Indarkeriarik arriskutsuena, ikusten ez dena

Indarkeriarik arriskutsuena, ikusten ez dena

Kontakizun kulturalen bidez, indarkeria mota jakin bat sortzen da, «kulturala» edo «sinbolikoa» deritzona, zeina ez baita erreala, baina errealitate bihur baitaiteke

30/12/2020

Itzulpena: Danele Sarriugarte

Goizeko 9ak. Lucíak, ispilu aurrean dagoela, ile urdin bat aurkitu du, berria. Begirada gupidagabeak, bereari ekinda, zera esan dio: «Orbanak dituzu azalean, ez zara depilatu, haragi biguna daukazu». Martak manager izateko eskakizuna bete behar du. Erasoan datozkio beldurra eta segurtasun eza: «Zuk ezin duzu, zuk ez dakizu, zu ez zara aski». Carolinak ezin du begirik batu ezezagun talde batek metroan inguratu zuenetik. Zalantzaz josirik dago, arnasa ezin hartuta: «Zuk probokatu zenituen, ez jarri salaketarik, ez dizu inork sinetsiko». Martak frustrazioa sentitzen du, 40 urte baititu eta umerik ez. Ugalketa lagundua probatuko duela pentsatzen ari da, hartara ez baitiote esango ez dela emakume oso bat: «Porrot egin duzu, ez zaitu inork maite, bakarrik geratuko zara betirako».

Itxi begiak une batez eta irudikatu momentu honetan ispiluari begira edo bere bizia aztertzen ari diren emakume guztien ahotsak. Badirudi estrofa berdina banatu digutela guztioi, eta buruz errezitatzen dugula. Gure gorputzak akastunak dira, ez dira aski, gurea da guztiaren errua. Diziplinatuak gara, esanekoak, otzanak. Berdin du zenbat urte ditugun, zein den gure azalaren kolorea edo zenbat diru daukagun: onartua dugu gutxi balio dugula eta azpitik gaudela beti. Zer indarkeria-mota da hori, eta nondik dator?

Indarkeria gauzatzeko modu asko dago, eta denek ez dituzte aztarna berdinak uzten. Bortitza izateak esan nahi du indarra erabiltzea beste izaki bat mendean hartzeko, hari nolabaiteko kaltea eraginez. Kalte hori fisikoa izan daiteke, baina orobat emozionala edo soziala. Komunikabideek sekulako boterea dute (eta, ondorioz, sekulako indarra), gai baitira, irudien bidez, milioika pertsonarengana iritsi eta haien gainean eragina izateko. Irudi horiek zer-nolako lotura dute emakumeek mundu osoan jasaten duten indarkeriarekin? Kontakizun kulturalen bidez, indarkeria mota jakin bat sortzen da, «kulturala» edo «sinbolikoa» deritzona, zeina ez baita erreala, baina errealitate bihur baitaiteke. Ikusten ditugun irudi guztiak dira gure hezkuntzaren parte, hala marrazki bizidunak, filmak, telesailak eta programak nola iragarkiak, moda eta artea. Gizakiok esperientziaren bidez ikasten dugu, baina baita fikzioaren bidez ere. Enpatiari esker, kontakizun bateko pertsonaien azalean jar gaitezke, hark sentitzen duena sentitu, eta ikasitakoa gure ekiteko moduan txertatu. Bestalde, istorioen bitartez ikasten dugu gizartean jarduten, hau da, gizarteak gugandik zer espero duen ikasten dugu, eta nola aritu behar dugun. Halako tramek, errealak zein fikziozkoak izan, erakusten digute zer saritzen den, eta zer zigortzen: gizona bazara, oldarkorra eta menderatzailea izan behar duzu; emakumea bazara, ordea, atsegin eman zalea eta otzana.

Irudi batzuk harago doaz. Publizitatean, adibidez, emakumeak ez dira pertsona ahul gisa agertzen besterik gabe; aitzitik, pertsona hautsiak dira (hitz horixe erabiltzen dute argazkilari batzuek beren shootingak egitean: «Hautsi zaitez! Hautsi gehiago!»). Modak eta pornografiak muturreraino eramaten dute emakumeen aurkako indarkeria, artearen eta fikzioaren aitzakian. Horren arriskua da, batetik, ez dela posizionamendu kritikorik adierazten erakusten denarekiko, eta, ez hori bakarrik, indarkeria lotzen dela zenbait kontzeptu positiborekin, hala nola glamour eta plazerarekin. Sufritzen ari diren emakumeak, bortxatu dituztenak eta odolez blai daudenak: horra lurrinak saltzeko eta orgasmoak lortzeko modu berria. Hedabideetan ikusten ditugun irudiak dira «indarkeria zuzena» elikatzen duten iturrietako bat; hala esaten zaio fisikoki zein hitzez eta modu agerikoan gauzatzen den indarkeriari. Gizon batzuek beren jarreran txertatzen dute emakumeekin jarduteko modu hori (jarrera horrek eragin handiagoa edo txikiagoa izango du pertsonaren hezkuntzaren arabera eta kontakizun horiek zalantzan jartzeko gaitasun kritikoaren arabera). Baina irudiek beste hau ere eragiten dute: gizarteak orokorrean eta emakumeek bereziki indarkeria hori errazago onartzea. Irudiek ahalmena dute ikusgai jartzen duten oro normalizatzeko: indarkeria ikusteak ez dute beti sortzen indarkeria, baina harekiko sentikortasuna gutxiagotzen du.

Artearen historian, irudien funtzioetako bat izan da boteretsuen garaipenak ikusgai egitea eta, hala, haien hegemonia indartzea, baina orobat erabili dira kontrakoa egiteko: etsaiaren irudia hondatu eta hari oinpean eusteko. Armada galtzaileak eta mendean hartutako pertsonak beti agertzen dira belauniko, makurtuta, espazio gutxi hartuz eta bigarren planoan. Emakumeok etengabe irudikatzen gaituzte izaki garaitu gisa, bigarren mailako postuetan. Gutxitan izaten gara istorioetako protagonista, eta gure erabakiek ez dute eraginik istorioaren amaieran. Indarkeria kulturalak bestelako indarkeria bat elikatzen du, «egiturazko indarkeria», hots, emakumeek gizartean duten toki gutxiagotuari dagokiona. Emakumeen artean pobrezia handiagoa dago, kualifikazio txikiagoko lanbideak dituzte, lankide gizonek baino gutxiago kobratzen dute, medikuntza gizonen gorputzean oinarritua dago eta justiziak ez du aintzat hartzen genero-ikuspegia; bada, indarkeria horiek denek zerikusia dute emakumeei hierarkia sozialean ematen zaien balio eskasarekin.

Indarkeria izan daitezke keinuak, hitzak edo irudiak, baina baita horien gabezia ere. Pertsona bati hitz egiteari uztea edo haurtxo bati janaria kentzea indarkeriatzat har daiteke. Emakumeen kasuan, indarkeria da emakume indartsuen erreferentziarik ez egotea: ez agertzea beren lanbidearengatik edo lorpenengatik baloratzen duten emakumerik, taldeak eta herrialdeak zuzentzeko gauza denik, aparteko dohainak dituenik teknologian, kirolean edo zientzian. Eredurik ezak ondorio errealak dakartza: eredurik gabe, emakumeok ezin dugu ikasi, eta ezin dugu pentsatu halako zerbait «izatera iritsiko» garenik; gizarteak, bestalde, ez gaitu modu horretan baloratuko. Mapa bisualetik ezabatu duten beste elementu funtsezko bat: gure plazer sexuala. Iruditegiari dagokionean, non dago emakumeen desiraren errepresentazioa? Zergatik gara beti desiraren objektu, eta ez haren subjektu? Plazera ukatzea ez al da gu mugatzeko beste modu bat?

Pertsona bat deshumanizatzea da inor mespretxatzeko eta, ondorioz, harekin bortitz jarduteko estrategia oldarkorrenetako bat. Bai publizitatean bai modan, eta hedabideetan oro har, emakumeoi dagokigunez, gure gorputzaren dimentsioa da baloratzen den gauza ia bakarra; kasurik onenean, alderdi horrek gainerako guztiek baino garrantzi handiagoa izaten du. Gorputza baino ez garela adieraziz gero, gure gaitasunak murriztu eta objektu gisa hartzen gaituzte. Pertsona bati bere gizatasuna kentzen badiote, eta bere arrazionaltasuna eta emozioak alde batera utziz jarduten badira berarekin, horrek eragina du, ezbairik gabe, pertsonarekiko tratuan. Ezinezkoa gertatzen zaigu, fisikoki, objektu batekin enpatizatzea, eta horrek azaltzen du zergatik jasaten dituzten emakumeek oraindik ere menderakuntza-egoera asko mundu osoan, izan ere, gorputza eta pertsona disoziatzeko ekintzan oinarritzen baitira. Prostituzioa eta haurdunaldi subrogatua dira horren bi adibide.

Azkenik –aurrekoak bezain garrantzitsua da–, indarkeria kulturalak orobat eragiten du «indarkeria barneratua», hots, emakumeok geure buruaren kontra gauzatzen dugun indarkeria, gure gaitasunak gutxietsi edo gure itxura gaitzesten dugun aldiro. Gure gorputzaren aurka etengabe darabilgun gorroto-diskurtso hori, hala nola gure buruari ezartzen diogu kontrola, ez da berez sortzen; aitzitik, hedabideek zuzentzen diguten ahotsaren ondorioa da. Edertasunaren industriaren estrategia doilorrak –gainerako plataforma bisualek ere erabiltzen dute– eskatzen digu nerabe baten gorputza mantentzeko, argala eta zuria betirako. Horren ondorioz, frustrazioak jota bizi dira milioika emakume, eta prest daude edozein produktu erosi eta era guztietako ebakuntzak egiteko, horren bidez baloratuko dituztelakoan. Naturaren eta denboraren joanaren kontra borrokatu behar izatea indarkeria-mota guztiz zitala da, kontuan hartzen badugu, gainera, gure identitatea gorputzaren zutarriaren gainean eraikitzera behartzen gaituztela. Gorputz bat zeina konplexuz beterik biziko baita betirako, bere dimentsio gizatiar, arrazional eta emozionalaz gabetuta.

Pertsona askok uste dute indarkeria kultural edo sinbolikoa ez dela arriskutsua, ez delako erreala. Beste batzuek argudiatzen dute, aitzakia gisa, irudiek sortutako kaltea ez dela kontzientea. Baina ez da indarkeria neurtu behar haren formaren edo bide ematen dioten kausen arabera, ezpada sustatzen dituen kalteengatik.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba