Trantsizio energetikoa eta feminismoa, eko-ongizate estatu bat eraikitzeko
Energia deszentralizatzea eta, naturaren legeekin bat egiten duten gizarteak lortzeko trantsizioan, ahots berriak txertatzea: horra hor eginkizun dauden bi kontu. Ezin ditugu atzean utzi, orain arte egin dugun bezala, klima-aldaketaren kalteak modu argienean pairatzen dituzten pertsonak, gaur egungo politika energetikoen suntsidura jasaten dutenak.
Danele Sarriugarte-ren itzulketa
«Energiaren eremuan, emakumerik gabe, ez!». 2018ko irailean, izenburu horren pean, manifestu bat sinatu zuten ehun gizonek baino gehiagok, energiaren sektoreko hainbat alorretako langileak denak: zin egin zuten ez zutela sektore energetikoarekin lotutako ekitaldietan parte hartuko (hitzaldiak, mahai-inguruak, lan-taldeak…), baldin eta horietan ez bazegoen emakume aditu bat, gutxienez. Testuak aldezten zuen Berdintasun Legea bete zedila eta, besteak beste, Trantsizio Energetikorako Batzordea osatzen duten 14 aditutatik seik sinatu zuten. Batzorde hori Mariano Rajoyren gobernuak abiatu zuen, 2018an bertan, eta bertako kideak gizonak zirenez denak, kritikak piztu ziren, ez zelako parekidea. 2020. urtea: 15 adituk kongresuan parte hartu dute irailean, parlamentuko taldeek hala eskatuta, Trantsizio Ekologikorako eta Demografiaren Erronkarako Batzordean; Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen harira –luzaroan espero izandakoa–, bi emakume bakarrik gonbidatu dituzte beren ikuspegiak azal ditzaten.
Energia eremu estrategikoa da ekonomiarentzat; botere ekonomiko izugarria biltzen du eta, beraz, ez da kasualitatea eremu horixe izatea ate birakari gehien dituen sektoreetako bat, ez eta, kargu publiko izandako ugari, gaur egun, eragin handiena duten enpresen administrazio-batzordeetan egotea ere. Familian konpontzen dute dena; batez ere, gizonen artean. IBEX 35eko sei energia-enpresetan, badira 175 ate birakari baino gehiago; bada, horien % 85 gizonei dagozkie. Hala erakutsi du YoIBEXtigo ikerketak, La Marea komunikabideak egindakoak.
Energia lotutako lanpostuetan eta, bereziki, ardura postuetan diharduten emakumeen kopurua ez da inondik ere orekatua. Tomillo fundazioak, berriki, ikerketa bat egin du, aztertzeko ea zer mailako berdintasuna dagoen emakumeen eta gizonen artean Espainiako garapen jasangarrian; ikerketaren arabera, gutxi gorabehera % 17 dira IBEX 35eko enpresetako administrazio-batzordetan parte hartzen duten emakumeak. Batez besteko horren azpitik daude Repsol (% 15,8), Endesa (% 14,3), Naturgy eta Red Eléctrica Española (% 12,5)
Gizarte jasangarriak eta ekonomia deskarbonizatuak lortzeko trantsizioa kontu guztiz erabakigarria da gure etorkizunarentzat; hortaz, kezkagarria da, eremu horretan, ahotsen aniztasunik ez izatea. Berriztagarrien sektorean, oraindik ere, genero-arrakala handia dago. Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak (IRENA) dioenez, % 32 dira berriztagarrien sektorean lan egiten duten emakumeak; egiazko berdintasunetik urruti daude, beraz. Ardura-postuei erreparatuz gero, batez bestekoak murrizten dira: adibidez, energia eolikoaren sektorean, zuzendaritza-postuetan, emakumeak % 8 baino ez dira.
Lanpostuen maskulinizazioa, era berean, botere politikoaren egituretan islatzen da. Gure herrialdean, 2018ra arte ez dugu emakumerik ikusi energiako ministerioan: urte horretan, Teresa Ribera izendatu dute Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren buru, eta Sara Aagesen, berriz, Energia Estatuko idazkari. Europako mailan, lau herrialdetan bakarrik daude emakumeak politika energetikoen gidaritzan: Austrian, Belgikan, Frantzian eta Italian. Halaber, gutxiegi dira klima-aldaketarekin lotutako erabaki-guneetan diharduten emakumeak. Klimaren Biltzarra, COP25 deritzona (Alderdien Biltzarra, ingelesezko siglen arabera), Madrilen egin zuten, 2019ko abenduan; bada, bertan parte hartu zuten ordezkaritza nazionalen artean, % 21ek bakarrik zeuzkaten emakumeak buruan. Joera horri eusten bazaio, ez da parekidetasunik izango 2068. urtera arte. Horrez gainera, Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Paneleko analisi-taldeetan (IPCC, ingelesezko siglen arabera), emakumeen parte hartzea ez da nahi bezalakoa.
Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikari dagokionez (STEM, ingelesezko siglen arabera), eremu horiek funtsezkoak dira eraiki beharra dugun paradigma berriaren aurrean, baina eremu horietako ikasleen eta ikertzaileen genero-arrakala dela-eta, aurrerakuntzak poliki doaz. Ingeniaritza-eskoletan, % 25 da emakumeen batez bestekoa; katedradun emakumeen artean, berriz, gutxi dira: Madrileko Unibertsitate Politeknikoan, adibidez, % 15 dira. Ez da erraza emakume erreferenteak topatzea, ikusgaitasun gutxi dutelako, eta, bestalde, eragina du “iruzurtiaren sindromea” deritzon horrek ere: emakumeek ez dute autoestimurik eta konfiantzarik beren ibilbideak garatzeko tradizioz gizonenak izan diren eremuetan. Emakume zientzialarien kasuan, haien lana gutxiesteko joera dago, eta, haien artikuluak baloratzeko orduan, adjektibo positibo gutxiago erabiltzen dira. Horrek eragina du beren ikerketen gaineko arretan; hala azaldu du Yaleko Unibertsitateak, British Medical Journal aldizkarian argitaraturiko ikerketa batean. Gainera, gauza kurioso bat gertatzen da: emakumeek, beren lorpenez dihardutenean, ez dute horien meritua hartzen; aitzitik, beren taldearen arrakasta izan dela adierazten dute. Gizonek, berriz, modu indibidualean aurkezten dituzte beren lorpenak.
Ikusezintasun guztiz bidegabea gainditzeko, 2018an, Bilbon bildu ziren sektorean dabiltzan 150 emakumetik gora –bai langileak, bai aktibistak– eta Trantsizio energetiko ekofeminista baten aldeko emakumeen sarea osatu zuten, hiru helbururekin: batetik, salatu nahi zuten ezen gaur egungo eredu energetikoak eragin berezitua duela emakumeen eta bestelako sexu-orientazioak zein genero-identitateak dituzten pertsonen gainean; salatu nahi zuten, halaber, baztertu egiten dituztela energia-sektoreko botere-guneetan, eta, azkenik, ikusarazi nahi zuten emakumeak ere lanean ari direla trantsizio energetiko justu eta jasangarri baten alde. Sevillan egin zuten bigarren topaketa, eta energiaren sektoreko eredu zaharkitu eta matxista salatu zuten han ere: sareko kideek badakite, ondotxo jakin ere, emakumeak zaurgarriagoak direla pobrezia energetikoaren edo klima-aldaketaren eraginen aurrean; baina, horrez gainera, argi dute ezen, beren begirada aintzat hartzen ez bada, ez dela egiazko aldaketarik izango, eta betikotu egingo direla gaur egungo berdintasun gabeziak eta botere-harremanak. Klima Aldaketaren Aurkako Emakumeen Nafar Sareak ere (RENAMUCC) pentsamendu ekofeminista du abiapuntu.
Trantsizio energetikoaren alderdi maskulinizatuenean, inbertsio handiagoak egiten dira
Gaur egun, klima-larrialdiaren aurrean gauden honetan, zera aipatzen da diskurtso askotan: negutegi-efektua sortzen duten gas-igorpenak murrizteko beharra; klima-aldaketaren arintzea deitzen zaio horri, eta energia berriztagarriak hartzen dira horren aitzindaritzat. Lehen esan moduan, sektore horretan gizonak dira nagusi. Berriztagarrien proposamenari eskaintzen zaio denbora, publizitate eta aurrekontu handiena; kasu askotan, merkatura eta teknologiara bideratzen dira konponbideak, eta, oso maiz, gaur egungo energia-oligopolioen egiturak berregiten dira, ikusmolde horiek aldeztu nahian, beste alternatiba komunitario batzuen kaltetan (hala nola, tokiko komunitate energetikoak).
Kontrara, klima-aldaketara egokitzeko eremuak ez du hainbeste diru jasotzen, eta, paradoxaz, emakumeak gehiago dira alor horretan. Emakumeek, hainbat hamarkadaz, eta etenik gabe, estrategiak abiatu dituzte klima-aldaketara egokitzeko, hala beren etxean nola komunitatean; hala ere, ikusezinak dira. Munduko hainbat tokitan, desafioa jotzen diete korporazio handiei, enpresa horiek eraso egiten dietelako emakumeen komunitateei eta gorputzei ere. Lehen lerroan borrokatzen dira erauzpen-industria basatiaren aurka (megameatzaritza, nekazal negozioa, presen eraikuntza…); industria horrek, klima-aldaketa bizkortzeaz gainera, giza eskubideak urratzen ditu, sailean: 2019an, 212 pertsona erail zituzten, lurra eta ingurumena babesten zutenak; batez beste, asteko lau. Hala adierazi du Global Witness erakundearen azken txostenak.
Inbertsio handiagoak egiten dira trantsizio energetikoaren alor maskulinizatuenean, non gizonek aitortza argia jasotzen baitute, eta beren lanak asko balioesten baitira; aitzitik, klima-aldaketak dakarren zaurgarritasunaren aurrean, emakumeek funtsezko betekizunak egiten dituzte, baina ez dute pareko aitortza jasotzen, eta dirurik ere ez. «Borroka guztiek ez dute zertan ekin igorpenen aurka; baldin eta ez bada ahaleginik egiten ibaiak, ozeanoak, basoak eta abarrak babesteko, kontuak ez du zentzurik: izan dezakegu planeta bat igorpenik batere gabea, baina bizitzarik ez duena. Bioaniztasuna babestu behar da, hori ezin dugu inoiz ahaztu», adierazi du Vanessa Alvarezek, Sare Ekofeministako kideak. Lan horrek –bioaniztasuna zaintzea– guztion erantzukizuna izan behar luke, munduan bizi garen pertsona guztiona, eta ez bakarrik emakumeei dagokien zerbait.
Ezinbestekoa da trantsizio bat diseinatzea, gure gizarteek bat egin dezaten bere baitan hartzen gaituen naturaren legeekin –horixe izango litzateke, Sare Ekofeministako kideek nabarmentzen dutenez, Eko-ongizate estatu bat–; bada, horretarako, hainbat dimentsiotako estrategiak proposatu behar dira, emakumeak ezin dira atzean geratu berriro ere; ezin dira bazterrean utzi, azken batean, klima-aldaketaren eraginak eta gaur egungo politika energetikoaren triskantza argi eta garbi jasaten duten pertsona zaurgarrienak.
Auzia konpontzeko, ez da aski parekidetasuna lortzea; aitzitik, lidergo kolektiboak txertatu behar dira, elkar zainduz: horrela bukatuko dira genero-desberdinkeriak. «Kontua ez da, justizia egiteko, luzaroan gizonek menderatu dituzten egiturak emakumeek mendera ditzatela beste hainbeste urtez; gauzak nahastu behar dira, batu, uztartu… eta, hala, egitura berri bat sortu, elkarrekin, ez irabazlerik ez galtzerik gabe. Horretarako, hezkuntza lehentasuna da», adierazi du Soledad Monterok, Ekologistak Martxan elkarteko kideak. Gainera, energiaren demokratizazioa bilatu behar da, eta agerian jarri gaur egungo eredu zentralizatuak kontuan hartzen ez dituen eragin sozialak eta ingurumenaren gaineko ondorioak; hala, herritarrek hartuko dute kontrola, eta bidea egingo dugu, gaur egun gailentzen diren botere- eta subordinazio-logikak hautsiz.
Covid19ak ondotxo erakutsi digu distopia ez dagoela uste bezain urrun. Sistema bidegabe honek, desberdinkerian oinarritzen denak, agerian ditu josturak, eta arrakalatzen ari da ziztu bizian: bistan utzi du gure bizimoldearen hauskortasuna. Genero-arrakala ezin da beste biktima bat izan; «normaltasun berria» deritzon horretako konponbideen erdigunean behar du. «Distopia aski izan dugu dagoeneko, bai behintzat non gauden ohartzeko beste. Orain, eguneroko utopien konfigurazioan zentratu behar dugu», azpimarratu du Yayo Herrero aktibista ekofeministak. Hainbat estrategia abiatu behar ditugu, besteak beste, autoantolakuntza, lankidetza eta bestelako ekoizpen-moduak, ekonomia sozialean oinarrituak.
Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue.