Ez dugu sekula gehiago marrubirik jango

Ez dugu sekula gehiago marrubirik jango

“Esan zidan ez hitz egiteko nire eskubideez, gutako inork ez zeukalako halakorik hemen”. Huelvan marrubi-biltzen aritu diren eta esplotazioa eta sexu-jazarpena salatu duten sasoikako langile marokoar batzuen hitzak bildu ditu Lucía Muñozek.

23/03/2020
Las fresas de Huelva son recogidas principalmente por mujeres migrantes. / Foto: Lucía Muñoz. / Ez dugu sekula gehiago marrubirik jango

Argazkia: Lucía Muñoz

“Alaren izenean, Errukitsua baita, Huelvako marrubi-soroetako langile marokoar bat nauzue. Ez dut nire izena esan nahi, ezta nire aurpegia erakutsi ere, beldur naizelako eta mehatxuak egin dizkidatelako”, azaldu du emakumeak, hiyaba tentuz ipini bitartean, kameraren aurren ez dadin ezer ikusi. Berarekin daude beste bederatzi emakume: lantokitik ihes egin dute denek, Almonte herriko Doñana 1998 finkatik.

Lehen aldia du fruitu gorriak biltzen. Lehen aldia bere herrialdetik kanpo. Ez daki gaztelaniaz eta are gutxiago daki lan-arloko legeriaz. Baina badaki bizibidea ateratzen eta konfiantza du Espainian beteko dela Marokon hitzemandakoa. Bera bezala, beren jatorrizko herrian kontratatu zituzten beste 17.000 emakume inguru, kanpainan lan egin zezaten. “Apirilaren 17an heldu nintzen, hiru hilabetez lan egiteko akordioarekin, honako baldintzetan: astean sei egunez lan egingo nuela, 40 euroren truke. Enpresak bere gain hartu zuen etxea, dutxa… eta beste guztia emateko ardura. Guk, berez, geure janaria baino ez genuen ordaindu behar. Baina gezurra izan da dena”. Emakumearen hitzak entzunda, baietz egin dute buruaz beste guztiek, inpotentzia zurrunbilo bat osatuz.

Emakumeek eurek erakutsi digute Marokoko Nekazarien elkartearen eskuorri informatiboa, ANEPEC Nekazaritza Ministerioak kudeatzen duena, eta bertan azaltzen dira kanpainan parte hartzeko baldintzak: “Emakumeak, 18 eta 45 urte bitartekoak, landa-eremukoak, ezkonduak, eta, ahal dela, 14 urtetik beherako haurrak dituztenak, osasun onean daudenak”. Beraz, interes jakin batzuen arabera ezartzen dira kanpainan parte hartzeko baldintzak, eta, etikoak izan ala ez, legezkoak dira Espainiaren begietan. Helburua da emakumeek ez dezatela inongo asmorik izan Espainian geratzeko, aitzitik, hemen esplotatu ostean, beren herrira itzul daitezela, zenbaki bat balira bezala. Lana iragartzeko eskuorri horretan berdin-berdin gehi zezaketen: “zenbat eta otzanagoa, hainbat eta hobeto”.

Baina amaitu da otzanak izan, egon edo iruditzearen kontu hori. Hau guztia ez baita gauza berria, eta ez da halakorik gertatzen den lehenengo aldia. Aspaldi egin ziren lehen salaketak, baina, bat-batean, eskandalua lehertu da, eta horrekin batera, nola ez, morboa. Espekulazio itzela sortu da egiazko emakumeek beren egiazko historien eta egiazko egoeren inguruan egindako adierazpenen bueltan, eta emakume horiek denak kriminalizatu eta biktimizatu dituzte. Leporatu diete momentua aprobetxatu eta gezurrak kontatu izana, egoera administratibo erregularra lortzeko, baina langile hauei bidaia egiteko bisarekin batera ematen zieten egoera erregularra. Biktimizazioa, berriz, begirada kolonial tinko eta sakon ainguratutako baten pean garatu da: migratzaileak direnez eta zaurgarritasun egoerak jasan dituztenez, emantzat jotzen dugu haien ordez hartu behar ditugula erabakiak, haiekin batera hartu beharrean.

En la recogida de los frutos rojos se requiere la mano de obra de las mujeres porque son consideradas más delicadas a la hora de trabajar. / Foto: Lucía Muñoz. / Ez dugu sekula gehiago marrubirik jango

Argazkia: Lucía Muñoz

Hamar emakumek kontatu digute nola egin zuten ihes finkatik; orain, etxe batean daude gordeta, eta egoera salatzen ari dira, Andaluziako Langileen Sindikatuarekin batera (SAT). Marokoarrak dira guztiak, pobretutako eremuetatik datoz, eta, azaldu digutenez, beren jaioterrietan, ekonomia ez ezik, askatasuna ere eskas dabil: “ezin dute beren herrietan lan egin, emakumeak direlako”. Atzerriko multinazional ugari jabetu dira herrialdeko baliabideez, eta giza kapitala prekarizatu dute, soldata baxuekin, “betiere Mohamed VI. erregearen baimenarekin, zeinak mendebaldeari begiratzen baitio, ez bere herriari”, adierazi dute. Horregatik, emakume hauek ez daukate aukera handirik, eta horietako bat da atzerrira joatea lan bila, tarte batez bada ere. Emakume hauek badituzte nork bere ezaugarriak eremu pertsonalean eta familian.

Marrubiei esker, gauza bat bakarra lortu dute ona: ahizpatasuna sendotu dute beren artean, halakorik berriro ez gertatzeko protesta eginez. “Gauza bat jakin nahi dut, bat bakarrik: esaten dute Espainian badirela eskubideak eta justizia, bada, guk horixe bera nahi dugu, eskubideak eta justizia nahi ditugu hona lan egitera datozen emakumeentzat. Nahi dugu gure ahotsa iristea dagozkion autoritateei eta Marokoko emakume guztiek jakitea hau ez dela amets bat, hau amesgaizto bat da” esan du, tinko asko, Amirak (emakumeetako baten goitizena). So dauzka beste emakumeak, liluraturik. Ederki abesten du Amirak, baina lotsatu egiten denez, gela batean egiten du, publiko murritzarekin. Halaxe husten ditu barrenak.

Esplotazioa eta laneko prekarietatea bakarrik ez, emakume hauek orobat salatu dituzte sexu-jazarpena eta -abusuak. “Friki friki, ni ez nekien zer zen hori, arduradunak esaten zidan, friki friki”. Batzuek salatu dute proposamen sexualak egin zizkietela, eta beste batzuek, berriz, bortxatu egin zituztela. Jornalari askok salatu dute sexu-erasoak jasan dituztela, hala migratzaileek nola bertakoek, eta ez bakarrik finka honetan, ezpada probintzian eta Andaluzia osoko eremuetan. Emakume musulmanen kasuan, gizonen batek ukitzen baldin baditu, zikindu egiten ditu, Ramadan garaian daudelako, eta, baraualdian ezin dutelako harremanik batere eduki arrekin. Orain arte, zigorrik jaso gabe aritu dira finketako señoritoak (halaxe deitzen zaie Andaluzian lursail zabalak dituzten pertsonei) eta arduradunak. Izan ere, su gaberik, ez da kerik. Emakumeen kosifikazioa presente dago gizarte heteropatriarkaletan, eta laneko errutinan ere agertzen da, jakina. Indarkeria ezartzeko beste molde bat da, eta zaurgarri sentiarazten ditu patroiaren aurrean, gizon zuri europar eta aberatsagoaren aurrean, haren esku baitago beren enplegua eta beren ingurukoen bizitza.

Emakumeak ez dira lurren jabe, besterentzat jorratzen eta zaintzen dituzte sailak. Normalean, jendeak ez du nekazaritzako lanik egin nahi izaten, horregatik esleitzen zaio eginkizun hori emakumeei eta/edo migratzaileei. Krisi ekonomikoak –eta baloreen krisiak– ito egin zuen langileria, pobretu; horrekin batera, nekazaritzara itzuli ziren gizonak. Emakumeek, aldiz, beren lanak galdu zituzten, eta areagotu egin zen pobreziaren feminizazioa. Lurra jorratzeko lana laburra da, eta gogorra, baina emakume askok ez dute burua makurtzea beste erremediorik, ahalik eta azkarren pasa dadin eskatuz. Nolanahi ere, lan nekez eta latzenetan, adibidez, fruitu gorriak biltzeko lanean, enpresek emakumea besterik ez dute nahi. Argudiatzen dute emakumeak malguak direla eta eusten diotela lanari, hau da, orduak eta orduak eman ditzaketela giltzurrunak tolestuta. Gainera, hainbat enpresarik eta elkartek, hala nola ASAJA elkarteak (Nekazari Gazteen Elkartea), emakumeen tentua goraipatu dute, izan ere, “fruitu gorriak delikatuak dira eta esku delikatuek bildu behar dituzte”. Beste behin ere, uste da “otzanak, hauskorrak eta delikatuak” direla sasoiko lanean dabiltzan emakumeak.

Emakume batzuek “ez ondo, ez ondo” garrasi egin zuten Doñana 1998 finkaren aurrean, eta haiek jasan dituzte kalterik handienak. Hasteko, enplegua eta soldata galdu dute, eta berdin lapurtu nahi izan diete duintasuna. Nagusiei aurre egin behar izan diete, baita beren lankideei ere, zeren, gertatu den guztia gertatu arren, ihes egin ez duten langileetako batzuek itzuli egin nahi dute hurrengo urtean, eta finkaren oniritzia nahi dute horretarako. Nagusiek mehatxuak ere egin dizkiete protesta publikoa egin zuten emakumeei, esanez prostituzioan aritu direla zabalduko dutela, kontu hori oso larria baita Marokon: intimitatearen eta ohorearen urraketa gisa hartzen da, eta, frogarik ez badago ere, emakumeak mespretxatuko lituzkete.

Hasieran, arduradunak ez baldin bazuen atsegin langileek egindako zerbait, “zigortu” egiten zituen, inongo azalpenik eman gabe: ez zien lanera joaten uzten, eta, beraz, ez zuten kobratzen. “Esaten ziguten ez genekiela lan egiten, baina inork ez zigun azaltzen nola egin behar genuen. Orduan, geldirik uzten gintuzten. Marrubi bakar bat gaizki ipiniz gero, etxera bidaltzen zintuzten, bost axola egun hartan egindako lan guztia. Hala gertatzen zen egunero, eta ez genuen dirurik jasotzen, ezta jatekorik ere”. Nolanahi ere, emakumeek iskintxo egin diete zigorrei eta beren eskubideak aldarrikatzen ari dira orain; horren ondorioz, neurri zorrotzagoak hartu zituen finkak. “Igandean, jaieguna, nire kontainerrera etorri zitzaizkidan nagusia, emakume arduradunak, beren seme-alabak eta Omar (arduradunetako bat), eta pasaportea, paperak eta nortasun-agiria eskatu zizkidaten, esanez Marokora eramandako nindutela, neu ari nintzelako denen izenean hitz egiten. Orduan esan nion eskubideak nituela, eta hark esan zidan ez hitz egiteko nire eskubideei buruz, gutako inork ez zeukalako halakorik hemen”.

Las jornaleras trabajan de sol a sol con contratos de origen que no cumplen las condiciones con las que vinieron, según denuncian. / Foto: Lucía Muñoz / Ez dugu sekula gehiago marrubirik jango

Argazkia: Lucía Muñoz

Kontua ez zen hor amaitu: “Tematu zitzaidan, Marokora bueltatuko nindutela, eta nik esan nuen ez nindoala inora, beraz giltzapean gorde ninduten, beste kide batzuekin batera, eta beste langile batek ireki zigun atea, ihes egiteko”, azaldu du. “Ni ezin naiz Marokora joan nire benetako soldata kobratu gabe, eta esan zidaten Algeciraseko portuan ordainduko zidatela, autobusean eramango gaituztelako haraino, baina nola jakingo dut ba nik zor didatena ordainduko al didaten benetan?”.

Huelvan lanpostu bat lortu ahal izateko, inbertsio handiak egin dituzte emakume hauek; batzuek, gainera, dirua zor diete senide eta auzokideei, eta horregatik ezin dira itzuli. “700 euro gastatu ditugu bidaiak, pasaporteak, bisak eta egiaztagiri medikuak lortu eta hona etortzeko. Lotsaz hilko naiz hara itzuli baino lehen. Han daude nire umeak. Zorpetuta nago, eta, itzultzen banaiz, baliteke ni espetxean sartzea. Lehertu arte egin dugu lan” dio Jadiyak (beste goitizen bat, ez baitute nahi inork ezagut ditzan). “Hau horrelakoa zela jakin izan banu, ez nintzen inolaz ere etorriko. Ez daitezela emakume gehiago etorri, mesedez, ez daitezela etorri” amaitu du.

Marokoko iparraldea eta Espainiako hegoaldea banatzen dituen 14 kilometroko muga politikoa deuseztatzeko, orobat suntsitu behar dugu sistema kapitalista, kolonial eta esplotatzailea. Hegoaldeko pobreziaren eta izerdiaren gainean eraikitzen da Mendebaldeko kontsumoa eta ongizatea. Beste aldera begiratuz gero, konplize gara, Doñana 1998 finkaren, Nekazaritza Ministerioaren eta Andaluziako Juntaren konplize.

“Espainiar edo atzerritar, langileak gara denak”, horra hor manifestaldi feministetan aditu ohi den lemetako bat.

Emakume hauen hitza zalantzan jarriz gero, zalantzan jarriko dugu elkarren etsai bihurtu nahi gaituen sistema patriarkalaren aurkako borroka feminista.

“Gorroto ditugu marrubiak eta horien usaina, eta ez dugu sekula gehiago marrubirik jango”, amaitu dute sasoikakoek.

 


Irakurri gehiago:

Download PDF
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba