Konpromisoa eta afektuak

Konpromisoa eta afektuak

Zer gertatzen da bikote heterosexualetan idazten edo militatzen duena emakumea denean? Zer gertatzen zaie gizonei emakumeen irrika politiko eta kreatiboen aurrean?

30/03/2022

Familiari ez dagokion zernahitan kartsu ari den emakumeak susmoa, jelosia eta izua pizten ditu. Ondoen koipeztaturiko bikote heterosexual aurrerakoienen baitan ere antzeman izan dudan tentsio bati buruz idatzi nahi nuke: emakumeak gizonarengandik bereiz dauzkan proiektu artistiko, intelektual edo politikoen harira sortzen direnez. Mutil-laguna edo senarra duten hainbat emakume militantek eta artistak, errealitate sozialak edo errealitate kulturalak sortzen tematzen direnean, bikotearen barruan izaten dituzten gerra isilez, intimitatean eta aho txikiarekin baino aipatzen ez direnez.

“Gizarte mugimenduetan energia sexual-afektiboa sortzen da eta hori familiak ezin du soportatu”, esan zuen Lorea Agirrek Maitasuna politikoa da ikastaroan, 2019an. Familia tradizionalaz ari zen, noski, kide bakoitza mahaian non eseri behar den aurrez finkatua duen egitura ekonomiko, hierarkiko eta mentalaz. Senarra etxeko epeletan utzita bilera gautar batera doan emazte militante suharra imaginatu nuen, begiak diz-diz, giharrak tenk. Nork ez du utzi batzarren baterako bidean irrikaren promesa, lurrin bat bezala, portalean?

Idazketa-garai intentsoetan bikotekide gizonak jeloskor jartzen zaizkien idazle-kideak ezagutzen ditut, alboan, aukeran, anbizio gutxixeagoko norbait nahiago luketenak. Nik ere badakit zein den “ari zara orain ere?” begirada, entusiasmoaren bezatzailea. Eta ohartzen naiz nik eta nire adiskide idazle hetero-edo gehienek, Danele Sarriugarteri aditu nion bezala, “maskulinitate erlaxatuko” gizonak hautatu ditugula bikotekidetzat. Eta hala ere. Horrenbesteko kontzentrazioz, afanez eta arduraz jarduten dugu, gure determinazioaren eta irudimenaren bekaitz izaten baitira sarri aldamenekoak.

Giza kondizioaren zirrikituen eta oreka estetikoen bila, ideiak ñir-ñirka eta etxeko kristalak zikin, indibidualitate sakon batean ardazten da idazketa: ez dago norbere usaina aditzen ez duen idazlerik. “Masturbatu ere ez naiz egiten”, aitortu zidan lagun batek, buru-belarri idazketan ari den aldiei buruz. Izan ere, nork behar du sexua esku artean istorio on bat duenean?

Bertsolari emakume heldu batek sexuaz kantatu du oholtzan. “Orain ulertu dut zer sentitzen zuten garai bateko bertsolarien emazteek” esan du haren senarrak ingurukook aditzeko moduan. “Oraindik heteroa zara?”, zirikatu du txantxa airez mutil-lagunak bilera feministatik datorren kidea. “Derrigorra da zu idazle gizon horrekin gelditzea?”, galdetu dio kolega arrakastatsu batekin zitaturiko idazle emakumeari senarrak. “Zergatik gonbidatu zaituzte zu eta ez ni?”, diotso artista gizonak artista emakumeari. “Eszena erotiko horretan irudikatu duzun gizona nor da?”. Eszena sortu aurretik ere airean dago galdera. Eta, nola esan: “Egoerak beste aldean jarri zaitu” zioen Euskal Herriko bertsolari txapelketako gai ezagun batek.

Idazketak piztu egiten gaitu, begizulodun gusiluzak bilakatzen, loa ebasten digu, obsesionatu egiten gaitu. “Narratzaileak asmo zehatz bat duela sentitzen dugunean sortzen zaigun emozioaz” ari da D. Hans Ebenbach Escribir ficción liburuan. Idaztea “etengabe norabide guztietan biderkatzen doazen zidorren artean irteera bat aurkitzea” dela zioen Joycek. Asmo zehatzak, irteera posibleak, desbideratzeko izua. Atezuan dago idazlea. Katuaren erlaxazioa ezagutzen du gehienera, salto egiten du estimulu txikienaren aurrean, eta ez dio etxeko gizonari laguntzarik eskatzen labirintotik ateratzeko.

Idaztean gure gorputzaren usainak hartzen ditugu, adimena zorrozten zaigu, oroitzapenak eta asmazioak nahasten zaizkigu, soin eta ahots errealak fantasiazko paisaietara lekualdatzen ditugu, zehatz-mehatz irudikatzen ditugu ekintzak eta eszenak, minuziaren erotikotasuna dastatzen dugu. Haragia bizkortu egiten da. Eta bitartean, nork daki, lekak zuritzen ari da bikotekidea sukaldean edo lo, agian, ohean.

 

“Nola gustatzen zait idaztea?”, galdetzen zion Hanif Kureishiren narratzaile autofikzionalak bere buruari Intimitatean: “Arkatza bigun eta zakila gogor”. Aja. Baina, gutako batzuon etxeetan zakilak bigun dauden uneetan ere badaki euria egiten klitori kreatiboen gainean, eta euri horrentzako aterkiek emakumezkoen bihotzak aterpetu izan dituzte nagusiki orain arte: senar okupatuen zain josten aritu omen gara historikoki.

Lagun aktibistek ere badakite zer den aldaketaren txinpartak, asmo konkretuen tirak eta taldearen igurtziak eragindako gogo-bahitzea, taldearen berotan esnegaina bezala harrotzea edo elkarrekin errealitate berriak sortzea. Ahokatzearen, artikulazioaren, batzearen haize-poza. Bakardadearen amnesia. Konfiantza.

Parte hartze soziopolitikoan besteen usainarekin, aldraren beroarekin, taupada konpartituarekin, gorputz bakar bat izateko ameskeriarekin egiten dugu topo. Gu geu ere izan gara ideiek elkarrengana erakarritako gorputzak eta gorputzek elkarrengana arrimaturiko ideiak, une batez gure hilkortasuna bera ahaztu dugunak. Proiektu politikoen eta artistikoen barruan sortzen den energia erotikoa ezagutzen dugu: aldapa gorako mundu batean maldan behera irristatzen diren gorputzena da, euforikoa, arriskutsuki ederra. Sentitu izan ditugu hari banatatik tiraka giza taldearen hatsa eta bestelako dei indibidualak, narrasean datozenak. Taldetasunaren plazer amebakara gozoaren eta indibidualitate bereizi eta bereziaren arteko tentsioan gara gizartekoi eta politiko.

Parte-hartze politikoak eta sormen artistikoak bizirik gaudela eta gorputz garela oroitarazten digute. Gihar, neurona eta odol, aldakor, asmo literario edota eraldatze sozial baten grabitate zentroaren inguruan taupaka. Esango nuke, idazketaren oinarrian zirrara dagoen bezala dagoela zirrara parte-hartze politikoaren oinarrian ere. Hunkitzen, pizten eta berotzen diren soinak dira idazleenak eta militanteenak, zaurgarriak eta grinatsuak, mesfidatiak edo fidaberak, baina zirrarari irekiak. Gogoratzen eta imaginatzen dakitenak. Iraganari eta etorkizunari lotuak. Afektuei esker konprometitzen eta konpromisoari esker dardaratzen direnak.

Eta horrek, gizaki oso modura konfiguratzen gaituen alderdi sozial eta sortzaile horrek, imajinazioaren irradiazioak, susmoa sortzen du, izua eta jelosia. Eta maitasuna, baita bikote heterosexualetan ere, susmoen, izuen eta jelosiaren ardura hartzea da, noizbehinka paperetik burua jaso eta izututa dagoen bikotekideari “zer moduz zaude?, zer behar duzu?” galdetzea beste. Elkarren askatasuna zaintzea da akaso lanik politiko eta kreatiboena.

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba