“Gobernuek ez dute berdintasunari lotutako testuinguru erreala eta konplexua behar beste baloratzen”
Arantxa Elizondo politologo feministak Covid19-aren krisiaren kudeaketa aztertu du hainbat hedabidetan. Elkarrizketa honetan, Berdintasun Ministerioaren rolaz, gobernuburuen komunikazio estiloez eta genero ikuspegia konfinamendu politiketan zeharka txertatzearen erronkaz ari da.
Lee la entrevista en castellano.
Konfinamendu garai honetan hedabideetan oso aktibo ibili da Arantxa Elizondo Lopetegi (Donostia, 1967), UPV/EHUko Administrazio eta Politika saileko irakaslea. Covid-19aren krisiaren kudeaketari buruzko hamaika erreportaje eta irratsaioetan aditu gisa agertu da eta Berta egunkarian kolaborazioa hasi du, “Koronabirusa. Berdintasuna pentsaldian” izenpean.
Izurriaren aurretik ere maiz agertzen zen euskal hedabideetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutu berria prestatzeko taldeko kidea izan delako, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantalde horretako emakume bakarra, ikuspegi feminista txertatzeko Elkarrekin Podemos-ek proposatutakoa. Estatu Espainiarreko Administrazio eta Politika Zientzietako elkarteko lehendakaria ere bada.Euskal feminismo instituzionalean erreferete da aspaldi Elizondo: Emakume eta Gizonen Berdintasunaren Gaineko Masterreko fundatzailekide eta zuzendarikide delako eta Emakundeko idazkari orokorra izan zelako 2009-2012 urteen artean. Plazandreok plataforma politikoan militante izan zen eta bazkide izaten jarraitzen du. Bere ibilbideaz hitz egitea zen asmoa, baina ordu guztia joan zaigu krisialdi honen irakurketa feminista egiten.
Zer iruditu zaizkizu Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasun-krisi honi aurre egiteko bideratu dituzten politikak?
Uste dut goiz dela krisiaren kudeaketaren arrakasta maila neurtzeko. Heriotz kopurua adierazle sinpleegia da, kutsatze mailak faktore asko izan dituelako atzean eta bestelakoak ere hartu beharko direlako kontutan, esaterako zer nolako eragin sozioekonomikoa izan duen. Orokorrean, ez zait iruditzen Espainiako gobernua Europako gobernu gehienak baino askoz okerrago ibili denik. Beste gai korapilatsu eta interesgarri bat da zer nolako aldaketa ekarri duen premiazko egoera honek lurraldetasun antolaketan. Uste dut Espainiako gobernua ez dela oso fin ibili erkidegoekin koordinatzeko orduan. Iruditzen zait, salbuespenak salbuespen, aurkituko zuela kolaboraziorako disposizioa autonomi erkidego gehientsuetan, baina ez du kolaborazio gune hori ahalbidetu. Estilo zentralista hartu du, estatu autonomikoaren filosofiaren aurkakoa. Bestalde, uste dut gobernu autonomikoek eskuduntza falta erabili dutela beraien alde, nolabait esanez: “Jarri zaitez zu aurrean badaezpada”. Madrilgo kasuan izan ezik, non presidenteak aurkitu duen modu bat egunero protagonismoa edukitzeko. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Urkullu lehendakaria faltan bota dut askotan. Akaso atzean geratu da hauteskundeak gainean dituelako…
Interes elektoralista lehenetsi duela leporatu dio oposizioak…
Gobernu guztiek daukate beti begi bat jarrita datozen hauteskundeetan. Ez dakit zer argudio pisutsu egon daitekeen esateko egokiagoa dela irailean ospatzea uztailean baino. Legebiltzarra ez dago geldituta baina bere eginkizunak nahiko mugatuak ditu. Larrialdi egoeratik atera eta bestelako erreformak edo erabaki berriak hartu beharko direnean, Eusko Jaurlaritzak legitimitate garbiagoa izan beharko luke. Ikuspuntu horretatik, egoki ikusten dut hauteskundeak lehenbailehen ospatzea.
Espainiako gobernu berriak feminismoa ikur izango zuela agindu zuen, baina krisiaren kudeaketa ez da batere feminista izan. Militarrek Berdintasun ministroak baino protagonismo handiagoa izan dute… Zapaterorekin ere gertatu zen boterera heldu zela apustu feminista sendo batekin, baina krisi ekonomikoarekin batera errezeta neoliberal patriarkalak gailendu ziren.
Ez dut uste konparagarria denik, gobernu honek ez du denborarik izan eta ez zait zilegi iruditzen ondorio hori ateratzea. Ikusiko dugu orain zer nolako ikuspuntua izango duten hartuko dituzten erabaki sozial eta ekonomikoek. Baina bai, argia izan da alarma egoera hasi zenean lehentasunak aldatu zirela goitik behera, egun batetik bestera. Hasieran ahalegin handiak egin zituzten, esaterako askatasun sexuala babesteko lege integralaren aurreproiektua prestatzea. Baina hori zapuztu egin da. Martxoan Berdintasun Ministerioa desagertuta egon zen, ministroa berrogeialdian sartuta zegoenaren argudioarekin, baina tira… Orain pixka bat ateratzen ari da berriro, indarkeria matxistari lotutako datuak oso deigarriak direlako. Baina ez dute lortu krisiaren kudeaketari ikuspegi feminista eranstea. Militarrek hasieran izan zuten presentzia oso inpaktantea izan zen, akaso efektu hori bilatzen zuten, irmotasun itxura bat ematea. Oso paradoxikoa da zentro-ezkerreko gobernu batek iruditeria beliko hori erabiltzea. Aldiberean, bigarren postuan egon diren pertsona gehienak emakumeak izan dira; gertatu izan da prentsaurreko batean denak emakumeak izatea. Lan ministroak eta gobernu bozeramaileak protagonismo handia izan dute eta beraien irudia oso solbentea iruditu zait.
Zergatik kostatzen da horrenbeste genero ikuspegia politika guztietan zeharka txertatzea?
Mainstreaming deritzon ikuspuntu teoriko horrek gutxienez hogei urte dauzka. Zaila da gauzatzea egoera arruntean, are gehiago egungo egoera honetan. Euskal Autonomi Erkidegoan urratsak gehien bat prozeduretan zentratu izan dira, genero inpaktu txostenetan. Koska da dekretu edo lege bat prestatzen ari duenak kontutan izan behar duela ea berdintasunaren kontrako eragina izango duen neurri horrek. Baina zaila da neurtzea lortutako emaitzak hartutako erabakien ondorio diren ala inguruko guztiak baldintzatu eta desbideratu dituzten. Askotan, berdintasunari lotutako testuinguru erreala eta konplexua ez da behar beste baloratzen, hau da, gure bizitzan eragina dituzten moduak, ohiturak. Esaterako, emakumeen gain geratzen bada etxeko lanen zama gehiena, kontutan hartu beharko dugu telelanak ondorio desberdinak izango dituela batzuentzat eta besteentzat. Zer langile duzu buruan lan baldintzen inguruko erabaki hori hartzeko orduan? Bada, etxeko bulegotxoan atea itxita lan egin dezakeena.
Beste muga bat mainstreaming-aren paradoxa da, administrazioek daukaten inertzia bati lotutakoa. Gobernuek Berdintasun sailaren edo erakundearen aurrekontutik ateratzen dituzte partidak mainstreaming hori gauzatzeko. Hortaz, berdintasun erakunde indartsu eta sendoak daudenean, beraien aurrekontuak eta bere langileak kudeatzea defendatuko dute; jarrera ulergarria da baina mainstreaminga oztopatzen du.
Beste urrats bat da politiketan ikuspegi intersekzionala txertatzea. Krisialdi honetan ikusi dugu generoaz gain klase eta arraza aldagaiak ez dituztela kontutan hartu.
Bai, jakina. Hori izango litzateke beste urrats zailago bat, uztartzea egon daitezkeen diskriminazio edo desberdintasun ardatzak, ez bakarrik banaka baizik eta elkarren arteko harremanak kontutan hartuz. Intersekzionalitatearen ikuspuntua berriagoa da, hamar urte ditu gure testuinguruan. Mainstreaming-a askoz ere sinpleagoa da ulertzeko, ardatz bakarra emakume eta gizonen arteko berdintasuna delako, eta hala ere zaila da aplikatzen. Baina intersekzionalitatearen filosofia bukaezina da eta gainera bere definizioa aldakorra da: testuinguru bakoitzean arrazak izango du eragin nabariagoa, beste batean adina… Gurean ikusi beharko genuke zeintzuk ardatz nagusi hartu behar ditugun kontutan diskriminazio konbinazio horiek aztertzeko.
Etxeko langileen kasua dut gogoan. Diru laguntza orokorretatik at geratu ziren, baina Espainiako Gobernuak laguntza bereziak iragarri zituenean, baldintzek berriro ere sektore zaurgarrienak utzi ditu kanpo, gehien bat etorkinak.
Herritarren artean dagoen aniztasuna aldez aurretik kontutan hartzea zaila den neurrian, agian bideragarriagoa da esatea: “Hartu dugun neurri zehatz honekin nor geratu da kanpoan? Ba goazen beste modu batetan konpentsatzera”. Askotan gobernuek ez dute atzera pauso hori egiten, ez dute hanka sartzea onartzen eta konpontzen. Hori oso garrantzitsua izango da datozen hilabete eta, tamalez, urteotan. Ikusiko dugu datorren krisi ekonomikoak norengan duen eragin larriena eta Estatuak zer egingo duen horren aurrean.
Litekeena da datorren krisi ekonomiko horrek arrakalak handitzea…
Dudarik gabe. Jakin badakigu emakumeen lan baldintzak prekarioagoak direla: lanaldi partzialak, ordainketa gutxien jasotzen duten lanbideak… Genero rolen eragina gehitzen badiogu, emakumeentzat askoz errazagoa da (komatxoen artean) lan merkatutik ateratzeko erabakia hartzea. Baina hori ez da erabaki pertsonal autonomo bat, baizik eta erreakzio bat.
Zalantzan jarri duzu emakume gobernuburuek osasun krisia hobeto kudeatu dutelaren hipotesia, Forbes aldizkariak zabaldutakoa.
Mundu mailan bakarrik hamabi dira emakume gobernuburuak. Hortaz, oso datu deigarria da munduan dauden 194 estatutik, emakume presidenteak dituzten zazpi nabarmentzea heriotza maila oso baxua izan dutelako. Baina zalantzan jartzen dut harreman kausa-ondorio zuzena, badakigulako bestelako faktore asko daudela tartean: estatu horiek dituzten baliabide sozioekonomikoak, osasun sistema, gizarte zerbitzu sistema potentea, bizimodu baldintzak… Nik buelta emango nioke argudioari: gizarte horiek dituzten baliabideek eta garapenek ekarri dute emakume bat izatea gobernuburu.
Bestalde, iruditzen zait gobernuburu horien komunikazio estrategia eta modua oso bestelakoa izan dela, eraginkorragoa: egoera azaltzeko orduan estilo apalagoa eta hurbilagoa, gizonen estilo beliko eta epikoari alderatuta. Konfinamenduaren neurriak azaltzeko lehenengo prentsaurrekoan, Pedro Sánchez historiari begira hitz egiten ari zela iruditu zitzaidan, Churchillek bigarren mundu gerran nola. Badakit liderrek abagune horiek aprobetxatzen dituztela beraien karisma indartzeko, baina gehiegizko solemnitatea iruditu zitzaidan.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak krisi mahai bat eratu zuen martxoan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez zuten beraien gonbiteari erantzun.
Gobernuak ez dira oso harkorrak ohiko kanaletik kanpoko planteamenduak egiten zaizkienean. Ez da soilik izango gaiari lehentasuna ematen ez diotela baizik eta modu horiek ulertzen ez dituztela. Ezintasun bat dago, ez dute mugimendu sozialen ekarpenak kontutan hartzeko kultura hori. Hemendik aurrera hartzen diren erabakietan, gobernuek izango dituzten aholkularien bidez edo egingo dituzten kontsulten bidez bai jaso ahal izango dituztela ikuspuntu feministak.
Nola lortu dezake mugimendu feministas lobby bihurtzea? Posible al da?
Indar politikoekin harremana duten feministek aukera gehiago dituzte ateak zabalik aurkitzeko eta eragina izateko. PSOEn dauden emakume feministek historikoki izugarrizko pisua izan dute, eta Podemosen daudenak ere badute. Orain Espainiako Gobernu barruan daude batak eta besteak, eta gatazkak izaten ari dira beraien ikuspuntu feministak desberdinak direlako. Lobby kontzeptuak atzean dauka talde batentzat abantaila ekonomikoak lortzeko nahia. Feminismoaren kasuan zaila da kontzeptu hori aplikatzea; emakumeen egoera hobetu nahi du, baina ez da gauza berdina.
Bizitzak erdigunean koordinadora feministaren arabera, koronabirusaren izurria abagunea izan daiteke sistema heteropatriarkal kapitalistaren porrota onartzeko eta zaintzak erdigunean jartzeko. Bat zatoz?
Bai, krisi honek zainketaren garrantzia erakutsi digu eta hori dela benetan oinarrizkoa gure bizitzan. Feministok bagenekien eta errepikatzen genuen zaintza lana egiten duten gehienak emakumeak direla: osasun sisteman, etxeetan, supermerkatuetan… Baina badirudi jende asko orain enteratu dela. Lehenengo aldiz, gizarteak balio heroikoa ematen dion hori emakumez beteta dago. Zelako eragina izan dezake horrek? Beno, ikusiko dugu, baina une historiko garrantzitsu bat izan daiteke, errealitate hori aldatzeko edo profesio horiei merezi duten balio sozial eta ekonomikoa emateko.
Bukatzeko, zeintzuk dira zure ustez berdintasun politiketan lehentasuna izan behar lituzkeen gaiak?
Nire ustez bi gai daude arreta eta baliabide asko jaso behar lituzkeenak. Bata da emakumeen aurkako indarkeria da, ikuspuntu zabal batetik, eta bestea nola sartu berdintasuna hezkuntza sistema orokorrean. Gaur egungo erronka nagusiak dira, bata emaitza larriena delako eta bestela diskriminazioaren jatorria delako.
Autogobernu Lantaldea:
Hamalau hilabeteko esperientzia izan da, oso interesgarria, baina gogorra ere bai. Taldekideak gehienetan oso prest egon dira nire proposamenak kontutan hartzeko. Gure helburua zen proposamen zirriborro bat finkatzea Estatutu berriari begira, eta ondoren parlamentuaren esku egongo litzateke hori bideratzea. Hortaz, esku askearekin genbiltzan denok. Ikuspuntu feminista sartzea zen nire lana, baina ez bakarrik berdintasunarekin harreman estuagoa duen gaietan, baizik eta sektore guztietan.
Emakume eta Gizonen Berdintasunaren Gaineko Berdintasun Masterra:
Hogei urte daramatzagu master horrekin eta eginkizun garrantzitsu bat bete du berdintasun agenteak prestatzen. Azken lauzpabost urteotan, feminismoaren boom-aren ondorioz, matrikula egiteko eskarien kopuruak izugarri gora egin du, ditugun plazen bikoitza izaten ari dira. Bestetik, gaur egun ikasleen profila zabalagoa da. Berdintasun agente izatea lanbide bat bilakatu da eta sakondu egin dugu bideratu nahi genuen espezializazioan. Baina bestetik galdu egin da hasierako urteetan nabariagoa zen kutsu militantea.
Emakunde:
Asko ikasi nuen. Politika ezagutzen nuen militantzia ikuspuntutik edo teoria mailan. Kudeaketa politikoa ezagutzeko aukera eman zidan, baita ere administrazioan zer nolako mugak dauden ikusteko. Alde txarrena izan zen proposatzen genituen neurriak bideratzeko orduan oztopo edo erresistentziak aurkitu genituela, gehienbat gobernu barrutik. Frustragarria izan zen guk genituen baliabideak askotan ezin izan genituela erabili, beste lehentasun batzuk zeudelako. Hori duela hamar urte izan zen, nire buruari galdetzen diot akaso gaur egun errazagoa izango den horrelako organismo bat zuzentzea, eta kargu politikoei planteamendu feministak egitea.
Plazandreok:
Izugarrizko garrantzia izan zuen hauteskundeetara aurkezteko erabakiak, orain dela 25 urte inguru. Momentu hartan bertan nengoen eta bizipen asko izan nituen. Plazandreok-en berezitasuna politika aktiboan sartzeko grina izan da. Nahiz eta ez den lortu instituzioetan sartzea, esango nuke lortu dutela eragin politiko hori izatea. Donostiako Udalak aintzat hartu izan ditu Plazandreok taldetik datozen proposamenak.
Segi irakurtzen: