Anorexia genero ondoeza gisa
Amaia Lekunberri kazetariak anorexiaren inguruan dagoen uste orokorra eta diskurtso medikoa diskurtso feministarekin kontrajarri ditu ikerketa batean. Bere esanetan, elikadura desorekak mikromatxismoen pilaketa baten kontrako erantzun politikoak dira.
Gaurko irratsaioan Amaia Lekunberri Ansolarekin hitz egin dugu. Bera fotokazetaritzan eta argazkigintza dokumentalean espezializatutako kazetaria da, genero ikasketetan aditua, eta gaur egun Argiako kazetaria. Hala Bedin entzun ahal izan dugu lehenago ere, baina gaurkoan, gure irratsaiora ekarri nahi izan dugu bere tesiaren inguruan hitz egiteko: “Anorexia, gorputzaren birkonkista, pasarteak genero-binarismoaren arrakaletan zehar”. Amaiak anorexia genero arazo bat bezala ulertua izatearen inguruan ikertu egin du. Horrela, diskurtso mediko biktimizatzailea eta anorexiaren inguruan dagoen uste orokorra diskurtso feministarekin kontrajarri ditu.
Lekunberrik anorexia deklarazio politiko gisa ulertzen du, mikromatxismoen pilaketa baten kontrako erantzuna. Diskurtso medikoak ardura emakumeen gain jartzen du baina Lekunberrik argi dauka auzi politikoa dela. Emakumeen artean elikadura desorekak ez dira kontu berria; aitzitik, historia osoan zehar emakumeen patua ez onartzeko estrategia izan da.