“Nik sinesten dizut”. Sanferminetakoa ez zen izan salbuespen bat
Iruñeko jaietako talde bortxaketa berezia da, ez ohiz kanpoko gertakaria izan zelako, baizik eta “indarkeria sexistaren funtzionamendua bere erroetaraino” ikustarazi duelako, biolentzia sinboliko, instituzional eta diskurtsiboak oso esplizitu agertuz. Premisa hori abiapuntutzat hartuta, Samara Velte Berriako kazetariak ikuspegi feminista eta kritikoarekin aztertu du auzia liburu batean, begirada xehetasunetatik urrundu eta bortxaketaren kulturaren koadro osoa ikus dezagun.
Interesatzen zaidan kazetaritzak zer gertatu den kontatzean gain, zergatiak azaltzen ditu. Errealitatearen alderdi konplexuenak, mingarrienak, ulertezinenak interpretatzeko gakoak eskaintzea da nire ustez kazetariaren ardura. Hortaz, amorrua ematen dit hilketa matxista edo bortxaketa baten berri ematerakoan bizilagunen edo instituzioen harriduraren, asalduraren eta atsekabearen bozgorailu izatera mugatzen diren hedabideak: “Herrian inork ezin du gertatutakoa ulertu”. Gertatutakoa ulertzeko adituak (eta arituak) dira kazetarion funtsezko aliatuak, eta indarkeria matxisten kasuan feministak dira indarkeria horien mekanismoak aztertu dituztenak. Hedabide hegemonikoek, ordea, iturri ofizialen diskurtso hutsala eta prefabrikatua lehenesten dute eta auzokoen hitzak jasotzen dituzte, gehienetan aurreiritzi eta estereotipoz josiak: “Hain da bizilagun jatorra, oso maiteminduta ziruditen…”.
Mugarik Gaberen ikerketa baten arabera, Euskal Herriko egunkarien artean Berria eta Gara dira indarkeria matxisten estaldura egokiena eta arduratsuena egiten duten hedabideak. Honakoak dira beraien indarguneak: gertaeren albisteez gain, gaia sakonean lantzea; prozesu judizialen jarraipena egitea, eraso jakinak egiturazko indarkeriarekin lotzea eta mugimendu feminista iturri gisa aitortzea.
Praktika on horiek guztiak ehundu ditu Samara Velte kazetariak, hain zuzen ere Berria-ko erredaktoreak, Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua liburuan. 138 orrialdeko arnas luzeko erreportaje paregabe honek, Aleka bilduman publikatutakoa, 2016ko Iruñeko jaien lehen egunean gertatutako talde bortxaketa mediatikoaren hedatze-uhinaren dimentsio guztiak aztertzen ditu. Abiapuntua galdera bat da: zerk bihurtu zuen nahiko ohikoa den gertakari bat horren ikoniko? Galderari erantzuteko, testuingurua, erasoaren osteko interpretazioak, epaiketaren kronika eta jarraipen mediatikoaren analisia egin ditu egileak. Eta amaitzeko, auziak etorkizunari begira iradokitzen dizkion galderak bota ditu: besteak beste, zer justizia eredu nahi dugun feministok, nola hitz egin harreman adostuez eta nola bideratu indarkeriaren kontrako mobilizazioetan metatutako indarra helburu zehatzetara.
Sanferminetako bortxaketaren auzia berezia da, ez salbuespena izan zelako, baizik eta hain zuzen ere paradigmatikoa izan zelako, “indarkeria sexistaren funtzionamendua bere erroetaraino” ikusarazi duelako. Indarkeria fisikoaz gain, sinbolikoa, instituzionala eta diskurtsiboa oso esplizitu agertu dira kasu honek eragindako erantzunetan.
“Jendeak ulertu nahi zuen zergatik egin ote zuten erasoa gizon haiek, toki hartan, une jakin hartan eta emakume haren aurka”, idatzi du Veltek. Hedabide askok elikatutako narratiba horiek xehetasunetan eta estereotipoetan katramilatu dute iritzi publikoa: kanpotarrak zirelako, guardia zibilak eta militarrak zirelako, ultrak zirelako, jai hori legerik gabeko ekosistema delako, emakume horrek alkohola edan zuelako, bere burua arriskuan jarri zuelako.
Berria-ko kazetariak narratiba horiek deseraiki ditu eta analisi kritikoak eskaini dizkigu, aditu eta ekintzaileen eskutik: mugimendu feministan oso ezagunak diren Zuriñe Altable, Nerea Barjola, Maitena Monroy, Begoña Zabala eta Amaia Zufia; Zaloa Basabe Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria, eta psikologian, legegintzan, kriminologian, antropologian, maskulinitateetan eta kazetaritzan aditu eta arituak. Iturri bibliografikoek ere pisu handia dute, Rita Segato eta Dolores Juliano antropologo feministak erabiltzen ditu besteak beste. Horrela lortu du erredaktoreak “begirada xehetasunetatik urrundu eta koadro osoa ikustea”.
Mugimendu feministarekiko aitortza ezinbestekoa da auzi horrek jendartean izandako inpaktua eta erreakzioa esplikatzeko. Espainiako hedabideen aldean, nazioarteko prentsak ulertu zuen kasu hori desberdin bihurtzen zuena ez zela gertaera bera, baizik eta eragindako erantzun soziala. Eta erantzun hori “mugimendu feministak urteetan egindako inurri lanaren ondorio izan zen”, azpimarratu du Veltek. 2010etik hasita, hainbat mugarri berrikusi ditu: Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforma, Sanferminak Berdintasunean lantaldea, Beldurra aldez aldatuko dugu gaueko martxa feminista, aldaketa instituzionalak ahalbidetutako testuinguru politiko oparoa… Prozesu horiek sendotu zituzten indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia eta prestaketa. Gogoan izan du halaber 2008an Nagore Laffageren hilketa matxistak eta Diego Yllanes hiltzailea homizidioagatik eta ez hilketagatik zigortu izanak eragindako haserrea eta frustrazioa.
Bestalde, sanferminak plaza berezia dira, ez beste festa jendetsuetan baino indarkeria gehiago dagoelako, baizik eta 2013ko txupinazoan telebistek zabaldutako irudiek (emakume erdi biluziei taldean ukituak egiten zizkieten gizonezkoak) sexu jazarpenaren eta indarkeria matxista sinbolikoaren inguruko eztabida soziala piztu zutelako. Epaiketari dagokionez, Altsasuko gazteen auziarekiko konparazioak ere eragin zuen Nafarroako gizartearen alde baten haserrea, zigorrak antzekoak izan zirelako eta bi auzietan Guardia Zibila zegoelako nola edo hala inplikatua. 2016tik aurrera mugimendu feministak mundu mailan bizitako hazkundea ere aipatu du Veltek.
“Errudun bila ibili ziren, ez erantzule bila”. Nerea Barjolaren aipu hori ekarri du Veltek Microfísica sexista del poder (Boterearen mikrofisika sexista) liburutik. Sanferminetako auziaren protagonistak bizitako indarkerien erantzule bakarrak ez dira bost bortxatzaileak. Kazetariak instituzioen, sistema judizialaren eta hedabide hegemonikoen erantzukizunean eta praxi desegokietan zentratu du bere analisia, hori izan behar baita kazetaritzaren papera, botereen kontrol lana. Besteak beste, epaiketetan defentsaren estrategia ohikoena sexu indarkeriaren biktimen sinesgarritasuna auzian jartzea delarik, justizia errestauratibo edo konpontzailearen aukerak aztertu ditu, zigorrean baino erasoa sufritu dutenen aitortzan eta erreparazioan zentratzen baita. Populismo punitiboaren arriskuez ohartarazi du eta gogoratu du auzi hau erabili izan dutela eskuineko alderdiek bizi osoko espetxealdiaren alde egiteko. Horregatik nabarmendu du feminista antiautoritarioen diskurtsoa: kartzela sistema patriarkala eta kapitalista indartu egiten duen dispositiboa dela, eta espetxeetatik bortxatzaileak bortxatzaileago ateratzen direla.
Monroy eta Barjolak ezin hobeto azaldu dute liburuan bortxaketaren kultura eta izu sexuala emakumeak kontrolatzeko eta beraien askatasuna zigortzeko mekanismoak direla. “Ezinbestekoa da bortxaketari sexualitatearen osagaia kentzea”, ondorioztatu du Veltek. Alde batetik, erasotzaileen estereotipoa deseraikitzeko, ez baitira euren sexu grina kontrolatzen ez dakiten maniakoak: “Gizartean erabat txertatutako bost gizonek eraso egin zioten emakume bati, une hartan boterea zeukatelako eta ordura arteko euren esperientzia sozialek zigorgabe sentiarazi zituztelako”. Eta bestetik, “sexualitateak norberaren eremu intimoenetako batekin duenez zerikusia, hari egindako erasoak salatzea askoz gehiago kostatu ohi delako”.
Irakurlearentzat deigarria izan daiteke izenburuan eta kontrazalean manada edo animalia-saldoa hitzak ez topatzea. Gutxitan aipatzen ditu liburuan, ez bada bortxatzaileen ezizenak indartzen duen narratiba hori kritikatzeko. Feministen kriterioa bere egitearen hautu kontzientea eta politikoa egin du kazetariak: animalia-saldoaren irudiak indarkeria naturalizatu egiten duelako, izu sexuala elikatuz eta erasotzaileak piztiak diren estereotipoa elikatuz. Liburua mezu horrekin itxi du Veltek: “Oihan ordenatu baten ideia iradokitzen du sanferminetako auziak: itxuraz kontrolagaitza izanik, ordenamendu sozial oso jakin bati erantzuten dion ekosistema bat da manadak sortzea ahalbidetzen duen gizartea”.
Manifestazio jendetsuetan erabilitako Nik sinesten dizut esaldiaren indarra ere nabarmendu du liburuaren egileak. Nazioarteko feminismoan maiz erabilitako lelo hori 2017ko urrian aukeratu zuen Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak, euskal gatazka politikoari lotutako indarkeria sexistei buruzko saio bati izena emateko: “Nik sinesten dizut leloak agerian utzi zuen hari fin eta luze batek lotzen dituela indarkeria sexistaren kasu guztiak, komisarietatik hasi eta jai gune alaieneraino: biolentzia sufritu duen gorputzarenganako mespretxuak, eta haren hitzarekiko aitortza faltak”.
Sanferminetako bortxaketaren biktimak ere ulertu du berari gertatutakoa testuinguru zabalago batean kokatzen dela eta izu sexualaren kontra egiteko mezua bota zuen telebista saio sentsazionalista batera bidalitako gutunean: “Atera liteke horrelako zerbaitetik”. Kazetariok presente izan beharko genuke guk publikatzen dugunak zer eragin izango duen audientziatan baina bereziki indarkeria bizi izan duten emakumeetan. Esango nuke emakume horrek liburu hau irakurri badu, aitortua eta erreparatua sentituko dela.
Oharra: Beste auzi batekin aspaldi obsesionatuta nago ni, baina ez zait bidezkoa iruditu liburuaren hutsune gisa kritikatzea. Malagako feriako talde bortxaketaz ari naiz. Hedabideek ontzat jo zuten bertsio ofiziala: erasotuak bortxatua izan zela salatu zuela, sexu harremanak adostuak izan ziren arren, gizon horiek grabatutako bideoa zabalko zuten beldur zelako. Salaketa faltsua jartzeagatik zigortu zuten emakume hori. Uste dut pena mereziko lukeela auzi horretan sakontzea.