«Energia berriztagarri eta garbiek ezin dute ordezkatu petrolioak eman duen guztia»

«Energia berriztagarri eta garbiek ezin dute ordezkatu petrolioak eman duen guztia»

Yayo Herrero-ri elakrrizketa, ekintzaile ekofeminista.

15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Yayo Herrero. / Foto: Álvaro Minguito (El Salto)

Yayo Herreroren baitan Yayo asko daude: antropologoa, ingeniari teknikoa, gizarte-hezitzailea, irakaslea, ikertzailea eta aktibista ekofeminista. Horiek dira sare sozialetan bere burua aurkezteko aukeratu dituenak, baina badira gehiago ere. Ikuspegi zabal bat duenez, bere ahotsa ezinbestekoa suertatzen da era askotakoak baina aldi berean elkarri lotuak dauden hainbat gai jorratzeko, hala nola klima-aldaketa, energia, giza eskubideen defentsa, ekonomia, udal politika eta feminismoa.

Ziurgabetasun egoera batek, pandemiak ekarri duenak adibidez, balio dezake gure inguruarekin dugun harremanari eragiten dioten politikak berrikusteko?
Pandemiak modu bortitzean erakutsi du nolako hauskorra den eredu ekonomikoa; egiaztatu dugu gure eredu ekonomiko globalizatuek behea jotzen dutela 15 egunez jarduteari utzi behar badiote. Bestalde, kontuan hartuta bioaniztasunaren galera izan zela, hastapenean, krisi honen egiturazko kausetako bat, eta, horrez gain, eragina izan dutela krisi ekosozialaren beste elementu batzuek, ondoriozta dezakegu luzaroan egongo dela hemen. Ikusi dugu zeintzuk diren oinarrizko lanak, ikusi dugu zer punturaino diren jasanezinak jendearen arteko desberdinkeriak. Eredua birpentsatzeko elementuak eman ditu pandemiak, jakina; beste kontu bat da ea lortuko duen.

Ekonomia-eredua hauskorra dela diozu; eta energia-sistema?
Energiaren auziak gertatzen ari zaigun guztia zeharkatzen du. Konfinamenduaren hasieran, petrolioaren prezioak amildu ziren eta AEB negatiboan kotizatzera iritsi zen, eskariak behea jo zuelako. Energia-industria batzuk aspalditik daude arriskuan, iritsia delako kalitate energetiko handiko energia fosilaren erauzpenetik urruntzeko eta hori amaitzeko unea. Orain dela gutxi, Estatu Batuetan, zera erabaki zuten: Exxon [petrolio-konpainia] eta beste petrolio-industria batzuk Dow Jones indizetik ateratzea [burtsako indize horretan dauden AEBko merkatuan kotizatzen duten 30 sozietate anonimo nagusiak; Espainiako estatuko Ibex35 indizearen pareko zerbait]. Hori lotuta dago sektoretik bertatik eta Energiaren Nazioarteko Agentziatik aipatzen denarekin: energia fosil merkearen gainbehera dator, eta horrek auzitan jartzen du dena, den-dena, zeren gaur egun ezagutzen dugun eredu ekonomikoaren normaltasuna petrolioaren mendekoa baita guztiz, eta ezinezkoa da energia berriztagarrietara trantsizio bat egitea petrolioak orain arte eman duen guztiari eutsiz. Energia berriztagarri eta garbietarantz joan behar dugu, baina horiek ezin dute ordezkatu petrolioak emandako guztia; batetik, itzulkin-tasa txikiagoak dituztelako, eta, bestetik, sortzeko, beste mineral batzuen beharra dutelako –hala nola kobrea, litioa, platinoa eta kobaltoa–, eta mineral horiek hazkuntza- eta ahitze-prozesuen mendekoak dira. Beraz, energiaren kontuak denari eragiten dio; izan ere, egin daitekeen energia-ekarpenaren zeharo mendekoa baita ekonomiaren esfera materialaren tamaina, hortaz, horrek esan nahi du ezen gizakiok energia gutxiagorekin bizi beharko dugula, hala nahi edo ez. Gure ekonomien tamaina txikiagoa izango da. Eta, ekonomiarekin esfera materialaren tamaina murrizteko, bi bide baino ez daude: botere ekonomiko, politiko eta militarraren jabeek segi dezatela beren bizimoldea egiten, edo, bestela, metabolismo ekonomikoa aldatzea eta, horrekin batera, gutxiagoarekin bizitzen ikastea. Hau da, aberastasunaren banaketaren printzipioari eta zaintzaren printzipioari segituz antola dadila politika, benetan, eta bizitzaren zaintzari buruz ari naiz oro har, bizitzaren sostengagarritasunaz. Bidegurutze horretan gaude; hala egiten ez badugu, arazoa modu bidegabean konponduko da, giza eskubideak urratuz. Konfinamenduan debekatu egin zuten jendeari argia etetea; bada, ezkutu sozialetik kanpo geratu den lehen neurrietako bat horixe izan da: gaur egun argia moztu ahal zaio hori ordain ez dezakeen jendeari.

Eta ura. Ura giza eskubide bat da; hala behar luke energiak ere?
Bai, guztiz, ezin da energiarik gabe bizi. Giza eskubide bat izan behar du eta zuhurtziaz kudeatu behar da. Kontua ez da nahi duzun energia guztia izatea, ezpada gizakien premiak asetzeko moduko energia-kotetara iristea.

Horregatik da harrigarria enpresa transnazional pribatuek kudeatzea energia.
Horixe da tranpa handia, modu pribatuan kudeatzen direla ondasun komunak, etekinak ateratzeko edo kapitala pilatzeko xedez. Baldin eta, jendeak energia lortzeko, energiaz jabetzen diren enpresek irabazi nahi dutena irabazi behar badute, horrek esan nahi du enpresa horien mendekoa dela jendearen bizitza. Ondasun komun guztiak, era batera zein bestera, modu publikoan eta demokratikoan kontrolatu behar dira; sozializatu egin behar dira, ez soilik estatuaren eskumena izan: kontrol soziala izan behar dute. Zenbait egitasmo, hala nola energia-kooperatibak, halako laborategi batzuk dira: horien bidez pentsa daiteke ea nola kudeatu energiaren banaketa modu askoz kolektibo, demokratiko eta hurbilagoan.

Beste mineral batzuk aipatzen dituzu, eta, kasu askotan, mineral horien eraginez Espainiako estatuko meatzaritza-proiektuak hazten ari dira.
Saskia Sassen-ek dioen eran, lehen ekoizpenezko kapitalismoa geneukan, eta orain, berriz, erauzpen- eta kanporatze-kapitalismoa. Munduan jada ez dago kanpoalderik, beteta dago; ez dago kanpoko espaziorik, ikuspegi kolonialista batekin ustiatu daitekeenik, eta ezin dira, garai batean bezala, planetako eremu zabalak erabili meatze eta zabortegi handiak eraikitzeko; horrenbestez, barnealdeko erauzpenetara jo da. Momentuz, espekulazioa baino ez da. Proiektu askok ez dute mineral-zain aski handirik, baina hiriguneen espekulazioarekin gertatu zen bezalaxe, baldin eta landa-eremu bat erauzpen-alortzat jotzen bada, hori nahikoa da eremu horien jabe diren enpresen baloreak eta aktiboak izugarri hazteko. Eta horretan guztian badago zentroa-periferia logika bat, barne-mailan, zeina ez baita berria. Badago ikerlan bat, ekonomia espainiarraren metabolismo arrazionala lantzen duena –Óscar Carpinterok zuzendu du–, eta zera erakusten du: metropolietan, hala nola Madrilen, Valentzian edo Euskal Herrian, gure mugetatik kanpo datozen baliabideei esker eusten zaie Espainiako estatuko sektore aberatsenak eta garatuenak uste diren horiei, baita beste ondasun batzuen bidez ere; orain arte, biomasa izan da gehien erabili den ondasun horietako bat, zeina Extremaduran, Andaluzian eta bi Gazteletan erauzten baita. Eremu horiek barne-koloniak balira bezala ustiatzen dira. Erauzpen-proiektua horiek garatu bezala, meatze-prospekzioen aurkako plataformak eta herri-mugimenduak sortu dira; kasu askotan, emakumeak dira nagusi mugimendu horietan, eta emaitza onak lortzen ari dira.

Zure hitzaldi eta testuetan beti eskaintzen diozu toki asko alternatibei eta erresistentziei; baikorra zara?
Ez dakit baikorra esango nukeen, horrek adierazten baldin badu azkenean gauzak aldatuko direla. Argi daukat, ordea, orain bertan bide okerretik goazela, eta egoera zaurgarrian dauden pertsonek dutela arrisku handiena. Halako egoera baten aurrean, ezinbestekoa da, duintasunez biziraungo dudala bermatzeko besterik ez bada ere, aktibatzea, antolatzea, erresistentzia egitea eta aurre egitea gauzei, batetik, eta, bestetik, alternatibak eraikitzea, hori egiteko baimena jasotzeko zain egon gabe. Iruditzen zait, hori bai, azken arlo horretan jendea aktiboago dagoela: adibidez, ekonomia sozial eta solidarioaren eremuan, energia-zerbitzuen kooperatibetan edo PAH mugimenduan [Hipotekak Kalteturikoen Plataforma], zeina erreferente bat izan baita betidanik niretzat, eta pobrezia energetikoaren aurka borrokatzen ari baitira orain. Egunez egun, gero eta esperientzia-laborategi gehiago antolatzen dira, eta horien bidez bestelako modu batean pentsa daiteke errealitatea. Uste dut premiazkoak suertatuko zaizkigula presioa egiteko, antolatu ahal izateko, eta aldaketak behartzeko, baldin eta gobernatzen gaituztenek ez badute ezer aldatzen. Orduan, autoantolaketako eta autodefentsako estrategiak abiatu beharko ditugu lurralde guztietan, zeren, adituen eta gobernatzen gaituztenen mende uzten baldin badugu, litekeena da giza bizitzaren eta gainerako bizitzaren puska gehiago kentzea eta bizitza bazterrean geratzea. Beharrezkoa da antolatzea eta gauzak beste era batean egiten saiatzea; asko daukagu jokoan.

Esperientzia eta laborategi horiek begirada ekofeminista bat izan behar dute?
Bai. Ez estetikagatik, ez modan dagoen eta itxura ona ematen duen etiketa bat jartzeagatik, baizik eta esperientzia-laborategi horien helburuak izan behar duelako bizitza duinei eustea. Jendearen gehiengoa gai izan dadin duintasunez bizitzeko, naturarekin eta horren mugekin ditugun harremanak berrikusi behar dira, ez dago beste erremediorik: berrikusi behar dugu zerk ekarri gaituen hona, hau da, krisi ekologiko batean gaudela onartu behar izatera, eta orobat berrikusi behar dugu zer garen pertsona gisa. Gorputz zaurgarriak gara, mugatuak; arreta eta zaintza behar dugu bizi osoan. Eta, argi dago, ez gara emakumeak izango zaintzaz arduratuko garen bakarrak. Eskatzen dugu erantzunkidetasuna egon dadila instituzioetan, herritarren artean eta eremu ekonomikoetan, bizitzaren kargu izan gaitezen erantzukidetasunez. Ekomendekotasunetik eta interdependentziatik begiratuta baino ezin da bermatu bizitza duina.

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 

 


Energiari buruzko gauza gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba