(Energiaren) deshazkundea edo bizitzaren kolapsoa

(Energiaren) deshazkundea edo bizitzaren kolapsoa

Bizimolde inperialak ahal duena baino materia eta energia gehiago kontsumitzen du. Egoera mugatua denez, eta ekonomia ezin denez hartatik bereizi, energia-mota onena ez da modernizazioaren bidez aurrezten dena, ezpada eskatzen ez dena, garapen eredua borondatez eta komunitatean eraldatu delako.

Texto: J. Marcos
15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Pasa den ekainean, gorbata txukundu zuen, pozarren, Espainiako presidente Pedro Sánchezek, autogintzaren sektorea erreskatatzeko hainbat milioiko plan bat onartu zutela iragarri ostean. Oro har, jendeak txaloka hartu zuen neurria; oso onuragarritzat jo ziren autoak erosteko pizgarriak –nahiz eta batzuek ez zuten ibilgailurik eskuratzeko asmorik aurrez–, berme «ekologikoa» baitzekarten berekin: auto elektriko bat erostekotan, laguntzak handiagoak ziren.

Covid-19ak eragindako jipoi ekonomikoaren ostean, mundu zabaleko gobernuek neurri beretsuak agindu zituzten. Atzeraldia leuntzeko errezeten kopuruan luzatu gabe, azpimarratzekoa da printzipio aktibo bera dagoela errezeta guzti-guztien oinarrian: ekonomia zenbat eta gehiago hazi, eta zenbat eta azkarrago, hobe. Pandemia osteko gidoia idatzirik zegoen, baita koronabirusa agertu aurretik ere: hazkundea ez da arazoa, konponbidea baizik; baina, normaltasun berriaren eraginez, beste modu batean aplikatu behar izan da halabeharrez. Maxima horri jarraituz, egokitzapen txikiak baizik ez dituzte onartu, azken hamarraldietan hazkunderako joera nabarmena izan duen trama batean.

Bada, hona hemen aurrez prestatutako erantzun eta argudio horiek guztiak zuzenean kolokan jartzeko gonbidapena; helburua, hala ere, ez da erantzunok aldatzea, ezpada galdera beste modu batean egitea: Zergatik ez dugu deshazkundea bultzatutako, eta bizitzea merezi duten bestelako bizitza batzuk sortu?

Kapitalismoaren labirinto irteerarik gabea

Lehenik eta behin, zera otutzen zaigu: hazkuntzari uko eginez gero, ezagutzen dugun guztia bertan behera eroriko dela, erremediorik gabe. Eta egia da, zeren, sistema kapitalista honako logika zanpatzaile honetan oinarritzen baita: hazkuntza edo heriotza. Ustez behintzat, ez dagoenez alternatiba sistemikorik, heriotzak gizateria osoari eragingo lioke. Beraz, hazten jarraitu behar da.
Baina paradoxa bat dago, izan ere, hazkuntza behartuak arriskuan jartzen du ekosistemaren biziraupena –giza bizitza barne–, eta ez epe luzera, orain dela urte batzuk pentsatzen genuen eran, baizik eta epe labur eta ertainean. Naturak aski dela esan du: larrialdi klimatikoa, bioaniztasunaren galera, iturri naturalen ahitzea, uraz jabetzeko gerrak, nekazaritza-eredu industrialaren albo-kalteak eta beste hamaika muga agertu dira; mugak beti egon dira hor, baina ez zaie jaramonik egin.

Kapitalismoaren kontraesanak, funtsean, auzi jakin bati erantzuten dio, ekonomiaren materialtasunari, nahiz eta ideologiaren espektroko korronteek ez duten alderdi hori kontuan hartzen, edo zuzenean ukatzen duten. Ekonomiaren dimentsio fisikoak zera esan nahi du: ekonomia lotuta dagoela ekosistemarekin eta gizatiarra den horrekin. Materia (eta haren errendimendu energetikoa) zoru bat da, eta ekonomia, gogotik saiatu arren, ezin da hartatik askatu. Ondasunak edo zerbitzuak, edozein izanda ere, ekoitzi, diseinatu, saldu, erosi, kontsumitu edo baliatu nahi badituzu –edo esfera ekonomikoan gertatzen diren beste edozein truke intersubjektibo egin nahi baduzu haiekin–, ezinbestekoa da materia edo energia tartean izatea.

Eta ez hori bakarrik: eman dezagun, etorkizun distopiko batean, desmaterializatzeko modua dagoela; orduan ere, giza bizitzaz kezkatzen ez den ekonomiak ez luke batere zentzurik izango. «Zertarako produzitu nahi dugu ezer, ez baldin bada pertsonak erreproduzitzeko?»; horra Amaia Perez-Orozcok Subversión feminista de la economía [Ekonomiaren iraulketa feminista] liburuan egiten duen galdera. Zenbakiek materialtasunarekin duten gatazka-gune konponezina eta auziaren gako energetikoa honako egitate honetan datza: bai gizadia eta bai natura mugatuak dira; kapitalaren hazkundeak, berriz, mugagabetasunera jotzeko premia du.

Modernizazio berdearen amarruak

Hazkundearen guruek konponbide bat irudikatu zuten kapitalismoaren gaitz kongenitoarentzat. Duela hainbat urte, kokteleran sartu zituzten ederki ezagutzen ditugun osagai batzuk; haiek astindu, nahastu, eta ametsetako desmaterializazioa ekarriko zutelakoan denek batera: birziklapena, zerbitzuen ekonomia, finantzarizazioa, informazioaren gizartea, energia berriztagarriak (tartean, energia hidroelektrikoaren dosi handi bat, eta, zergatik ez, baita energia nuklearrarena ere, energia «garbia» dela aldarrikatuz), jasangarritasuna eta abar luze eta zalantzagarri bat. Berde jasangarriaren jantzia soinean, modernizazioa denen gainean dabil hegaka.

Garapen tekniko-zientifikoak zin egiten du efizientzia energetikoa ekarriko duela, edo, beste modu batera esanda, «baliabide naturalak» hobeto aprobetxatzeko modua egingo duela (honezkero, natura jada ez da balio bat berezkoa, ezpada erabili daitekeen zerbait). Hasieran aipatu dugun adibide batera itzuliz, gaur egungo autogintza askoz efizienteagoa da duela hamarkada batzuk baino, eta gutxiago kutsatzen du; etorkizuneko autoek logika horri jarraituko diotela espero da. Esan eta egin: diru-laguntzak ematen dituzte ibilgailu berriak erosteko, hainbat hobe elektrikoak badira.
Estrategia bikaina da, teorian behintzat. Baina, modernizazio teknologikoaren eskutik, badator errebote efektua (Jevonsen paradoxa esaten zaiona), eta joera alderantzikatzen du: ondasun edo zerbitzu bat zenbat eta efizienteagoa, orduan eta gehiago kontsumituko da, eta, azkenean, horrek energiaren eta baliabideen erabilera areagotuko du. Itzul gaitezen autogintzara: autoen kopurua era esponentzialean hazten ari da munduan, eta horrek bertan behera uzten du mendekotasun energetikoa txikitzeari dagozkion aurrerakuntza guztiak.

Baina, horrez gainera, modernizazioa zeharo berdea izanagatik, ekonomiak ezin du alde batera utzi ekosistemen eta gizakien mugekin duen lotura. Asko urrundu gabe, bai zerbitzuen ekonomiak bai informazioaren gizarteak premiazkoak dituzte azpiegitura zeharo materialak. Ibilgailu elektrikoek ez dakarte ekonomiaren desmaterializazioa, sektorea horretan tematu arren. Gogora ekarri, bestela, autoen bateriek duten litioa, kobaltoa eta manganesoa: metal horiek erauzteko, energia asko kontsumitu behar da, eta prozesuak efektu ekologiko penagarriak eragiten ditu.

Zeruertz dekoloniala

Argentinak, Boliviak eta Txilek osatzen dute «litioaren triangelua»: hiru herrialde horietan daude metal bigunaren gordailu handienak. Aipamen hori ez da ausazkoa; garbi uzten du ekonomiaren eta zera fisikoaren arteko deskonexioa tokiko mailan bakarrik gerta daitekeela, inoiz ez maila globalean: kostu ekologiko eta humanoak azpikontratatu daitezke, baina ezin dira ezabatu. Modernizazioa hauspotzen duten metal eta lehengai gehienen gordailu nagusiak Hegoalde globalean daude; hortaz, hazkunde-joera berdeak, kapitalismoa betikotu ez ezik, orobat indartzen du botere-hirukiaren bigarren erpina: (neo)kolonialismoa.

Bizimolde inperialak –Iparraldean agertzen da modu nabarmenean, baina Hegoaldeko eliteen artean ere zabaldua dago– ahal duena baino materia eta energia gehiago kontsumitzen du. Datu batzuk bakarrik aipatuko ditugu: 1960ko hamarkadaz geroztik, petrolio-hobi handi banaka batzuk baino ez dituzte aurkitu, hala ere, materia horrekiko mendekotasuna izugarria da oraindik; gizarte teknologikoa ahalbidetzen duten baliabide ez-berriztagarrien % 70 eskasian dago; datorren mende laurdenean, eskura dagoen energia % 25 eta % 45 bitartean murriztuko da, gaur egungo mailarekin alderatuta. Horregatik guztiagatik eta beste hainbat arrazoirengatik, deshazkundearen zeruertza, gaur egun, egitate bat da, ez aukera soil bat; hala aipatzen du Yayo Herrero ekofeministak bere hitzaldietan.

Baldin eta Iparraldea tematzen bada post-garapenerako bere errezetak unibertsal bihurtzen, (neo)kolonialismoa betikotzeko arriskua dago. «Gure garapen-eredua esportatu dugu jada; kontua da deshazkundearekin gauza bera ez egitea. Hegoalde globalean badira garapenarekin eta hazkundearekin oso kritikoak diren tradizioak eta mugimenduak. Aliantzak sortu behar ditugu, adibidez, Indiako demokrazia ekologiko erradikalarekin, mugimendu indigenekin etab.», azaldu du Barbara Muraca filosofo eta deshazkundearen adituak, Oregoneko Unibertsitatekoak (Estatu Batuak). Horregatik, ezinbestekoa da, deshazkundea ulertzeko orduan, hura eredu itxitzat ez hartzea; kontrara, trabesia internazionalista bat dela pentsatu behar dugu, intersubjektiboa eta ekosistemikoa, eta kontra egiten diela egitura hierarkiko eta bidegabeei.

Batzuetan, modu estuan ulertzen da deshazkundea, Barne Produktu Gordinaren murrizketa orokorgarri bat balitz bezala; baina, horrela balitz, gauzak ez lirateke batere aldatuko. «Zuen atzeraldia ez da gure deshazkundea», horra deshazkundearen aldeko mugimenduaren leloetako bat. Gauzak errotik eta alderik alde eraldatzea, hori da proposamena: deshazkundean, hainbat sektore edo negozioren pisua murriztu behar da, baita deuseztatu ere, hala nola autogintza, abiazioa, eraikuntza, esplotazioa (natuarena, animaliena eta gizakiena), publizitatea eta gerra. Era berean, deshazkundeak berekin ekarriko luke beste sektore batzuk indartzea: zaintzak, osasun publikoak, elkarbizigarritasuna, elkartasun-taldeak, denbora-bankuak eta sormenezko aisialdia.
Harago joatea, hori da kontua. Esate baterako, ohartu behar dugu ez ditugula autoak behar; kontrara, beste era batera planteatu behar ditugu mugikortasuna, hirien diseinua eta landa-eremuekiko interkonexioa, eta beste neurri bateko azpiegiturak sortu behar ditugu. Gauza bera egin behar dugu, banan-banan, ekonomiaren ezpal guztiekin, eta bereziki erreparatu behar diegu zenbait alderdi garrantzizkori, hala nola energiari.

Eskasia nagusi izanik, eta kontuan harturik ekosistemek eta gizadiak mugak dituztela, zentzuzkoa dirudi energia berriztagarrien aldeko apustua egiteak, baina ez da nahikoa: energia-kontsumoa murriztea lehenetsi behar dugu. Izan ere, energia berriztagarriak ere loturik daude materialtasunarekin, eta, zehatz-mehatz aztertzen baditugu, konturatuko gara hor ere badirela arazoak: energia berriztagarriak sortzeko lur bitxiak behar dira, eta lehengai batzuen erauzketa ezin da luze-zabal hedatu. Gainera, onenean ere, gaur egun eskatzen den energiaren erdia eskain dezaketela kalkulatzen da. Horregatik, energia-motarik onena ez da aurrezten dena (efizientzia energetikoa), ezpada eskatzen ez dena (deshazkundea).

Eta trabesia feminista bat

Deshazkundearen ulerkera integral bat egin nahi badugu, horren sustraiak korronte feministetan egongo dira; zehazki, feminismo materialistan, hots, ekofeminismoaren baitan inspirazio marxista duen adarrean –horretan aditua da, adibidez, Maria Mies– eta ekologia politiko feministan. Hala, agerian geratu da botere-triangeluaren hirugarren erpina, patriarkatua; deshazkundearen zeruertzean ez da beti aintzat hartzen, eta are gutxiago modu esplizituan. Corinna Dengler-ek azaldu digu, FaDa sarearen sortzaileetako batek –Feminismoen eta Deshazkundeen Arteko Aliantza–: «Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen deshazkundean lanean; garai hartan, ikuspegi feministak ez ziren diskurtsoan agertzen oro har. Edo, bestela esanda, osagarri gisa kontzeptualizatzen ziren».

Denglerren doktore-tesiak argi uzten du, izenburutik bertatik, nolako ikerketa-lerroa garatu duen: «Etorkizun feministak: zer ikasi duen deshazkundeak zientziaren, ekonomiaren eta hazkundearen kritika feministari esker». Azaldu duenez, «“etorkizun feministen” deialdiak berekin dakar honako aitorpen hau: ezin direla aldarrikapen feministak egin justizia klimatiko globala kontuan hartu gabe; baina, era berean, ezin direla politika klimatiko ekonomiko eta politikoak egin feminismoak aintzat hartu gabe ».

Hirugarren erpin horri esker, deshazkundearen ulerkera zabal eta eraldatzaile bat zabaltzen da, eta, horrek ahalbidetzen du «energiaz hitz egitea aintzat hartuz denboraren xurgapena, azelerazioa, etorkizuneko denbora eta horren intentsifikazioa, afektuak, sormena eta harremanak… Neoliberalismoak energia-mota hori ere ustiatzen du», osatu du Barbara Muracak.

Azken batean, gogoan hartzen badugu ekonomiak badituela muga itzuriezinak, hazkundearen aldeko matrizetik erreskatatuko dugu, eta ekologian eta antropologian subsumituko; trantsizio horretan, dena den, zailtasunak eta ukoak egongo dira. Eraldaketa horiek ehuntzeko orduan, ezin dugu ahaztu kartzela beti izango dela kartzela, barrote berdeak baditu ere. Horregatik, hazkundearen paradigmatik askatzeko bidea ez dago eredu kapitalistaren barruan; kontrara, kanpotik datozen galderek elikatzen dute: zenbat energia behar dugu ondo bizitzeko?

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 

 

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba