Ixiar Rozas: “Hitzen soinuek eta ahotsek argi pixka bat jar dezakete semantikoaren kartzela ilun bertikal horretan”

Ixiar Rozas: “Hitzen soinuek eta ahotsek argi pixka bat jar dezakete semantikoaren kartzela ilun bertikal horretan”

Hitzen soinuaz, ahotsaz eta gorputzaz mintzatu gara Ixiar Rozasekin, consonniren eskutik kaleratu berri duen Sonar la voz liburuari tiraka.

22/06/2022

Ixiar Rozas Ortzadar | Argazkia: Arnaitz Rubio

Beltzuria (Pamiela) izan zen Ixiar Rozasi irakurri nion lehendabiziko lana. 2014an argitaratu zuen, ni neu literaturaren espazio publikora irten nintzen urte berean. Liburu berezia da Beltzuria, sailkatzeko zaila –baina zergatik sailkatu behar dugu dena?–. Esan dezagun liburu horrek ahotsa ikertzen duela, ahotsaren fisikotasuna, modu poetikoan. Ezagutu nuenetik, idazteko beste toki bat eta askatasuna helarazi dizkit Rozasen lanak. Beltzuria baino lehen, poesia –Patio bat bi itsasoen artean (Arabako Foru Aldundia, 2001)–, narrazioak –Sartu, korrontea dabil (Erein, 2001)– eta bi nobela emanak zituen argitara –Edo zu edo ni (Erein, 2000); Negutegia (Pamiela, 2006)–. Beltzuriaren ostean, Unisonoa (Pamiela, Bandcamp, 2020) lan are bereziagoa: beste ale bat idazketa gorpuzteko bidean. Aurten, Sonar la voz (consonni) saiakera- eta partitura-bilduma kaleratu du, ahotsaren, idazketaren eta esateko moduen ingurukoa. Ekaineko goiz eguzkitsu eta sargori batez etxean hartu gaitu Rozasek. Gure parean, elkar ebakiz, Santa Barbara, Aiako Harriak eta Adarra; gure entzunmugan, txorien kantuak, andre bat gereziak saltzen, eta bion arnasketa.

Grabagailua piztu.

Azken urteetan landutako saiakerak eta partiturak biltzen dira Sonar la vozen. Nondik sortua da lan hau?

Bi lan-eremutatik sortu da. Bata, jada hainbat urtez landu dudana, idazketa bera da, eta, idazketaren baitan, hitzen eta esaldien erritmoaren bilaketa. Entzumen horrek eraman ninduen gero performatibitatearen galderara. Zer egin dezake hitz batek? Zer egiten du lengoaiak? Urte haietan, 2000ko hamarkadaren hasieran, Bartzelonan bizi nintzen, eta zuzenean hartzen nuen parte globalizazioaren aurkako mugimenduetan. Beraz, niretzako galdera garrantzitsua zen: zer egin dezaket nik idazle bezala nire hitzekin?

Bestetik, beti interesatu zait asko dantza garaikidea. Gaztaroan Donostiara joaten nintzen dantza garaikidea ikustera ahal nuen guztietan, eta Bartzelonan bizi nintzela aukera askoz gehiago neukan. Eta garai hartan, garai berdinean, dantza garaikidea hasi zen hitza eta ahotsa eszenara eramaten; berez, aurreko mendeko 70eko hamarkadan hasi zen dantza hitz egiten nolabait ere, baina horrekin modu zehatzean esperimentatzen eta horren bilaketan geroago hasi zen. Eta hainbat lan zegoen, batez ere koreografia esperimentalaren baitan, hitzarekin eta ahotsarekin esperimentatzen zutenak. Eta horrek nire entzumena erakarri zuen, asko. Entzumenarekiko arreta berezia daukat, sentsibilitate moduko bat, eta pieza horiek eszenan ikusten nituenean, sentitzen nuen hitz horiek ukitu egiten nituela. Hitzek hartzen zutela espazio hori, bolumen bat, eta hor bazegoela tridimentsionaltasun moduko bat. Eta orduan erabaki nuen hori ikertzen hastea. Ikasketa batzuk egin nituen, eta urteen poderioz, hori bihurtu zen nire doktore-tesia –duela urte dezente egin nuen– baina jarraitu dut ahotsa ikertzen, eta ikerketa teoriko hori lotu dut ere nire idazketaren praktikarekin. Bi aldeko eragina izan du.

Zeuk erabaki zenuen material horiek denak biltzea, ala argitaletxearen proposamena izan zen?

Orain dela lau bat urte, materialak garatu ahala, liburu bilaka zitezkeela pentsatu nuen. Material batzuk amaitu gabe zeuden, idatzi gabe. Saiakera batzuekin urte asko pasa ditut: idazten nituen, uzten nituen, gero itzultzen nintzen eta jada aurretik esandakoari ñabardurak gehitzen nizkion. Denborarekin ere gauza gehiago irakurtzen dituzu, eta zure begirada eta zure entzumena aldatu egiten dira. Etengabeko prozesua izan da: testuak ez ziren inoiz amaitzen, inoiz ez, ezta orain dela hamabost urte idatzitakoak ere. Liburua egitea erabaki nuenean, material horiek elkarren artean ehuntzeari eta harremantzeari ekin nion: ez nuen nahi bederatzi saiakera autonomo izatea. Aldi berean, zereginik zailenetako bat izan da orain dela hamabost urte idatzitako materialak errespetatzea, nahiz eta orain gauza bera ez pentsatu. Nola sartu ñabardurak, nola esan beste leku batean nagoela orain, baina aurrekoa errespetatzen dudala, hori izan baita hemen dagoen pentsamenduaren eta mundua ikusteko moduaren prozesua.

Gauza txiki-txiki-txikiak lantzen aritu. Azken batean, idazketa hori da beti. Konposiziotzat hartzendut idazketa gero eta gehiago: gauzak elkarrekin jartzen dituzu, eta elkarrekin jartzen dituzunean harreman berriak sortzen dira, fermentazio berriak, eta hor beste izaki batzuk haz daitezke. Hala, ezustekoak gertatzen dira, espero ez dituzunak, eta beste gauza batzuk hazten dira. Eta ogia bezala landu behar dituzu: oratu, oratu, oratu, eta gero utzi.

Zure idazle-ibilbidearen hasierako lanak «tradizionalagoak» zirela esan genezake. Gero bestelako proiektu batzuetan ibili zara –AZALA kreazio-espazioan, esaterako–, eta Beltzuria esango nuke mugarri bat izan zela. Noiz hasi zen ahotsaren eta idazketaren fisikotasunaren inguruko bilaketa hori?

Asko eskertzen dut galdera hau, hasieran esan dizudan guztiarekin lotzen dut eta. Lehenengo bi liburuak argitaratu ondoren hasi zen bilaketa hori: 2003-2004 urteen inguruan. Lehenengo liburuak fikzioak ziren, fikzio konbentzionalagoak neurri batean: hasiera, korapiloa eta bukaera zeukaten, eta zinematografikoagoak ziren, irudietatik abiatzen nintzen. Kontua da zerbait egin dudanean eta jada moldatzen naizenean, esploratzea eta ikastea gustatzen zaidala; behar hori daukat. Ez da soilik ikertzeko edo berritzeko, baizik eta ni desplazatzeko. Hori beti interesatu zait.

Bestalde, nire idazketan beti bilatu dut ehundura poetikoa, baita fikzioa idazten nuenean ere. Hasierako liburu horiek prosa poetikotik gertuago daude, eta Negutegian are gehiago arakatu nuen alderdi horretan. Hitzaren eta hitzaren erritmoaren bilaketa hasiera-hasieratik dago, baina beharbada irudien edo gidoigintzaren eragin hori nabarmenagoa zen lehendabiziko lanetan. Negutegian hori hautsi egin nuen. Ez nekien nora nindoan liburua idazten hasi nintzenean. Negutegiarekin hasi zen gerora garatzen joan naizen zerbait: hitz bat hartzea, eta hitz horren atzean dauden soinuetan, esanahietan, irudietan arakatzea; polisemia moduko bat. Negutegia ere hitz polisemikoa izan daiteke guk nahi badugu. Eta hori aritu naiz garatzen hurrengo liburuetan. Negutegiatik Beltzuriara lehen aipatu dudan ikerketa guztia dago: ahotsa, hitza, performatibitatea, dantza garaikidea, eta ni neu ere holako esperientzietan egotea, eszenaren barruan zein kanpoan. Desplazamendu horietatik asko ikasi dut: nire gorputza zeharkatu du horrek guztiak, ez bakarrik gogamena.

Sonar la voz lanean, saiakerak ez ezik, partiturak biltzen dira, bakarka zein beste pertsona batzuekin egin dituzun piezen partiturak (Mursegorekin, Maria Salgadorekin, Ainara LeGardonekin…). Testuak ahoz gora esaten hastea ere mugarri bat izan zen akaso zure idazketari dagokionez?

Negutegia argitaratu nuen garaian, errezital musikatu asko egiten zen –oraindik ere egiten da–, eta errezitalekin gertatzen dena da egilea entzuten eta ikusten dela, eta hortik mugitu nahi nuen. Egiletza erdigunean jartze hori oso ideia modernista da, eta nire ustez ez dauka zerikusirik feminismoarekin. Interesgarriagoa iruditzen zitzaidan lengoaia berari eta ahotsari hitz egiten uztea, hori soinutzea.

Hitzak eta hitzaren soinuak espazioan hartzen duen bolumen hori asko interesatzen zait oraindik ere: gauza asko gertatzen da hor, gauza asko mugitzen da, norberarekiko ere bai. Eta gorputza eszenan jartzen duzunean bulnerabilizatu egiten zara, hauskortasun bat gertatzen da, boterea galtzen duzu nolabait. Gauza bat da gorputzaren boterea eta beste bat gorputzaren potentzialitatea. Boterea eta potentzialitatea ez dira gauza bera. Potentzialitateak zerikusia dauka irekitasunarekin, espazio sozial horretan sortzen diren hainbat gauzarekin, beste gorputz batzuk zeharkatzen duten horrekin, uneoro egin dezakezun horrekin zerikusia dauka potentzialitateak. Eta hori bulnerabilitatearekin lotzen da modu nire ustez oso interesgarrian. Nire kasuan aberasgarria izan da hori bizitzea, ez bakarrik horren inguruan hitz egitea edo idaztea.

Nola ulertzen duzu bulnerabilitatea?

Asko gustatzen zait Adriana Cavarerok nola ulertzen duen. Bulnerabilitatea dator vulnusetik, eta vulnus zauria da. Beraz, doluarekin lotuta ulertzen da, Judith Butlerrek adibidez zentzu horretan idatzi du gaiaz. Baina Adriana Cavarerok beste esanahi bat ematen dio, oso interesgarria: vulnusa ez da bakarrik zauria, irekitasuna ere esan nahi du; bere burua erakusten duen azala besteak beste. Eta niretzako oso ederra da azalpen hori, lagundu egiten dit. Kontzeptuak baliagarriak dira munduan egoten laguntzen badigute, bizitzen laguntzen badigute; bestela, maila teorikoan bakarrik geratzen badira… Kontzeptuak behar ditugu pentsatzen eta sentitzen laguntzen diguten heinean, eta galdera gehiago irekitzen dizkiguten heinean.

Beltzuriaren ostean, eta Sonar la vozen aurretik, Unisonoa argitaratu zenuen, oso lan berezia, bi osagai dituena: lerro bakarreko poema bat eta hamabi soinu-pieza.

Beti egin nahi izan dudan zerbait da Unisonoa. Ez nuen irudikatzen halako zerbait egingo nuenik, baina egin nuenean, pentsatu nuen: bai, hau zen. Gero, beti hobetu daitezke gauzak, baina emaitzari lotuta ez egotea garrantzitsua da.

Testuak ahoz gora esatearen garrantziaz hitz egin dugu, baina entzumenak ere leku nabarmena du zure gogoetetan.

Erabateko garrantzia du, orain arte aipatu ditudan gauza guztiengatik. Orain arte kontatu dudan guztia modu intuitiboan egin dut –nahiz eta gero gauzak asko landu edo ikertu ditudan– eta, besteak beste, Ursula K. Le Guinek lagundu zidan prozesu horri hitzak jartzen. Nire ibilbidearen hasieran, irudiak garrantzitsuagoak ziren. Baina momentu batean hasi nintzen esaldiak entzuten nire buruan. Zure buruan entzuten duzu poema, esaldien konposizioak bat-batean indarra hartzen du zure entzumenean, eta badakizu hori dela idatziko duzuna. Eta gero horren lanketa dator.

Entzumenarekin lotuta beste kontzeptu interesgarri bat aipatzen duzu saiakera batean: inklinazioa.

Adriana Cavareroren pentsamenduak garrantzia handia dauka liburuan. Gainera, 2015ean Kaxildara [Donostia] gonbidatu genuen, mintegi bat egin genuen berarekin, eta bere pentsamenduaren indarra bizitu ahal izan nuen zuzenean; gehiago ulertu nuen. Cavarerok landutako ahotsaren filosofia oso garrantzitsua izan da niretzat: irakurketa feminista egiten du, greziarren garaitik gaurdaino, eta aztertzen du zergatik eman zaion garrantzi handiagoa hitzaren esanahiari, eta ez ahotsaren fisikotasunari.

Inklinazioaren kontzeptuari dagokionez, geometria berri bat erabiltzen du Cavarerok, gizakien artean harremantzeko geometria berri bat bezala. Esaten du inklinazioak nia kanporatzen duela, egoa kanporatzen duela, eta beste pertsonengan eta gauzengan bermatzen. Horregatik da hain interesgarria, ez delako antropozentrikoa. Inklinatzea eta bulnerabilizatzea lotzen ditu Cavarerok, lehen esan dudan bezala, ez bakarrik zauriaren zentzuan, baizik eta esposizioaren zentzuan, eta nik lengoaiarekin lotu dut inklinazioaren kontzeptua. Ikuspuntu erabat feminista horretan kokatzen naiz. Hor deseraikuntza-lan bat dago: lengoaia soinutik inklinatzen duzunean, logozentrismoarekin hausten duzu, maskulinitatearekin eta subjektu bertikal moderno gizonezko horrekin hausten duzu.

Deseo de decir testuan diozunez, gure esateko desirak indar handia du, baina, aldi berean, kapitalismoa horretaz jabetzen da.

Idazketaren langileak gara gu, hitzaren eta ahotsaren beharginak, eta gure ahalmen performatibo horixe da kapitalismoak gehien ustiatzen duena momentu honetan, hau da, subjektibitatea eratzeko modu horiek ustiatzen ditu kapitalismoak, esate baterako sare sozialen bitartez. Kapitalismoak balorearen ekoizpenaren erdian jartzen du gure ahalmen performatiboa, eta fetitxizatu egiten du. Orduan, bueno, uste dut garrantzitsua dela hitzaren beharginak garen heinean horretaz kontziente izatea, kontziente izatea noraino erabiltzen diren gure hitzak kapitalaren mesederako, eta horrekin jolasteko gaitasuna ere badaukagula. Zuk ekoizpenaren mekanismoak ezagutzen dituzuneanbeti daukazu aukera gauzak beste modu batean egiteko.

Kontraesanekon bizi gara eta kontraesanekin mugitzen gara etengabe. Badakigu erregai fosilak amaituko direla, eta hala ere gasolina erabiltzen jarraitzen dugu. Kontua da, kontraesan horietan ez itotzeko, niretzako behintzat garrantzitsua dela kontzientzia hartzea eta gauzak kokatzen saiatzea. Eta ni sentsibilitate horren lanketan kokatzen naiz. Hor egon nahi dut. Hori da gaur egun hitzaren behargin bezala egin nahi dudan ekarpena, hor kokatzea lan sentsible horretan, sentiberatasun horretan.

Zeintzuk dira zure erreferente feministak?

Asko dira. Modu zehatzean eta modu ikusgarriagoan aipatzen ditut Adriana Cavareroren ahotsaren filosofia eta inklinazioaren kontzeptua. Bestalde, Anne Carsonen lana ere presente dago; bere poesia ederraz gainera, txundigarria da nola lantzen duen saiakera-modu hibrido hori. Badu saiakera bat, The gender of sound, non kontatzen duen nola eraiki den historian zehar soinuaren generoa. Liburuko azken saiakeran erabiltzen dut hori. Eta Lyn Hejinian ere oso presente dago; bera gehiagotan aipatu izan dut lengoaia lantzeko moduari dagokionez. Azkenik, Donna Haraway, nola ez; haren pentsamendu konpost-humanista eta konpostaren itzulgarritasunaren adiera horrek asko lagundu dit idazketa bera modu itzulgarrian ulertzeko eta aldi berean konpostean eta konposizioan egoteko eta pentsatzeko.

Azken batean, desplazamendua nabarmenduko nuke, lekualdatze hori, logozentrismotik eta antropozentrismotik, oso maskulinoa den leku horretatik lekualdatzeko beharra. Eta hitzaren soinurantz eta entzumenerantz joatea, nola hitzaren soinuak eta ahotsak jar dezaketen argi pixka bat beste leku logozentriko ilun, bertikal, semantikoaren kartzela horretan. Lengoaiaren ulermenaren deseraikuntza dago liburuan, eta saiatu naiz hori egiten lengoaiaren erabileran ere bai, hizkuntza poetikoaren bitartez, hitzaren soinuaren lanketaren bitartez. Liburuaren gibelsolasean, Marina Garcések modu ederrean idatzi du hitzak itzalez beteta daudela eta bizitzea, nolabait, dela ikastea horiei beldurrik ez izaten.

Besterik aipatu nahi zenuke?

Ahotsaren konplexutasuna azpimarratu nahi nuke. Ahotsa oso singularra da –arnasten dugun bezala hitz egiten dugu–, eta aldi berean besteekiko harremanean jartzen gaitu. Baina, halaber, gure ahotsa grabatuta entzuten dugunean arrotza egiten zaigu, iruditzen zaigu ez dela gurea, eta, aldi berean, gure ahotsa da imitatu ezin dugun soinu bakarra. Eta, gainera, ahotsa beti dago mugimenduan, aldatu egiten da: batzuetan guk hala erabakita, hormonengatik, edo gizartearen eraginez. Ahotsa genero-eraikuntzatzat jo dezakegu, edo gure identitatea aldatzea erabakitzen badugu ere aldatu egingo da –Paul B. Preciadok hitz egin izan du horretaz–, nerabezaroan ere aldatzen da… Aldi berean, ahotsak nekez esan dezake gezurra… Ez baduzu teknologiarekin muteatzen, jakina. Ahotsa atari batean bezala dago, espazio liminal batean, eta horrek egiten du niretzat hain apasionantea.

Hurrengo lana zein izango da?

Soinuak entzuten jarraituko dut, eta horiekin egoten. Denbora joango da, arnas luzeko zerbait, hitz gutxi izan ditzakeena… Eta zurea?

Grabagailua itzali.


Irakurri gehiago:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba