Eskerrik asko, artista feministok, hegoak eman dizkiguzue!

Eskerrik asko, artista feministok, hegoak eman dizkiguzue!

Europan, eta zehazki Euskal Herrian, arte esparruak darabilen diskurtso (trans)feminista kontzientzia eta ekintza mailara mugatu edo jendarteratua izan da?

10/02/2021

Virginia Woolf : “Artea pentsamenduan oinarritzen bada, zein da transmutazio prozesua?”
Simone de Beauvoir: “Ez da jeniorik sortzen, bihurtu egiten da; eta orain arte emakume-izaerak ezinezko bihurtu du bilakaera hori”
María Zambrano: “Artea, dirudienez, existentzia forma galdu batek utzitako arrastoa deszifratzeko edo jazartzeko ahalegina da”
Sahatsa Jauregi: “Burdina norena da? Herriarena da, ezta? Harria, egurra norenak dira? Denonak. Eta zurea zer da? Ba nireak dira kulero hauek, lore hauek”
Ana Laura Aláez: “Nire estudioa nire burua da”


 Gudari Kings. Komando Anonimoak. 'Safo se folla a Sabino', 2008

Gudari Kings. Komando Anonimoak. ‘Safo se folla a Sabino’, 2008

“Mila esker, hegoak eman dizkidazue!” Olga Lipovskayak oihu egiten zigun pozik eta esker onez, eta, aldi berean, dantzan ari zen zoriontsu, upel bat bezain mozkortuta, Artelekuko zabalgunean pausatu berri zen elurraren gainean: “Hegoak eman dizkidazue, eskerrik asko, hegoak eman dizkidazue!” Gure gonbidatu xelebreak, begi itxi-ireki batean, jaialdiko whiski erreserba guztia edana zuen; mozkortu egin nahi izan zuen, munduaren beste muturrean bere amazona-ghetto desiratu eta amestuarekin topo egin zuela ospatzeko. Ghetto bedeinkatua (beti madarikatua izaten delako) eta whiski bedeinkatua, elkarrekin eta dantzan bizirautera bultzatzen gaituztenak.

Lipovskaya poeta eta Genero Gaietarako Errusiako Agentziaren presidenteak Feministaldia Kultura feministaren Jaialdiaren IV. edizio post-surrealista hartan parte hartu zuen 2009. urtean, “Emakumeen artea: askatasunezko lurra, edota amazonentzako guettoa?” izeneko hitzaldiarekin.

Errusiako emakumeen mugimendu politikoak, Perestroikarekin hasten denak, porrot egin zuela esanez hasi zuen hitzaldia. Hala ere, Genero Ikasketen garapen zabala ofizialki diziplina gisa onartua izan zen, eta bere herrialdeko irakaskuntza akademikoaren sisteman ondo integratua zegoen, Boris Yeltsinen garaitik. Lipovskayak argi utzi nahi izan zuen genero-komunitate bat dagoela, batez ere artikuluen argitalpenetan, tesien defentsetan eta beste eztabaida akademiko batzuetan aritzen dena, baina, haren ustez, arazoa da unibertsitate-komunitate horrek ez duela inolako eraginik emakumeen benetako bizitzan: errusiar gizarteko genero-harremanak eta sozialismo sobietarraren garaian zeudenak ez dira ia ezberdinak. “Zoritxarrez —esan zigun— Errusiako ekintzaile feministek ez dituzte kaleak okupatu zuek egin duzuen bezala. Horregatik, zuek deskubritu izanak, zuek existitzen zaretela ikusteak, hain zoriontsu egiten nau”.

Errealitate hori gorabehera, 90eko hamarkadaren hasieran, errusiar artistak errautsetatik berpiztu ziren diskurtso independente batekin, ez kasualitatez zentsura ideologikoaren salaketarekin lotuta. “Emakumeen arte-erakusketak” izeneko erakusketak antolatzen hasi ziren, eta zalantzan jarri zuten, baina auzia konpondu gabe, non eraikitzen zen emakumeen artearen eta arte feministaren arteko muga. Beste eztabaida fetitxe bat, irtenbide posible eta desiragarri bakar bat gabe, feministok liluratzen gaituzten horietakoa, paralisi intelektual batean eta egoera animiko pairatzaile batean katramilatzen gaituena, harik eta nahaspilatik irteteko elkar larrutzen dugun arte. Gu masokak izan ginen Sacher-Masochek masokismoari izena eman baino lehen.

Txantxak alde batera utzita, Lipovskayak kontatutako esperientziaren harira, interesgarria litzateke geure buruari galdetzea ea Europan eta, zehazki, Euskal Herrian, artearen arloan gauzatu den diskurtso (trans)feminista norbanakoaren kontzientziaren eta ekintzaren mailan baino ez den inskribatu (agian arte inguruko ghettotik atera gabe), edo kolektibizatu bada. Hau da, euskal emakumeen (eta beste gertuko batzuen) bizitzak eraldatu ote dituen, gizarteratu eta horma sinbolikoak eraitsiz (androzentrikoak, falogozentrikoak eta etnozentrikoak), azkenean gure askapenerako mugimendu politiko eta kulturala indartzeko, ederragoa, kultuagoa, alaiagoa eta pluralagoa bihurtuz.

Nahiz eta Euskal Herrian artearen eta politika (trans)feministaren arteko bateratzea ehundaka karaktere batzuetan ilustratzeko eta sintetizatzeko lana agindu zaidan: ekuazio delirantea… sentitzen dut aurreko galderak uzten duen hutsunea asetzeko moduko erantzunik ez izatea. Mikro-saiakera hau kontakizun ñimiño bat baino ez da; jakina, elkarrekin entseatzen jarraitu behar da, gutxienez ondoz ondoko erditzeetan atera ditugun artelanen sakoneko eta edukietako zenbait efektu argitzeko, bai intimoenak eta erraietakoak, bai komunitate politiko eta kulturalaren aurrean, jendaurrean jarritakoak.

Baieztatzera ausartzen banaiz, gauzatu dugun gertaera politiko, sortzaile eta performatiborik bikainena, zalantzarik gabe, martxoaren 8ko lehen greba feministan kaleak hartzea izan zen. Espazio publikoa birpolitizatzeko gai izan ginen, oso sortzaileak eta erabat emantzipatzaileak ziren mezu (trans)feministen bidez. Eta, gainera, hain gara eskuzabalak, non, beste dohain partekatu batzuen artean, Bilbon Oteizaren eskultura aldakor oboideari merezi duen distira eman genion. Ausartu daitezela orain esaten gu ez garela artistak!

Artearen jarduera-planoa gure bihotz izoztuen sugarra egoera pandemikoan pizteko ahalmen totemikoa duten afektu eta sentsazio, sentsazio eta afektuen planoa da. Esku artean dugun obra kolektiboa beti berrabiarazten da bizi-premia baten harira, une presati batez, jakinda emakumeentzat ez zela berpizkunderik izan, ez behintzat Errenazimenduan, eta guk ez dugula 100 urte gehiago itxaron behar izatearen pazientziarik. Batez ere, planetak ez gaituelako gehiago jasaten.

Gaur egun, berriz ere, itxaropentsu galdetzen diogu geure buruari: artibista garaikide eta postmodernoen borondate sortzailean ote dago gure pizkunde (trans)feminista ederra Euskal Herrian eta mundu osoan eratzeko eta birsortzeko boterea? Victoria Sendon de Leon filosofoaren arabera: “Lehen aldia da 5.000 urtetan feministak mundu bat sortzeko abentura egiten saia gaitezkeela. Ez dakigu zein, baina bai zein interferentzia eta zailtasunekin. Horretarako gogoa dugu, eta prest gaude. Ordena sinboliko patriarkaletik haratago joango gara sorkuntzaren bultzadarekin. Guretzat sortzea mundu bat erditzea baita. Erabateko erronka da”.

Susana Talayero 'Cabezonas', 2014

Susana Talayero ‘Cabezonas’, 2014

Sendonen mezu hau euskal artista garrantzitsuenetako baten diskurtso-kodera itzultzen badugu, Susana Talayerori buruz ari naiz (izan ere, besteak beste, gure helburua lortzea pentsatzaile zein artistek teoria kritiko feministaren tresnekin garatuta duten sistema semantiko konplexua irakurtzeko eta interpretatzeko gai izatera baldintzatuta dago), kontua honela adierazita geratzen zaigu:

“Geologiari buruzko testu bat transkribatzen dut, lur-jausiak, materia organikoaren birziklatzea, eta gu geu prozesu zikliko, zikin eta suntsitzaile baten erdian. Eragiketa errepikatzen dut beste plastiko biltzaile batekin, eta guztiz delirantea den testu batekin. Bi materialak (plastikoa eta testua), denbora baten ondoren, ekintza asaldatzaile bat egiten duen gorputz baten oskol zurrun eta tatuatu bihurtzen dira. Lana badoa, bultza egiten diogulako da, eta etengabeko bultzada hori bizitza osoan zehar egingo den gauza delako uste sendotik sortzen da. Arrisku sentsazio baten eta beste gauza hori gertatzeko nahiaren artean nago orain”.

Arrazoi poetikoaren filosofoak, Maria Zambranok, delirioak deitzen zien bizitzako gauza intimoei. Gauza batzuk ezin direla esan adierazten zuen. Baina ezin esan daitekeen hori idatzi behar dena da, eta, ahal izanez gero, (bir)sortu. Guk gure maitasun, adimen eta baiezko indar guztia mundu ederrago eta justuago bat sortzeko lanean jartzen dugun bitartean, totalitarismo matxista, polizial eta errepresorearen indar erreaktiboak, etxeko faxismoen presentzia bortitzak bultzatuta, gu isilarazteko helburuarekin antolatzen dira, egiten ari garen obra inoiz zutik mantentzera irits ez dadin, historia egiteko eta denboran tinko gera ez dadin.

Tradizio patriarkal guztiek (baita euskal tradizioak ere) gutxietsi egin gaituzte artista gisa, jazarri egin gaituzte ekintzaile gisa, ez digute baimenik eman pentsalari gisa, eta ukatu egin digute gizakion kategoriakoa garela ere. Aukeratu ez dugun mundu bidegabe eta beldurgarri batean bizi gara. Eta batzuetan isiltzeko gogoa ematen du, gehiago sortzen edo arriskatzen ez jarraitzeko gogoa… baina Zambranok dioen bezala, sinetsi edo ez, beti hobe da askatasun arriskutsua, morrontza lasaia baino. Gure Errenazimendu (trans)feminista oraintxe da, beraz, istilura eta hegan egitera, hegoak babadauzkagu eta!


Arte feministan sakontzeko:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba