“Liburua hor nonbait erdi idatzita zegoen sentsazioa izan dut… gorputzean”

“Liburua hor nonbait erdi idatzita zegoen sentsazioa izan dut… gorputzean”

Eider Rodriguezek ‘Eraikuntzarako materiala’ nobela argitaratu zuen iaz, aita-alaben arteko harremana abiapuntu duen nobela. Alaine Agirreren puntuei erantzunez, luze eta zabal mintzatu da Rodriguez isiltasunaz, minaz, lubakiez, familiaz edota hitzek duten botereaz, besteak beste.

 

Eider Rodriguez. / Argazkia: lagata

Eider Rodriguezen (Orereta, 1977) literaturan sartu naizen bakoitzean topatu dut halako obsesio bat begiradan. Kanpo munduaren zein pertsonaien barrunbeen behaketa kasik milimetrikoa, doia da idazleak egiten duena. Ornitologia lan bat da bere obra literarioa: bilaketa, behaketa, sailkapena, identifikazioa. Hegazti espezieak, eta parte diren ekosistemak. Horiek guztiak erregistratzen ditu, literatura bihurtuz. Zenbaitetan, disekzionatu ere egiten du, hegaztiaren barruko errai gihar zainak ikusteko. Izendatzeko.

Irakurri ez duenari, nola azaldu Eraikuntzarako materiala zer den (liburu bat definitzerik balego)?
Nobela bat da, isiltasunen bidez hitz egiten duten aita-alaba batzuk dituena protagonista nagusi. Aitak eraikuntzarako materiala saltzen duen enpresa batean egiten du lan eta alkoholikoa da. Alaba, alkoholiko baten alaba izateaz gain zer gehiago izan daitekeen ikertzen ari den norbait da… Horrelako zerbait?

Aldatu da, nolabait, liburua idatzi bitartean edo amaitu orduko zeure buruan eraiki zenuen diskurtsoa, prentsaurrekoetan esan dituzunekin, irakurleek bueltatu dizkizutenekin eta gerora zuk birsortu duzunarekin? Defizinioa eraldatu, osatu, kolektibizatu… egin da?
Zorionez, liburuak gizendu egiten dira irakurleen eskuetan, nork beretik irakurtzen baitu, eta nork berera ekartzen baitu istorioa, idazleak pentsatu eta bilatu gabekoak aurkituz, eta alderantziz, idazleak bilatu eta ustez probokatutakoak alboratuz… Asko interesatzen zait kontraste hori, zuk nahi eta lortu duzunaren arteko aldea; bitxia da benetan. Hilabete gutxi pasa dira liburua publikatu nuenetik, baina kuriosoa da, argitaratu aurreko azken asteak orrazten, leuntzen eta fintzen ibilitako horri sedimentu geruza potoloa itsatsi zaio dagoeneko… Minaz eta maitasunaz hitz egin didate nagusiki irakurleek, eta nik banekien mina eta maitasuna liburuan bazeudela, ez nekiena zen hain dosi handietan zeudenik. Horretaz gain, irakurle askok beren edo senideren edo lagunen baten istorio alkoholikoa aurkitu dute, eta horrek zabaldu egin du intimoa eta partikularra zena, nire lasaitasunerako. Hori da nagusiki aldatu dena, nire ustez.

Konstelazio familiar moduko bat osatzen dute pertsonaiek, elkarri lotuta, baten mugimenduak eragiten du bestearena. Dantza horien artean eraiki ohi gara, eta protagonistaren eraikuntza ere mugimendu horien artean ikus daiteke.
Familiek ekosistema bat osatzen dute, eta bati gertatzen zaionak besteengan du eragina; beraz, hori emanda zetorren zerbait zen. Liburuaren aurkezpen egunean irudi bat erabili nuen mugimendu horiek adierazteko: hondarrezko erloju bat, non aita eraitsi ahala eraikitzen den alaba.

Eta sistema horren barruan, nola egin duzu protagonista-narratzailearen eraikuntza ?
Liburu honetan ez dago pertsonaien bibliarik, ez zen behar, ongiegi ezagutzen nituen guztiak; beraz, eraiki baino deseraiki egin ditudala esango nuke.

Narratzailea batzuetan lehen pertsonan ari da eta besteetan hirugarrenean. Aitaz ere hirugarrenean hitz egiten du, hil eta, bigarren pertsonan, begietara begira bezala zuzentzen zaion arte. Zelan erabaki duzu pertsona gramatikalen alternantzia?
Hasieratik argi neukan aditz denborak oso inportanteak izango zirela liburu honetan, asko zaindu behar nituela; alegia, iraganaz idazteko ez nuela ezinbestean iragana erabiliko. Izan ere, hondamendiaz hitz egin nahi nuen, oraindik gertatu ez den hondamendi batez, eta hor linealtasuna ez da existitzen, iragana, oraina eta presentea bere horretan ere ez dira existitzen… Kaos horren berri eman nahi nuen idazkeraren bitartez, esan gabe; horregatik dago iraganaren parte handi bat presentean narratuta, nahiz eta irakurleak etengabe dakien hori, egutegian, aspaldi gertatu zela. Hor arazo bat sortzen zitzaidan, jakina: eta orduan, nola narratu presentea iragana presentean narratu badut? Presenteak ukigarria behar zuela argi nuen, haragizkoa eta usaintsua, baina hori ezin nuen aditzaren bidez bakarrik lortu, edukiaren bidez baizik. Hori izan zen erronka, sentsazio horiek sortzea, nik neuk sentitzea. Pertsona gramatikalari dagokionez, lehenengo pertsonan konta ezin nitzakeenak nekizkien narratzaileari buruz, kanpotik ikusita nola ematen zuen, adibidez. Kapitulu oso bat eskaini nion aspektu horri; nire ustez,personaia hori osatzeko aspektua da. Arrazoia beste bat da aitari buruz aritzen naizen pasarteetan erabilitako pertsona gramatikalari dagokionean: idazketa zen aita hori laztantzeko idazleak aurkitu duen modua, eta bigarren pertsonaren erabilerak hurbilpen desira hori bistaratu baino ez du egiten.

Zure literaturan isiltasunak asko esan izan du. Hutsak ere bete dezake. Eleberri honetan isiltasunak berak hitz egin du, duen funtzioaz, duen eraginaz, hartzen duen gorputzaz…
Aita-alaba hauek isiltasunen bidez hitz egiten dute, eta, ongi pentsatuta, nork ez? Zenbat gauza esaten ditugu ez esanda? Agian esanda baino gehiago esaten dugu ez esanda, ezta? Hizkuntzaren paradoxa honek obsesionatzen nau aspalditik eta liburuan ere tokia dauka, jakina. Alabak, ume garaian, isiltasunaren aldeko apustua egiten du, hitz egitea arriskatuegia iruditzen baitzaio, konturatzen den arte isiltasuna ez dela existitzen, edo hobe esanda, ez dela posible. Hizkuntz arazo bat ez ote den guztia, hori ere esaten da. Nire beste obsesio bat eta seguru aski idazle gehienena: erabiltzen ditugun hitzek esan nahi duguna esateko balio al digute? Ez dut uste. Eta honek ariketa kolektibo bat izan behar luke: eman diezaiegun hitzei merezi dugun zentzua, hori gabe, galduta gaude, kalaka sideral absurdo batek eramango gaitu. Nire lana liburu honetan ere hori izan da: esan dezatela hitzok esan nahi dudanetik gertuen dagoen hori.

Irudipena dut liburu hau idaztea lotsari begietara begiratzea izan dela. Horrela izan da? Lotsak zer egin du , aurre egin diozunean?
Besteak beste lotsari, bai. Lotsarekin egin dut egin nezakeen bakarra: eraldatzea. Joan Didioni entzun nion, ez dakit lotsari buruz ari zen edo ez zehazki, baina balio dit: banana azal batekin irrist egitea barregarria da eta umiliagarria izan daiteke, baina banana azal batekin irrist egin duzula kontatzea gertakizun berberarekin beste zerbait egitea da; adibidez, jendea barrez jartzea, zeuk ere barre egitea, dagoeneko ez da umiliagarria… Hitzetan jartzea eraldatzailea izan daiteke, finean. Lotsa klandestinitateaz elikatzen da, eta hitzetan jartzean desagertu egin daiteke, guztiz gainera. Nik liburu bat egin dut.

Balio izan dizu, orduan, lotsa desarmatzeko?
Erabat.

Generoaren [lehenago ipuin liburuak argitaratu izan ditu idazleak] eta gaiaren berritasunaz gain, beharbada desberdina da fokua, begirada kokatuta dagoen lekua.
Bai, nire bizitza erreal eta intimotik oso gertu, ezta? Hala da. Hori izan zen agian liburu honen idazketak zekarren hauturik zailena: material autobiografikotik abiatuta fikziozko nobela bat egin edo ez egin. Agerikoak diren arrazoiengatik, material autobiografikotik abiatuta ez fikziozko nobela bat egiteak pudorea eta beldurra ematen zidan, eta hortaz, zentzuzkoena, a priori, bestea egitea zen, material autobiografiko hori fikzionatzea: pertsona, sentimendu, kokaleku, pentsakizun eta gertakizun errealak nituen, horiek eralda nitzakeen, izen-abizenak, toki-izenak aldatu… baina, kurioski, zer diren gauzak, istorioaren berezitasunengatik, hori egiteak oraindik eta pudore handiagoa ematen zidan, traizio sentimendu bat, pornografikoa iruditzen zitzaidan irakurlea gezurrezko izen, gertakizun, sentimendu horien atzean zeuden benetako izenak bilatzen irudikatzea… ezin nuen. Istorio honek eskatzen zuen, eskatzen zidan, hitz guztiak esatea, esan gabeko guztiak, baita nire aitaren izen-abizenak ere. Aurre egitea fantasma horri. Fikzioaren bidez egin izan banu, beste belo bat jarriko nukeen nire eta fantasmaren artean. Hain zuzen ere, belo horren eraisketari buruzko liburua ere bada Eraikuntzarako materiala, ezin zuen bestela izan… eraisketa hori hitzen bidez egin dut, eta berriro diot, hori horrela izan zedin hitz guztiak esan behar nituen, letra guztiekin.

Lubakia edo babeslekua: zeinetatik idazten duzu zuk, oro har, eta zeinetatik idatzi duzu oraingoan?
Ez daukat argi… Lubakitik idaztea zer litzateke, lurrean egitea zanga bat etsaiari arrisku gutxi hartuta tiro egiteko, ez? Eta babeslekua, alderantzizkoa, etsaiaren tiroetatik ihes egiteko leku bat? Eraikuntzarako materiala bi lekuetatik idatzi dudala esango nuke. Agian, idatzi aurretik idatzitakoa eta mamurtutakoa bunkerretik idatzi nuen eta liburua bera lubakitik.

Eta handik gutxira gaur, Haragia, Katu jendea, Bihotz handiegia, Eraikuntzarako materiala. Bide bat osatzen dute zure liburuek, bakoitza geltoki bat izanik? Edo liburu honekin zure ohiko bidetik aldendu zarela iruditzen zaizu?
Galdera baldin bada plan bat ote dudan, erantzuna ezezkoa da. Ez dut horrela idazten. Eleberri hau, eta baita ipuin ugari ere, toki ezberdinetatik atera dira, intuizio, susmo, beldur, behar edo aztoratu nauen irudi batetik… kontrolaezinak diren gauzak dira, arrazoitik apartekoak. Beti esaten dut gauza bera: idatzi nahi dudan istorioetako bakoitzak molde jakin bat du, kontatu nahi nuen azkenaren kasuan nobela izan da molde hori, ez zitzaidan ipuin batean kabitzen. Ederra izan da aldaketa, ordea. Askatasun handia eman dit, narrazio batek agian exijentzia handiagoa dauka zentzu batean: soberan dauden hitz eta esaldiak nabarmen gelditzen dira, dena jokatzen duzu-eta distantzia labur batean. Nobelan, ordea, zehaztasuna ez da hain garrantzitsua, eta are, narrastasuna, ongi etorria izan daiteke (uste dut ideia hau Julio Cortazarrena dela).

Orduan, idaztea katartikoa izan daiteke? Eraldatu egin gaitzake?
Bai. Irakurtzeak ere bai. Eta hitz egiteak. Mediku batek kontatu zidan kontsultara doazen gaixoetako asko gertatzen zaiena esate hutsarekin hasten direla hobeto sentitzen. Hitzak uste duguna eta adierazten duguna baino botere handiagoa dauka edo eduki dezake.

Eraikuntzarako materialaren eraikuntzaz eta materialaz hitz iezaguzu. Lehenengo materiala bildu zenuen eta gero eraiki? Idazketa prozesuaren denborak, espazioak, zure gorputzak…
Bai, hala izan zen. Gero, beste material bat, gutunak, bidean agertu ziren, idazketa prozesu betean nengoela, oker ez banago, baina ez daukat argi. Prozesuari dagokionez, bete-betean sartuta egon naiz idazketa prozesuan, urtebetez edo; ez da hainbeste. Asko gozatu dut. Asko ikasi dut. Egunean hiruzpalau ordu pasako nituen idazten, gehiago ez, bakar-bakarrik atera da liburua; horregatik, hor nonbait erdi idatzita zegoen sentsazioa izan dut… gorputzean, bai.

Zenbait idazleri erreparatuta, iruditu izan zait batzuek arrazionalitatetik idazten dutela, eta beste batzuek intuizioak gidatuta-edo, aurretiaz nora doazen jakin gabe. Zeinetakoa zara zu?
Bietatik daukat. Normalean asko planifikatzen dut ekin aurretik, baina intuizioari eta inkontzienteari bide zabala uzten diet, beti. Eraikuntzarako materialak, ordea, batez ere, bigarrenetik dauka idazketa puruari dagokionez. Behin erabaki batzuk hartuta, arrazoizkoak iruditu zitzaizkidanak, intuizioari utzi nion jokatzen.

Oker egon naiteke, gehiegi esatea izan liteke nire aldetik, baina sentsazioa daukat liburu honekin zerbait egon dela, aldatu-edo, apurtu-edo, jaio-edo egin dena. Arrakala bat?
Asko ukitu nau liburu honen idazketak, eta batez ere argitara emateak, baina oraindik goiz da esateko zer den aldatu, apurtu edo jaio dena.

Ukitu zaitu, eta ukitu gaitu. Liburua irakurri bitartean bertan bizi izan naiz. Eta irakurtzen amaitu ondoren ere, oraindik liburua nigan bizi da. Bizileku izan duzun libururen bat gomendatu nahiko zenuke, elkarrizketa amaitzeko?
Asko dira, ez denak atseginak, baina bat gomendatzeko eskatuz gero, leku gozo, argitsu eta epel bat proposatuko dizut: Julio Cortazarren ipuinak; prosa horretan bizi ninteke luzaz aspertu gabe.


Irakurri gehiago euskaraz:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba