Arantxa Urretabizkaiarekin bidean

Arantxa Urretabizkaiarekin bidean

'Zergatik panpox' eleberriaren idazleak 'Bidean ikasia' bere azken literatur lanarekin Euskadi saiakera saria irabazi egin du. Hondarribiako alarde matxista eta atzerakoiaren radiografia honek Euskal Herrian alfonbrapean ezkutatzen saiatzen garen zikinkeria behatzarekin seinalatzen du inongo heraberik gabe.

Imagen: J. Marcos
Arantxa Urretabizkaia Bilbon./ J. Marcos

Arantxa Urretabizkaia Bilbon.

Galtzerdi gorriak, belarritako ezberdinak belarri bakoitzean eta irribarre zabala. “Kaixo, kaixo”. Bi musu. Urte eta erdi eman dugu irrati saio berean lanean, baina elkar ikusten dugun lehenengo aldia da. “Joder ze presentzia daukan emakume honek”— pentsatzen dut harrituta. Argazkiak ikusita neuzkan, baina aurrez aurre daukazunean karisma ikaragarria dario. Ni oso urduri nago, segurtasun ezak ez didalako treguarik ematen eta nire bizitza osoan egiten dudan lehengo elkarrizketa delako. Nia, super nia eta zera marmarka dauzkat: “Lehengo elkarrizketa eta azkena. Kazetaritzan intrusismo gehiegi dago. Zergatik nago ni hemen? Ezdutondoegingo, ezdutondoegingo, ezdutondoegingo.” Mantra ezkorrak oihukatzen dizkit nire burmuinak, eta oihartzunak ez dit bakerik ematen. “Beldurrarekin ere, gauzak egin daitezke” Bidean ikasia liburuko zita gogoratzen dut orduan.

Boligrafoa atera. Prestatu ditudan galderak mahai gainean utzi. Ufa. Eta orain? Plantak egiten ditut Euskaltzaindiako kidea eta idazlea den ia 70 urteko emakumea begira dudala. Igertzen da ez dakidala kamerei buruz ezer. Laguntza bila telefonoz deitzen dut: “Non demontre sakatu behar da? Tripodea nola jartzen da?”. Mila esker, V maitea. Dena prest. Eskuak dardarka dauzkat. Bere ezkerraldean dagoen aulkian eseri egiten naiz. Bera profesionala dela igertzen da. Bagaude. Has dadila festa.

. Gaia gailendu egiten zaio literaturari. Gehiago galdetu didate alardeari buruz, gaia nola landu dudan baino»” username=”pikaramagazine”]1947an Donostiako Egia auzoan jaio zen Arantxa Urretabizkaia idazlea. Bere izenaren idazkerari buruz galdetzen diodanean badirudi ez naizela lehenengoa: “Arantzak zulatzen du, eta nik ez”, erantzuten dit bere ahots eta jarrera tinkoarekin. “Urretabizkaia, hasieran gazteleraz idazten nuen, nere aita zenak gazteleraz ere nahiko ederra zela zioelako, baina garai hartan denek galdetzen zidatenez horri buruz, bazirudien jarrera politikoa zela. Eta ez zen. Orduan erabaki nuen grafia euskaldunera pasatzea”.

Elkarrizketak gogoko al dituzu?

— Gogoko ditut segun eta zeinek egiten dituen, ez dut ezer kontra. Azken finean, beste norbaiten begirada da zure bizitza eta lanarekiko, eta nik onartzen dut zurea ez dela nire begirada.

— Eta liburu honekin zenbat egin dituzu?

— Ba egia esan, beste batzuetan baino gutxiago. Hainbat eragilerentzat gai hau ez da interesagarria eta ez dute ikutu nahi. Banekien arazoa izango nuela liburu honekin. Gaia gailendu egiten zaio literaturari. Gehiago galdetu didate alardeari buruz, gaia nola landu dudan baino. Bigarren edo hirugarren elkarrizketan konturatu nintzen horrek ez zuela erremediorik, ni ere kazetaria naiz eta amuari heltzen diogula badakit.

Fernando Reyk itzulitako gaztelaniazko bertsioa ere publikatu du. Itzulpenak buruhauste ugari izan dituela onartzen du Urretabizkaiak, batez ere genero marken ondorioz. “Demagun haurra eskutik daramazula idatzi nuela. Nori buruz ari gara? El niño o la niña? Horrek sortu dizkigu arazo pila bat. Zergatik ez dut nik neuk itzuli? Behin egin nuen. Ez zait gustatzen”. Nobela idazlea, irratian kolaboratzailea, hainbat egunkarietan zutabegilea. Eta hau guzti hau, erdi jubilatua egonda, hots, erretiro pentsioaren portzentai bat kobratzen. Energia soberan du gure gipuzkoar honek.

— Zein izan da Bidean ikasia idazteko metodoa? Nola landu duzu estruktura?

— Artefakto bat da, nahasketa bat. Niretzat ez da ensaio bat. Iritzi artikuluak idatzi ditut, baina nire hausnarketak dituen nire lehengo liburua da. Bihotza jarri dut hemen. Hiru ildo ditu: bata da kronika, Hondarribiako alardearen inguruan gertatu denaren ingurukoa. Fikzioa ere badago. Eta azkenik hausnarketa. Hiru ildo hauek nahastu ditut inongo irizpide jakinik gabe. Letra mundu hontan bi motatako idazleak daude: txoriak eta ornitologoak. Nik ez dakit ezer ornitologiaz, ni txori bat naiz. Senak esan didan moduan idatzi dut.

Eta baita ondo nahastu ere! Benetan da irakurketa atsegin eta entretenigarria. Irakurtzen duzun bitartean, egilea belarrian kontu kontari duzula dirudi. Hala ere beti daukat zalantza: nik sudurraren puntan jartzen zaidana egiten dut, baina idazle profesionalei buruz ari garenean, hizkuntza eta estiloa planifikatu egiten dira edo bakoitzak ahal duena irudikatzen du orrian?

Ahozko euskara erabiltzearen aldekoa zarela dirudi. Idazteko era irisgarria daukazu.

— Aldez aurreko erabaki bat. Idazten hasi ginenean, nire belaunaldian, ez geneukan ezer, ezta hizkuntza bateratu bat ere. Justu momentu hartan hasi zen euskara batua. Nik sasoi batean uste nuen hori izango zela nire ilobei kontatuko nien batallita. Nik hemen, noski, egin nezakeen ahozko hizkuntzatik asko aldentzen zen idatzia, baina ez nuen egin nahi izan. Nik seinalatzen dut alardea, nahi dut Hondarribiko alardeari begira egotea, ez nire behatzari. Nere lan guztietan ez dut estiloaren bidez oztoporik jarri nahi kontatzen dudan horretan. Besteek egiten dutenean, ni ez naiz hor sartzen. Baina nik ez dut estilismorik egin nahi, nik istorioak kontatu nahi ditut.

Nik orain dela bospasei urte jakin izan nuen alardearen kontuaren berri. Zur eta lur geratu nintzen, gurean halako jarrerak genituela jakiterakoan. Kuriosoa da, dena den, orain dela hainbeste urte hasitako zerbaiti buruz hain berandu idaztea. Perspektiba behar al zuen istorioa zen moduan eta ez berak bizi izan zuen moduan azaltzeko? Informazioa pilatzen eman ditu urte guzti hauek? Edo agian beste arrazoiren bat izango zuen itxaroteko? “Orain dela 20 urtetik nekien hau idatziko nuela. [Kale Nagusira] Salto egin genuenean, 1996an irailaren 11an goizeko 10etarako nik banekien kontatuko nuela. Idazle askori gertatzen zaigu. [Zerbait egiterakoan] zalantzak ditudanean, zera esaten diot nire buruari: egizu, gero beti idatzi dezakezu. Bertsolariek honi Biltegia deitzen diote. Erabili daitekeen zerbait. Biltzen dituzu esperientziak eta beti irtengo zaizkizu handik edo hemendik. Lagunek esaten zidaten Ez duzu egingo eta nik erantzuten nien Egingo dut, baina niri ateratzen zaidanean”.

Urte guzti hauek apunteak hartzen eman dituzu?

— Barruan, buruan egin du bidea kontuak. Aurten bete ditut 70 urte. Ez zaizkit hogei urte geratzen, agian hemendik hamar urtera ezingo dut honelako zerbait idatzi. Hori esaten nion nire buruari. Horregatik idatzi dut orain.

Adina aipatu duenez, eta badakidanez gure jendarteak zahartzaroari dion fobia oso presente duela, adin ezberdinetako pertsonaiak egotearen arrazoia azal diezadala eskatu diot: “Ez zaizkit getoak gustatzen. Istorio hontan adin askotako jendea dago. Izan naiz konpainiako zaharrena, baina gazte jende asko dago ere bai. Hondarribiako alardean zatiketa ez da ematen adinaren arabera”.

'Lecciones del camino', 'Bidean ikasia'-ren gaztelaniazko bertsioaren aurkezpena, Bilboko Louis Michel Liburudendan./ J. Marcos

‘Lecciones del camino’, ‘Bidean ikasia’-ren gaztelaniazko bertsioaren aurkezpena, Bilboko Louis Michel Liburudendan.

Zein da zuk tradizioarekin duzun harremana? Tradizioren bat jarraitzen al duzu?

— Modu itsuan jarraituko banio tradizioari… galtzak daramazkit, belarritako ezberdinak… ez nintzateke neroni izango. Tradizioa ez da niretzat zerbait jarraitzeko arrazoi nahikoa.

Ados. Tradiziorik ez orduan.

Eta talde sentimenduari buruz zer daukazu esateko?

— Nik baneukan nobio bat gaztetan, soldaduska berezia egin zuena karrera zeukalako. Berak itzultzerakoan azaldu zidan zein atsegina egin zitzaion gorputz baten atala zela fisikoki sentitzea. Armadari buruz ari zen. Eskandalu bat iruditu zitzaidan. Gerora, Jaizkibelen, plazer hori deskubritu dut. Danborrak dauka zerikusia bihotzaren taupadarekin eta kontzentratzen zarenean besteek egiten dutenarekin, egia da gorputz baten atala zarela. Horrek ere badauka bere xarma.

“Iraintzen duenak ez du beti iraindua umilatzen” idazten du Arantxa Urretabizkaiak bere liburuan. Irainei aurre egiteko bere jarrera beti izan da bera: “Tente ibili. Gimnasian ikasi nuen. Irrifarre egin eta aurrera jarraitu”. Askotan izan du buruan bueltaka erantzun borobilen bat, erasotzailea berriro aurkitzen duenerako. Eta ilea atontzen duen bitartean jarraitu egiten du: “Hau inoiz konpontzen bada —eta konponduko da, arazoa da bizirik egongo naizen edo ez—, ez du inork bere buruari aitortuko zer egin duen. Iraindu nauenak ez du bere buruan gorde. Zentsuratu egin du. Ez dira errudun sentituko. Eta orduan nik galdetzen dut ea zergatik egiten duen jendeak hori”.

— Eta zer erantzuten diozu?—, diotsot berari begira.

— Seguru asko ez du haurtzaro ona izan— dio aurpegi goibelarekin, sorbaldak igoz.

Ados. Iraintzaileek bizitza zaildu diete Jaizkibel konpainian parte hartu duten emakume ausartei. Baina zein izan da orohar jendartearen jarrera? Zein izan da komunikabideen papera? “Asko aldatu da, baina ez dugu, salbuespenak salbuespen, harresi informatiboa guztiz puskatu. Azken urte hauetan Kale Nagusiko istilua kontatzen dute, 24 ordu horiek soilik. Entseguetan eta egun horretan bertan beste kaleetatik pasatzen garenean istilurik gabe pasatzea lortu dugu. Zergatik ez dute hori azaltzen? Hainbeste urteren ostean, jendeak hau konpondu egin behar dela pentsatzea lortu dugu. Ezatsegina da. Eta oraindik Kale nagusikoa gertatuko ez balitz, norbaitek esango luke “alegría desbordante en sus calles en los días de fiesta mayor”. Jaizkibeletik lortu duguna nola transmititu pentsatzen ari gara”.

Erantzun luzeak ematen ditu eta ez du esaldirik bukatu gabe uzten. Eta politika(ka)riek? Zer egin dute agintariek honen aurrean? Zorrotz begiratzen nau: “Gure faena izan da gure udalak, gure alkateek ez dutela konpondu nahi izan. Donostian, [Danborradara] emakumeak lehenengoz irten zirenean bronkatxo bat egon zela, baina ezer ez gurekin konparatuta. Bertan udalak emakumeen alde egin zuen. Baina gurean ez, ez dute nahi. Hau minarekin esaten dut, baina uste dut ez diegula nahikoa molestatzen”. Urkullu lehendakaria hezkuntzan lan egiteko trebatua izanda, gaiarekin sentsibilitate berezia izan beharko lukeela datorkit burura. “Lehendakariak esan du begi onez ikusten gaituela. Baina gu ikustera ez da etorri sekula. Ibarretxek berdintasun legea egin zuenean, uste zuten horrekin konpondu zutela arazoa, baina alardea pribatizatu zuten eta akabo”. Benetan XXI mendean inork ez dio esango Hondarribiako alarde atzerakoi matxistan daudenei ezin dutela horrekin jarraitu? Puntu moreen itxurakeriekin jarrai dezakete baina alardeei buruz txintik ere ez? Lotsagarria.

"Niri kantinerak eskirolak iruditzen zaizkit", dio Urretabizkaiak./ J. Marcos

“Niri kantinerak eskirolak iruditzen zaizkit”, dio Urretabizkaiak.

Guilty pleasure momentua heldu da eta nik onartuko dizuet kantinera izatearekin amets egiten dutenen taldean kokatuko nintzela ziurrenik. Ez naiz inoiz koherentea izan. Munduko kuriositate handienarekin (tronpetak eta danbor hotsak) hor doa:

— Ze iritzi duzu kantinerei buruz?

Aurpegi serioarekin asperen egiten du eta jarraian eskuak mugituz azalpenarekin hasi egiten da:

— Gure taldean daude kantinera izandako asko. Agian hogei. Niri kostatu egiten zait hau ulertzea, zergatik nahiko duten jendearen ‘guapa, guapa’ oihuak entzun. Kantineraren irudia orain estilizatua dago, baina antzinako kanta bat buruan daukat: “yo soy la kantinerita niña bonita del regimiento, que a todos mis soldaditos tengo contentos”, no precisamente por hacerles arroz con leche… Kantinerak lehen ez ziren gazte birjiniak. Sarritan, gainera, zaharrak izaten ziren. Gure kantinerak ezberdintasuna dauka bestearekiko. Zozketa egiten dugu. Lehen sekuestratu behar genietuen ia ia. Nik proposatu izan dut: aurkitzen dugun zaharrena kantinera jarri.

— Noizbait kantinera izan nahiko zenuke?

Begiak asko irekitzen ditu eta gorputza atzera eramaten du eskuak alde batera eta bestera mugitzen dituelarik:

— Ni kantinera? Ez. Niri kantinerak eskirolak iruditzen zaizkit.

Alardeari buruzko azken galdera egin nahi diot. Agerikoa da zein izango den. “Zergatik, edo zertarako idatzi duzu liburu hau?”. Lasaitasunez azaltzen hasten zait: “Hemen gertatzen dena, leku askotan gertatzen da beste aitzakia batzuekin. Ez hain luze, ez 30 urtetan, baina gertatu egiten da: zaborrak batzeko bi era daudenean, bi trainera talde daudenean herri bakarrean, etabar. Kezkatzen nau euskaldunok zer zailtasun daukagun adostasunetara heltzeko, eta zer erraztasuna ezberdin pentsatzen duena etsai bihurtzeko. Gazte batek esan zidan: liburu hau irakurri eta gero hobeto ulertzen dut zer gertatzen den Amezketan. Altxatu eta besarkada bat emateko gogoa izan nuen. Ni ez naiz inoren etsaia. Gutako edonork emango dizu ikuspuntu ezberdina, nik emakumeak nahi ditut alardean, zuk ez, baina zergatik egiten nau hori ni etsai? Inguruan ez daukat Jaizkibelen kontra dagoenik. Lastima, eh? Gustatu egiten zait iritzi ezberdineko jendearekin hitz egitea. Baian badaukat Jaizkibelena txorakeria bat dela uste duen jendea”. Orain bai, benetan azkena:

—Zer iruditzen zaizu pazientzia iraultzailea?

Arnasa hartzen du eta astiro hasten zait berbetan:

— Pazientzia iraultzailea. Bai. Iraultza ez da bakarrik gauzak korrika eta presaka egitea. Batzutan izan liteke iraultzailea egoera aproposa izan arte itxoitea. Iraultza emozioa den aldetik, emozioa eta arrazoia nola uztartu?

Ai ama. Berak hau dioen bitartean, burura datorkit niretzat iraultzailea litzatekeena pazientzia izatea litzatekeela.

Zazpiak hamar gutxi dira. Etxerako autobusa hartu behar du. Erlojua begiratu eta segituan gauzak batzen hasi egiten da. Agurrak. Bi musu. “Larunbaterarte. Mila esker”. “Zuri, larunbaterarte, bai”. Pausu arinarekin irtetzen da. Ni kristalezko gelan geratzen naiz aulkian eserita. Infinitoari begira. Nire lehenengo elkarrizketa bukatu dut. Milaka emozio pasatu zaizkit sabeletik Arantxa Urretabizkaiak kontatzen zizkidanak entzutean: sorpresa, haserrea, tristura, lotsa, haserrea berriz ere, harrotasuna, nekea, amorrua, kuriositatea, barregura, haserrea berriz ere, tristura, alaitasuna… Gu bi ordu egon gara hitz eta pitz. Zer sentituko ote zuten barrunbeetan Jaizkibelekoek urte guzti hauetan?

Zalantzarik gabe haien moduko ereduak behar ditugu: eguneroko feminismoa egiten dutenak, emakumeak bigarren mailako biztanleak izan beharrean, apaingarri gisa tratatu beharrean, pertsonak izango bagina bezala bizi nahi dugula aldarrikatzen dutenak. Espazio publikoa geureganatzen gabiltza. Ez dago atzerapausorik: gure gorputzak, kaleak, jaiak eta gauak gureak direlako. Autodefentsa feminista eta ahizpatasuna direla medio, ez dago hau geldituko duenik, beldurra aldez aldatuko dugu. Gora Arantxa Urretabizkaia, Gora Jaizkibel eta gora borroka feminista!

Pikara deluxe
1.Idazlerik gogokoena? Denborarekin aldatzen da. Patricia Highsmith. Marguerite Yourcenar. Simone de Beuvoir beste maila batean.

2. Libururik gogokoena? Ez dut liburu faboritorik.

3. Zein da zure identitatea? Bonsaiak zaintzen ditut, kazetaria naiz, ama naiz, bikotea naiz, alaba nintzen, zaharra naiz, emakumea naiz. Ez zait iruditzen gauza bakar batek definitzen nauenik.

4. Nola ikusten duzu feminismoa? Jakinmin handiarekin begiratzen dut. Zerbait ari da gertatzen eta niri gauzak ulertzea gustatu egiten zait. Lehen sufragistak, gero 68ko iraultza; lehenengo botua, gero abortua; orain hirugarren olatu batean gaude edo agian ez. Nik feminismoa kobazulo batean bizi izan dut, katakunbetan, eta orain ez dago hor.

5. Nola bihurtu zinen feminista? Lehen eskubiderik ez izatea normala iruditzen zitzaidan. Irakurtzen egin nintzen feminista. Simone de Beauvoirren autobiografia irakurtzen.

6. Irakurtzen duzu Pikara Magazine? Pikaren irakurlea naiz. Elkarrizketak gehien bat, ezagutzen ez ditudanei egiten dizkiezuenak. Zuen feminismoak gure belaunaldiarekiko ezberdintasuna dauka: fisikotasunarekin zerikusia du. Ezin dut zehaztu hau gehiago, ez dut oraindik guztiz harrapatu, baina bai, zuek gu baino fisikoagoak zarete.

7. Pikaran parte hartuko bazenu zeri buruz idatziko zenuke? Emakumeei gertatzen zaigu ez digutela gure historia kontatu, ez dutela guk gure historia kontatzerik nahi, orduan asmatua dagoena birrasmatu behar izan dugu. Agian gustatuko litzaidake bidea zabaldu zutenen historia kontatzea, izugarri eskertzen diedalako.

8. Ereduren bat al duzu? Simone de Beauvoir, baina nik ahal banu, auzo guztietan jarriko nioke estatua bat “sufragista ezezagunari”. Norbaitek mendian sasiak kendu ditu eta bide txiki bat egin du, ni hor atzean noa norbaitek ireki didalako bidea, eta nire erantzunkizuna da gutxienez bide hori mantentzea eta, ahal bada, zabaltzea atzetik datozenentzat.

9. Uste duzu norbaitentzat erreferentea zarela? Behin galdetu nion lagun bati zer zen 40 urte betetzea. Orain badakit. Aurretik doazenei begiratzea normala da. Atzetik egongo dira beste batzuk eredutzat hartzen nautenak.

10. Zer esan nahiko zeniguke orduan atzetik gatozenoi? Bide txiki hori autopista egin dezazuela.

 

 

Download PDF
Etiquetas: ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba