Apirilaren 26tik haratago, bolleron ikusgarritasuna egunero
Hain dira sakonak lesbianismoak planteatutako eztabaidak, ze jende gehienari erosoago iruditzen zaio beste alde batera begiratzea. Gure irratsaioan, ordea, beti da lesbianon ikusgarritasunaren eguna. Gaur BALA, Sare Lesbianista, MDMA eta 7menos20 taldeetako kideak izan ditugu gurean.
Lesbianon ikusgarritasuna baxua egon bada edo egon ez bada, ez da existitu ez garelako, baizik eta patriarkatuari interesatu ez zaiolako izan da, emakume askeak interesatu ez zaizkion bezala. Safotik gaur egun arte ugariak izan dira lesbiana ezagunak. Monique Witting, Sheila Jefreeis, Alison Bechdel, Gloria Anzaldua, etab. luze bat. Bizipen desberdinetakoak, teoria askotakoak eta lesbianismo identitate anitzakoak. Bollerak, lesbianak, emakumeak, emakumeak ez direnak, feminismoan emakumeak sujetu politiko bezala ezbaian jarri dutenak, arraza eta klase ugarikoak, egoera sozio politiko desberdinetakoak, baina mendez mende, herriz herri aldaketak egin dituztenak. Hain dira sakonak planteatutako eztabaidak, hain dira sakonak planteatutako aldaketak, ze jende gehienari erosoagoa iruditzen zaio beste alde batera begiratzea, dena aldatzeko nahia azalduz baina ezer ez aldatu ez dadin, pribilegioak gaur egun dauden bezala mantendu daitezen.
Ez duzue ikusgarriak izatea nahi, beste alde batera begiratzea errazagoa delako, baina ez esan zerbait aldatu nahi duzuela, gure ikusgarritasuna ekiditen saiatzen zareten bitartean.
Hau dela eta gaur honi buruz hitz egin dugu, lesbianon ikusgarritasunari buruz, BALA taldearen aurkezpenaren manifestua, Sare Lesbianista, MDMA eta 7menos20 taldeak izan ditugu gurekin.