori hezkuntzara ekarrita, ikus dezakegu gure lehen esku-hartzea sexu-genero sistemaren markoan izan dela. Ezinbestekoa zen curriculuma moldatzea, diskurtso pedagogikoa oso androzentrikoa eta patriarkala baitzen: liburuetako erreferenteak, esaldiak, familiaren irudikapena… Beraz, horixe izan zen gure lehen helburua: emakumeen bizipena txertatuko zituen diskurtsoak sortzea.

Hezkidetzak ikaragarrizko onurak ekarri ditu emakumeentzat, eta ezinbesteko tresna izan da pairatzen ditugun hainbat diskriminazioei aurre egiteko; orain, ordea, hezkidetzaren ikuspuntu hori zabaltzea dagokigu, klase ertaineko emakume zurientzako pentsaturiko feminismoa utzi eta opresioen intersekzionalitatea bere baitan hartuko duen teoria bat behar dugu. Hori da, hain zuzen, Pedagogia feministak proposatzen duena: inklusioa, tolerantzia eta integraziotik harago joango den tresna bat lantzea. Helburua ez da errekonozimendua bilatzea, baizik eta hausnarketa normaltasunaren ardatzetik urruntzea, arrakaletan daudenak erdigunera ekarriz.

Pedagogia feminista. Zer da hori? 

Hezkidetza bizikidetzaren markoan koka genezake, eskola inklusiboaren logikan. Inklusioa gure helburuetako bat izanik, argi dago ikasle anitzak klasean izateak ez duela bat-batean eskola inklusiboagoa bilakatzen. Benetako inklusioa gerta dadin, ikasle horiek klasearen parte sentitu behar dute, parte hartzeko eskubide berdina dutela jakin behar dute.

Hori lortzeko, proposamen erradikala behar dugu, arazoaren errora joko duena, begirada aldatzeko balioko duena, eta, horretarako, gure lehen xedea izango da praktika pedagogikoaren nortasuna bera zalantzan jartzea, praktika pedagogikoek generoa eta sexualitatea sortzen eta naturalizatzen baitute.

Nolabait ere, ikastetxeak erosotasuna bilatzen du, edo, Freud-en hitzetan esanda “pedagogiaren diskurtsoa gatazkatik at egiten da, zoriontasunaren edo konponbidearen logikan”. Gauzak horrela, bestea edo arraroa, zalantza sortzen duena, kanpoan geldituko da beti. Hezkuntzak ezagutza objektiboa sortzeko eremu bat izan nahi duen heinean, anbiguotasuna saihestu nahi du, eta, horretarako, normaltasunaren markoa erabiltzen du.

Jakina da hezkuntzak ezinbesteko garrantzia duela gure gizartean, baita berdintasunaren bidean egin beharreko aurrerapausoetan ere. Matxismoaren muturreko ondorio den erailketa bat gertatzen den bakoitzean, balioetan hezi behar dugula esan ohi da, baina ez da zehazten noren balioetan. Tentuz ibili behar dugu ikastetxeari maiz esleitzen zaion eraginkortasun magikoarekin, ikastetxeak ezagutza produzitzeko eta erreproduzitzeko eremuak baitira, eta argi baitago diskurtsoa eta praktika ezinbesteko elementuak direla edozein menderakuntza sistema mantentzeko.

Hezkuntzaren inguruko goraipamenak alde batera utziz, zentratu gaitezen hezkuntzaren beraren tentsioetan. Alde batetik, ukaezina da gizarte kohesiorako tresna bat dela hezkuntza, ezinbestekoa dela pertsonak garatzeko, eta, ongizate gizarte batean, hezkuntza publikoaren eskubidea defendatu behar dugula. Gure kapital kulturalak eragina izango du gure biziraupenean, baita gure bizitzaren kalitatean ere. Baina, aldi berean, eskola bada doktrinatzeko eremu bat ere. Gure gaurko proposamena kokatzeko, aipatzekoa da Michel Foucaulten pentsamendua, hark paralelismo argia ikusten baitzuen, besteak beste, kartzelaren, eroetxearen eta eskolen artean. Haren hitzetan, gune horiek gizartea arautzeko domestikazio tresnak dira. Hark garden-garden ikusten zituen hiru horien arteko antzekotasunak, adibidez, prozedurei dagokionez: ordutegieak, jantziak edo araututako ekintzak. Filosofo frantsesak antzekotzat jotzen zituen, orobat, hiruren arkitekturak ere: pasilloak, gelak, aisialdirako esparruak. Ezin uka daiteke eskola gure gizartean nagusitzen diren iritzi eta ezagutzak transmititzeko elementua dela, familia, komunikabideak edo eliza bezain beste.

Hezkuntzak barneratzen dituen anbibalentzien jabe izanik, gure konpromisoa izango da hezkuntza publiko ez diskriminatzaile, ez androzentriko eta ez heterosexista bat sortzea. Ez da erronka makala, horretarako hegemonia aztoratu beharko baitugu, zalantzan jarriz bi gorputz daudela, bi genero daudela eta horiek lotzeko sexualitate arautu bat dagoela. Soilik horrela ekin ahal izango diogu galderak egiteko uneari, eta ez ote da hori irakasleon eginkizuna?

Beraz, praktika honen helburua ez da, soilik, arautik ateratzen diren sexualitateak aitortzea, ezpada segurtasuna ematen duten logika bitarretatik aldentzea, hezkuntzaren oinarri den normaltasun kontzeptua astintzea eta horren ondorio diren botere harreman anitzak kolokan jartzea: etnia, adina, genero, klase, sinesmena, kapazitismoa…

Argi dago logika bitarra aniztasunaren kontrako pentsamendua dela, bi aukera soilik izatea bizitza modu absolutistan irudikatzea baita. Gainera, bi aukera horien artean hierarkizazioa bortitza dago: alderdi bat araua da, eta bestea, berriz, “arraroa”. Kontziente izan behar dugu arraroa desberdintasuna izendatzeko erabiltzen dela, hau da, normaltasunak bere kontrakoa behar duela existitzeko. Itzal-joko bat balitz bezala, arraroa, okerra edo bestea izango da normaltasunaren muga ezarriko duena. Honen adibide praktiko gisa, gogoratu dezagun heterosexualitatea ez zela existitu homosexualitatea izendatu zen arte. Hortaz, botere harremana bi kontzeptuen talkan eta hierarkizazioan oinarritzen da: publiko/pribatu, barnea/kanpoa, normala/arraroa, egunerokoa/aztoragarria, hegoa/iparra, gorputza/adimena…

Logika bitar horiek apurtzeko estrategia eraginkorrena da identitateak eraldaketaren logikan ulertzea, continuum bat balira bezala, mugimenduan. Kontzeptualizazio horiek abstraktuak direnez, saia gaitezen gure kontestura ekartzen. Bestela esanda, normaltasunaren hertsitasunetik ateratzeko, guk geuk, irakasten dugunok, gorputzaren eta adimenaren arteko logika bitarra ere apurtu beharko dugu, inplikatu egin beharko dugu, ezinbestekoa baita bakoitzaren gorputza astintzea. Ezagutza fisikoki zein subjetiboki gorpuzten baita. Hortaz, gure gorputza ere inplikatu beharko dugu prozesuan. Aipaturiko opresio logikek biak zeharkatzen dituzte eta: gure ikasleon gorputzak eta gureak.

Konplexua badirudi ere, hau guztia ez da hutsetik asmatu behar, ikuspuntua aldatu behar dugu eta ez besterik, arraroa gure munduaren parte baita dagoeneko, ikuspegia birkokatu behar dugu, ez besterik. Helburua da ardatza mugitzea eta normaltasunaren eredutik harago doan curriculum bat lantzea, identitate desberdinentzat tokia egingo duen curriculum bat, hau da, desberdintasunean eta deserotasunean oinarriturikoa. Gorputz dislokatuak eredu izango dituena, curriculuma bera dislokatuz.

Aitortzen dugu zaila dela dislokazio hori hezkuntzaren markoan txertatzea, konplexua baita hezkuntza bera zalantzan jartzen duen teoria bat praktikan jartzea. Baina argi izan behar dugu tresna hau konpromiso bat dela, deserosotasuna sortzeko konpromisoa, hain zuzen ere, eta helburu horren existitze hutsa eraginkorra dela. Pedagogia Feministaren aitzindaria den Deborah Britzmanen hitzetan, konpromiso horren helburuak dira transgresioa, perbertsioa eta politika. Transgresioa, kategorien instituzionalizazioa zalantzan jartzen duelako, perbertsioa, erabilgarritasuna alde batera utzi eta desbiderapenean oinarritzen delako, eta politika, egungo praktika eta legeak astintzen dituelako.

Esan bezala, teoria bera eraginkorra da, gure gaitasun kritikoan eta gure mundua ulertzeko kontzeptualizazioan eragingo duelako. Baina, horretaz gain, zaila bada ere, saiatuko gara teoria horiek gorpuzten, praktikara ekartzeko zertzelada batzuk ematen.

Azaldu dugun bezala, boterearen eta jakinduriaren arteko aliantzak zehazten du zer den onargarria, pentsagarria edo posible dena. Judith Butlerrek dioen moduan: ”Beren existentzia posible dela dakitenentzat, luxu bat da bizitza posible batean pentsatzea. Oraindik posible bilakatzeko bidean daudenentzat, ordea, premia bat da.”

Beraz, inposible direnen eredua txertatu beharko genuke ikastetxeetan, ulertzen ez duguna edo ezin uler dezakegunaren eredua. Horixe egiten saiatu ziren, hain zuzen ere, Argentinan, 2006-2009 urteen artean. Trabestien kontzeptua erabili zuten anbiguotasunaren nortasuna aldarrikatzeko. Kontzeptu hori oso baliagarria da, guk helarazi nahi ditugun hainbat ideia jasotzen ditu-eta. Trabestiak gorpuzten du izan/egon gatazka, trabestia ez da emakume ez gizon, ez da beti gauza bera, logika bitarraren tentsioak plazaratzen ditu bere baitan. Argi dago, gaur egun, transexualitatea agenda politikoan txertatu dela, eta eragina izan duela gure hezkuntzan; nonbait, gatazka honetan, berdintasun formalaren alde ari gara borrokan, noizbait berdintasun erreala iritsiko denaren esperoan. Baina transexualitatearen aldarrikapenarekin bat egiten badugu ere, kontziente gara egiten diren politikek beste helburu bat dutela: arrakala normaltasunera ekartzea. Azken finean, ulergarria egiten zaigun gorputz bat sortu nahi da, gizon edo emakume, buruan edo gorputzean, baina logika bitar horien barruan.

Horrekin guztiarekin, transexualitatea munstrotasunaren eredutik ateratzen saiatzen gara, baina gure proposamena, ordea, munstrotasuna bera aldarrikatzea da, indefinizioa, mugikortasuna… Horiek guztiak borroka tresna gisa ulertzea. Zurrunbilo bat osa genezake genero teknologiekin: bizar, bular, izen, gona, praka, zakil edo alu, eta seguruenik ez dugu honen emaitza ulertuko, akaso ez zaigu atsegina egingo eta ziurrenik ez gara hori izendatzeko gai izango, baina, poliki-poliki, anbiguotasunaren eremura gerturatuko gara. Aipagarria da Argentinako ekimen honetan, ALITT elkartearekin batera egin zutela lan (Asociación de lucha por la Identidad Travesti y Transexual), curriculum-en sekula islatu ez diren trabestien bizipenak txertatu zirela, eta, dirudienez, ikasleek trabestismoak erresistentzia tresna gisa duen potentzialtasuna barneratu zutela.

Praktikan jarri den beste proposamen bat tolerantzia kontzeptuaren inguruko hausnarketa da. Nequén-en “toleratzea diskriminatzea” da lelopean lan egin zuten. Tolerantziak inplikatzen duen pribilegio eta nagusitasuna salatzea zen helburua. Aldarrikapen horrek pribilegioren logikara ekartzen gaitu. Errazagoa da pairatzen ditugun opresioak ikustea, guk eragiten ditugunak ikustea baino; edonola ere, denok dugu pribilegioren bat norbaitekiko. Pribilegio horiek tolerantziaren erretorikan islatzen dira, non guk boterea baitugu bestea onartzek.

Esan bezala, oraingoan, zertzelada batzuk soilik emango ditugu, praktika posible dela azaltzeko. Argi dago luze jarrai genezakela pedagogia feministaren inguruko proposamenak egiten, baina gaurko helburua bide berri bat irekitzeko oinarriak jartzea besterik ez da, esparru malgu eta ausartak sortzea, non ziurgabetasuna eta indefinizioa nabarmentzen baitira, normaltasun ereduaren gainetik.


Hezkuntzari buruz gehiago irakurtzeko…

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba