At bizitzea
Bestelako bizimolde bat nahi dutenentzat, beren nahia gauzatzeko aukera bat da sistema energetikotik at dauden proiektu autogestionatuetan parte hartzea; beste batzuentzat, aldiz, biziraupen-kontua da.
Danele Sarriugarte-ren itzulketa
Energia-sistema hegemonikotik at bizitzea, gero eta gehiago, aukera bat da, apustu bat, ingurumena hobekien zaintzen duen alternatiba. Iraunkortasun ekologikoan oinarritzen diren proiektu energetikoek beren txokoa lortu dute, oasi bat eraiki dute sistema nagusiaren barruan, sistema hori planeta kaltetzen ari baita, ingurumenaren adierazleek eta antolakunde ekologistek diotenaren arabera. Babes-eremuetan eta txabola-eremuetan, ordea, biziraupenaren baliokideak dira ekologia, autokontsumoa eta iturri berriztagarrien aldeko apustua.
Energia-ekoizpena da klima-aldaketa eragiten duen faktore nagusia, eta haren ondorio dira, halaber, mundu-mailan igortzen diren negutegi-efektuko gasen % 60 inguru. Horregatik, eta erregai fosilen eskuragarritasuna txikiagotu delako, energia berriztagarrien aldeko apustuak indarra hartu du bai politikan eta bai gizartean. Energia Berriztagarrien Enpresen Elkarteak (APPA) 2018an bildutako datuen arabera, Espainian urte horretan ekoitzi zen elektrizitatearen % 37tik gora berriztagarria izan zen. Hurrengo hiru hamarkadetan kopuru hori ehuneko ehunera iristea da helburua.
2020ko ekainean, gobernuak Errege Lege-Dekretu bat onartu zuen: horren bidez, energia berriztagarriak bultzatu nahi ziren, estrategia gisa, eta, ekonomia susperrarazi, Covid-19ak ekarritako krisiaren ostean. Araudi berriari esker, besteak beste, hemendik aurrera errazagoa izango da autokontsumoaren alde egitea, eta moduak egongo dira bai energia sortzeko eta bai energia-soberakinak optimizatzeko. Bidea lehenago abiatu zen. 2019ko apirilean, beste Errege-Dekretu bat onartu zen, zeinaren bidez arautu baitziren energia elektrikoaren autokontsumoari –banakakoa zein kolektiboa– dagozkion baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak; horren aurretik, eguzkiaren zerga famatua ezabatu zen, izan ere, zerga haren ondorioz, hainbat urtez ia ezinezkoa izan baitzen autokontsumoa. Neurri horiek tarteko, gaur egun posible da «autokontsumoko instalazioak konpartitzea; horrela, etxebizitza-blokeetan edo industria-poligonoetan beren energia-hornikuntza egin ahal izango dute, modu eraginkorragoan eta elkarrekin» azaldu du Ekologistak Martxan taldeak. Gainera, antolakunde ekologistako kideek adierazi dutenez, zera aurreikusten da arauaren barruan: «sinplifikazio administratibo bat ezarriko zaie neurri txikiko instalazioei, autokontsumoa publiko nagusira hurbilduz. Hemendik aurrera, derrigorrean ordaindu beharko dira, fakturako konpentsazio sinplifikatuaren bidez, sare elektrikora isuritako elektrizitate soberakina eta baita autokontsumitzaile txikiei eskainitako erraztasunak ere». Autokontsumoaren Aldeko Aliantza taldekoek urteak pasa dituzte halako neurriak eskatzen.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (Miteco) zera azaldu du: neurri horiek onartu ondoren, eta sektorearen datuei erreparatuta, «2019an bikoiztu egin zen autokontsumoko instalazioen potentzia». Gainera, kontatu dutenez, «marko berri bat» amaitzen ari dira, «energia berriztagarrien hedapena aktibatzeko; autokontsumoaren kasuan, tramitazioa salbuetsiko da, eta are gehiago erraztuko da lurraldean autokontsumoa ezartzea». Gainera, Errege-Dekretu bat prestatzen ari dira, elektrizitate-fakturako zordunketak kalkulatzeko asmoz, eta aurreikusten dute, horri esker, «energia aurrezteko eta energia eraginkortasunez erabiltzeko neurri orok ondorio positiboak ekarriko dizkiola erabiltzaileari». Ildo horretan, Mitecok energia biltzeko estrategia bat sortu nahi du, hartara autokontsumoa errazteko. Gainera, gida bat hauspotu dute, autokontsumoko instalazioak nola izapidetu eta abiatu azaltzen duena, eta klima-aldaketaren lege-proiektua aurkeztu dute, zeina tramitazio-bidean baitago 2020ko maiatzetik. Legegintza-testu horren bidez, trantsizio energetiko bat egin nahi dute: negutegi-efektua eragiten duten gasen igorpenak murriztu, eta energia berriztagarriak eta energia-efizientzia sustatu. Zenbait helburu proposatzen dituzte: besteak beste, energia primarioaren kontsumoa % 36 murriztea; 2030. urterako sistema elektrikoaren % 70, gutxienez, iturri berriztagarrietatik eskuratzea; aire-garraiorako erregai alternatibo eta jasangarriak eratzea eta, 2050. urterako, erabateko deskarbonizazioa egitea –horretarako, beste neurri batzuk ezarriko dira, adibidez, garraio publikoa osoki elektrikoa izatea 2040. urtea baino lehen–.
Autosufizientzia-proiektuak
Proiektu autogestionatuak, multinazional handiek monopolizatzen duten energia-sistema hegemonikotik at dihardutenak, gero eta gehiago dira Espainiako estatuan; proiektu horiek, lege bidez onartzen ari diren aukera berrietan aterpea hartuz, autosufizientzia lortu nahi dute energian eta elikaduran; batzuek, are, autosufizienteak dira jada. Besteak beste, hor daude Matavenero herria (Leon), Errekaleor auzoa (Gasteiz), Sostre Civic etxebizitza-proiektua (Bartzelona) edo Amarauna proiektua (Nafarroa): adibide horiek erakusten dute oinarrizko beharrak asetu daitezkeela ingurumen naturala errespetuz eta adeitasunez tratatuz, eta eredua aldatzeko apustua eginez.
Torre del Bierzoko mendietan dago Matavenero herria: proiektu komunitario horretan, hainbat jatorritako ehun bat pertsona bizi izan dira hiru hamarkada luzez; hasiera batean, hustutako herri bat zen. 2019an, Diario de León egunkariak azaldu zuen ezen «utopia hura 1988ko udan abiatu zela, urtero egiten zen Rainbow topaketaren barruan; nazioarteko mugimendu ekologista bat zen hura, eta lotura zuen komunitate alternatiboekin, hala nola Christiania (Danimarka) eta Santa Barbara (Alemania) komunitateekin, biak ala biak 60ko hamarkadako bakezaletasunaren eta hippie ekologismoaren oinordekoak». Hustutako Espainia berriz jendez betetzeko xedez sortu zen Matavenero. Energia eolikoa eta eguzki-energia dute hornikuntza-iturria; egur-labeak dauzkate eta artisautza-dendak eta nekazaritza ekologikoko negozio txikiak sortu dituzte. Asanblada bidez kudeatzen dute guztia.
Errekaleorren 130 lagun bizi dira, gutxi gorabehera. Auzo hori Gasteizen dago: ikasle-talde batek okupatu zuen, 2013an, alokairuen igoerari kritika egiteko eta erronka jotzeko instituzioei eta higiezinen boomari; hala azaldu digu Irantzu auzokideak. Gasteizko auzo horretan ez dira guztiz autosufizienteak, baina xede horrekin dihardute: «200 bat eguzki-plaka ditugu, eta bateria batzuei esker 60 kilowatteko potentzia sortzen dugu, hau da, hamar familia estandar asetzeko beste». Muga handi samarra da hori: «Argia daukagu, mugikorrak eta ordenagailuak kargatu ditzakegu, baina egunez bakarrik, plakek ez baitute gehiagorako ematen. Esate baterako, ezin dugu sukalde elektrikorik jarri; horren ordez, sukalde ekonomikoak erabiltzen ditugu gero eta gehiago, egurrarekin funtzionatzen dutenak. Garbigailuak eta dutxak kolektiboak dira, eta ur beroa kontrolatzeko sistema bat daukagu. Garbigailuan ez badago arropa nahikoa, ez da martxan jartzen» gehitu du. Eguzki-plaka gehiago jarri lezakete, edo energia gehiago ekoitzi beste bitarteko batzuen bidez, baina «bizi-eredua aldatzea» erabaki dute, eta energia-kontsumoa gutxitzea. Irantzuk gogora ekarri duenez, «kolapso» ekologikoaren atarian gaude. Lehentasunen ordena aldatzea eta beharrak egokitzea, hori da kontua.
Amaraunan bizi da Itsaso: proiektu horrek bizitza kolaboratiboa du ardatz, eta Sakanako komentu batean dago, Nafarroan. Eraikina ez zuen inork erabiltzen eta, azkenean, monjek saldu egin zioten, arrazoizko prezio batean, proiektua abiatu nahi zuen jende-taldeari. Han ere, argi dute autoekoizpena gauza konplexua dela: «Ezin duzu garbigailua jarri nahi duzunean, ezin duzu ile-lehorgailurik erabili, ordenagailua une jakin batzuetan bakarrik erabil dezakezu. Energia kudeatzeko eta kontsumitzeko modu oso kontziente bat dakar berekin». Kontuan hartuta nolako ohiturak dituzten bera bizi den taldeko kideek, eta ikusita aldatzeko prest daudela, Itsasok badaki, momentuz behintzat, Amaraunaren helburua ez dela erabateko autosufizientzia eskuratzea, ezpada «konpentsazio-eredu» bat lortzea: eguzki-plakekin, energia ekoitziko dute, eta soberakinak, aldiz, kooperatiba baten bidez salduko dituzte. Proiektua eraikitze-bidean dago, eta asmoa dute, bidera azaldu zaizkien oztopo burokratiko eta legalak gainditzen dituztenean, erregai fosilak erabiltzeari utzi eta eredu jasangarriagoak baliatzeko: egur-estufak instalatu, espazioa sektoreka berotzeko; turbina bat jarri komentuaren ondoan dagoen presa txiki batean; eguzki-plakak ezarri. Hori guztia, epe luzera. Badute materiala, baina ezin dute ezer instalatu harik eta Ziordiako Udalak baimena eman arte. Itsasok aipatu duenez, oraingoz, «ez da erraza izan. Hobi septiko bat ipini nahi genuen, baina ezetz esan digute. Eta ez hori bakarrik: gela bat margotu nahi genuen, eta lanen justifikazio-agiri bat eskatu digute horretarako». Udalean ezkerreko alderdi bat dago, eta, izatez, horrek bidea erraztu behar lioke gisa honetako proiektuei; hala ere, traba asko ipini dizkiete. «Lanak dituzte ulertzeko hau jabetza kolektibo bat dela. Lanak dituzte ulertzeko ez dela familia nuklear baten jabetza pribatua. Gauza guztiz oinarrizkoa da: guk ez dugu aberasteko helbururik, gu jo eta ke ari gara hemen lanean; eraldaketa soziala lortu nahi dugu», azaldu digu.
Nolanahi ere, Mandik azaldu duenez, «argi dago autogestioa eta autohornikuntza ez direla Administrazioaren lehentasunak. Araudia zorrotz-zorrotzak jartzen dituzte, enpresa handientzat begira pentsatuak»; Cal Cases (Bartzelona) bizitza komunitarioko kolektiboko kidea da Mandi. Bere iritziz, cohousing proiektuek eta etxebizitza kolaboratiboek bestelako bizi-eredu bat ahalbidetzen dute «etxebizitzari, baliabideei eta auzokideen arteko babesari» dagokionean. Bestalde, jakin badaki energiaren kontua bestelako auzi bat dela: «Inbertsio handi bat egin behar da, eta fasez fase egin ohi da. Hasteko, espazioa zaharberritzen da, eta handik urte batzuetara, autosufizientzia energetikoaren gaia ateratzen da. Diru-inbertsio bat egin behar da, hori da gakoa. Kataluniako proiektu gehienak ez dira ehuneko ehun jasangarriak, eta diruagatik da hori» azaldu du Mandik.
Jasangarriak, halabeharrez
Azken urteetan, proiektu asko loratu dira, bizitza jasangarria helburu dutenak. Mitecok ezin du proiektu guztien errolda egin; izan ere, kasu askotan, autogestioaren bitartez garatzen dira, indarrean den legeditik eta urbanizatutako eremutik at. Ekoherrien Sare Iberikoan, 18 proiektu-kide biltzen dira, eta 13 kolaboratzaile. Hori da eskura dagoen zenbaki ofizial apurretako bat. Baina jasangarritasunaren aldeko proiektu batzuk ez dira abiatzen proiektu arkitektoniko edo urbanistikoetatik, ezta energiako, lurralde-antolakuntzako eta ingurumeneko profesionalen asanblada handietatik ere. Batzuk biziraupenagatik bizi dira energia-hornikuntzaren sistema hegemonikotik at; batzuk halabeharrez dira jasangarriak.
Ana jornalari gisa dabil Huelvan. Bera eta bere kideak txaboletan bizi dira, Lepen; soroan lan egin eta beren eskubideen alde borrokatzen dira. Anaren taldea, langile afrikarren taldearekin batera, jo eta ke ari da, lan-baldintza duinak eta etxebizitza bermatzeko pertsona guztientzat. Txabolen eremu hura orain dela 20 urte altxatu behar izan zuten jornalari migratzaileek, paleak, plastikoa eta kartoia erabiliz; han ez daukate argindarrik ez urik. «Ura eskuratzeko, batzuek, soroko produktu kimikoetarako erabiltzen diren ontziak hartu, eta edateko ura dagoen puntu batean betetzen dituzte», azaldu du Anak. Txabola batzuetan eguzki-plakak dituzte, eta, autoen bateriei esker, jaki batzuk hotzetan gorde eta mugikorra apur bat kargatu dezakete. Beste txabola batzuk, berriz, zementuz estalita daude, beroa arintzeko eta suterik egon ez dadin; hala eta guztiz ere, eskuarki, «dagoenarekin moldatzen» dira. Zenbait asistentzia-elkartek «dutxatzeko aukera ematen diete, sos batzuen truke. Bestela, estalpe bat antolatu eta kanping-gasean berotzen dute ura, lapikotan». Gainera, Anak gogora ekarri du «emakumeak direla katebegi ahulena eta ikusten ez dena. Orain, kolektiboak osatu diren honetan, beti aipatzen dira langile afrikarrak, baina inoiz ez emakumeak. Eta emakume horiek prostituzioan aritzen dira ez daukatelako beste alternatibarik: ez daukate paperik, txaboletan bizi dira eta ezin dira soroan aritu. Batzuek txabolan bertan jarri dute prostituzio-etxearen kartela». Halako tokietan, jasangarritasuna eta ekologia bigarren mailako kontuak dira zeharo; biziraupena, hori da egiazko helburua. «Barra-barra hitz egiten dugu modernitateaz eta jasangarritasunaz, baina, zeinek dauka era horretako proiektuetan edo bizimoduetan jarduteko aukera? Aberatsek. Orain, adibidez, jasangarritasunaren kontu hori saltzen digute bio janariaren etiketekin. Bio etiketak gure aiton-amonek egiten zituzten soroan. Hara, ziur naiz hemen inguruko edozein baratza bio-agoa dela enpresa handi batetik datorren piperra baino; enpresa horrek, gainera, bere langileak esplotatzen ditu. Hartzen dituzte gure ohiturak, jendeak beharraren beharraz aspaldidanik egin dituen gauzak, eta saldu egiten dizkigute, esanez jasangarriak eta guaiak direla».
Antzeko gauzak gertatzen dira errefuxiatuen kanpalekuetan. Sahararrak Aljeriako basamortuan ezarri ziren duela lau hamarkada, gerratik eta Marokoren menderakuntza kolonialetik ihesi; 200.000 lagun inguru dira, eta, beren historian, eguzki-plakak eta autoen bateriak erabili dituzte argindarra sortzeko. Alabaina, denek ez dute halakorik eskura, beraz badira bestelako mekanismoak ere. Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetan jaio zen Tfarrah, eta, gaur egun, Euskal Herrian bizi den saharar diasporako kidea da; berak azaldu dizkigu hango mekanismo alternatiboak: «Dutxarako, edo platerak garbitzeko, ura eguzkitan berotzen dugu. Bizpahiru bidoi jartzen ditugu eguzkitan. Dutxatu nahi duzunean, 20 litroko ontzia hartu, bi orduz eguzkitan jarri eta segi dutxara». Ura hozteko eta ur freskoa edateko, berriz, itzalean jartzen dituzte bidoiak, eta manta bustiak jartzen dizkiete gainetik. Bestalde, etxea egurasteko eta freskatzeko, melhfa izeneko jantzi luzeak busti eta alderik alde jartzen dituzte geletan; haizea sartzen denean, beroa gutxitzen du. Hondakinak kudeatzeko, konposta egin eta berrerabiltzen dute; halaber, hondarra labe moduan baliatzen dute: «Hondarrean zulo bat egin, ogiak bertan sartu, estali, eta ikatza jartzen diogu gainean. Ikatzaren gainean haragia, arroza edo dena delakoa prestatzen dugu; bitartean, ogia azpian egiten da». Tfarrahren esanetan, formula horiek guztiak premiagatik sortzen dira, bizia ateratzeko, baina badute zerikusirik bizi-ereduarekin ere. Ekoeraikinen eta jasangarritasun-proiektuen panoramari dagokionean, kritika hau egin du: «Gogaikarria iruditzen zait nola saltzen dituzten proiektu horiek: badirudi, bizimolde horretara iristeko, dena eduki behar duzula, edo maila kultural altu bat izan behar duzula; baina, egiaz, jende prekarioena da modu jasangarrian bizi dena. Azken batean, geu gara egunez egun bizi garena, geuk dakigu zerk ematen duen lurrak sasoiz sasoi, egoera eta lurralde bakoitzean. Kontua ez da orain super modernoa zarela eta baserri isolatu bat eraiki nahi duzula. Ez, antzinako teorien balioa aitortzen ari zara: jendeak buztinarekin eta lastoarekin eraikitzen zituen etxeak, eta zerbaitegatik egiten zuten hala, ez miserable gizajo batzuk zirelako eta lurra besterik ez zutelako, eta kapitalik batere ez; baina horregatik mespretxatzen zituzten eta mespretxatzen dituzte oraindik ere. Jende horren ondarea aitortuz egin behar dira gauza hauek».