Gure udalak ez gaitu zaintzen

Gure udalak ez gaitu zaintzen

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere webgunean duen “Berdintasun Baliabideen Mapa”-n, Lasarte-Oria grisez agertzen den bakarrenetarikoa da.

02/03/2022

 

Sindurak jasota, Lasarte-Oria-ren udalaren aurrean.

Zaintza. Azken bi urtetan hitz hori askotan entzun dugu, baina gehiago izango dugu ahotan datozen egunetan. Martxoak 8a bertan da, aldarriek kalea hartuko dute. Euskal Herriko mugimendu feministak erabaki du, hain justu, aurten zaintza aldarrikatzea, diskurtso ongi pentsatu eta adostu bat eraikita inguruan. Kalean bakarrik ez, ziur telebistan, sare sozialetan, hedabideetan eta politikarien ahotan ere entzungo dugula hitz hori, bi silabako laburra: ZAIN-TZA. Zein motza den euskaraz, zein ondo sartzen den belarritik. Eta zenbat adiera eman zaizkion azkenaldian, askotan edukiz hutsak eta jasanezina den autolaguntza kutsuarekin.

Erraza baita esatea, baina zailagoa praktikan jartzea. Autozaintzaz eta norbere buruaren zaintzaz ari garenean, ez al zaigu ba ditxosozko errua etortzen? Eta alderantziz, ez ote dugu kolektiboa eta ingurua zaintzeari uzten norbere beharrak beti besteenen aurretik jartzerakoan? Ez da espreski eskuartean dugun gaia, baina ezinbestean, uneren batean edo bestean eman beharreko eztabaida izango da hori, ez baditugu are gehiago zartatu nahi gure babes sare, talde aktibista eta buru prekarizatuak.

Zerbait argi badugu, ordea, zaintzaren dimentsio kolektiboa da. Elkarrekintzan oinarritzen dena, ongizate komun baten bila ari dena, betiere begirada ertzera zuzenduta. Zaintzaz modu abstraktuan aritzea ongi baitago, baina materialki gauzatzeko, egiaz, baliabideak behar dira. Begira, bestela, pandemiak iraun bitartean zaintza lanetan aritu direnek nola bukatu duten xixko eginda, baliabide materialik gabe, eta egoerari aurre egiteko babes emozionalaren faltan sarri.

Eta baliabide horiek nork eskaini ditzake? Ba agerikoa da babes sareek eta tokian tokiko eragile feministek ongi erantzun diotela egoerari, baina zalantzarik gabe, erakunde publikoek erantzukizuna dute horretan, are gehiago ez badugu Mr Wonderfulen eta parekoen zaintzaren ikuspegi pribatizatu eta kapitalistan erori nahi. Eta, aizue, gure udalak, Lasarte-Orian, ez gaitu zaintzen.

Gaur gaurkoz, Hondarribiarekin batera antzeko baldintza demografikoak dituen Gipuzkoako herri bakarra gara berdintasun teknikaririk eta berdintasun sailik gabe. Zehaztearren: Gipuzkoako Foru Aldundiak bere webgunean duen “Berdintasun Baliabideen Mapa”-n, gurea da grisez agertzen den bakarrenetarikoa. Egia da badirela egoera berean dauden beste 25 udalerri, baina asko Goierri eta Tolosaldeako herri txikiak dira eta lanketa egiten ari dira eskualdean berdintasun gaiak jorratu eta Emakumeen Etxeak behar guztiei erantzuteko moduan irekitzeko. Alegia, beste instituzioak nolabait kezkatu direla beraien herritarrez, edo gutxienez, legeari kasu egin diotela –berdintasun gaietan arta egokia ematea legez jasota dago‑ eta gurea, ia 19.000 biztanlerekin, ba ez hainbeste.

 

 

Baina zertaz ari gara gure udalak zaintzen ez gaituela diogunean? Lasarte-Orian berdintasun teknikaria edukitzearen aldarria ez da berria, baina pandemiak areagotu egin du kezka. 2020ko martxoan itxialdia hasi zenetik, handitu egin dira gizarte zerbitzuen arreta behar izan duten pertsonen eskaria, eta indarkeria matxista kasuei ezin erantzunda daude bulegoan. Kontua da artxibategiak loditu ahala, egoera zaurgarrian dauden emakumeen egoerak ez duela hobera egin. Batzuk Errenteriako eta Donostiako Emakumeen Etxeetara bideratu dituzte. Besteen salaketak erdibidean gelditu dira. Eta bitartean mugimendu feministaren belarrietara iristen diren kexek eta eskaerek ez dute etenik.

Zaintza erdigunean jartzearena sinesten eta praktikara eramaten dugunez, ahal bezala erantzun die mugimenduak eskaera horiei, baina berriro diogu ez ditugula erakundeek dituzten baliabideak, eta berdintasun sail sendo eta berdintasun teknikaririk ezean, nekez bermatu daitekeela herritar guztientzako ongizatea. Indarkeria matxista jasaten duten andreen kasuetatik hasi, eta eskolan dagoen haur eta nerabe askoren babesgabetasuneraino ailegatzen baita utzikeria hori. Ifrentzuan, bizitza bizigarriak izateko zaintzaren beharraz ari gara gu.

Beste arloetan begirada feminista txertatzea ere ezinbestekoa da: gizarte zerbitzuetako arta egokitik hasi eta kale izendegira arte. Puntu beltzen mapeoa egitetik, hirigintza plana berrikustera arte. Aurrekontuetatik hezkuntza arlora arte. Eta horietan guztietan eskas dabil gurea: hirigintza feministarik ez, aurrekontuetan berdintasun gaietarako diru partidarik ez, eta eskoletan, iniziatiba feministei erasoak… Eta esan gabe doa, halako politika publikorik ez edukitzeak bazterrekoenengan duela eragin nabarmenena: arrazializatuengan, egoera sozioekonomiko txarretan dagoen jendearengan, komunitate migratuarengan…

Horren guztiarengatik, nekatuta gaude Lasarte-Orian zaintzarena abstrakzio dotore gisa bakarrik ulertzeaz. Ez dugu belarriak goxatuko dizkigun hitz ponposorik nahi, gure udalak bizitza bizigarriak bermatzea nahi dugu. Denbora aurrera doa, eta, gurean, zaintzaz ari garenean, bizitzak daude jokoan.

 


Segi irakurtzen:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba