Pobretzen duen energia
Jende askok zailtasunak ditu bai etxean klimatizazio egokia izateko bai elektrizitatearen faktura ordaintzeko. Argitaratu diren azken txostenek azpimarratzen dutenez, kontua ez dago soilik baliabideekin lotuta; zerikusia du generoarekin ere.
Danele Sarriugarte-ren itzulketa
Puedes leer este reportaje en castellano.
Etxeek, pandemia-garaian, berekin dakarte aterpea, zaintza, osasuna eta konfinamendua. Etxe baten lau paretek (batzuek gehiago dituzte; beste batzuek, ezta lau ere) sosegua eta erosotasuna eman dezakete, baina etxea orobat izan daiteke arroztasunaren eta miseriaren gune. Ihesaldiaren helmuga. Sabaiaz eta oheaz gainera, gauza gehiago behar dira, hala nola argia, janaria eta energia, bizitzari eusten dioten eguneroko jarduera oinarrizkoak ez daitezen odisea bihurtu.
Argia piztu edo itzaltzea hil ala biziko kontua da, Pikara Magazine-n argitaratutakoaren arabera. Rosa, 81 urtekoa, 2017an hil zen, etengailuari ematea luxu bat zelako, eta berogailua edukitzea eta hori martxan jarrai ahal izatea, berriz, fikziozko nobela baten argumentua. Negu gorrian, kandelen argitan egoten zen, eta horiek argiztatu zuten bere heriotza. Pobrezia energetikoak hil zuen Rosa, baina pobrezia-mota horrek ez du neguan bakarrik ekiten. Larrialdi klimatikoaren ondorioz, tenperaturak nabarmen hazi dira, eta udak mehatxagarriak izan daitezke hozte-sistemarik eduki ezean.
Pobrezia energetikoak berekin dakar etxean tenperatura egokia ez izatea, fakturen ordainketa hainbat aldiz atzeratzea, baita argia etetea eta etxean hezetasuna edo matxurak izatea ere. Pobrezia energetikoak berekin dakar ia ezinezkoa izatea oinarrizko energiaren gastuei aurre egitea.
Etxebizitzen prezioak igotzen ari dira etengabe; ondorioz, gero eta zailagoa da argia eta beste gastu oinarrizko batzuk ordaintzea –horien kostuak ere hazten ari dira–. Energiaren prezioak etengabe igo dira, gero eta familia gehiago itoz. Espainian, 2008tik 2018ra bitartean, argiaren faktura % 66,8 hazi zen.
Olga Bartzelonan bizi da, eta 2017ko abenduan argia eten zioten. Urte bat eta erdi igaro zuen hala. Linternak eta kandelak erabiltzen zituen, baina Rosaren heriotzaren berri izan zuenean, kandelak pizteari utzi zion, beldurrez. Ingurumen Zientzien Elkartearen arabera, Espainiako estatuan, 6,8 milioi lagunek –hau da, biztanleria osoaren % 15ek– tenperatura desegokiak ditu etxean, edo atzeratuta dabil fakturen ordainketarekin, edo bi gauzak batera. Horien artean, 1,8 milioi lagunek adierazi dute ezen, azken 12 hilabeteetan, bi aldiz edo gehiago atzeratu direla fakturen ordainketan –biztanleriaren % 6 osatzen dute–. Elkarte berak beste txosten bat egin zuen 2018an, eta zera adierazi: Espainia da, Europako Batasuneko herrialdeen artean, barne-energiaren eremuan prezio altuenak jartzen dituen herrialdeetako bat, eta, gainera, 2008tik hona –hau da, krisi ekonomiko eta sistemiko latza hasi zenetik– Espainian garestitu da elektrizitatearen prezioa beste ezein herrialdetan baino gehiago.
Are, pobrezia energetikoak errenta baxuenetan izandako eraginari erreparatuz gero, fenomeno horrek kalte handiagoa eragin zuen 2016. urtean, 2007an baino; horrek argi uzten du, beraz, azken urteotan ezberdinkeriak hazi egin direla Espainian. Hala dio Gloria Gómez Muñoz-ek; arkitektoa da, eta ABIO izeneko ikerketa-taldeko kidea ere bai (Arkitektura Bioklimatikoa ingurune jasangarri batean), Madrileko Unibertsitate Politeknikoan.
«Inor ezin da bizi energiarik gabe, eta finantza-merkatuek etekina ateratzen diote horri, bere garaian etxebizitzarekin egin zuten (eta gaur egun ere egiten duten) bezalaxe», dio txosten honek: ‘Emergencia habitacional, pobresa energètica i salut. Informe sobre la inseguretat residencial a Barcelona 2017-2020’.
2020ko urte pandemikoaren lehen sei hilabeteetan, ekonomia guztiek behea jo zutenean, Iberdrolak, hau da, Espainiako estatuan diharduten enpresa elektriko handietako batek, 1.844,9 milioi euro irabazi zituen guztira: alegia, aurreko urtean epe berean irabazi zuena baino % 12,19 gehiago. Naturgy-k, berriz –lehen Gas Natural Fenosa deiturikoa–, irabaziak izan arren, aurreko urtean baino gutxiago bildu zuen: 2019an 592 milioi irabazi zituen, eta 2020an, ordea, 334. Irabaziak izan bazituen ere, ekonomia-komunikabideek halako aditzak erabili zituzten enpresaren etekinez hitz egiteko: «lastatu», «erori» edo «hondoratu». Endesa-k –enpresa publikoa zen lehen, baina orain Enel transnazional italiarraren eskutan dago– kopuru distiratsuagoak lortu zituen: 1.128 milioi euro urtearen lehen sei hileetan; aurreko ekitaldian epe berean irabazi zuenarekin alderatuz gero –776 milioi–, % 45,5 hazi zen.
Ekonomian espezializatutako komunikabideek tokirik eskaintzen ez dieten arren, badira bestelako albisteak ere: adibidez, kroniko bihurtzeko bidean dago pobrezia energetikoari lotutako zorpetzea, eta, aldi berean, gero eta larriagoa da energia-enpresen jazarpena. Horixe dio lehen aipatu dugun txostenak, Bartzelonari buruzkoak; sei gizarte-erakunderen artean egin zuten ikerketa hori, 2020ko uztailean. Hil berean jakinarazi zituzten konpainia elektriko handiek beren emaitza ekonomikoak.
Ikerketak, besteak beste, honako datu hauek biltzen ditu: inkesta egindako familien % 48k dioenez, ezin dute etxean tenperatura egokian izan neguan; % 43k, berriz, adierazi zuen ez zela gai hori egiteko udan. Pobrezia energetikoan eragina dute egitura heteropatriarkal eta kapitalistak. Setem Hego Haizea GKOaren arabera, enpresa banaka batzuk jabetzen dira natur baliabideez; ondoren, energiaren kostuak garestitu, eta salgai bihurtzen dituzte; prozesu hori dago pobrezia energetikoaren oinarrian. Era berean, lanari dagokion sexu-banaketaren eta genero-estereotipo eta -rolen ondorioz, emakumeak dira etxean denbora gehien pasatzen dutenak; horregatik, arazoak bereziki eragiten die.
Antolakundearen esanetan, indarkeria matxistaren molde bat da: pobrezia energetikoaren feminizazioa.
FEMENMAD proiektua, hain zuzen ere, horretan zentratu da. Aurrez egindako ikerketa batean zera deskubritu zuten: nahiz eta, etxe gehienetan, sostengatzaile nagusia gizona izan, proportzioa alderantzikatu egiten da pobrezia energetikoaren arriskuari dagokionean; hau da, pobrezia energetikoa jasaten duten etxeetan, ohikoena da emakume bat izatea etxearen sostengatzailea.
Ikerketak Madrileko egoerari erreparatzen dio bereziki, eta erakusten du pobrezia energetikoaren kausak konplexuagoak direla; ez dagozkiola, huts-hutsean, pobrezia ekonomikoari. Datuak sexuaren arabera bereiziz gero, generoaren dimentsioa agerian geratzen da. Hala ere, zenbaki gutxi dago: «Ez dago daturik erakusten duenik etxe bakoitzean zenbat irabazten den sexuaren arabera; horregatik, oraindik eginkizun dago emakumeen pobreziari buruzko berariazko ikerketa bat. Gaur egun etxebizitzei buruz ditugun estatistiken bidez, emakumeak etxebizitzako sostengu nagusia diren etxeetan bakarrik neur ditzakegu ezberdinkeriak» azaldu dio Pikara Magazine aldizkariari Carmen Sánchez-Guevara-k; ABIO ikerketa-taldeko kidea da bera ere, eta talde hori arduratu da FEMENMAD proiektuaz eta «Femininización de la pobreza energética en Madrid» ikerketaz.
Horrenbestez, azterketan –bukatua dago, baina oraindik ez dute argitaratu–, hiru etxebizitza-mota aztertu dituzte: emakumea sostengatzaile nagusia den etxebizitzak, ama bakarren etxebizitzak eta 65etik gora dituzten eta bakarrik bizi diren emakumeenak. Hiru kasu horietatik harago, «ezin dira genero-ezberdinkeriak identifikatu pertsona gehiago bizi diren etxebizitzetan eta gizona sostengatzaile nagusia den etxebizitzetan», azpimarratu du Sánchez-Guevarak, arkitektoa eta UPMko irakaslea bera.
Emakumea sostengatzaile nagusia den etxebizitzen artean, % 28k pobrezia-motaren bat jasaten du (pobrezia energetikoa, ekonomikoa edo biak batera). Balore hori % 23tik gorakoa da Madrilen, egoera honetan. Ama bakarreko etxebizitzei dagokienez, % 40k pobrezia-molderen bat jasaten du. 65 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren emakumeen kasuan, % 39k jasaten du pobrezia-motaren bat. Ikerketak bildutako ehuneko horiek handiagoak dira udalerriko bataz bestekoak eta sostengatzaile nagusia gizona den etxebizitzetako bataz bestekoak baino.
Ikerketa honek, funtsean, arkitekturari erreparatzen dio, zeren eta, autoreek azaldu eran, eraikuntzetan esku hartzea baita epe luzerako konponbidea. «Borroka gutxiago egin behar dugu bonu sozialaren alde, eta borroka gehiago, aldiz, isolamenduaren aurka», azpimarratu du Sánchez-Guevarak, eta hala azaldu du bere iritzia: «Bonu sozialaren bidez, diru publikoa pasatzen da esku pribatuetara, eta ez du jarraikortasunik; ez du arazoa konpontzen, adabaki bat da. Denbora baterako existitu behar du, baina ez gaude ados horren irizpideekin». Adibideak eman ditu: familia ugariek, edozein diru-sarrera izanda ere, bonu soziala jaso dezakete. «Zera galdetu behar dugu: zenbat behar du etxe honek, bizitza duin bat izateko? Eta zenbateko errenta du? Bada, hainbesteko bonu soziala emango diogu. Bonu sozialak egoera bat betikotzen du; ez die familiei lagunduko egoera horretatik ateratzen; aitzitik, birgaitze energetiko baten bidez, burujabeak izango dira», jarraitu du.
Osasun-arazoak
«Goizetan egurasten dut, haurrak ez daudenean». «Neskatoa etxera iristen denean pizten dugu berogailua». Esaldi horiek, edo bizitza horiek, FEMENMAD ikerketan agertzen dira, izan ere, ez zegoenez daturik, elkarrizketa pertsonalak egin dituzte, eta etxebizitza batzuen egoera klimatikoa aztertu: «Elkarrizketatu ditugun emakumeen identitateak bat egiten du etxearen identitatearekin eta ongizatearekin, identitate bakar bat osatuz», nabarmentzen du txostenak –Pikara Magazinek hori irakurtzeko aukera izan du–.
Egoera hori ez da soilik Espainiako estatuan gertatzen. «Women, Gender Equality and the Energy Transition in the EU» izeneko ikerketak (Emakumeak, genero-berdintasuna eta trantsizio energetikoa EBn) zera ondorioztatu du: Europako Batasunean, energiaren sektorean eragiten du genero-ezberdinkerien sail iraunkor batek, hala nola energiaren lorpenean dagoen genero-arrakalak. «Emakumeei neurriz kanpo eragiten die pobrezia energetikoak eta energia-kontsumoa ordaintzeko borrokak. Horren ondorioz, emakumeek trantsizio energetikoan duten parte-hartzea mugatzen da, ezin baitute inbertsiorik egin efizientzia energetikoan, eta, horrela, beren energia-kontsumoa murriztu», adierazi zuen Batasuneko Barne Politiken Zuzendaritza Orokorrak, 2019ko txosten batean.
«Blokeatuta nengoen; ez nekien nondik jo. Depresioa eta antsietatea nituen». Olga da txostenetako datu hotzei aurpegia jartzen dionetako bat. «Argia berreskuratu nuenean, lehenbiziko egunean, bazirudien ametsetan nengoela; ezin nuen sinetsi. Bonbilla piztu zenean, argia eduki nezakeela ikusi nuenean, bazirudien behingoz esnatu nintzela lehen bizi nintzen ametsetik», azaldu du.
Pobrezia energetikoak –hotzaren ondorioz– kalte egiten dio osasunari: gaitz fisikoak eta psikologikoak sor ditzake, Setem Hego Haizearen arabera. Depresioaz eta antsietateaz gainera, Madrileko datuek erakusten dute ezen, hotz- edo bero-olatuak direnean, hilkortasun-tasa paretsua dela emakumeen eta gizonen artean; hala eta guztiz ere, tenperaturak hotz-hotzak edo bero-beroak izaten direnean, emakume gehiago ospitaleratzen dituzte gizonak baino. Argia piztu edo itzaltzea hil ala biziko kontua da. Argia piztu edo itzaltzea genero-kontua da.