Kooperatiba energetikoak, alternatiba bat elektrizitate-enpresa handien aurrean

Kooperatiba energetikoak, alternatiba bat elektrizitate-enpresa handien aurrean

Bazkideen arabera, gisa honetako kooperatibetara joz gero, bestelako kudeaketa-eredu bat jaso dezakezu: gardena, iraunkorra eta ekofeminismoaren printzipioekin bat egiten duena.

Texto: María Sanz
15/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulketa

Eskura al duzu argindarraren faktura? Emaiozu begiratu bat. Aurrealdean, zenbait kontzeptu agertuko zaizkizu: egindako kontsumoaren kopurua, beste zerbitzu batzuen truke ordaintzen duzun kuota eta guztira ordaindu beharrekoa. Atzealdean, berriz, bestelako datuak ikusiko dituzu, adibidez, zenbateko potentzia kontratatu duzun (kilowattetan) eta zer zerga ezartzen zaizkizun. Halaber, zure kontsumoaren estatistikak agertuko zaizkizu, aurreko hileekin alderatuta, eta enpresarekin harremanetan jartzeko zenbakiak ere ikusiko dituzu.

Baina badira zenbait datu, fakturan agertu ez arren, guztiz funtsezkoak direnak.

Esate baterako, fakturetan ez dira honako datu hauek azaltzen: Espainiako estatuan, enpresa handi-handi banaka batzuei dagokie energiaren sorrera, banaketa eta salmenta ia osoa, eta Ibex35-aren parte dira denak (besteak beste, Repsol, Iberdrola eta Endesa). Enpresa horien artean daude estatuko kutsakorrenetako batzuk eta lotura estuak dituzte botere politikoekin, «ate birakarien» bidez. Sistema hori tarteko, gobernuko agintari ohiek modua dute energia-enpresen batzorde exekutiboan sartzeko. Gainera, Ekologistak Martxan taldeak eta Multinazionalen Latinoamerikako Behatokiak salatu duten eran, enpresa horietako batzuk multinazionalak dira eta urratu egin dituzte hainbat herrialdetako komunitate indigenen eta landa-eremuko komunitateen eskubideak.

Letra txikia ez da ikusten ordainagirietan, baina ondorio larriak eragiten dizkie pertsonei eta ingurumenari; egoera horren aurrean, energia-kooperatibak sortu dira, energia sortzeko eta merkaturatzeko formula gardenago eta iraunkorrago bat eskaintzen dutenak. Kooperatiba horiek ikuspegi berdina dute: batetik, iturri berriztagarrietatik datorren energia bakarrik saltzen dute (esate baterako, hidraulikoa, eolikoa edo fotovoltaikoa); bestetik, energia eskuratzea eskubide bat dela uste dute, ezen ez salgai huts bat. Gainera, ikasteko eta ahalduntzeko aukera ematen diete erabiltzaileei, energia-kontsumoan edo erabakietan beste era batean parte hartuz.

Energia % 100 berriztagarria

Espainiako Sare Elektrikoak txosten bat argitaratu zuen 2020ko ekainean; horren arabera, Espainiako estatuan sortzen den energiaren % 61 iturri ez berriztagarrietatik dator, adibidez, ikatzetik, petroliotik edo energia nuklearretik. Horiek denek kutsatu egiten dute eta arriskuan jartzen dute ingurumena; esate baterako, hondakinen biltegiratzea arriskutsua da.

Gobernuak, Energiaren eta Klimaren Plan Integratu Nazionalean (PNIEC) adierazi zuenez, trantsizio energetikoa gauzatzeko plan bat abiatu nahi du, eta, hala, 2050. urterako, energiaren ehuneko ehuna iturri berriztagarrietatik ekoitz dadila.

Kooperatibek, ordea, aurrea hartu diote xede horri, eta, gaur egun, iturri berriztagarrietatik lortutako energia bakarrik saltzen diete beren bazkideei. Horretarako, egiaztagiri bat erabiltzen dute, zeina Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ematen baitie ekoizleei, energiaren iturria berriztagarria dela bermatzeko, Yaiza Blanch Gorrizek azaldu digunez. Som Energia kooperatibako parte-hartze teknikaria da bera; kooperatibak 66.000 bazkidetik gora ditu, eta 120.000 inguru argi-kontratu.

Blanchek dioenez, kooperatibak, lehenik, lurralde osoko ekoizle txikiengana jotzen du energia bila; ondoren, falta dena eskuratzeko, merkatu elektrikoko ordezkariengana jotzen dute. Gainera, saltzen duten energiaren % 4,25 beraiek sortzen dute: batez ere, Katalunian, Valentzian, Sevillan eta Kordoban ezarritako planta fotovoltaikoak baliatzen dituzte, baina, horrez gainera, biogas-planta bat daukate Lleidan, eta zentral hidrauliko bat, berriz, Valladoliden.

«Energia-kooperatibak ezinbestekoak dira, izan ere, bestelako erreferenteak behar ditugu, energia-trantsizio eraldatzaile bat modu errealean gidatuko dutenak. Oligopolioko enpresak aldaketa-itxura horretaz jabetzen dira greenwashing delakoaren bidez, baina ez diote uko egiten energia-eredu fosil eta nuklearrari. Gainera, merkatuaren eta irabazi-asmoen logikari eusten diote. Ahal duten guztia egingo dute merkatuko kuota ez galtzeko; hori da beren egiazko helburua, eta ez mundu iraunkorrago baten alde egitea edo horrekiko konpromiso erradikal bat hartzea», adierazi du Blanchek.

Energia eskubide gisa

Eredu horren aurrean, Som Energiak dio irabazi-asmorik gabeko kooperatiba bat dela. Nolanahi ere, zera aitortu du Blanchek: «Badago halako tentsio bat, izan ere, kooperatibek produktu bat merkaturatzen dute, baina produktu hori eskubide gisa hartuko balitz, publikoki bermatu beharko litzateke horren hornikuntza, merkatuaren logikatik kanpo, logika hori edozein izanda ere». Rosario Alcantarillak zehaztu duenez –Megara Energía kooperatibako kidea da, zeinak 400 bazkide inguru baititu Sorian eta Huelvan–, energia eskubide gisa bermatuko balitz, konpainiek ez lukete «barrabaskeriarik» egingo, adibidez, ez liokete «hornikuntza etengo egoera zaurgarrian dauden pertsonei», zergatik-eta ezin dituztelako fakturak ordaindu.

Espainiako estatuan, pobrezia energetikoak 3,5 eta 8,1 milioi pertsona bitartean kaltetzen ditu, baina arazoak emakumeei eragiten die bereziki, soldata-arrakalarengatik eta sarriagotan jarduten direlako lan prekarioetan; hala aitortzen du Gobernuak berak, Pobrezia Energetikoaren Aurkako Estrategia Nazionalean (2019-2024).

Pobrezia energetikoari aurre egiteko, estatuak, besteak beste, beherapenak eskaintzen ditu fakturetan, bonu sozialaren bitartez. Alabaina, Alcantarillak nabarmendu duenez, kooperatibak ez dira gai bonu sozialak eskaintzeko; enpresa elektriko handiek bakarrik egin dezakete hori. «Modu horretan, enpresa elektriko handiek bezero-kopuru jakin bat eskuratzen dute; badakite egoera zaurgarrian dauden komunitateek haiengana joko dutela», adierazi du kooperatibistak. Mugak muga, kooperatibak buru-belarri ahalegintzen dira gisa horretako kasuei erantzuten: udalekin batera lan egiten dute pobrezia energetikoari dagozkion egoerei arreta emateko. Besteak beste, gizarte zerbitzuetara bideratzen dituzte bazterketa-arriskuan dauden familiak, eta malgutasunez jokatzen dute fakturen ordainketan.

Abusuen aurka

Hornikuntza eteteaz gainera, konpainia elektriko handiek era askotako abusuak egiten dituzte; esate baterako, kontratuen baldintzak aldatzen dituzte bezeroekin ados jarri gabe, edo teleoperatzaileak manipulatzen dituzte tarifa garestienak saltzen saia daitezen, 2018an Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak salatu zuenez. Praktika txar horiez aparte, kontuan hartu behar dira hainbat herrialdetan abiatzen diren proiektuak, bereziki Latinoamerikan egiten direnak: egitasmo horiek kalte larriak eragiten dizkiote ingurumenari eta giza eskubideak ere urratzen dituzte. «Enpresa elektriko handiek, kontsumitzailea nor den, jarrera ezberdina erakusten dute: batetik, kontsumitzaile espainiarrei balore jakin batzuk eskaintzen dizkiete; Europako legediak edo nazioarteko komunikabideek babesten ez dituzten biztanleek, berriz, ondorio latzak pairatzen dituzte, adibidez, Erdialdeko Amerikako ingurumen-babesleak kriminalizatzen dituzte, komunitateak lekuz aldatzera behartu, eta ur-bideak kutsatzen dituzte, herritarrak arriskuan ipiniz», dio Olatz Azurza Zubizarretak, GoiEner euskal energia-kooperatibako kide borondatezkoa eta sortzaileetako bat denak –kooperatiba horrek 12.000 bazkidetik gora ditu, eta 15.394 energia-erabiltzaile–.

Halaber, Rosario Alcantarillaren esanetan, Espainiako enpresa elektriko handiek Latinoamerikako hainbat herrialdetan duten presentziaren eraginez, «ekosistemak suntsitzen» ari dira, eta kalte handiak sortzen ari dira bertako komunitate indigenen bizitzetan eta lurraldeetan.

Horren kontrakarrean, kooperatibek energia sortzeko eta merkaturatzeko eredu garden eta etiko bat proposatzen dute, tokiko garapenarekin lotua eta landa-eremuei bereziki lagunduko diena, jendez husteko arriskuan baitaude. «Energia-ekoizpenaren zati handiena landa-eremuetan egiten da, bertan kokatzen baitira instalazio berriztagarriak. Hala eta guztiz ere, kontsumo-foku handiak hirietan daude. Horregatik, errealitate hori ikusgai jarri eta orekatu nahi dugu», azaldu du Alcantarillak.

Megara Energíako kideak jakinarazi duenez, enpresa elektriko handiek ez dute hainbesteko etekinik ateratzen herri txikietan bizi diren bezeroetatik; ondorioz, ez dituzte behar moduan zaintzen banaketa-lerroak, hornikuntza moztu egiten da tarteka, tentsioa igo eta jaisten da… «Herrietan ere energia eskuratu daitekeela bermatu beharrean, bigarren mailako zerbitzua eskaintzen diete».

Kontsumotik parte-hartzera

Elektrizitatea kooperatiba batean kontratatuz, erabiltzaileek aukera dute kontsumitzen duten energia nondik datorren jakiteko, eta horrez gainera, badakite enpresak non egiten duen lan eta zer baldintzatan. Era berean, kooperatibetan, bezeroek badute zer esanik tarifei dagozkien erabakietan edo sortutako mozkinak non inbertitu erabakitzeko orduan. Yaiza Blanch: «Kooperatibetan, hala nola Som Energian, kontuan hartzen ditugu bazkide kontsumitzaileak; bazkideek parte hartzen dute eta kontu ematea eskatzen dute. Bazkideek argia kontratatzen dute, baina orobat parte har dezakete plaka fotovoltaikoen erosketa kolektiboan, beren ekarpena egin dezakete borondatezko kapital sozialean eta botoa emateko aukera izan dezakete erabakietan».

Olatz Azurzaren iritziz, hau da enpresa handien eta kooperatiben arteko alde nagusia: bazkideak sektore elektrikoko «parte-hartzaileak eta protagonistak» direla. Hala zehaztu du GoiEnerren sortzaileetako bat denak: «Kontsumitzaile hutsaren roletik abiatu ginen, eta parte-hartzailearen rolera joan gara. Rol horren bidez, protagonistak gara, subjektu aktiboak izan gaitezke sektorearen baitan, eta orain arte ez geneukan horretarako aukerarik. Ahalduntze-ariketa bat da, jauzi kualitatibo bat: lehen, isolatuta geunden, sektore zurrun eta iragazgaitz samar baten eskutan; orain, berriz, erabakiak har ditzaket, eragina dutenak nire fakturan eta sektorearen garapenean berean».

Gainera, Rosario Alcantarillak adierazi du kooperatiben barruan badela halako komunitate-sentipen bat: «Badakizu kooperatibakoek zure mundu-ikuskera bera dutela, energia modu eraginkorrean erabili eta energia hori nondik datorren jakin nahi dutela, eta ez hori bakarrik, badakizu ez zaituztela bezero huts gisa hartzen; aitzitik, axola zaie zer pertsona dagoen kontratuaren atzean».

Eredu ekofeminista baterantz

Energia-kooperatiben helburu bakarra ez da kontratu-kopurua handitzea eta energia gehiago ekoiztea, hartara bazkide gehiago hornitzeko. Kontrara, eredu alternatibo bat proposatu nahi dute, mugimendu ekofeministen aldarrikapenekin bat eginez.

«Ekofeminismoaren arabera, kapitalismoak eta patriarkatuak indarkeria eta esplotazioa erabiltzen dute ez soilik emakumeen aurka, baita Lurra planetaren kontra ere: espoliazioa, baliabideen xahutzea, mendekotasun energetikoa eta gatazka geopolitikoak sortuz. Mugimendu ekologistaren baitan, trantsizio energetikoa da klima-aldaketak dakarren kolapso eta mundu-mailako krisien logikei erantzuten dion zutabeetako bat», dio Yaiza Blanchek, feminismoen eskakizunak ere aintzat hartuko dituen trantsizio energetiko baten alde eginez. «Trantsizio energetiko eraldatzaileak paradigma aldatu nahi du: botere eta pribilegioak beste modu batera egituratu behar dira, energiaren eta giza eskubideen arteko loturaz sakonki gogoeta egin, toki garrantzitsua eman behar zaio herritarren antolakuntzari eta demokrazia sakontzeko egitura eta prozesuei, eta bizitzaren eta planetaren sostenguari erreparatu behar zaio», erantsi du.

Olatz Azurza bat dator Blanchek esandakoarekin: «Helburua da trantsizio energetiko bat lortzea, eta hori egiteko modua, berriz, ikuspegi ekofeministari heltzea, bizitza eta interdependentzia guztiak erdigunean jarriz. Trantsizioren ondorioz ekonomia transbertsal eta feminista bat lortu nahi badugu, orduan, trantsizio hori guk geuk egin behar dugu».

Bestalde, Rosario Alcantarillaren arabera, kooperatibek beste pauso bat ematen dute burujabetza energetikoa lortzeko bidean, hau da, pertsonek, herriek eta komunikabideek eskubidea izan dezaten energiaren sorrera-, banaketa- eta kontsumo-moduez erabakitzeko. Megarako kidearen iritzian, aldarrikapen horrek bat egiten du nazioarteko beste borroka batzuekin, adibidez, elikadura-burujabetzarekin eta osasun-eskubidearekin, eta uste du ezen, emakumeek kooperatibetan parte hartzen badute, «hainbat diziplinatako ikuspegiak ematen dituztela, eta ez bakarrik ikuspegi teknikoak».

 

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 
Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba