Erresistentziak, megalomania energetikoaren aurrean

Erresistentziak, megalomania energetikoaren aurrean

Proiektu erraldoien gurtza barra-barra agertzen da, planetako hamaika txokotan, baina parez pare topatzen du tokiko borroken sare bat, bizitza eta lurraldeak babesteko borroka global handi batean artikulatzen dena.

15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Mitologiaren arabera, munstro kolosal bat zen Lernako Hidra, halako ur-suge izugarri handi bat, hainbat buru zituena; gainera, izaki gaizto hura gai omen zen, eraso jo eta buru bat mozten zioten aldiro, beste buru bat birsortzeko. Alejandra Jiménezek, Frackingaren Aurkako Mexikoko Aliantzako kideak (AMCF), figura alegoriko horri heldu dio azaltzeko zertan diren planetako hamaika txokotan sortzen diren mega-proiektu energetiko eta erauzpenezkoen aurkako borrokak.

Izan ere, Hidrarekin gertatzen den bezala, badirudi desarrollismo energetikoak joera duela etengabe birsortzeko, ez mugarik ez neurririk gabe, eta ezin konta ahal aurpegi dituela: hainbat kilometro luze diren gas-hodiak; ozeanoen arteko korridoreak; indigenen lurretan eguzki-parke eta parke eoliko mordo baten eraikuntza; erauzketa-egitura suntsitzaileak, erregai fosilak erauzteko, garraiatzeko eta fintzeko; nekazaritza proiektu industrialak, hala nola soja transgenikoa eta Afrikako palmondoak ereitea, bioerregaia ekoizteko; deforestazioa eta oihan birjinak kentzea.

Azkenean, kontakizun mitologikoan, Herkulesen ezpatak zauritu eta hil zuen uretako munstroa. Baina heroia ez zen bakarrik aritu; Iolao ilobaren laguntzarekin baizik. Bien ahaleginak eta gaitasunak batzea, horixe izan zen Hidra hiltzeko era bakarra. Hain zuzen ere, lankidetza horrek islatzen du hobekien eredu energetiko nagusiaren aurrean gaur egun dauden erresistentziak.

«Erresistentzia-borrokak erabakigarriak izaten dira erauzpen- eta energia-megaproiektuak eraisteko; osterantzean, antolakuntza kolektiborik gabe –eta sarritan talde antolatu horiek komunitarioak, landa-eremukoak eta indigenak izaten dira–, batasun hori gabe ez litzateke halako proiektuen bidea aldatzeko besteko presiorik eragingo. Zalantzarik gabe, artikulazioa handiagoa balitz, ondorioak ere handiagoak lirateke, baina enpresek zein politikariek interes neoliberalak dituztenez, bereak eta bi egiten dituzte aukera hori oztopatzeko, dela indarkeriaren bidez, dela mugimenduez jabetuz edo haiek zatituz». Hala azaldu digu Jiménezek, zeina beste talde honetako kidea baita: Huasteca-Totonacapan Lurraldea Babesteko Elkartasun Ekintzaren Eskualdeko Koordinakundea (CORASON).

Mexikoko testuinguruaz mintzo da: herrialde horretan, munstroaren buru mehatxagarri ugari agertzen dira, besteak beste, Morelos Proiektu Integrala, hogei bat parke eoliko Tehuantepec-eko istmoan eta zentral hidroelektrikoak (El Zapotillokoan, esaterako, FCC eta Abengoa enpresek parte hartzen dute); herrialde horretan, Andrés Manuel López Obrador (AMLO) presidenteak zin egin zuen haustura hidraulikoa geraraziko zuela, baina errealitateak, beti bezain temati, erakutsi du hamaika aldiz errepikatutako konpromiso hori kolokan dagoela, AMCF elkarteak egindako landa-lanen arabera: «Gobernuak, oraindik ere, baimenak ematen ditu, baita diru publikoa ere, frackinga egin dezaten formazio ezohikoetan», adierazi du erakundeak, duela gutxi argitaratu duen ikerketa batean.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka

Megalomania energetikoak, hau da, baliabide naturalak erauzteko, eraldatzeko eta erabiltzeko lan handiekiko gurtza moduko horrek, bere eldarnioak hedatzen ditu Hegoaldetik Iparraldera eta Ekialdetik Mendebaldera. Ekintzen aurrean, ordea, erreakzioak daude: gaur egun, energiaren eremuan sartuz gero, bada tokiko erresistentzien sare bat, borroka global handi batean artikulatuta dagoena. Oraingoan, parean dagoena ez da Lernako Hidra, baizik eta kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka.
Honela azaldu du Maitane Arrik, Tradener proiektuko kideak (Trantsizio Energetikoa eta Demokrazia): «Erresistentzia soziala da fronteko lehen lerroa. Lerro horretan zehazten da zer balio duen dena delako lurralde batek bizitzari eusten dioten prozesu sozial, biogeofisiko, ekologiko, ekonomiko eta abarrei dagokienean. Gizarte batek zenbat eta argiago ikusi lurraldeak bermatzen duela bizitzaren erreprodukzioa, orduan eta tinkoago arituko da erresistentzian. Borrokak denboran zehar irautea, horra beste faktore garrantzitsu bat».

Antolakunde eta mugimendu sozial asko dabiltza beren lurraldearen defentsan, eta aspalditik ari dira horretan; hala eta guztiz ere, mugimenduen arteko aliantzak berriagoak dira. «Txertatzeko garaian, zailtasun handi bat ekarri du gaiari buruzko eztabaida politikoetan erabiltzen den hizkuntza tekniko eta berezituak. Muga horren ondorioz, energiari buruzko eztabaidak agendatik urrundu dira», diote Sara Larraín eta María Paz Aedo ikertzaileek Política energética en América Latina. Presente y futuro. Críticas y propuestas desde los pueblos azterlanean [Politika energetikoa Latinoamerikan. Oraina eta etorkizuna. Herrien kritikak eta proposamenak].

Megalomania energetikoaren aurkako erresistentziek osatzen duten sareen sarean, nabarmentzeko modukoak dira honako egitasmo hauek: enpresa transnazionalek giza eskubideen arloko NBEren hitzarmen lotesle bat sinatzeko kanpaina globala, eragin sindikala duten aliantzak, hala nola Sindikatuak Demokrazia Energetikoaren Alde (TUED), eta alternatibak trukatzeko koalizioa, Energiaren Demokrazia izenekoa (Energy Democracy). Bestalde, badira eskualde mailako antolakundeak, adibidez, Meatzaritzak Kaltetutakoen Mexikoko Sarea (REMA); Urtegiek Kaltetutakoen Mugimendua (MAB), Brasilekoa; Presen Aurkako eta Ibaien, Komunitateen eta Uraren Aldeko Sare Latinoamerikarra (REDLAR), eta petrolio-jardueren aurkako erresistentzia-estrategia nazioartekoa, Oilwatch izenekoa (Petrolio-zaintza). Espainiako estatuan ere batu dituzte indarrak; adibidez, aipatzekoa da Monzón-Isuna Autopista Elektrikoaren Aurkako Plataforma Unitarioa.

Zerrenda amaiezina da; beharbada, halakoa da Hidra energetikoaren ezin konta ahal buruei erantzun behar dielako. Ezinezkoa da borroka guztiak paragrafo bakar batean biltzea. Baina halakoxeak dira megalomania energetikoaren kontra diharduten erresistentziak: ezin dira artikulu bakar batean laburtu, eta gai dira kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka itxuragabeari erantzuteko, etengabe birsortzen diren buruei kontra egiteko. Erresistentzia horietan badakite, ondotxo jakin ere, kolektiboan jendea integratzeko gaitasuna dela gakoa, horrek zuzenean eragingo baitu arazo neurrigabe honen emaitzan.

«Kapitalismoaren irentsi nahia areagotu den heinean, erresistentziak eratzen dira hainbat frontetan jarduteko; ondorioz, borrokak atomizatu, desartikulatu eta akitu egin dira, eta sistemak, berriz, bere estrategia ekonomikoak eraiki ditu borrokei trabak jartzeko, dela legeen bidez, programa sozialak baliatuz edo garapenaren promesa hutsalean oinarritutako narratibak zabalduz. Gauzak horrela, mugimendu zabalagoak josi dira, hainbat erresistentzia artikulatzeko; denen artean, artikulazio-ardatz nagusi bat aurkitu dute: bizitzaren defentsa eta gizarte kapitalista ez bezalako bizimoldeen defentsa (bereziki, bizimolde indigenak). Hortaz, beren erresistentzia ez da, soilik, megaproiektu energetikoen edo erauzketa-proiektuen aurkako erresistentzia; aitzitik, existentzia-modu harrapakari, baztertzaile, suntsitzaile eta hegemonikoari egiten zaio kontra», azaldu du Jiménezek.

Borrokaren prezioa

Mobilizazio sozialak, estrategia juridikoek, intzidentzia politikoak eta ikusgaitasun mediatikoak bat egiten dute: erdigunean jarri dituzte bizitza, zaintza, elkartasun internazionalista, komunitatea eta naturarekiko batasuna. Arrik azpimarratzen duenez, horren eraginez, «borrokaren ikuspegia zabaldu da, era askotako gaiak bilduz: auzi geoestrategikoak, arkitektura globala, zigorgabetasuna eta merkataritza- eta inbertsio-hitzarmenak». Elementu komun horietatik abiatuta, era askotako estrategiak eta aurrerabideak egiten dituzte.

Esate baterako, Indian, bada mugimendu bat, duela hamar urte abiatu zena eta munduko zentral nuklear handienaren eraikuntzaren aurka diharduena; Vaishali Patil aktibista dugu mugimendu horretako aurpegi ezagunena. Jaitapur proiektuak –herrialdearen hegoaldean dago–, hainbat urteko atzerapena du, batetik, hasierako bazkideetako batek hondoa jo zuelako –Areva izeneko frantziar konglomeratu publikoa–, eta, bestetik, presio sozial handia jaso duelako, eta oraindik ere jasotzen duelako, hirugarren belaunaldiko Europar Erreaktore Presurizatuen (ingelesez, EPR) instalazioak. 2013an, Espainian izan zen Vaishali, eta guztiz sinestuta agertu zen, oso garrantzitsua zela nazioartean erresistentzia-sareak osatzea: «Asiaren eta Europaren arteko elkartasunak proiektu hau geraraziko du, ziur naiz horretaz. Espero dut espainiarrek ez diotela utziko beren herrialdeko bankuei edo beste edozein finantza-instituziori Jaitapurren inbertsiorik egiten. Izan ere, susmoa dugu agian batzuek interesa izan dezaketela», esan zion, garai hartan, albiste hau sinatzen duten kazetariei.

Halaber, Hego Amerikan ere adibide asko daude. Erakusgarri bikaina da Hidroituango: Medellineko Enpresa Publikoek (EPM) eraiki nahi dute megaproiektu hidroelektriko hori; lanak amaitzen dituztenean (hasiera batean, 2018ko amaierarako bukatu nahi zuten, baina atzerapenarekin dabiltza hauek ere), Latinoamerikako presa handienetako bat izango da, eta Kolonbiako handiena. Cauca ibaian dago; hainbat enpresa espainiarrek inbertsioak eta inplementazioak egin dituzte han, BBVA eta Ferrovial enpresek bai behintzat, kazetariek egiaztatu dutenez; kazetariek zuzenean galdetu zieten Mapfre aseguru-etxeari eta Banco Santander bankuari ea bazuten loturarik proiektuarekin, baina isilik geratu ziren biak ala biak. Parte-hartze transatlantikoaren ondorioz, Ríos Vivos [Ibai biziak] mugimendu hainbat kide Espainian egon dira. «Heriotza finantzatzen ez bada, ez dago heriotza-proiekturik», kexatu zen Genaro Graciano. Taldeak hainbat aldiz salatu du ezen bertako kideek mehatxuak, larderia eta bortxaketak jasan dituztela; taldeko sei kide, berriz, hil egin dituzte.

Amerika lurralde gordina da, oso, giza eskubideen alde eta garapen-eredu harrapariaren kontra ari direnentzat. Komunikabideetan asko zabaldu zen Berta Cáceres hondurastarraren erailketa; Blanco ibaian hidroelektrika bat eraikitzen ari zen enpresak agindu zuen hura hiltzeko. Cáceres hil arren, lenca herria ez da isildu; kontrara, beren borroka handitu da. Haren alabaren hitzetan: «Guk ez dugu sentitzen garaitu gaituztenik. Bide luze bat dugu aurretik, ez da epaiarekin amaituko. Justizia integrala nahi dugu; horren bidez eraitsi nahi dugu egitura kriminal hori, Bertaren krimenaren arduraduna dena, eredu hori lurralde osoan hedatzen baita, beste kide batzuen aurka».

Presen eraikuntza da, hain zuzen ere, munduan barrena biktima gehien eragiten dituen fronteetako bat. Brasilen, Kolonbian, Hondurasen eta Ekuadorren, presen munstrozko buruei aurre egiten dieten pertsonek kriminalizazioa eta jazarpena jasaten dituzte, baita heriotza ere; horregatik, tresna juridiko bat onartzea eta martxan jartzea eskatu dute, enpresa transnazionalak behartzeko giza eskubideak eta naturaren eskubideak errespetatzera, era horretako enpresek sustatzen baitute, zuenean edo zeharka, megalomania energetikoa.

Energiaren lotutako eldarnioen aurrean, erresistentzia-mugimendu ugari daude, baina, sarritan, denek ordaintzen dute prezio bera kapitalaren ordez bizitza defendatzeagatik: hil egiten dituzte. María J. Stephan-ek eta Erica Chenoweht-ek ikerketa bat egin dute, «Why Civil Resistence Works?» [Zergatik funtzionatzen du erresistentzia zibilak?]: lan horretan, indarkeriarik gabeko erresistentzia-estrategien eraginkortasuna nabarmentzen dute –boikotak, grebak, protestak eta bestelako presio-neurriak–. Honela diote: «Indarkeriarik gabeko kanpaina nagusiak egiten direnean, % 53k arrakasta izaten dute; indarkeria darabilen erresistentzia-ekintzen kasuan, berriz, % 26k»; ikerketa egiteko, XX. mendean eta XXI. mendearen hasieran egindako ehunka ekintza alderatu zituzten. «Dozena bat edo bi aktibistaren kontra errepresioa gauzatzen baduzu, kontuan hartuta gisa horretako aktibistak erraz asko jo daitezkeela “estremista” gisa, askoz kostu politiko txikiagoa izango duzu; ehunka edo milaka aktibista zapaltzen badituzu, berriz, zeinek biztanleria oso baten ordezkari baitira, kostu politikoa handiagoa izango da», ondorioztatu dute.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkak hainbat buru ditu eta sekulako gaitasuna du birsortzeko; kontuan hartuta Lernako Hidraren mitoa baino arazo askoz handiago bati dagokiola. Aski da, esate baterako, Morelos Proiektu Integrala gogora ekartzea: egitasmo horren bidez, Mexikoko presidenteak, Mexikoko ezkerreko sektore handien babesarekin, herrialdearen «Laugarren Eraldaketa» deritzon hori gauzatu nahi du; horren aurretik izan ziren independentzia (1810-1821), erreforma (1858-1861) eta iraultza (1910-1917). Laugarren une historiko honekin, sakonki aldatu nahi dute Mexiko, ziklo konbinatuko eta ahalmen handiko bi zentral termoelektrikorekin eta oliobide eta ubide banarekin. Proiektuaren aurka altxatu dira 80 bat nahua komunitate, eta larrutik ordaindu dute: Mexikoko presidenteak bere planak zilegiztatze aldera antolatu zuen kontsulta baino hiru egun lehenago, Samir Flores buruzagi komunitarioa erail zuten.

«Bataila batzuk garaitzen dituzu, baina, zenbaitetan, garaipenak etengabe berretsi beharra dago, kapitalak ez duelako inoiz onartuko batailarik galtzerik, eta, horregatik, hainbat tokitan egin behar dugu erresistentzia. Horren ondorioz, atomizatu egin gara, baita ahuldu ere, eta tarteka halako porrot-sentimendu bat sortzen da; baina hor ere egin behar da erresistentzia», amaitu du Jiménezek. Hidraren kondairaren oihartzunak aditu bitartean, erresistentzia komunitarioek gogora ekarri dute ezen garapena ez dela halabeharrez etorri behar den etorkizun bat, ezpada denboran irauten duten ahalegin kolektiboen bidez irabazten eta galtzen diren bizitzak. «22 urtez egon ginen Janovasen. Denak joanak ziren. Ez zegoen ez telebistarik ez beste ezer, eta ederki eutsi genion», kontatu zuen Francisca Castillok; indarrez bota zuten bere etxetik, eta, harrezkero, beste herri batean bizi da. Janovas herrian (Huesca), borroka luze-luze bat egin zuten –40 urtetik gorakoa–, emaitza gazi-gozoekin: beren herria galdu zuten, baina urtegirik ez zen inoiz eraiki. Gaur egun, Janovasek biziberritu nahi du.

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba