Urtarrilak 30

Urtarrilak 30

María Unanuek urtarrilaren 30eko greba orokorran parte hartzeko dituen argudioak azaldu dizkigu.

29/01/2020

Foto: Ecuador Etxea

“Mobilizazioa da gure helburuak lortzeko berme bakarra”– zioen aurreko egunean CNT sindikatuak banatzen zuen eskuorri batek. Noski. Zein bestela? Zerbait txarto doala ikustean, kausen eta ondorioen analisi sakonaren ostean zein da daukagun aukera? Pazientziaren mirariaren zain egon? Dena berdin egiten jarraituz, zerbait aldatuko denaren konfidantza izatea? Nola deitzen zaio horri? Fedea. 2010 urtetik hona, mobilizazioan sinesten ez duen jendeak zenbat otoitz egingo zuen honezkero? Batek daki.

Espainiar estatuak gobernu progresista omen dauka, orain dela gutxitik, eta ni ikaragarri poztu egiten naiz. Benetan. Hala ere, beren lehenengo mugimenduak ikusi eta gero, onartu beharra dago epe luzera hartzen diren konpromiso orokorregiak, normalean zoritxarrez politikakariek ez dituztela betetzen. Jakin badakigu, ordea, bi urte daramatzatela Euskal Herriko pentsiodunek astelehenero mobilizatzen eta gobernuan nor dagoen (eta noren lagunak diren) kontuan hartu gabe, planifikazio handiarekin urtarrialaren 30ean egingo dituzten aldarrikapen zehatzei bizkarra ematea ez zait iruditzen ondo dagoenik.

Ni ez naiz ekonomista edo analisi sakon ulergaitzetan galtzen direnetakoa, baina Zuk, irakurtzen nauen horrek, agian ez dakizu oraindik zer egin. Nire grebarako arrazoiak honako hauek dira:

Frankismoan bizitako emakumeek soldata baten truke lan egiteko zailtasun handiak izan zituzten, ez zegoelako ongi ikusia. Nire amamek inolako kontraturik gabe 16 urte zituztenetik aberatsen etxeetan lanean eman dute euren gaztaroa. Amama Laurak horrela jarraitu zuen erretiratu arte, gero kontratuarekin Frantzian lanean, bere bi alabak hemen utziz. Bertako eta Espainiar estatuko pentsioak batuz, ia mila euro ematen dizkiote hilabetero. Alabak bakarrik. Bera bizitza osoa bakarrik, erbestean, egunetik gauera lanean. Dutxarik gabe, eraikineko guztientzat komun bakarra eskilaretan zutelarik. Gaur ia 1000 euroko pentsioa.

Nerabea zelarik, Burgoseko herrixka batetik etorritako Amama Bego hamar urte egon zen Bilboko Ercilla kaleko aberats batzuen etxean lanean. Neguan beroki bat erosteko dirua aurreratu omen zioten behin, eta urte bete kobratu gabe eman zuen lanean. Hogeitapiku urterekin Toledotik Euskalduna ontziolara lan egitera etorri zen nire aitite ezagutu zuen, berarekin ezkondu, eta momento honetatik aurrera nire aita, osaba eta aititeren neskame bihurtu zen. Maitasunaren izenean. Hau da, dohainik. Orain bere alarguntza pentsioa 600 euro ingurukoa da. Eta pozik. Ni bisitan noanean, oraindik saiatzen da paga ematen.

Egun bat bera ere itxaron gabe, alarguntza pentsioaren berrikusketa sakona egin behar dela aldarrikatzen dut. Egia da gobernu berriak, dagoeneko, egiteko asmoa duela adierazi omen duela, baina inolako xehetasunik edo helbururik ezarri gabe. Noiz arte atzeratuko dute hau? Zergatik? Zertan emango dute denbora bitartean? Zer da hau baino garrantzitsuagoa? Euren bizitza osoa zaintzen eman dute nire bi Amonek: lehenengo ezezagun aberatsak, gero euren familiak eta azkenik beren seme alaben alabak. Eta guk ez ditugu zainduko? Rankingetan sartu gabe: talde soziokultural jakin bateko, 70 urte baino nagusiagoak diren emakumeak baino kolektibo inportanteagorik al dago? Benetan, galdera honen erantzuna jakin nahi dut. Honekin parekatu daitezken batzuk datozkit burura. Baina ikasketarik gabeko, dirudunak ez diren, adin bateko emakumeak bere lehentasunen artean ez dituen gobernua, niretzat progresista baino gehiago pobresista da.

Baina ez dut pertsonalizazioetan erori nahi. Nire amonen kasu konkretu hauetaz aparte, orokorrean, 1080ko gutxieneko pentsioa aldarrikatu egiten du pentsionuden mugimenduak guztiontzat. Gainera, autonomia pertsonalerako eskubideari begira, hau bermatuko duen kalitatezko zerbitzu publiko errealistak sortzeko finantziazioa behar dela argi utzi du. Era berean, erretiro adina bete aurretik jubilatzeko asmoa dutenen penalizazio ezaren alde daude, derrigorrezko 40 urte horiek kotizatu baditu langileak. Agintariek gure bizitza erdia baino gehiago lanean ematea ezin da gure pentsioak kontrolatzeko baldintza izan. Eustaten arabera, Bilboko bizi-itxaropena 78-86 urte bitartean egonda, badakigu auzoen arabera hau aldagarria dela. Bilbao la Vieja edo Otxarkoagako biztanle baten bizi itxaropena, Indautxu edo Moyuako biztanle batena baino baxuagoa da zoritxarrez. Zoritxarrez? Ez. Hau ez da zoriaren kontua, hau klase kontua da, eta ikusten ez duenak, ikusi nahi ez duelako da. Txantxa dirudi,prekarietatean bizi kalitate eztabaidagarria izan duenari tokatzea gainera lan urte extrak egitearena, eta ez kotoien artean hezi eta urte gehiago biziko den Handiki horri.

Gaur, Espainiar estatuko gutxieneko soldata jardunaldi osoan, asko kostata, 950 eurokoa da. Hondarribia edo Irunen bizi den biztanle batek, 6 minutura dagoen Hendayan jaio izan balitz, 1521 eurokoa izango luke. Zergatik? Inposatutako muga imaginarioak alde batera utzita, Frantziar estatuko mobilizazio jendestuetatik ez al dugu ezer ikasi behar? Hau eredutzat hartuta, 35 orduko lan jardunaldi baten truke 1200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatuko da urtarrilaren 30ean.

Pentsiodunen mugimenduak dio ez dagoela pentsio duinik, kalitatezko lanik gabe (horregatik 2010etik aurrera inposatutako langileon eskubideen murrizkera guztien indargabetzea eskatu du) eta argi dago Gobernuak ezin duela jendarte demokratiko batekin ahoa bete, aberastasunaren banaketa ekitatiborik ez badago. Badaude greba hau babesten ez duten sindikatuak, eta nik euren arrazoiak erabat ulertu egiten ditut, benetan ez dudalako uste langileon mugimendua denik bereizketak egiteko lekua. Dena den nire galdera da: ez al gaitu Jendarte moduan gehiago banatzen, bere bizitza osoa lanean etxe barruan eta etxe kanpoan eman duen alargun batek hilabetero 400 euro kobratzeak, meritokraziaren izenean beste batzuek ezer egin gabe laukoitza baino gehiago kobratzen duten bitartean?

Nire ingurumenean daudenen interesak, fikziozko muga inposatu batetik at daudenen interesen gainetik jartzea ez da inondik inora nire lehentasuna, eta hala ere urtarrilaren 30 honetan mobilizaziorako hainbat arrazoi ikusten ditut. Orain zure txanda da: gobernu berri progresista agobiatu ez dadin, gutxienez 100 egun eman nahi dietenen alde jar zaitezke eta lanera joan beste egun prekarizatu normal bat izango balitz moduan, edo hilabete bukaerara zailtasun ekonomikorik gabe heltzeko aldarria eginez, bi urte Bilboko udaletxe aurreko kontzentrazioetara jeitsi den alargunaren mobilizatzeko eskubidearen alde, goizean eta arratsaldean egongo diren manifestaldi jendetsuetara batu ahal zara zure lanpostuan zer gertatuko den pentsatzen egon beharrean. Nik argi daukat: niretzat mobilizazioa da gure berme bakarra. Eta zuretzat?

Download PDF
Etiquetas: ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba