Ez dago justizia klimatikorik justizia sozialik gabe, ez dago etorkizunik planetarik gabe

Ez dago justizia klimatikorik justizia sozialik gabe, ez dago etorkizunik planetarik gabe

«Gure historiako une giltzarri batean gaude». Ez baldin badugu egoera nabarmen aldatzen, beranduegi izango da bai planetarentzat eta bai bertan bizi diren izakientzat, eta ez dago B planetarik.

17/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

jóvenes se manifiestan en Bilbao

Justizia klimatikoaren aldeko mugimendua ez da gauza berria. Gure aurretik, jende asko aritu da bidea egiten, eta horri esker ulertu dugu galzorian izango garela baldin eta gaurko gazteok borroka egiten ez badugu. Galzorian izango gara, gaur egun inoiz baino karbono-dioxido gehiago pilatzen ari delako atmosferan, ozeanoan arrainak baino plastiko-puska gehiago izango direlako, bioaniztasuna desagertzen ari delako, urteko batez besteko tenperatu hazten ari delako urtez urte –nahiz eta komunitate zientifikoak ohartarazi digun ezin dugula 1,5 gradu zentigradoko muga gainditu– eta klima-aldaketa gutxien hauspotu duten pertsonek eta herrialdeek jasaten dituztelako fenomeno horren ondoriorik okerrenak… Gisa horretako etorkizuna nahi al dugu?

1888an bertan, mugimendu bat antolatu zen Huelvan: sindikatuak, nekazariak eta herritarrak elkartu ziren Riotintoko meatzeei kontra egiteko, inguruko langileria esplotatu eta ingurumena suntsitzen zutelako. Greba baten eta ehunka hildakoren ostean, ingurumenaren aldeko lehen garaipen handia gertatu zen Espainiako estatuan; garaipen garratza izan arren, ez zen azkena izan. XX. mendean, baita diktadura-garaian ere, nahiz eta neurri txikiagoan, mugimendu ekologista gogotik borrokatu zen hainbat enpresaren aurka –hondakinak itsasora isurtzen zituzten zentral nuklearrak, zementu-fabrikak, hondakin oso kutsagarriak erretzen dituzten errauskailu eta findegiak–; buru egin zion proiektu erraldoi eta espekulatiboen eraikuntzari –hala nola Algarrobico proiektuari edo Ciudad Realeko aireportuari, erabat alferrikakoa–; aurka egin zion frackingari, urre eta uranio-meatzeei eta itsasoko hidrokarburo-prospekzioari, eta, are gehiago, mobilizazioak antolatu zituen hainbat urtegiren aurka, herriak urperatuko zituztelako.

Gaur egunean, planetaren alde borrokatzera eta ingurumenaren injustiziei kontra egitera garamatzaten arrazoiak ez dira askorik aldatu. Baina bada alde bat: Gazteria Klimaren Alde taldearen manifestuak dioen bezala, «gure historiako une giltzarri batean gaude». Ez baldin badugu egoera nabarmen aldatzen, beranduegi izango da bai planetarentzat eta bai bertan bizi diren izakientzat, eta ez dago B planetarik.

Horrenbestez, inflexio-puntu batean gaude: gaur egungo politikek taxutuko dute hurrengo urteetan izango dugun bizimoldea. Errealitate horrek alderik alde zeharkatzen du antolatzeko dugun modua eta klimaren krisia ulertzeko dugun era; horren ondorioz, zalantzan jartzen dugu gainezka egin duen garapen-sistema hau, estu lotuta dagoena energia-molde jakin batzuekin, zeintzuk ez baitira inoiz izan ez merkeak ez agorrezinak. Orain arteko eredu itsuek betikotu eta sakondu egiten dituzte komunitateen eta ziklo naturalen desjabetzea, kaltetzea eta prekarizazioa, eta ezin dugu gisa horretako ereduei eusten jarraitu; ezin dugu, biziraupenaren izenean, suntsiketa, isiltasuna eta etsipena onartu, etekinak baino aipatzen ez dituzten sistemen aurrean. Ezinbestean sortu behar ditugu herri-mailako trantsizioak, burujabetza berreskuratzeko, ekoizpen- eta kontsumo-ereduei bestelako ikuspegi batetik heltzeko –ikuspegi kolektiboa, tokian tokikoa eta elkartasunezkoa– eta bizitza duin eta jasangarriaren premiak asetzeko.

Aipagai ditugun trantsizio energetikoek erronka joko diote paradigma neoliberalari, are hautsi egingo dute, eta atzean utziko dituzte erauzpenaren eta espekulazioaren logikak, gizakien interdependentzia eta ekodependentzia agerian jarriz. Aipagai ditugun trantsizioek kontuan hartuko dituzte komunitateak, afektuak eta zaurgarritasuna, eta alde batera utziko dituzte subjektu zuri, burges, gizon, heldu eta heteroaren inposizioak eta desirak; subjektu horrek hegemonikoa dela uste du, baina beste gorputzen mendekoa da. Izatez, trantsizio ekofeministak nahi ditugu: nahi dugu ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-prozesuak birkokatu ditzatela, nahikotasuna eta justizia soziala oinarritzat hartuz, eta aintzat hartuz, orobat, ziklo naturalen, komunitateko bizitzaren eta gure errealitate haragituen arteko harremanak.

Ez ditugu onartuko gure ondasun komun eta naturalen merkantilizazioa eta pribatizazioa dakarten konponbideak; ez ditugu onartuko elite finantzario transnazionalen mesedetan pentsatutako konponbideak. Oligopolioak energiari buruz inposatu dizkigun begirada arrotzak bazterrean uzteko, lehen urratsa da energiak gure egunerokotasunean duen tokiari erreparatzea, gure errealitateak eraikitzeko osagai zentral gisa, eta, hortaz, pentsatzeko, erabakitzeko eta kolektiboan erabiltzeko baliabide moduan. Bestela esanda, zera ulertu behar dugu: gure egunerokoan erabiltzen ditugun prozesu energetikoak ez direla neutralak –hau da, ez direla neutralak elikatzeko, mugitzeko, bizi garen eta egoten garen espazioak argiztatzeko eta berotzeko eta gure inguruak egokitzeko, aldatzeko eta eraldatzeko erabiltzen ditugun prozesuak–. Aurka egiteko espazioak sortu behar ditugu, kolaborazio publiko eta komunitarioa gauzatzeko espazioak; eremu horiek ezinbestekoak dira baldin eta paradigma aldatu nahi badugu, eta biharko politiken bidez gaur egungo esplotazio- eta diskriminazio-eredua gainditu, klima-krisi globalari aurre egiteaz batera.

Horretarako, badugu alternatiba bat, eta beti izango dugu: antolatu gaitezke. Erakuts dezakegu, praktikaren bidez, bestelako mundu bat izan daitekeela. Gazteria Klimaren Alde mugimendua asanblada bidez antolatzen da, oinarritik bertatik, eta espazio ireki gisa sortu zen, parte hartu eta antolatu nahi duen orori ongietorria emanez. Mugimendu honek orainaldi eta etorkizun berri bat eraiki nahi du, errealitate berri bat, zeinak kontra egingo baitio neoliberalismo suntsitzaileari eta kapitalismo berantiar herrenari. Sistema hori borrokan dabil, atakatik bizirik ateratzeko, eta dituen tresna guztiak erabiliko ditu; batzuk ez dizkiogu oraindik ezagutzen; beste batzuk erakutsi dizkigu jada, esate baterako, azkenaldian migratzaileen eta trans pertsonen aurka izan diren oldarraldiak.

Badakigu borroka kolektibo hau, indarkeriarik baliatzen ez duena eta justizia soziala eta klimatikoa lortu nahi dituena, berebizikoa dela. Gazteok gure etorkizunari heldu behar diogu, gai izan behar dugu gure kabuz erabakiak hartzeko eta atzean uzteko jaiotzatik bertatik gidatu gaituen uztarri paternalista, heteropatriarkal, eko-suntsitzaile eta kapitalista, zeinak irakatsi baitigu ekoizteko gaitasuna dela gure balio nagusia. Erabaki nahi dugu zer egin gure soro eta lurrekin, zer egin gure lurraldeekin, zer egin bizi garen, parte garen eta beharrezkoak zaizkigun ekosistemekin; erabaki nahi dugu zer energia-eredu erabili. Azken batean, erabaki nahi dugu nolakoa izango den gure bizitza planeta osasuntsu eta bizigarri batean, bizitzea merezi duen planeta batean. Gisa horretako ekologismoan sinesten dugu.

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 

 


Energiari buruzko gauza gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba