Ez da indarkeria birtuala

Ez da indarkeria birtuala

Pikara Magazinek eta Irantzu Varelak urteak daramatzate ohartarazten kazetari feministok online jasotzen ditugun irainek eta mehatxuek aurez aurreko bortizkeriari bidea prestatzen dietela. Eta hala gertatu izan da.

23/12/2020
2020eko irailean Pikara Magazineko egoitzaren erakuslehioan agertutako pintada matxistak./ Pikara Magazine

2020eko irailean Pikara Magazineko egoitzaren erakuslehioan agertutako pintada matxistak./ Pikara Magazine

2011. urtean jaso nituen interneten bidezko lehen irain eta mehatxuak, Bizkaiako SOS Arrazakeriako bozeramaile eta blogari feminista nintzenean. Twitterren bidez pistola baten argazkia jaso dudanean gorputza zurrundu zait baina errepikatu diot nire buruari indarkeria birtuala dela, nire burua ez dagoela arriskuan.

Ez naiz psikologian aditua, baina imajinatzen dut biolentzia normalizatzea edota hierarkizatzea norbanakoaren babes mekanismo bat dela. Erdialdeko Amerikan bizi nintzen Pikara Magazine-ren kontrako jazarpen kanpaina digitalei aurre egin behar izan genienean. “Europako feministok eta kazetariok ez dakigu zer den benetako mehatxua, benetako arriskua. Pribilegiatuak gara gu”, esaten nion nire buruari. Ez zen jarrera zuzena izan, Brigitte Vasallo, Alicia Murillo, Silvia Agüero Fernández edota Irantzu Varela gure kolaboratzaileek eraso zaparrada jaso dituztenean ez diedalako merezi duten arreta eman.

Aitzitik, Andrea Momoitiok eta Anita Botwinek Ctxt aldizkarian idatzitako artikulu batean botatako galderek konbentzitu ninduen: Ordenagailua amatatzen dutenean, zer tratu ematen diete euren inguruko emakumeei matxitrol horiek? Nor dira gu kikiltzeko bidaltzen dizkiguten argazkietan agertzen diren hildako emakumeak? Txio horiek jasotzen ditugunean sentitzen dugun izua, haserrea eta ezintasuna nola metatzen da gure barruan eta nola mugatzen du gure adierazpen askatasuna?

Nolanahi ere, nire erlatibizatzeko joera egoskorra da eta Pikara Magazine eta Faktoria Lilak konpartitzen duten egoitzan pintadak agertu diren lau alditan ere erasoak txikiagotzeko tentazioa agertu zait: “Hau ez da prentsa askatasunaren urraketa bat, lau mukizuren ateraldia baizik”. Lehengoan amatasun baimenean nengoen eta etxetik lan egiten jarraitzen dut. Ez naiz ni izan goizean goiz lanera joan eta pintadekin ezustean topo egin duena; kristalak berriro garbitu behar izan dituena; erredazkioan bakarrik lan egitearen beldur dena.

Aitortu behar dut, eta lotsa ematen dit gainera, kostatu zaidala onartzea Pikarak eta Irantzu Varelak behin eta berriro ohartarazi dutena, hots, online indarkeriak ez direla birtualak eta aurrez aurreko bortizkeriari bidea prestatzen dietela.

2019an Maite Asensiok Berriako elkarrizketa batean galdetu zion Varelari ea pintadak zuzeneko eraso fisiko baten aurreko izango ziren beldur zen. Hala izan da. Irantzuk auzokoaren eraso matxista eta lesbofoboa salatu berri du; ukabilkadak eman dizkio aurpegian eta irainak bota. Basauriko Udalaren funtzionarioa dela ezagutzera eman du Varelak eta, Twitterren, Basauriko Udala kezkatuago agertu da instituzioaren izen onagatik kazetari feministak salatutako gorroto delituagatik baino.

Eta hala ere, arazo hau arintzeko joera madarikatua nigan errotua jarraitzen du. Cristina Fallarasek “Tortura bat da” manifestua sinatzea proposatu didanean, duda gabe eman dut nire babesa, Irantzuri (eta gu guztioi) elkartasuna adierazte aldera. Baina erabilitako hitz potoloa zalantzan jarri dut berriro ere. Ez al da gehiegizkoa tortura dela esatea?

Manifestuak DRAEren definizioa aipatuz erantzuten du:

1. f. Norbaiti eragindako min fisiko edo psikologiko larria, metodo eta tresna desberdinekin, aitormen bat lortzeko asmoz edo zigor gisa.

Egileek diotenez, arrazoi profesionalengatik edo ekintzaileengatik etengabeko presentzia publikoa duten emakumeei, irain, mehatxu eta era guztietako erasoen jarioa (batzuetan zaparrada), bizitza jasanezina egiten zaie. Bai, tortura bat da eta plazandreak zigortzea du helburu.

Izututa ez, baina oso nekatuta daudela esan dute behin eta berriro Pikara Magazineko lankideek eta Irantzuk berak. Nekatuta erasoengatik baina baita ere indarkeria hauei aurre egiteko falta den prestakuntza, prestasuna eta kontzientziagatik ere.


Segi irakurtzen:

Pikara Magazinek online indarkeriei buruz prestatutako monografiko transmedia gomendatzen dizuet

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba