Kafe hutsak gure idoloekin

Kafe hutsak gure idoloekin

Tanxugeiras galegoz abesten Espainiako estatua ordezkatzeko Europan. Chanelek bozetan irabazi izanagatik, haur askok eman du izena pandero eskoletan. Haur askok izan nahi du Tanxugeiras.

15/06/2022

Tanxugueiras.

Lekurik ez zeukan lehen. Bi adieretan: zerbait kokatzen den espazioaren zatirik ez, izan erreal edo irudikatua. Ezta helburu jakin baterako espaziorik ere; okupatua izateko geratzen dena libre, normalean norbaitek edo zerbaitek betetzen duena. Euskara lekutan zegoen gaur duen espaziotik. Toki asko falta dituen arren.

Ez da gehiegi trasteatu behar Wikipedian jabetzeko nola heldu garen honaino. Ala zer gertatu den gu orain horrela egoteko. 90. hamarkadaren hondarrean erditu gintuzten Euskal Herrira. 99ko udaberrian. Gure aitite-amamek duela 60 urte asmatu zuten herri honetan sustraitzen eta, gure gurasoak helduak zirela alfabetatu ziren euskaraz. Hemendik ikusten dugu mundua. Inurri lan handia egin duen familia asko dago Abraren isurialdean. Diru asko inbertitu eta izerdi asko botatako ama-hizkuntza da gurea.

Inurriak bi dimentsiotan mugi daitezke. Gainera, ez dute modurik hirugarren bat existitzen dela jakiteko edo susmatzeko. Hirutan bizi gara gizakiak; lautan, denboraren higadura kontuan hartuta. Nork ez du jolastu inurri bat mareatzera hatzak batera eta bestera mugituz. Horren antza izan zuen euskarak gure umealdian: ikastolan ikasi genuen erdaraz, familian ez zen askorik egiten, pedriatrak ere ez zekien… hala ere, euskaraz jarduten ginen etxean. Ez genuen ETB1 ez zen beste katerik ikusten, adibidez

Garai batean ez zitzaigun axola: normala zen, gustatzen zitzaigun marrazki bizidunek guk pentsatzen genuen hizkuntzan hitz egin zezaten. Nagusituz joan ahala, konturatu ginen arrotzak ginela. Inkomodoa zen batzuetan hizketan hastea (orain ere bada). Beste hizkuntza batean aise ulertuko gintuztela jakitun, komenigarria zen hizkuntzan aritzen ginen: eta beti zen espainola.

Inurriak izatetik eltxo izatera pasa ginen. Irakasleen errietak entzun behar izan genituen maiz; euskaldunak ginela eta euskaraz egin behar genuela. Ziztatzen gintuen horrek. Eta hala bihurtu zen bereizgarri egiten gintuen zerbait; erdaraz aritzen zirenak eta besteak. Beti gu besteak, arrotzak, ez deusak ia. Ez zegoen markaje espliziturik baina biolentoa zen, zortzi urte bakarrik geneuzkan. Genekienek ez genuen hizkuntza erabili nahi ez genuen erabiltzen, ez genuelako nahi.

Isiluneak. Euskaraz pentsatu eta erdaraz ezin adierazi. Mainstream zenak ez zuen kontenplatzen euskaraz egin zitekeenik ere. Halakoetan, garatzen duzu oliozko geruza bat ala batzen zara alde ilunera. Ilunak ez du zertan negatiboa izan, baina bada erosoena.

Zortea eduki genuen eta bizitzaren karanbolak bertso eskolan lurreratu gintuen. Hor ere kanpokoentzat odol-zikinak ginen, ia muggleak. Euskaraz txarto egiten genuen euskalkirik ez geneukalako, hasteko. Konpleju asko garatu genituen, arnasgune erraldoia ginela kontuan hartu gabe. Ez geneukan begiralerik, derrigortasunik ere ez. Arratsalde-pasak pipak jaten ematen genituen, euskaraz, Algortan. Hamalau urte geneuzkan. Eta ohikoa zen.
Arrangura horrek, ez sobera euskaldun batzuentzat eta aski besteentzat, beste materialtasun bat ere hartu zuen: oholtzarena.

Oholtzaren espazioa nork eta nola okupatzen duen ikertua dago jada. Ez da kasualitatea gizonena izatea. Altare bat herriari zuzendua, gutxiengo baten eskura. Beraz, eszenatoki aurrean jarri eta zerbait esateari mantra asko kendu behar zaizkio. Ez paseo bat delako, justo kontrakoa. Botere borroka ere bada eta botere den-dena nahi dugunez, hustu beharko dira plaza batzuk besteok har ditzagun.

Amari askotan esplikatu nahi izan diogu zergatik gustatzen zaigun hainbeste azken puntua eta hiru errima pentsatuta edukita inprobisatzen hastea. Ez du ulertzen. Gozatzen dugu izugarri hor goian, ama. Zer esango dugun ere ez dakigulako. Dioguna goitik beherakoa suertatzen bada, hegoak astintzen zaizkigu egoraino.

Iparrak, ordea, badauka bere hegoa. Askotan pentsatu dugu zer jantzi saio baten bezperan edo kotxea hartu eta Arteara igo gara arropa bila. Performatzen dugunaren irudiak esaten duguna baino garrantzia handiagoa dauka. Edo hori sinestarazi nahi diogu gure buruari lasaiago abestu ahal izateko.

 

Berebizikoa bihurtzen da esaten dugunaren edukiak eta formak puzzleko piezak bezalajuntatzea, itxura konkretu batekin. Femeninoa, polita, ezpain gorriduna. Horrek ahalduntzen gaituen esperantza dugu eta segurtasun izpia eman diezaguke. Gezurra den arren. Publikoak gure buruaz duen irudiaren kezkak okupatzen du saioa. Ez dugu arretarik jartzen diogunean, ezta esan nahi duguna ekartzen ere.

Inbidia diegu erasokor, jokatsu, probokatzaile dabiltzan gainerako andrazkoei. Besteek ondo egin dutelako ez dugu guk luzitu. Ezin baita denon txaloa asetu. Gezurra hau ere. Alhambra baten bueltan, bertso eskolatik 50 metrora dagoen tabernan gaude mundu hori Pluton zaion lagun batekin. Esku batean grabitatearen legeari muzin egiten ari zaion errauts zigarro bat daukagula, bestea zurrun eta gogor mahaia aiztoa balitz legez mozten saiatzen ari gara golpe bakoitzarekin.

Berdin zaio gure hamarreko txikiko ariketa. Tanxungeiras eta Chanelez ari gatzaigu. Nola ote den posible iritzi publikoak elkarren aurka egitea indarrak batu ditzaketenean, dio. Bi kubo hermetiko gara. Bestea zertaz ari den ez dakigunak. Erdaraz entzuten den terraza batean euskaraz. Gol bat eta gizonak oihuka.

Testosteronadun aulkiak norbere lekura itzuli bitarteko hamar segundu horietan Googleatu dugu Chanel eta Tanxungeiras. Bi segundu behar izan ditugu jabetzeko iritzi festa dagoela Twitterren. Emakumeei buruzko tesinak. Zer den emakume ona eta zer txarra. Onargarriaren moral maskulinoaren begiradatik.

Gure iritzia eskatu du bere isiltasunak. Ongiaz eta gaizkiaz gaindiko talaiatik bota diogu agian ez Chanelek ez Tanxugeirasek ez dutela elkarlanik egin nahi. Emakume izate hutsagatik ezin ditugula bloke berean sartu. Errua lehiakortasunean dagoela. Batak bestea garaitu behar izatean. Klik.

Buruak gure korapiloa ekarri digu: guk ere lehiari erreparatu gabe eraiki dugu bertsokidearekiko inbidia. Bidea da tranpa. Asfaltoz eta marra zuri disdiratsuz saldu digutena, baina, uneoro norbait peajeren batean erortzeko egina. Bidezidorrak eraikitzera kondenatzen gaituena.

Itaka existitzen ez denez, oinez gabiltzan artean sortzen dugun bide hori da gure garaipena. Leku bat izateko munduan, gogoko dugun horretan aritzeko. Tanxugeiras galegoz abesten Espainiako estatua ordezkatzeko Europan. Chanelek bozetan irabazi izanagatik, haur askok eman du izena pandero eskoletan. Haur askok izan nahi du Tanxugeiras.

Desira horiek huts batetik sortzen dira, ez hutsetik. Ereduak izatea inportantea baita. Berdin dio existitzea onartua izan ezean. Euskara baldin bada leku konkretu batean egiten den hizkuntza blindatu egin behar da. Erromantizatu gabe, dikotomian jausi gabe, idealizatu gabe.

Ezin du idoloen esku egon hizkuntza batek. Euskara ezin da egon Instagramen 6 milioi jarraitzaile dituen aktore baten esku. Influentziak erakarriko du jendea, baina, landu behar da behetik hizkuntza. Lana eta indarra debalde galtzen aritzea da bestela. Telebista piztu eta ezin du albiste izan euskarazko nobedade biral batek. Horrek egon behar du programazioan.

Ideia onak ez dira berez sortzen. Erreferenteak ez dira zerutik erortzen. Egin egiten dira. Dirua behar da horretarako. Eta finantzazioa herri borondatea interpelatzen duten gizon agintarien esku dago. Donostiako kaleak betetzen ditugu ‘Euskara aurrera’ aldarriz eta isiltasuna ordainetan. Zergatik? Zer dago sumatu ezin ditugun goiko dimentsioetan?

Bi aldiz pentsatu behar izan dugu kafe huts bat eta ebaki hau euskaraz eskatzeko. Espainolez erantzun digu eta halamoduzko elkarrizketa bat osatu dugu kamareroak eta biok. Eguzkitako betaurrekoak kendu eta zigarreta liatu bitartean, kantukideak esan digu latza izan dela bigarren ofizioko erantzuna. Masailak ezpainak beste gorritu zaizkigu eta eskerrak eman dizkiogu. Berak ez du jakingo, baina, txapeldun izan baino lehen ere gure idoloa zen. Hemen egon gaitezen bidea urratu zigun. Haren twitterreko txio pare bati datsegit eman genion, hark gu jarraitzen hasi baino urte dezente lehenago. Kafe batera gonbidatu dugu gaur. Euskal Herriaren mendebaldean. Sargori dago. Euskara dago. Tximeleta bat hurbildu zaigu. Habrá primavera.


Gehiago irakurri:

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba