Amamaren postontzia

Amamaren postontzia

Purrustaka aritzen zara, amama: dirurik ez duzula, soldatarik izan ez duzulako. Erantzuten dizugu ez duzula arazo ekonomikorik, baina zu ez zara horretaz kexu, dependentziaz eta aitortza faltaz baizik

Postontzi. / Pixinio

Berandu ohartu nintzen. Nire aitita-amamaren etxeko postontzian soilik baten izen-abizenak agertzen dira. Asmatu norenak. Patriarkatuaren isla krudela iruditzen zait: hori bai dela andreen ezabaketa.

Ez zara existitzen, amama. Ontzat hartu dugu inork ez dizula sekula bidaliko gutunik, ezta publizitaterik ere. Bankuko ordainagiriak; telefonoaren, argindarraren eta uraren fakturak; supermerkatuen propaganda… Dena senarraren izenean. Nahiz eta zuri egokitu zaizun etxekoandre ofizioa. Nahiz eta zu izan zaren, elbarritu zinen arte, erosketak egin dituena, etxea garbitu duena, senideekin telefonozko harremana mantendu duena, bilobei aste-saria ematen tematu dena.

Beti esaten dizut droga-saltzaile paregabea izan zintezkeela. Ile-apaindegiko tarifa handitzen zenuen, senarrari dirua soberan eskatzeko. Kanbioa kuleroen tiraderan ezkutatzen zenuen, hurrengo igandean bilobei disimuluan eskuz esku emateko, irribarre pikaroa ahoan.

Purrustaka aritzen zara: dirurik ez duzula, soldatarik izan ez duzulako. Behin eta berriro esan dizugu senarraren ondasunak zureak direla, ezkontza erregimenak hala ezarrita. Baina eskulaburra zen zure gizona diruarekin. Bera bai aritzen zela purrustaka: berogailua pizten zenuenean, telefonoz bost minutu baino gehiago hitz egiten zenuenean, bilobei dirua eman nahi zenienean. Agian ez duzu hitzekin asmatu, edo guk ez genuen ulertu nahi: indarkeria ekonomikoa salatzen ari zinen.

Alargundu zarenetik, seme-alabei eskatu behar diezu baimena dirua ateratzeko eta gastatzeko. Haien etxeen artean bizi zara orain. Zuk onartu nahi ez duzun arren, egia da ez zaudela bakarrik bizitzeko moduan. Tamalez, matxismoak inposatutako dependentziatik, zahartzaroak ezarritakora igaro zara.
Etxekoandreei soldata eman edo ez eman, hori izan zen bigarren olatuko feminismoan eztabaida potolo bat. Gaur egun ez dugu horren inguruan debatitzen, baina salatzen dugu andra askok eta askok kotizazio gabeko pentsio xumeak dituztela.

Zu ez zara pobrezia arriskuan dauden emakume edadetu horietariko bat. Dirurik ez duzula esaten duzunean, ez zara prekarietateaz ari, autonomiaz eta aitortzaz baizik.
Zure amarekin soloan lan egin zenuen umetan eta gaztetan. Gero semearen janari-dendan aritu zinen: bera langilea zen; zu, aldiz, haren laguntzailea. Hainbat boladetan, Bilboko itsasadarra gurutzatu zenuen egunero biloben bila eskolara joateko, asteburuetan ere zaindu gaituzu zure etxean.

Egiari zor, etxekoandrez gain, nekazari, dendari eta ume-zaintzaile izan zara, baina Gizarte Segurantzak ez du ibilbide horren erregistrorik.

Ez dizut sekula galdetu postontziari buruz, ezta aititari ere. Izan ere, nik neuk ere urteak eman nituen ohartu barik.

Dagoeneko berandu da buzoian zure izena jartzeko, edota zuri gutuna bidaltzeko.

 


Segi irakurtzen:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba