Euskara eta feminismoa: Nitik, Gura
Euskararen eta feminismoaren arteko loturak aztertu dituzte Bagera elkarteak antolatutako tailer batean, Donostian. Dinamizatzaileak nabarmendu du hizkuntzak gutasun kolektiboa eraikitzeko balio duela.
Dibisa
Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana
Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa.
Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra.
Maria Merce Marcal
Gerda Lerner historialari eta idazle feministaren aburuz, mendekotasun historikoari aurre egiteko ezinbestekoa da gure historiaren, izandako bizipenen eta memorien ardura hartzea. “Finean” dio Lernerrek, “aurretik izan diren gatazkak, erresistentzia ariketak, ahalduntze eta aldarrikapen kolektiboak -garaipenak izan ez badira ere- ezagutu beharreko borrokak dira”. Izan ere, errelato horiek direla medio, gertatu denarekin harremanetan jarri, eta isiltasunetik aterako omen gara, emakumeen borrokak beti zerotik hasten diren ideia apurtuz. Premisa honetatik abiatu zen Eider Perez euskal filologo eta feminista martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean Donostiako San Telmo museoan gidatutako tailerrean. Bagera elkarteak (Donostiako euskaltzaleen elkartea) antolatu zuen, eta aurrez Pasaian eskainitako Euskara eta feminismoa: iragana eta etorkizuna aletzen saioak emandako haziak hartu eta Donostian fruitu propioak landatzea izan zuen helburu. Proposamenaren xedea izan zen, memoria arakatzeaz gain, Donostiako herritarrek euskararekin eta feminismoarekin zer egin nahi duten pentsatzea.
Noiz ohartu zinen euskaldun zinela? Eta emakume* (ez-gizon, ez-hegemoniko) zinela? Noiz ohartu zinen bazterrean zeundela? Horrelako galderak bota zituen Eider Perezek hausnarketa bultzatzeko. Errealitatea hizkuntzaren bidez ezagutzen dela jakina da, baita errealitatean dauden gorputzak dominazio matrize batek zeharkatzen dituela ere. Enekari honakoa gertatu zitzaion 20 urte zituela: gizonezko ertzain nagusi batek identifikazioa exijitu zion gaztelaniaz, eta berak euskaraz hitz egiteko eskatu zion. “Orduan isun bat jarri zidaten. Une horretan konturatu nintzen zer suposatzen zuen euskaraz mintzatzeak eta emakume gazte izateak”. Beste parte-hartzaile batek identitate euskalduna hauteman zuen lehendabizi: “Frankismoan izan zen;garai horretan ezin genuen euskara etxetik kanpo erabili, eta kontu handiz biltzen ginen”. Emakume, feminista eta euskalduna izateak modu zehatz eta konplexuan zeharkatzen du gorputza, eta hori azaltzeko Angela Davisen zapalkuntza hirukoitzaren ideia erabili zuen dinamizatzaileak: “Hiru aldiz zapalduak izan gaitezke, baina hiru bider errebelde ere bilakatu gaitezke”, nabarmendu zuen Perezek.
Boterea, hizkuntza praktikak eta gatazkak
Hizpide izan zuten euskara eta feminismoaren gaiak jorratzeak botere harremanak identifikatzea dakarrela. Izan ere, boterea ez da soilik goitik beherakoa, eta testuinguruaren arabera, pertsona bera zapaldua edo zapaltzailea izan daiteke. “Izan al zaitezke feminista eta galegoa defendatzeari uko egin? Bai, baina ez da koherentea. Galegoaren alde egin dezakegu eta aldi berean ekologista ez izan? Hori ere inkoherentea izango litzateke,” dio Perezek. Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Eta euskaltzale feminista izan gabe? Azken bi galdera horiek erantzun zituzten Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoek Noticias de Gipuzkoa-n argitaratutako elkarrizketan: “Gure erantzuna da ezin garela izan euskaltzale feminista izan gabe, eta ezin garela feminista izan euskaltzale izan gabe”. Bi autoreek erantzunaren bila egindako gogoetak batuz eta ordenatuz plazaratu zuten Trikua esnatu da (Susa, 2019) liburua, eta hain zuzen, lan hori erabili zuten tailerrean gaian sakontzeko. Idurre Eskisabelen iritziz, “isilpean zegoen gabezia bati ere erantzuten dio” euren gogoetak, hizkuntzaren eta sexu-genero sistemaren arteko harremanari, alegia.
“Feminista izateak eta euskara alboratzeak menderatze-egoeran ipiniko luke gure burua”, jarraitu zuen Eider Perezek. “Berdina gertatuko litzateke denda edo udaletxe batean sartu, eta gaztelaniaz hitz egitera behartuko bagintuzte”. Horren harira, tailerreko emakumeek eraso linguistikoei buruz eztabaidatu zuten. Batzuen iritziz, eraso eta biolentzia matxistak identifikatzeko erreminta sendoak daude, baina kontrara, eraso linguistikoak hautematea zailagoa egiten zaie, kasu askotan, gai honekiko kontzientzia politikoa edo sentsibilitatea ez baita berdina. Beraz, garrantzitsua da menderatze-egoerak gertatzen diren testuinguruak identifikatzea, hainbat erresistentzia praktika gertatzen direlako, eta ziurrenik, egoera guztietako subjektu zapaltzailea berdina izango delako. Izan ere, zapalkuntza guztiek izaera estruktural, diziplinatzaile eta hegemonikoa dute. Eta zer egin dezake euskarak edo hizkuntza praktikek boterearen eta opresioen kontra? Eskisabelen iritziz, autoerrekonozimenduan pisu handia dute identitate eraikitzaile kolektibo eta indibidualak diren heinean. Beraz, eraldaketa soziala bultzatuko luke gure burua euskalduntzat hartzeak eta feminismoarekin harremanetan jartzeak, edo, beste modu batera esanda, genero eta hizkuntza gatazkara. Harreman asimetrikoaren oinarriak ezingo dira gainditu beren funtzionamendua ezagutzen ez bada. Pierre Bordieu soziologaren hitzetan, “eguneroko hizkuntza praktikak borroka eremu dira”.
Ama hizkuntza eta hitza
Bizi esperientzia ezberdinak partekatu ondoren, beste galdera bat bota zen: bizi esperientzia ezberdinak partekatu ondoren, beste galdera bat bota zen: emakumezkoena ama-hizkuntza omen da, eta hitza gizonezkoena?. Zergatik? Isiltasuna. Zein harreman du horrek emakumeek betetzen dituzten zaintza lanekin? Ez da kasualitatea tailerrera bertaratutako ia emakume guztiak irakasleak izatea. “Emakumeena da hizkuntzaren transmisioaren giltzarria: ama, andereñoa, ama soziala…”, dio Trikua esnatu da liburuak. Emakumeak eremu pribatuan eta gizonak eremu publikoan. Erreprodukzioa eta produkzioa. Lan ez ordaindua eta lan ordaindua. Trikua esnatu da liburuan azaltzen den bezala: “Jendarte berdinzaleago batean bagina, aitak alaba-semeen zaintzaz modu parekidean gutxienez arduratuko balira, aitaren zein amaren hizkuntza identitateek pisu bera izango lukete, eta transmisioa bien ardura izango litzateke”. Beraz, emakumeek pisu handiagoa izan dute –eta dute– hizkuntzaren transmisioan. Datuak erabiltzearren, euskaraldiko parte hartzaileen %70 emakumeak izan zirela esan zuen Perezek. Herrietako hizkuntzaren aldeko mugimenduetan nor ari dalanean? Hizkuntza arloko ikerketetan beti agertzen da generoa, Jaime Altuna eta Jone Miren Hernandez hizkuntza antropologoek diotenez. Kasualitatea edo marko konkretu baten aztarna?
Normalkuntza eta ahalduntzea
“Euskararen posizio subordinatua ulertzeko ezinbestekoa da feminismoek dakarten subordinazioaren inguruko hausnarketa egitea”. Hori dio Jule Goikoetxea filosofoak Susa editorialak argitaratutako liburuaren hitzaurrean. Eta ideia horri heldu zion Perezek ahalduntzeari buruz jarduteko: “Joan gaitezke hizkuntza-normalizazio bateruntz genero-parekidetasuna indartzen badugu? Beharbada bai, (des)naturalizazioaren bidez”. Beste modu batera esanda, Fanonek azaldutako “arrazaren epidermizazioa” prozesua pairatu du emakumearen gorputzak: “Zuria bere zuritasunean giltzapetuta” dagoen bezala, “emakumea bere izate naturalean” dago giltzapetuta; beraz, deseraikitze edo desepidermizazio prozesua behar du. tailerraren dinamizatzaileak Adolfo Suarezen adierazpen bat erabili zuen tresna analitiko hau plano linguistikoan azaltzeko. Espainiar gobernuburuak adierazi zuen euskarak ez zuela balio fisika kuantikoa azaltzeko. Gaztelaniaz ikasi behar dugu eta ez euskaraz.Hizkuntza naturalizatu zuen. “Zer nahi duzu mediku ona edo mediku euskalduna? Zer nahi duzu bertsolari ona edo emakumea? Jarri emakume esaten den tokian euskara eta berdin funtzionatzen du”, erantsi zuen Perezek.
Euskalgintza eta feminismoa
Deseraikitzearen ideia asko landu du feminismoak, eta euskalgintzan ere ez da berria. 60. hamarkadan, euskalgintzaren pizkunde garaian, hedatu zen “euskalduna egin egiten dela”. Txillardegik eta Joxe Azurmendik, Simone de Beauvoir pentsalariaren existentzialismotik abiatuz, euskal identitateari buruz eztabaidatu zuten: “Euskaldun zertarako?”. Joseba Sarrionandia idazleak zera dio: “Euskaldunak egiten dugun hori gara. Ez gara inor eta dena dugu egiteko; dohai bat da”. Zentzu horretan, dinamizatzaileak azpimarratu zuen hizkuntza erabil daitekeela gutasun kolektiboa eraikitzeko:“ “Hartu kontzientzia, izan zaitez euskaldun, egin ezazu euskaraz, zerbaiten alde”. Funtsean, Lorea Agirrerren ustez, feminismoak lortu duen zerbait falta zaio euskalgintzari: bere burua euskaltzaletasunetik azaldu ahal izatea.
Hiztunak ahalduntzen direnean, ez dira bakarrik hiztun gisa ahalduntzen, norbanako gisa ere ahalduntzen dira, kolektibo bateko kide bezala, herritar bezala. Perezen hitzetan, “ahalduntze prozesu batek (feminismotik edo euskalgintzatik, adibidez)”, “beste ahalduntze geruza batzuetara eramaten ditu herritarrak beste proposamen eta ikuspegi batekin”. Maria Merce Marcal-en bertsoak dioten bezala: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra”. Demokrazia demokratizatzeko bideak dira generoaren ahalduntzeko bideak.
Gehiago irakurri: