Afrika Bibang: “Ondo sentitzen naiz nire buruarekin, eta hori ezin du inork izorratu”

Afrika Bibang: “Ondo sentitzen naiz nire buruarekin, eta hori ezin du inork izorratu”

30 urte daramatza Afrika Bibangek oholtza gainean. Txikitan izan ez zuen erreferentea bilakatu da gazte arrazializatu euskaldunentzat. Afrika ez da izen artistikoa, jaiotzekoa baizik: bere jatorriaz eta koloreaz harro egoten irakatsi zioten gineatar gurasoek.

Ke No Falte reggae taldean abesten hasi zen Afrika Bibang, Etsaiak punk bandan egin zen ezaguna, Calima flamenko-fusion proiektuarekin biran ibili zen… Hainbeste estilotan eta proiektutan aritu ondoren, haurtzaroan entzuten zituen soul eta r&b soinuetara bueltatu da bakarkako lanetan: Entzun (2004), Nomada (2019) eta Ispiluaren aurrean (2021).

Algortako abeslari honek onartzen du ez dela erraza bere musika saltzea: euskaldunek ez dute soul kulturarik, eta komunitate beltzean gutxik ulertzen dituzte euskarazko letrak. Dena den, langile ekin honen motorea ez da dirua edo ospea, baizik eta gozamena: “Bihotzarekin sortzen dena ondo ateratzen da”. Emakumeon autoestimua eta autonomia emozionala dira single berrien gai nagusiak; egunero sumatzen duen zapalkuntza anizkoitzak min gutxiago eragiten dio bere burua gehiago maitatzen duen heinean.

Zer nolako harrera izan du zure azken EPak?

Etsaiakekin amaitu nuenetik hasi nintzen nire estiloa lantzen. Harrera geldoa izan da, ez txarra, baina kostatzen da nire musika zabaltzea. Musika beltza ezaguna da Euskal Herrian: jazz, rock, ska… Egun, rapa eta trapa ere lantzen ari dira euskaraz. Baina jendeak ez dauka soul edota r&b kulturarik. Inkonprenditua naiz! Nire lagun kanpotarrek (madrildarrek, estatubatuarrek, japoniarrek…) esaten didate: “Sekulakoa da egiten duzuna! Soula euskaraz! Ez dut ezer ulertzen eta gustatzen zait!” Hemen, ordea, ulertzen dutenek esaten dute: “Arraroa da!” Ni poz-pozik nago emaitzarekin, eta espero dut jendea apurka-apurka sartzen hastea. On my own kantaren gaia independentzia emozionala da, nire burua ezagutu, maitatu… Inoren beharrik ez izatea zoriontsu izateko eta aurrera egiteko. Hori da nire asmoa, maitasunean zein lanean.

Soul kultura falta zaigula eta, nondik hasi beharko genuke?

Klasikoetatik: Nina Simone, Aretha Franklin, Etta James. Garaikideen artean, Anderson Paak gustatzen zait bereziki. Euskal Herrian, nitaz gain, Sara Azurza eta Arima Soul ditugu. Bilatu interneten!

Abestien musika sortzen duzu lehenengo, eta letrak idatzi ondoren. Deigarria iruditzen zait.

Beti ari naiz musika entzuten, edota ekoizten, pintxatzen… Hortaz, melodia asko dut buruan. Pintxatzen ari naizenean, kanten artean melodia bat etorri ahal zait burura; orduan, etxera ailegatzen naizenean, musikaz arduratzen naiz, gitarrarekin edota pianoarekin. Gero letra egiten dut. Rock Lee nire kideari [ekoizlea] erakusten  diot, Sanfranen [Bilboko San Frantzisko auzoan] dauka bere estudioa, eta biok lantzen dugu soinua. Beste batzuetan hark erakusten dit ordenagailuan erritmoren bat, baseren bat. Guretzat jolasa da musika sortzea. Gustatzen zait horrela lan egitea. Ondo pasatzeko egiten dugu, eta ondo pasatzen dugu. Bihotzarekin sortzen dena ondo ateratzen da.

Nazioarteko soinu bat bilatu duzu azken diskoan eta, euskaraz gain, ingelesa erabili duzu. Muga geografikoak gainditzeko helburuarekin sortu duzu?

