Gabriela Damián: “Nire idazketa pertsonei, animaliei, mineralei, iraganari eta etorkizunari entzutean oinarritzen da”
Gabriela Damián Miravetek Mundua den etxea fabula argitaratu berri du. 2018an AEBetako Tiptree saria jaso zuen feminizidioei buruzko Soñaran en el jardín (Lorategian amestuko dute) ipuinari esker.
Gabriela Damián Miravete (Ciudad de México, 1979) zientzia fikzio idazlea da. Mundua den etxea fabula argitaratu berri du Zirriborroak eta gero proiektuaren baitan. 2018an AEBetako Tiptree saria jaso zuen feminizidioei buruzko Soñaran en el jardín (Lorategian amestuko dute) ipuinari esker. Azala Espazioan ezagutu genuen elkar, Damián Miravetek gidaturiko Arkeologia imajinarioak lantegian. La canción detrás de todas las cosas (Gauza guztien atzeko kanta) liburua argitaratuko du laster.
Nola sortu zen Soñaran en el jardín ipuin saritua?
Mexikoko argitaletxe batek feminizidoei buruzko ipuin bat idazteko enkargua egin zidan. Bazuten narkoei buruzko bilduma bat eta feminizidioei buruzko beste bat egin nahi zuten. Mesfidantza eragin zidan. Ipuinek izan zezaketen kutsu biktimista edo sentsazionalistak kezkatzen ninduen, hori da Mexikoko literatura ikusgarriena, esportagarriena: Mexiko biolentoaren irudia finkatzen duena. Niri antitetikoa iruditzen zait, horren kontra idazten dut, baina, ezetz esan beharrean, nire erara egitea erabaki nuen, zientzia fikziotik.
Ipuineko protagonistak hologramen bidez bizitzara bueltatzen ditu gizonek eraildako emakumeak. Haien memoria gordetzeko lorategi bat sortzen du. Lorategiko zaindariak Marisela izena du, Marisela Escobedoren omenez.
Bai, Marisela Escobedori esker hasi nintzen feminizidioen kontra militatzen, 2010ean. Mexikon biolentzia krisia handia zen Felipe Calderonen gobernupean. Migranteen karabana bati eraso egin eta 72 pertsona hil zituzten. Hilketa horien ostean hainbat taldek biolentziaren behatoki bat jarri zuten martxan eta nik ere parte hartu nuen. Proiektuak Nuestra aparente rendición izena zuen eta haren azpiatal batek, Menos días aquí izenekoak, Mexikoko hilketa biolentoen erregistroa egiten zuen. Boluntario gisa hasi nintzen bertan. Hildakoen zenbaketa egin eta haiei buruzko ahalik eta informazio gehiena bildu behar genuen, zenbaki bat baino gehiago izan zitezen. Astebete neraman behatokian, egunoro 30 hilketa inguru zenbatuz, eta abenduaren 16an Chihuahuako Justizia jauregiaren aurrean emakume bat erail zutela entzun nuen albistegian. Pentsatu nuen: “Ez dadila Marisela Escobedo izan”. Garai hartan protestan ari zen justizia jauregiaren aurrean, hainbat urtez bere alaba hil zuen gizonaren atzetik ibili ostean, poliziari entregatu eta poliziak aske utzi zuelako. Protestan ari zela hil zuten. Heriotza hura zenbatu eta erregistratu behar izan nuen, feminizidioen kontra altxatu zen ekintzaile baten feminizidioa. Mariselak aldatu egin zuen feminizidioen trataera mediatikoa. Horregatik da bera ipuineko lorategiaren zaindaria.
Memoriari buruzko hausnarketa sakona egiten da ipuinean.
Memoria teknologiari oso lotua dago. Memoria teknologiarekin artikulatzen du zientzia fikzioak, gure garapen teknologikoa eta memoria biltegiratzeko gaitasuna besoz beso hazi dira, memoria gordetzeko beharrak eraman gaitu teknologiak garatzera. Idazketa bera da memoria gordetzeko eta oroimena zabaltzeko sortu genuen aurreneko dispositiboetako bat. Gaur egungo garapen teknologikoaren aurrean garrantzitsua iruditzen zait memoria zertarako erabili nahi dugun pentsatzea. Aukerek infinituak eta harrigarriak dirudite. Kasik posible dirudi pertsona bat lainoan gordetzeak. Erakargarria da, baina inplikazio nabarmenak ditu: zer eta nola gordeko dugu? Nork erabakiko du zer gordeko dugun?
Nola gorde eraildako emakumeen memoria?
Mexikoren kasuan, maiz, hezurrak baino ez dauzkagu. Ez dakigu norenak diren. Oso arraroa da. Batetik, aukera teknologiko ugari dauzkagu eta, aldi berean, justizia-sistemak ez dira batere eraginkorrak, erasotzaileek inpunitate osoa dute. Badirudi herritarren sektore batentzat memoria luxua dela. Ba ote dugun gugandik zer eta nola gordeko den erabakitzeko agentziarik? Ipuinaren epigrafea zerrenda bat da, gizon batek 20 urterekin hil zuen neska baten desio-zerrenda, non etorkizunerako asmoak biltzen zituen. Etorkizun zati hori da Soñaran en el jardin ipuinaren abiapuntua. Eduki ezin izango dutena da fikzioan eman nahi niena.
Hologramak azaltzen dira ipuinean. Zergatik?
Artisten hologrametan pentsatzen nuen, imitaziozko ahotsez eta gorpuzkeraz abeslariak edo aktoreak ordezkatzen dituzten hologrametan. Haien ahotsa eta irudia publikoak dira eta, beraz, nahi dutena egin dezakete haiekin, baita hil eta gero ere. Nola arautu hori? Interesgarria iruditzen zait biziok errealitate digital horiekin nola harremantzen garen pentsatzea. Komenigarria al da hilda daudenekin horrela dialogatzea? Teknologiak teknologia, hilek ezin dute mundu honetan zein eratan jarraitu nahi duten erabaki. Hil ostean presente egoteko moduen inguruko adierazpenak behar ditugula uste dut. Deklaratu beharko genuke presente egoten jarraitu nahi genukeen ala ez, gure esaldi ezagunak gordeko dituen bot-ak existitzea nahi dugun ala ez… Bot-en berri jakin nuenean, gure amonaren esaldiekin bat egitea pentsatu nuen, baina ipuin bat idatzi nuen azkenean.
Gordetzeko beste era bat da.
John Bergerrek zioen pertsonak garela iraganaren konpainia behar dugun animalia bakarrak. Hilen ahotsak, datuak eta ezaugarriak gordetzen ditugunean arbaso eta ondorengo onak izan behar dugu. Begirunea behar da iraganarekiko bezala etorkizunarekiko ere.
Fikziorako besteren ahotsa erabiltzeaz, zer diozu?
Ezin diogu norbaiti ahotsa eman hark ahotsik ez daukalakoan. Hilen kasuan egia da, ez dute ahotsik. Hilen kasuan, Cristina Rivara Garzaren ideia gustatzen zait: “Utzi artxibategiari hitz egiten”. Gurekin batera, orainaldi berean bizi diren beste giza-talde batzuei dagokienean, haiekin sortzen dugun harreman-moduaz pentsatu behar dugu. Zer harreman dut kolektibitate honekin? Zergatik kontatuko dut nik? Zein baldintzatan? Jatorrizko herrien kasuan, adibidez, zergatik idatzi nobela bat herri horrentzat nobelak, espresiobide gisa, esanahirik ez badu?
Memoriaren apropiazioaren gaia lantzen duzu ipuinean. Instituzionalizatzearen arriskuez gogoetatu nahi zenuen?
Proiektu guztiek jasaten duten errealitate-kolpea da. Militantziatik instituzionalizaziora igarotzen zarenean bihotza puskatzen zaizu apur bat. Hala ere, hasierako asmoaren parte bat urardotu arren, uste dut muina ez dela guztiz galtzen. Ez da desagertzen erresistentzia, beti egongo da kontrapisua egiten jarraituko duen indarra. Gizartearen makinak diskurtsoen apropiaziorako joera du, estatuaren edo kapitalismoaren komenientziara makurtuko ditu iniziatiba erresistenteak, baina kontrapisua hor dago eta zaindu egin behar da. Aldiro galdetu behar dugu: “Zein zen asmo honen hasierako helburua?”. Erresistentzia erradikalarentzat helburua ez da instituzioen aitortza: ez estatuarena, ez Aita Santuarena, ez inorena. Beti zaindu behar da ertza. Horregatik ekarri nuen ipuinera zaindariaren figura: Marisela proiektuaren muinaren zaindaria da, utopiaren zaindaria.
Utopia urardotu arren.
Donna Harawayrekin bat nator: garrantzitsua da arazoarekin jarraitzea; ekitea, arazoarekin ere. Hor egotea utopia zaurituetan. Ez etsitzea. Are gehiago: aldaketa prozesuak ikusteko modu bakarra arazoarekin gelditzea dela uste dut. Utopia haizea hartzera bidaltzen badugu, denok egiten badugu Omelastik ihes, akabo. Batzuetan alde egin behar da, edo distantzia hartu behar da norbere utopietatik, baina interesgarriena utopia anbiguoak eta kontraesankorrak onartzea dela uste dut. Haustura uneak bezain garrantzitsuak dira pazientzia, akonpainamendua, behaketa eta eraldaketa uneak.
Mariselak borrokari eusten dio utopia zaurituan ere.
Bai, pazientziak eraman du eraildako emakumeei etorkizuna teknologikoki bueltatzea posible den punturaino. Teresa P. Mira de Echeverriak 10 variaciones sobre el amor (Maitasunari buruzko 10 aldaera) saiakeran dio utopiak zeruertz bat ematen digula oinez hasteko. Arteak traizio egiten digu samina zoriona baino interesgarriagoa dela sinestarazten digunean, bat nator Ursula K. Le Guinekin. Eta Rebecca Solnitek dioen gisan, baikortasuna, akaso, inozokeria izango da; ez, ordea, esperantza.
2050, El fin que no fue podkasta eta Zirriborroak eta gero proiektua goraipatzen dituzu utopietarako bideak imajinatzeko ariketa jartzen dietelako espezialistei.
Hutsune hori betetzea da utopistaren lana: orainaren eta utopiaren artekoa. Iparrorratz horrek beste toki batzuetara eraman gaitzake. Hiperstizioaz ari naiz, autobetetzen den profeziaz. Gure fikzioek errealitatean eragin dezakete, eragiten dute. Zirriborroak eta gerok proiektu eraldatzaileak eta fikziozko errealitateak uztartzen ditu, espekulazioaren erremintak jartzen ditu herri mugimenduen eskura. Irudimenaren tresnak, lengoaiaren eta narratibaren erremintak herritarren asmo eraldatzaileekin uztartzea beharrezkoa da. Italo Calvinok zioen: “Aurkitu infernuaren erdian nor eta zer ez den infernu, eta iraunarazi, eta eman tokia”.
Azala espazioan eman zenuen lantegian, Arkeologia imajinarioak izenekoan, geure irudimenaren mapa marrazteko eskatu zenigun. Nolakoak dira imajinazioaren mapak?
Gustatzen zait imajinazioa territorio gisa ulertzea, bakoitzarenak ditu ezaugarri bere-bereak, baita mugak eta arazoak ere, zuloak eta arrakalak. Uste dut sortzaileentzat erabilgarria dela beren imajinazioa kartografiatzea, bertan zer dagoen ikusteko: aberastasuna, iturriak, mugak, kokapenak. Interesgarria da fisikoki lokalizatzea diskurtsoak nondik jaulkitzen ditugun, mapak elkarren aldamenean jartzea, batez ere, komunikazioa zaila den kasuetan.
Zeintzuk izaten dira imajinazioaren mugak?
Badira zenbait kondizio territorioan: adina, generoa, jatorria, etnia, klasea, espiritualitatea edo espiritualitate falta… Lurraren ezaugarriak dira, eragin zuzena dutenak jasoko dugun uztan. Alejanda Eme Vazquezek esaten duen moduan, existentziaren baldintza material guztiak hartu behar dira kontutan. Ez naiz ziur irudimenak mugarik baduen edota mugak enuntziazioarenak diren. Mugek errespetuarenak, kontestuarenak eta elkarrizketarenak behar lukete. Imajinazioaren mugak irazkorrak eta elikagarriak dira. Horregatik ibili behar dugu kontuz gainerako terreno irazkorrekin harremanetan sartzen garenean. Gustatzen zait pentsatzea imajinazioak ez duela mugarik eta, aldiz, imajinazioaren adierazpenek mugak behar dituztela. Mugarik sentitzen ez badugu, pentsa dezagun zergatik. Zergatik ez diogu geure irudimenaren espresioari mugarik jartzen? Noren territorio irazkorrean sartzen ari gara bortxaz?
Etorkizunen konoarekin lan egin genuen lantegian. Zer da eta zertarako erabiltzen da?
Terrorifiko samarra da, denerako erabiltzen da-eta! Joera berriak modak sortzeko kapitalismoaren tresnetako bat dira. Nire proposamena tresna hori hartu eta artearen esparrura eramatea izaten da, narratiba espekulatiboak sortzeko. Horrek agentzia ematen digu etorkizunaren aurrean. Normalean, etorkizun bakarra “saltzen” zaigu, eta ezkorra izaten da. Egiaz, etorkizunak ugariak eta moldagarriak dira, kreazio kolektiboak diren heinean.
Iragana eta etorkizuna entzuten trebatu behar dugula esan zenuen.
Fredric Jamesonek, etorkizunaren arkeologiari lotuta, orainaldian etorkizunaren aztarnak aurkitu behar ditugula dio. Horretarako, entzumena zorroztu behar dugu.
Askotan aipatzen duzu entzutea. Zer toki dute entzute-ariketek zure lanean?
Oso garrantzitsua. Egungo kultura ikusmenean oinarritzen da eta uste dut desiragarria litzatekeela arreta entzumenerantz mugitzea. Entzumenaren fantasmagoria da neure irudimenarekin lotzeko dudan modua. Ez erlijiotasunetik, baina sinesten dut begitazioetan, literatura profetikoan. Irudipenen metodologia erabiltzen dut. Mistikoen begitazioen baliokidea da niretzat entzute-ariketa. Adipenak edo belarritazioak dira nire metodologia. Nozio hori mundu erlijiosotik atera eta mundu kreatibo garaikidera ekartzea gustatzen zait. Entzutea besteentzako egotea ere bada. Ezin dira bereizi entzutea eta zaintzea, ez literaturan ez bizitzan. Nire idazketa beste pertsonei, animaliei, mineralei, iraganari eta etorkizunari entzutean oinarritzen da. Belarria haien bularrean jarri nahi dut haien bihotza entzuteko. Escuchar latineko ascultare-tik dator, auskultatzetik. Hortik arakatu nahi dut idazketa.
Mundua den etxea fabula idatzi duzu ( Amaia Apalauzak euskaratua) Zirriborroak eta gero proiekturako. Migrazioaren gaia jorratu duzu bertan.
Lanketa kolektibo bat egin genuen migrazioaren etorkizun desiragarriei buruz eta hortik abiatuta hasi nintzen idazten. Patronekin gogoratu nintzen. Patronak Mexikoko Veracruzeko herri txiki bateko emakumeak dira, migranteei jaten eta edaten emateko antolatzen direnak. Etorkizunaren aztarna bat dira niretzat. Espezie gisa bizirauten badugu, halakoei esker izango da.
Hunkitu egin nau zure fabulak hizkuntzak eta, konkretuki, euskara tratatzeko duen erak. Etorkizuna irudikatzen dudanean euskararekin zer gertatuko den galdetzen diot neure buruari.
Asko miresten dut itzulpen lana, bakerako bideetako bat dela sinesten dut. Fabulan hizkuntzen arteko bizikidetza lantzea funtsezkoa zen niretzat. Hemen bizi izan nintzenean ohartu nintzen nire jatorri mexikar klase ertainekoaren “despisteaz”, gorra nintzela Mexikoko hizkuntz errealitatearekiko. Eleaniztasunarekin egin nuen topo eta orduan konturatu nintzen aukera posibleetako bat zela. Gurean, konkistarekin eta independentziarekin suntsitu zuten etorkizun eleanitzaren aukera. Nazionalismo mexikarrak gaztelaniaren bidez ezarri zuen identitate mexikarraren homologazioa. Nik nawat eskolak hartu nituen, nire territorioko hizkuntza entzun nahi nuen, gaztelaniaren aurrekoa. Baina mexikarrok ez gaude Mexikoko 64 hizkuntzak ikastera behartuta, existituko ez balira bezala joka dezakegu. Eleaniztasunaren aukera erauzi ziguten! Ni desindigenizatutako pertsona urbanoa naiz, indigena den oro (hizkuntzak, tartean) erauzteko programa kultural mexikarraren produktu.
Zalet izeneko aparatua asmatu duzu fabulan, itzultzaile automatiko aurreratua, elkarrizketa eleanitzak posible egiten dituena.
Errealitateak azpitituluak izatea desiratu izan dut maiz. Ez nuen ni bezalako norbait jarri nahi etorkizun eleanitzaren protagonista. Etorkizunaren hazietan, Yasnaya Elena Aguilar bezalako pentsalariak ikusten ditut. Haiei esker ari gara hizkuntzen eta kulturen arteko harremanari buruz ikasten. Yunuen progonista maia hiztuna da eta zuzenean harremantzen da euskararekin. Itzulpenaren beharra eta gozamena aldarrikatzen ditut. Traducere-aren plazer intelektuala, ludikoa eta emozionala. Etorkizun hori posible dela uste dut, ibil dezagun, bada, harainoko bidea.
Gehiago irakurri: