Olatz Salvador: “Beti ez daukat jendeaurrean irribarretsu agertzeko gogorik, batzuetan hausten naiz eta esan behar da”

Olatz Salvador: “Beti ez daukat jendeaurrean irribarretsu agertzeko gogorik, batzuetan hausten naiz eta esan behar da”

Skakeitan taldearen azken bira Aho uhal bakarkako diskoaren promozioarekin uztartzen ari da Olatz Salvador. Emakume musikariak saretzeko proiektuetan ere inplikatu da. Arrakasta autozaintzarekin bateratzea da esku artean daukan erronketariko bat.

Olatz Salvador Bira kultur gunean. | Argazkia: Iker Garcia Millan

Skakeitan taldean teklista eta korista izateaz gain, bere izena duen proiektuaren ahots eta buru bilakatu da Olatz Salvador (Donostia, 1989). 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen lana, Zintzilik, eta joan den urtean bigarrena, Aho uhal. Halaber, Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Itziar Soraluzerekin batera murgildu da Mauriziak ez dau inor hil proiektu kolektiboan, euskal emakume musikarien erreferenteak erritmo elektronikoekin eta autotunearekin berpiztea xede duena.

Instrumentistaren paperetik oholtzaren lehengo iladara igarotzeak presioa eta autoexijentzia areagotzen ditu, are gehiago jendarte patriarkal batean emakume zarenean. Horregatik, kanpoko erasoez eta barne gatazkez aritzeaz gain, oso epaituak diren emakumezko sortzaileak balioetsi ditu Salvadorrek elkarrizketa honetan, izan Izaro zein Rosalía. Haien anbizioa miresten badu ere, musikari donostiarrak ez dauka helmuga jakinik, nahiago baitu emozioek gidatutako bideak arakatu.

 

Aho uhal disko kontzeptuala dela diozu. Nola sortu duzu?

Oso pertsona emozionala naiz ni. Ez dut diskurtsoa modu arrazionalean erabakitzen, baizik eta emozioetatik sortzen. Abestien sorkuntza prozesua ez da lineala nire kasuan; letra batetik abiatu daiteke, instrumentu batetik edota melodia batetik.

Diskorako osotasun bat bilatzen nenbilela, terapeutak esan zidan: “Zure bizitzaren rienda hartu behar duzu”, urte gutxitan bidegurutze asko izan ditudalako aurrean. Nola esango ote da rienda euskaraz? Aho-uhal dela irakurtzeak harritu ninduen eta iruditu zitzaidan jokoa eman zezakeela, hitz ahalduntzaile gisa erabiltzen delako, kontuan izan gabe aho-uhalak hartzen dituenak beste izaki bizidun bat jazartzen duela. Hau da, zure bizitzaren kontrola hartzen duzunean, zeren kontura egiten duzu? Edo alderantziz, zu izan zaitezke zaldia, pentsa dezakezu zuk gidatzen duzula eta hala ez izan.

 

Psikologoa zara formazioz. Iruditzen zait zure abestiek prozesu emozionalak laguntzeko gaitasun handia daukatela. 

Psikologian aritu naiz, baina orain pixka bat arrotz sentitzen dut. Nire proiektuan psikologia eta musika elkartzen dira, baina ez psikologoa naizelako. Hau da, ez dut idazten inori ezer erakusteko, baizik eta nire burua ulertzeko, barruan gertatzen zaidana askatzeko.

 

Izaro Andresek kontatu zigun esan diotela bere letrak ez direla politikoak, eta bera bai kontsideratzen dela oso politikoa. Senak esaten dit zuri ere gertatzen zaizula.

Bai. Euskal Herrian joera da soilik hartzen dela politikotzat ezker abertzalearekin lotutako aldarriak egitea. Baina non geratzen da pertsonak erdigunean kokatzearen beharra? “Pertsonala politikoa da” lelo feminista aldarrikatzen dut. Politikoa da pertsona batek niri esatea: “Lagundu didazu nire aitaren dolua gainditzen”. Horrek niretzat kriston boterea dauka. Sustraiak lehenengo laneko kantaren letrari buruz azalpenak eman behar izan ditut, hurrengo esaldiagatik: “Grabitatearen indarraz gain, ez dut inolako sustrairik nahi”. Kanpora bizitzera joan nintzen garai batean idatzi nuen, aldaketarekiko bertigoa nuelako. Askotan jendeak testuingurutik ateratzen ditu letrak. Beste batzuetan, jendeak bide berriak eman dizkit nire letrak interpretatzeko, eta inoiz imajinatuko ez nituzkeen istorioetara eraman naute.

 

Zure letretan oso presente daude desira, maitemintzea, desamodioa… Bereziki gustatzen zait Gelditu hor abestiaren mezua: “Min egiten badizu / ez egon hor. On egiten badizu / gelditu hor”.

Mezu hori niretzat bada politikoa! Ane Labakaren meritua da, baina niri ere asko gustatu zitzaidan eta gauza guztietarako balio du. Lanean ondo ez bazaude, agian ezin duzu jarraian utzi, baina beharrezkoa da identifikatzea zerk egiten dizun on eta zerk ez, eta horren arabera jokatu.

 

Ane Labakaz gain, Alaia Martinek ere beste letra bat idatzi dizu, Aho hari, diskoaren ildo kontzeptualarekin bat egiten duena. Zoragarria izan behar du bertsolari feministekin lan egitea!

Badakit bertsolariak ez direla sorginak, ez daukatela superbotererik baizik eta entrenamendu asko dagoela atzean, baina niretzat badira! Flipatzen dut zuzenean egiten dituzten gauzekin, eta  luxua da niretzat letrak sortzeko aukera izatea. Egia da gero letra horiek zurera eraman behar dituzula. Ane Labakaren letraren lehenengo irakurtaldian pentsatu nuen: “Ezin dut hau abestu!”, hitz askoren esanahia ezagutzen ez nuelako! (Barreak)

 

Esaterako?

Ordeka edota haztamuka. Pixkat iruzurti sentitu nintzen, baina horrela ikasten da; agian orain nire egunerokotasunean erabiliko dut haztamuka! Oso hitz polita iruditzen zait.

 

Aurreko Urdin Elektrikoan, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaizak kontatu ziguten nola lortu duten bertsolari feministen arteko ahizpatasuna sendotzea. Zer urrats eman dituzue musikariok? 

Oraindik saretze prozesuan gabiltza. 2020an, pandemiaren testuinguru hain gordin horretan, hasi ginen biltzen Lide Hernando, Izaro Andres, Eneritz Dueso, Garazi Esnaola, Idoia Hernandez, Miren Narbaiza eta zazpiok. Musikari Euskal Herriko Musikarien elkartean nengoen ni; desagertzear zegoen errelebo faltagatik. Bi pieza horiek elkartuta, Musikariren zuzendaritza hartu genuen, beste ikuspegi bat emateko asmoarekin. Baina egunerokotasunean ez dugu denbora nahikorik eskaintzeko.

 

Emakume bakarra izan zara Skakeitan taldean. Zure bandako instrumentistak ere gizonak dira. Nola bizi duzu?

Skakeitanen hainbat urtez jotzen aritu ondoren konturatu nintzen inorentzat ez zela deigarria ni izatea emakume bakarra, hau da, ehuneko hamarra. Hain normalizatua zegoen… Orduan hasi ginen biltzen hainbat emakume musikari gure esperientziak, kezkak eta jasandako erasoak konpartitzeko. Bideo bat egin genuen eta Emakumeak oholtzara programa jarri genuen martxan institutuetan. Panorama nolakoa den erakusten diegu ikasleei eta kuoten auzia azaltzen dugu, kontraesan guztiekin. Emakumeen etxeetan ere tailerrak eman ditut. Musika eskoletan emakume gehiago daude gizonak baino, baina eszenatokira salto egiteko orduan ez gara eroso edo legitimatuak sentitzen, ez dugu gure espazio gisa sentitzen. Oso gaizki pasa nuen oholtzara igo nintzen lehenengo aldian, dardarka, urduri. Gero borroka izan dut nire buruarekin eta lortu dut mantentzea, disfrutatzea, taldearen babesarekin. Bide luzea da eta, ez badaukazu bidelagunik, ez da erraza.

 

Saiatu zara zure proiekturako emakumeak kontratatzen?

Saiatu nintzen emakume baxujole bat bilatzen, baina gai delikatua da. Niri gustatzen ez zaidan bezala kontuan hartua izatea emakume izate hutsagatik, badakit musikariekin hori gerta daitekeela. Gitarjole batek kalabazak eman zizkidan. Ez da erraza, estatistikaren gainetik ibili behar zarelako. Espero dut gero eta instrumentista, teknikari, ekoizle edota manager gehiago egotea.

 

Euskal Herriko festibaletako karteletan dagoen emakumeen presentzia eskasa salatu dute Twitterren aurten ere. Kuoten auzia aipatu duzu lehen.

Kriston erronka da. Emakumeok espazio horietan sartzen garenean, jende askok sinesten du (eta sinestarazi nahi digu) hor gaudela kuota betetzeko, ez merezi dugulako. Horrek gure burua egurtzera garama. Behin Skakeitanekin jo genuen Iruñean, eta tipo batek hiru aldiz errepikatu zidan: “Aukeratu zaituztegu zu zaudelako, neska zarelako”. Baina entzun al duzu gure musika? Hor egon behar dugula sinesten dugu, baina gure kalitate musikalean ere sinestu behar dugu.

 

Hori sinesteko bide bat elkarri autoritatea ematea da. Zure bigarren diskoan emakumeen kolaborazio gehiago lotu dituzu. 

Hala da. Lehenengo lanean ere orekatu nahi izan nuen emakumeen presentzia, inertziaz gertatzen ez delako. Adibidez, diseinua emakume batek egin zuen eta Ane Labakak letra bat idatzi zuen.

Arte Muhé kolektiboan parte hartzeagatik lortu dituzu Rozalén eta La Mareren kolaborazioak? 

Alderantziz izan da! La Mare ezagutzen dut disketxe berean lan egiten dugulako, harreman ona izan dugu hasieratik, eta galdetu nion: “Abesti honetan kolaboratzeko, nor ikusten duzu?” “Ni!”, erantzun zidan. Rozalén Viñarock jaialdiko artisten gunean ezagutu nuen. Jendez inguratuta zegoen uneoro. Joan nintzen urduri berarengana, disko bat ematera eta nire burua aurkeztera. Esan zidan: “Gustatuko litzaidake noizbait zer edo zer euskaraz egitea”. Gero, Alaia Martinek Ahots hariren letra idatzi zuenean eta nik musika sortu nuenean, bonbilla piztu zitzaidan. Bere managerraren bidez saiatu nintzen, ez nekien ea helduko zitzaion nire proposamena eta, bat-batean, baietz esan zuen. Oso eskuzabala izan da nirekin. Hogei kolaborazio eskaera jasotzen ditu egunean! Gero, Arte Muhé Bilbon antolatu zenean gonbidatu ninduten eta han ezagutu nituen musikari piloa. Proiektua lehendik jarraitzen nuen. Agian sortuko dugu horrelako zerbait Euskal Herrian…

 

Bigarren disko honetan gaztelania eta Estatu mailako kolaborazioak presenteago daude. Hautu estrategikoa izan al da? 

Ez da estrategia diseinatu bat izan. Euskaraz jarraitzeko asmoa dut, ateratzen zaidalako eta sinesten dudalako horren garrantzian eta balioan. Dena globalizatua dagoen honetan, iruditzen zait euskarak balio erantsia ematen diola proiektuari. Esaterako, Rozalén ez litzateke nire diskoan egongo euskaragatik ez balitz. Hortaz, euskarak ateak ireki ditzake.

 

Deigarria da Iván Ferreiroren ekarpena, protagonismorik hartu ez duelako. 

Promesas que no valen nada kantaren bertsioa egin dut, nerabezaroan pila bat entzun nuena. Gure ekoizleak Ivan Ferreirorekin harreman handia dauka. Sintetizadore batzuk sartu zituen eta ahots oso modulatuak; entzuten baduzu, ez zara konturatzen bera dagoenik. Hasieran krisi puntu bat izan genuen: “Ez da bere ahotsa entzuten!” (Barreak) Bigarren planoan jartzearen ariketa egin du.

 

Ines Osinagarekin hitz egin nuen aita kulturalez. Mikel Laboa hil behar dugu, ala Lourdes Iriondo berpiztu?

Mauriziak ez dau inor hilen gabilenok beste proiektu paralelo bat sortu dugu, Korrikako Sormen beka jaso duena. Badon izena jarri diogu, Ez dok hamairu kolektiboari eta Badok atari digitalari buelta emateko; beste figura batzuk aldarrikatzeko. Aita kulturala nire kasuan literala da: aita eta osaba musikariak ditut, Laboarekin ibiliak. Umea nintzenetik haiekin ibili naiz! Ez dakit hil behar ditugun edo ez, baina guretik egiteko modu propio bat sortzea bada garrantzitsua.

 

Ez da harrigarria Osinaga trikitilaria Maurizia bertsionatzen ikustea, bai, ordea, zure partaidetza. 

Egia da ez nintzela folk zalea, musikalki beste esparru batean ibili naizela. Argi genuen laborategi elektroniko esperimental bat izango zela. Uztartu ditugu Euskal Herriko kopla zaharrak eta bertsoak elektronikarekin, autotunea jarrita, dantzan egiteko. Itziar Garaluzek bisual batzuk jarri zituen eta horrek eman zion egundoko indarra. Feministaldiarako ad hoc sortutako emanaldia izan behar zuen, baina txute handia izan zen eta jarraitzea erabaki genuen. Galdakaoko Sormene jaialdian egin dugu, La Basu raperoarekin, eta hurrengoa Markinako auzo batean izango da, bertsolariekin batera.

 

Era berean, ez da harrigarria Goseren Rimmel bertsio elektronikoa dantzatzea, bai, ordea, Korapilatzen zure baladarena.

Bai, gogoa nuen nire itxura formaletik mugitzeko. Disruptiboago edo probokatzaileago izan nahi nuke askotan. Baina Ines Osinagarekin alderatuta… Abesti erdian belaunikatzeko erronka daukat! (Barreak)

 

Zinegoakeko galan jo duzu aurten. Zure kantetan desira lesbikoa presente dago baina oharkabean pasa daiteke, besteak beste, euskararen genero marka faltagatik. Nola bizi duzu ikusgaitasunaren auzia?

Aurpegiratu izan didate armairutik ez ateratzea, nahiz eta armairutik etengabe ateratzen sentitzen naizen. Ez dakit nola adierazi beharko nukeen… Orain Ur handitan-en aterako naiz honi buruz hitz egiten, hortaz, ofiziala izango da! (Barreak) Egia da euskarak genero markak ez izateak anbiguetatea eragin dezakeela, baina ez aurpegiratu hori niri! Erreferenteak beharrezkoak dira, nik ez ditut izan, eta horregatik hasi naiz gauza hauek egiten.

 

Yoko ona podcastean ari zara Belakoko Lore Nekane Billalabeitiarekin batera, eta Euskadi Irratiko Baipasan kolaboratzen duzu. Gozatzen duzu komunikatzaile lana?

Batzuetan nekatzen nau mikrofono baten aurrean hainbeste denbora emateak, eta esaten ditudan gauzekiko ardura handia sentitzen dut. Batzuetan ez dut jendaurrean irribarretsu ateratzeko gogorik. Baina nire lanaren parte da eta albokalte bezala bizi dut. Gazteak Yoko Ona proposatu zigunean, hasieran mesfidati egon ginen, baina eman digu aukera giro seguru batean disfrutatzeko eta euskal kulturako emakume gehiagorekin saretzeko. Baipasan lau abesti gomendatzen ditut saio bakoitzean, eta jendeak asko eskertu dit bere proiektua erakusleiho horretan aurkeztu izatea. Izan ere, hedabideek orokorrean ez dute nahikoa sustatzen talde hasi berrien musika.

 

Izaro eta Belako aipatu ditugu. Amankomunean daukazue musika kritikari misogino eta euskarafobo baten ziztadak jaso dituzuela. 

Bai, berehala nabaritu dugu nortzuk dituen jomugan. Honek berriro narama epai bikoitzera: guk nahikoa epaitzen dugu gure burua, eta hamar kritika positibotik bat negatibo jasotzen dugunean, azken hori geratzen zaigu barruan. Ez da erraza paso egitea kanpoko kritika bat jasotzen duzunean, ez zure kantei buruz edo showari buruz, baizik eta hizkuntza hautuari buruz, zure fisikoari buruz, arropari buruz… Kazetari misoginoez gain, kontzertuen ondoren jasotzen dugun feedbackaren ehuneko handi bat da: “Oso ondo egin duzu eta oso guapa zaude”. Badakizu zure fisikoa epaituko dela zure musika bezainbeste, eta mamuak sortzen dira hortik ere.

 

Maiatzean ez duzu data librerik izan. Instagramen aitortu duzu batzuetan krak egiten duzula. Bateraezinak dira arrakasta eta autozaintza?

Oso zaila da, askotan behartuak sentitzen gara denari baietz esateko, alokairua ordaintzeko mania hori daukagulako! Soldata bermatzen dugunean, bermatzen ez duguna da gure buruaren eta gorputzaren mugak errespetatzea. Insomnioa izan dut, antsietatea, estresa… Cris Lizarragaren post bat irakurri ondoren, nik ere gorabeherak ikusgarri egin nahi izan nituen. Jendeak esaten dit: “Leku guztietan ikusten zaitut, superondo!”, eta nik erantzuten dut: “Bai, superondo!” Baina ez dut egun libre bat izan hiru astetan. Badirudi hori esaten badut kexatzen ari naizela, baina esan egin behar da. Beti ez nago superondo. Batzuetan hausten naiz.

 

Izarok estrategia bat kontatu digu: bere buruari buruz hirugarren pertsonan hitz egitea; “Gaur Izarok ezin du sinatu”.

Xelebrea iruditu zitzaidan! Baina bai, niri ere gustatuko litzaidake ni pertsonala eta ni artista bereiztea. Izarok kontatu zidan behin bere amonaren funeralean argazki bat eskatu ziotela. Gaur da eguna damutu naizena nire proiektuari nire izena jartzeaz, ezin diodalako ihes egin. Norbaiti nire izena esaten diodanean, pixkat tentso jartzen naiz: “Ezagutuko al nau?”

 

Nathy Peluso entzun dut elkarrizketa batean bere anbizioei buruz lotsa barik berbatan. Zein da zure anbizioa? Mainstream bihurtu nahiko zenuke?

Ez daukat helburu zehatz bat. Niretzat hau bide bat da eta bideak eramaten nauen lekura noa. Nathy Pelusok prestakuntza handia dauka eta kriston lana egiten ari da. Batzuetan ezagutzen dugu artista bat egun batetik bestera mainstream bilakatu delako, baina ibilbide luzea egin du hara iritsi arte. Esan du oso epaitua izaten ari dela bere buruarengan konfiantza handia duelako. Izarori berdina gertatu zaio: “Anoetako belodromoan jo nahi dut” esan zuenean, jendeak barre egin zuen eta sei mila pertsonarekin bete du. Ni ez nagoenez nire buruaz hain seguru, gorroto gutxiago jaso dut. Halere, mainstreama naizela aurpegiratu didate Gaztean agertzen naizelako. Zabal dezagun fokoa pixka bat, mesedez!

 

Rosaliaren Motomami diskoa gomendatu duzu Baipasan, oso kritikatua izan dena. Zer norabide aldaketarekin fantaseatzen duzu entzuten duzunean?

Pila bat gustatu zait diskoa eta, lana bezainbeste, Jaime Altozanorekin elkarrizketan ematen dituen klabeak. Azken abestien polemiken aurrean, aldarrikatu du dena ez dela izan behar hain serio eta solemnea. Nire buruari aplikatuko diot eta hurrengo diskorako letra superbanalak egingo ditut! (Barreak) Lagundu dit barrura begiratzen, norantz jo nahi dudan esploratzeko. Batzuetan inertziaz sortzen duzu, ez duzu arbela hartzen eta diskoa diseinatzen. Agian egin behar da.  Gustatu zait ikustea bere proiektuko liderra dela, bere diskoa ekoiztu duela. Hainbeste aldiz entzun behar izan dugu industriaren produktua edo txotxongiloa dela… Mainstreameko lehenengo postuetan dauden emakume horiek abantaila handiak eta kriston baliabideak izango dituzte, baina garrantzitsua da aldarrikatzea haiek daramatzatela riendak.

 

Gatta Catana aipatzeko gogoekin geratu naiz. Bere poema eta ahotsa ekarri dituzu Eskuekin abestian. 

Oso fana naiz. Zoritxarrez, iada ez dago gurekin. Gertatu zena pixkat creepya izan zen: Gatta Catanaren grafiti bat igo nuen Instagramera, etiketatu nuen eta erantzun zidan: “¡Qué bonito! ¿Dónde es?” Txundituta geratu nintzen! Bere ama zen; ezagutu nuen, bidali nion nire diskoa, eta oso harreman polita sortu genuen. Con las manos bere poemarekin oso engantxatua nengoenez, bertsionatu eta bere ahotsarekin uztartu nuen. Arduraz egin nuen, aletxo bat jartzeko, gurekin jarraitu behar duela iruditzen zaidalako.


Irakurri gehiago:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba