Inoiz baino gehiago, gorputzari erreparatzea
'Covid19. Pandemiaren inguruko gogoeta feministak' Steilasek editatutako liburuan Mari Luz Esteban Galarzak idatzitako kapitulua argitaratu dugu.
Mari Luz Esteban Galarza*
Steilasen ‘Covid 19. Pandemiaren inguruko gogoeta feministak‘ lanak euskal feminismoaren ahots batzuk bildu ditu, koronabirusak emakumeen bizitzan dakartzan ondorio sozial eta politikoen inguruan hausnartzen dutenak.
María Eugenia Rodríguez Palop-ek (Gil, 2020) azpimarratu du pandemiak prekarizatu, ahuldu egin gaituela emakumeok, zaintza-lanen lehen lerroan egoteagatik, baina, batez ere, neurri ofizialetan horren eragin diferentziala kontuan ez hartzeagatik. Hori bai, krisiak emakume batzuk beste batzuk baino gehiago jo ditu, osasun zentroetan, zaharren egoitzetan eta etxeetan zaintza-lanetan «gorputza jartzen» ari diren horiek izan baitira kaltetuenak (langile guztien % 80 emakumeak). Datu bat ematearren, osasun-langileen artean emakumeen kutsatzeak gizonenak baino hiru aldiz handiagoak izan dira. Horri gaineratu behar zaio kontabilizatzeke dagoen min emozional eta psikologikoa.
Emakumeen artean dauden desberdintasunak kontuan hartzea funtsezkoa da eremu kolpatuenetatik sortzen ari diren kexa eta protestekin elkartasuna adierazi ahal izateko, politika ere ikuspegi sindemiko batetik eginez. Azken urteotan, biolentzia eta bakegintzaren harira sortuz joan garen justizia, aitortza eta erreparazioari buruzko gogoeta eta praktika feministei krisi berri honen bizipenari dagokiona erantsi beharko diegu.
Baina harago ere joan gaitezke. Aitortu ala ez, mugimendu sozialak eta mugimendu feminista modu berezian ukitu ditu pandemiak. Ez bakarrik bilerak edo kaleko ekintzak birmoldatu behar izan ditugulako eta egunerokotasunaren parte nagusi bat online bihurtu dugulako, baizik eta gizarte osora zabaldu den etsipen, tristura eta bakartze sentipenak aparteko eragina izaten ari direlako gugan, gure jarduera publikoarekin, itxuraz behintzat, jarraitu arren. Eta nago ez gaudela horretaz guztiaz behar bezala gogoetatzen. Pandemia ez da bakarrik elkartzeko aukerei edo ahalmen kritikorako gaitasunari erasaten ari, jarduera politiko osoari baizik.
Azken hilabeteotan zabaldu diren ezkerreko diskurtso eta analisi feministetan ez da apenas hitz egin krisiaren fenomenologiaz, bai bakarka bai taldeka dakartzan eraldaketa korporal-emozionalez. Eta ez dauka zentzurik analisien eta ekintzen premia azpimarratzeak esperientzia, bizipen eta sentsazio intimoei arretaz erreparatu gabe. Eta maila horretan, nolabaiteko gelditasuna, nolabaiteko geldotasuna ere sumatzen da, gurean behintzat.
Rodríguez Palopek gogorarazi du, baita, mugimendu feminista zerbait bada korporala dela, hau da, kaleetako mobilizazioak eta emakumeen arteko hurbiltasun fisikoa gure egitekoaren ardatz nagusia direla. Hortaz, koronabirusaren ondorioz gorputzen artean ezarri den distantziak, nahitaez, inpaktua izan behar izan du mugimenduaren izaeran eta haren artikulazioan. Behin eta berriro esaten dugu berriz ere elkar besarkatuko dugula, gako osoa hor balego bezala. Baina aspektu hori osotasun baten parte baino ez da, eta gainera, badugu arriskua elkarren arteko topaketa/hurbilketa gehiegi sinplifikatzeko, gehiegi sentimentalizatzeko.
Distantzia fisikoa besteon eta norberaren babesaren neurria da, argi dago, zeina hiperkonexio digital batez konpentsatzen ari garen, munduan gertatu den dezelerazioak eta iraulketak eragiten diguten bertigoaren aurreko estrategia gisa. Konfinamendu garaian horrela idatzi zuen Teresa Rivera Garzak (2020): «Badirudi hor gaudela, denok batera, hitz egiten eta ibiltzen, elkar ikusten, baina gorputzak badaki ez gaudela hor. Disonantzia horrek akituta utzi gaitu». Amador Fernandez Savaterrek enfasia jarri du egunotan nabaritzen ari garen arraro egotearen sentsazioan. Horrela idatzi du: «Arraro egotea bizirik jarraitzea da. Normalizazioaren aurkako galderak, ondoezak eta nahiak azpimarratzea. Hori guztia landu beharreko gai bihurtzen saiatzea, desio berri bat, bizitzeko modu berri bat asmatzeko. Arraro egotea gure galderak defendatzea da, etenak utzi dizkigun markak gauza baliotsu gisa gordetzea, geure buruari eta errealitateari beste arreta bat jartzea». Beste era batera esanda, arraro egoteak politika berrikusteko eta birmoldatzeko aukera eman beharko liguke.
Nola edo hala, esan daiteke larruazalaren mudantza-prozesu indibidual eta kolektiboa bizi dugula, sentipenen, zentzumenen eta emozioen birkonfigurazio orokor bat. Eta horretan ere ez dut uste «lehengora» itzuliko garenik. Beraz, prozesu horren zehaztapenak eta ondorioak xehe-xehe aztertu beharko genituzke, aldaketa guztiak ezkorrak direla pentsatu gabe. Egun, inoiz baino areago, gorputzak garrantzi osoa hartu du. Halere, Baruch Spinozari (1980) jarraituz esan dezakegu gorputzak zer egin dezakeen jakin gabe segitzen dugula. Eta ideia horren atzean badago potentzial politiko erabatekoa.
Bizi duguna aztertzeko lagungarria izan daiteke gorputzaren eta emozioen teoriaren ekarpenak aintzat hartzea. Horrekin lotuta, Valerie Walkerdinek (2010) Galesko herri batean gertaturiko desindustrializazioari buruz egin zuen ikerketaren harira esandakoa gogora ekarri nahi dut. Autore horrek adierazi zuen testuinguru horretan, arlo ekonomikotik harago, kohesio-zentzua galdu eta gizarte-harremanak pobretu zirela. Esther Bick-ek (1968) gizakien segurtasun-sentsazioan larruazalak duen garrantzia azpimarratu zuen, kontaktu fisikoaz, ahotsez, usainez edo objektu ezagunez ari zela, hala nola, haurrek segurtasuna berreskuratzeko mehatxatuta sentitzen direnean duten moduaz. Eta horri bigarren azala deitu zion, azal psikologiko-emozionala. Eta Walkerdinek bigarren azalaren galera bezala interpretatu zuen populazio hartan jazotakoa, prozesu ekonomiko, fenomenologiko eta intersubjektiboa.
Ez al gaude gu ere bigarren azal horren umezurtz? Nola berrosatzen ari da gure sentsorialtasuna, banakoa eta soziala, eta ze ondorio ditu horrek politika mailan?
Zenbait autoreren ideietan oinarriturik, esan dezakegu politika eta aktibismoa fenomeno fisikoak, afektiboak eta dinamikoak direla, non praktikak, afektuak eta diskurtsoak elkar txirikordatuta gelditzen diren. Horren bidez, subjektibitateak, baina baita gure elkarteak ere, transformatuz joaten dira, barrukoa eta kanpokoa, biak, eraldatzeko aukerak zabalduz. Azken batean, mugimendu bat «gorputzen fabrika» baino ez da; nortasunak, espazioak, objektuak eta harremanak moldatzeko eta sortzeko lekua eta denbora.
Edertasuna neurtzeko distantzia zuzena elkarrizketarena dela idatzi zuen Julio Ramon Ribeyro idazle perutarrak (ikus Egaña, 2020). Politika neurtzeko distantzia egokia ere, gehituko nuke, elkarrizketarena da, gorputzen artekoa, haren berezitasun, ñabardura eta egokiera guztiekin.
Dimentsio korporalari eta emozionalari begiratzea nahitaezkoa da aditzeko covid-19 garaia zer nolako eragina izaten ari den feminismoan. Erantzunak eta galdera berriak ere gorputzen peskizan etorriko dira.
*Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailaren irakaslea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UPV/EHU