Ez. Ez ditut gauzak egiten disko gehiago saltzeko, dirua edo fama lortzeko. Ez dut pentsatzen zer disko mota sortu nahi dudan. Kanta batetik bestera diferentzia handia dago. Bat izan daiteke oso soul, bestea hip-hop, jazz arregloak erabil ditzaket, edo swing… Ez dago ildo bat, nire ahotsaren soinuak ematen du. Lau kanta ditugunean, esaten dut: “EPa daukagu!”

Orduan, Ispiluaren aurrean dagoen diskurtsoaren osotasuna ez zenuen aurreikusi, baizik eta zure bizitzako momentuaren isla da.

Bai. Ez dut erabakitzen: “Emakumeari buruz idatziko dut”. Bihotzak idazten du. Telebistan ikusi dudan albiste batek inspira nazake, kalean ikusi dudan neska batek, norbaitek kontatu didan zerbaitek, nire emozioren batek…

Heldutasun momentuan sortu duzu diskoa. Lortu al duzu konplexuak pikutara bidaltzea? 

Gero eta gutxiago ditut, bai. Polita da urteak betetzea. Atzera begiratu, eta harritu egiten naiz: asko ikasi dut! Beti izan naiz oso gerrera, baina gero eta lasaiago hartzen ditut gauzak. Jada ez naiz hainbeste haserretzen, energiak ez dira alferrik gastatu behar.

Elkarrizketa batean irakurri dizut: “Gutxiengo baztertu arriskutsu guztien nahasketa naiz”.

Dena daukat! [Barreak] Emakumea, beltza eta euskalduna. Gogorra da, bai!

Zure burua maitatzearen alde egin duzu diskoan, baina ez da gehiegi eskatzea egunero zapalkuntza anizkoitzari aurre egin behar diozunean?

Konplexuak eta momentu txarrak beti egongo dira. Gaur bertan emakume bat niri begira aritu da metroko bidaia osoan! Zortea izan dut, nire aitak beti esan didalako gogorra izan behar nuela, beltz bakarrak ginelako Algortan. Hala, nik txikitatik ikasi dut nire kolorea maitatzen. Nerabezaroan oso arraro ikusten duzu zure burua: ilea, gorputza, zelan mugitzen zaren… Dena diferentea da. Jendeak gauzak esaten dizkizu. Baina autoestimua landuta baduzu, minak ez du horrenbeste eragiten. Naizena naiz, hemen tokatu zait bizitzea eta ahalik eta hoberen moldatuko naiz.

Urteak betetzea ez da tragedia, baina hainbat lanbidetan badirudi emakumeok iraungitze-data dugula. 

Musikan ez dela gertatzen esango nuke. Nina Simone edota Tina Turner ia hil arte mantendu dira oholtzan. Gorputzak eusten badu, hor egon zaitezke; izen bat daukazunean, behintzat, edo zer edo zer interesgarria baldin baduzu eskaintzeko.

Emakumeak kanta idatzi zenuen talde-bortxaketa baten albistea entzun ondoren. Zer harreman duzu feminismoarekin?

Ni beti izan naiz feminista, agian ez peto-petoa. Emakumea naiz eta, hortaz, emakumeen eskubideak defendatu behar ditut. Harro nago emakume, beltza eta euskalduna izateaz. Neu beti aritu naiz erreibindikatzen, hori izan da nire rola. Talde-bortxaketa horren epaian, epaileak lur jota zegoen neskari egindako galderak ikusita, haserretu nintzen: nor da biktima? Justiziak babes handiagoa ematen die gizonei emakumeei baino, eta hori aldatu behar dugu, ez garelako seguru sentitzen inon. Nekagarria da beti beldurrez bizitzea. Orduan, zelan ez naiz izango feminista?

Kantaren letrarekin emakume guztiak identifikatu gaitezke, baina bideokliparen protagonistak oso kontrahegemonikoak zarete: arrazializatuak eta transak.

Aloixe Olabarri bideokliparen sortzailearen ideia izan zen. Esan zidan: “Beti ari zara kritikatzen emakume beltzen, transexualen edota musulmanen errepresentazio falta. Ba ahaldundu ditzagun! Baztertutako kolektiboak hortxe jarriko ditugu: giro super-rich batean, oso guapak eta boterea hartzen”.

Eta gizon zuriak zerbitzari lanetan.

Bai, guk zirikatzen ditugu. Alderantzizko mundua da. Batek zapatak garbitzen dizkit, kopa jartzen diot bizkar gainean… Horrekin irudikatu nahi izan dugu normalean emakumeok agertzen garela atzean, altzariak bagina bezala. Sinbolismoz betea dago bideoklipa. La Bambi [trans ekintzailea] agertzen da etzanda sagarrez inguratuta, bekatua garela adierazteko, dena baita emakumeen errua. Oso pozik nago bideoarekin!

Aukera eman dizu zuen artean esperientziak konpartitzeko? 

Lagunak egin gara, ordu asko eman ditugulako elkarrekin. Ez diogu elkarri ezer kontatu beharrik. Erraz igartzen dugu amankomunean dugun mina, nola sentitzen garen diferente izateagatik. Gure artean zaintzen dugu elkar: ahizpatasuna.

Matxismoak forma desberdinak hartzen ditu arrazakeriarekin gurutzatzen denean. Zer egoera bizi dituzue emakume beltzek? 

Esaterako, ohikoa omen da tren geltoki batean itxaroten egotea eta gizon zuri bat hurbiltzea ordaindutako sexu zerbitzuak eskatzeko.

A, hori askotan gertatu zait, bai! [Barreak] Eta ni ikutzea, atzetik etorri eta gauzak esatea… Izugarria da. Beltza bazara, puta zara. Bai, puta naiz, ni nahi dudanean, nahi dudanarekin. Drogak ere eskatzen dizkigute askotan. 2022an oraindik ere gertatzen dira horrelakoak. Ez dut ulertzen!

2004ko diskoko Azala ilunagoa kantan abestu zenuen estralurtarra bazina bezala begiratzen dizutela. 2022an euskal herritar beltz mordoa dago, baina begirada zuria ez da asko aldatu. 

Bai, aldatuko zela espero nuen, baina kanta berdin abesten jarraitzen dut. Himno bat da! Lehen esan nezakeen: “Inoiz ez duzu ikusi pertsona beltz bat?” Eta agian horrela zen. Baina egun oraindik ere nabaritzen ditut begirada arraroak kalean. Kantan esaten dut: “Ez ezazue begiratu atzetik estralurtarra banintz bezala. Azala ilunagoa daukat, bai. Hori da ezberdintasun bakarra. Zuk bezala negar egiten dut, zu bezalako animalia naiz. Zuk bezala dut sentitzen, zuk bezala dut sentitzen”.

Eta eguzkitarako krema eman behar duzu!

Baita! Amak beti esaten dit emateko. Ez gara erretzen, baina azaleko minbizia izan dezakegu. Eta moreno ipintzen naiz! [Barreak]

Ezaguna zara euskal kulturan. Beltza izateagatik ikusgarritasuna daukazu, baina autoritatea duzula esango zenuke?

Ez dut horri buruz pentsatzen, paso egiten dut. Bakoitzak nahi duena pentsa dezala, niri berdin dit. Gauza asko ditut buruan: kantak, kontzertuak, proiektuak… Ondo sentitzen naiz nire buruarekin eta hori jada ezin du inork izorratu, denbora asko eman dudalako hona ailegatzeko. Mugak nik ipintzen ditut. Oso trankil nago.

Kartoizko ohea proiektuaren kamiseta daramazu gaur soinean, San Frantzisko auzoan ehundutako kolaborazio bat. Zertan datza?

Arrisku sozialean dagoen jendea laguntzeko proiektua da. Betto Snayren [musikaria] ideia da, eta Bri Ridruejok [aktibista] laguntzen dio zabaltzen. Kamisetak eta poltsak saltzen dituzte, gaztelaniaz zein euskaraz. Hauek nire izena daramate, kausaren alde egiteko. Asko lagundu dezakete, jende asko baitago kalean bizitzen, homeless.

Erreferente beltza zara euskal kulturan, eta erreferente euskalduna komunitate afroan. Zein norabidetan eragin duzu gehien?

Beti erdian egon naiz. Jende euskaldunak ezagutzen nau Etsaiakekoa izan nintzelako, edota Ferminekin [Muguruza] ibilia naizelako. Alde horretatik, zorteduna naiz. Orduan, nire musikari aukera bat ematen diote, nahiz eta gustoko ez izan, Afrika naizelako. Afrikarren komunitatean kontrakoa gertatzen da: musika bada eurena, baina gehienek ez dute mezua ulertzen (ezta zuri askok ere). Eurek eskatzen didate erdaraz abesteko. Eskoletara joaten naizenean, neska beltzek, latinoek zein ijitoek txundituta begiratzen didate: “Ohhh! Orain arte inoiz ez dut ikusi emakume beltz bat oholtza gainean. Ni ere egon naiteke hor egunen batean!”. Erreferente moduan ikusten dut nire burua. Nik izan ez dudan erreferentea naiz orain besteentzat. Ze polita, ezta?

Gustuko duzu eskoletan hitzaldiak ematea?

Zoragarria da! Neuk nire bizitza kontatzen dut. Hasieran uste nuen txapa bota behar niela, oso serio, baina gero ulertu dut ez ditudala umeak aspertu behar. Nahikoa aspertuta daude! Bizitza eman nahi diet, powera, konfiantza. Ni hemen banago, zuek ere egin dezakezue! Beltzei, lodiei edota gayei zuzentzen naiz. Sufritzen ari direnengana hurbiltzen naiz, zehazki jakin barik zer gertatzen zaien.

Mugimendu feministan kezka da nola egin bateragarri euskararen aldeko apustua eta inklusibitatea. Erantzunik al duzu?

Hori zelan konpontzen da? Ezin da konpondu! Gaztelaniaz abesten badut, denek ulertuko dute, hori izango litzateke errazena. Edota ingelesez, bereziki, soula ingelesez abestu ohi delako. Baina orduan euskara galduko da. Nik euskararen aldeko erabakia hartu nuen, jendeari nire bizimodua ezagutzera emateko. Ingelesez abesten dut batzuetan, gustatzen zaidalako, kanpoan urteak eman ditudalako eta betidanik entzun dudan musika ingelesez delako.

Badirudi etorkinen gain jartzen dugula hizkuntza normalizazioaren auzia.

Guri exijitzen digute dena. Besteei exijitzea zuk egiten ez duzuna arrazakeria da. Integratzea zaila da diferentea zarenean. Presioa ipintzen digute, txikiak garela sentiarazteko. Hemengoek ere ez badute berba egiten, etorkinek ez dute ikasteko beharrik sentituko. Baina joan Lekeitora edota Ondarroara! Nik hamasei urterekin ikasi nuen. Nahi duenak egin ahal du.

Olatz Salvadorrek Urdin Elektrikoan esan zigun euskarak ateren bat ireki diola, esaterako, Rozalenek berarekin kolaboratu duela euskaraz abestu nahi zuelako.

Zortea izan zuen, Rozalenek baietza eman ziolako. Ohikoagoa da ezetza jasotzea: “Kanta gustatzen zait, baina euskaraz…” Hori Euskal Herrian ere gertatzen da. Arazo handia dago euskararekin.

Zer eman dizu euskarak?

Lagun batek erakutsi zidan Euskal Herriko kultura: mendiak, mitologia, hizkuntza… Berak hainbeste maite du euskara, sekulakoa iruditu zitzaidan eta berba egiteko gogoa piztu zidan. Euskaltegira joan nintzen, gero bizkaiera deskubritu nuen, Lekeition murgildu nintzen… Asko gustatu zitzaidan euskaraz bizitzea. Baina, egun ez dut asko praktikatzen, oso gutxi erabiltzen delako nire inguruan.

Feminista antikolonialen interpelazioa puri-purian dagoen honetan, iruditzen zait ezer gutxi dakigula Espainiako kolonia izandako Ekuatore Gineari buruz. 

Espainiaren Afrika beltzeko kolonia bakarra izan zen. Nire gurasoak etorri zirenean, ez ziren migratzaile moduan etorri; espainiarrak ziren. Handik gauza asko atera da Euskal Herrira ekartzeko: kakaoa, egurra… Espainia zein Europa Afrikaren kontura bizi dira. Jendeak jakin behar du nondik gatozen, gu gorrotatu eta seinalatu baino arinago.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba