Chèr·e Despentes
Virginie Despentesen Cher connard (Grasset) nobela berria irakurri du Danele Sarriugartek, eta horri buruz hitz egin nahi dizue… bere erara.
Uztaila eta abuztua Parisen pasatzeko oparia egin zidan bizitzak, eta bi opari gehigarri jaso nituen hirira iritsi eta gutxira: Céline Sciamma zuzendari eta gidoilaria ikusi nuen kalean (!!!), eta Virginie Despentesek beste nobela bat argitaratuko zuela jakin nuen.
Abuztuaren 17an plazaratu zen Cher connard aurtengo reentréko izenburu nabarmenetako bat, eta egun horretatik bertatik daukat liburua esku artean. Irakurri egin dut, eta zer esango dizuet… asko gustatu zait. Eta hain da plazer handia maite izan ditugun liburuei buruz jardutea. Hona hemen apunte batzuk, ea elkarrizketaren bat pizten duten.
Arrakastaren ostekoa
Ez zeukan erronka makala aurrean Despentesek: Vernon Subutex trilogiarekin arrakasta handia lortu zuen (duela bost urte kaleratu zen azkena), polemikak ere izan dira tartean (Canal+ telebista-katearen adaptazioaren harira, besteak beste), eta nondik heldu hurrengo obrari? Bagenekien bazetorrena. Besteak beste, Goncourt sariaren epaimahaikide izateari uko egin zion egileak 2020ko urtarrilean, idazteko denbora behar zuela argudiatuz, eta esana zuen zerbait egin nahi zuela alkohola ez edateari buruz. Batzuk King Kong Teoria saiakeraren antzeko zerbaiten esperoan zeuden, baina azkenean, eleberri epistolar bat argitaratu du, bi pertsonaren arteko email-elkarrizketa bat, hainbat gairi buruz gogoeta egiteko aukera ematen diona.
Liburuko pertsonaia nagusiak Rebecca Latté eta Oscar Jayack dira. Lehena aktorea da, 80eko hamarkadan sekulako arrakasta izandakoa, mito bat. Adinean aurrera egin ahala, (50 urteen bueltan dabil), ordea, apenas du lanik. Bigarrena idazlea da, Lattéren belaunaldikoa gutxi-asko, eta krisi handi batean dago, bere argitaletxeko komunikazio-arduradunari (Zoe Kattana) jazarpena egin ziola zabaldu baita ‘MeToo’ mugimenduaren olatuarekin batera. Lattéren eta Jayacken arteko emailek osatzen dute liburuaren muina, baina orobat agertzen dira Kattanaren blogeko argitalpenak.
Lattéren eta Jayacken arteko adiskidetasunak ez dirudi oso probablea. Izan ere, horixe du abiapuntua: Jayackek instagramen kontatu du, connard jarrera betean, Latté kalean ikusi duela eta erabat zahartuta dagoela. Latték erantzuteko tartea hartu du, gauzak argi baino argiago utziz: en ce qui te concerne, crève esaten dio, alegia, hil hadi. Baina, hara non, bi-biek gaztarotik ezagutzen dute elkar, Jayackek Lattéri askoz tonu apalagoan eta barka eskean esplikatzen dion moduan. Izan ere, Frantziako ekialdeko hiri batekoak dira bai bata eta bai bestea, langile-auzo berekoak, eta Latté Jayacken arrebaren lagun mina izan zen. Et c’est parti.
Hitz egin behar denari buruz hitz egin
Aurreko batean, bazkaritan, liburuaren argumentua laburbildu nion lagun (literaturzale transfeminista) bati, hor goian zuei bezalaxe, eta ituan eman zuen: «Zer lista den! Gizonek hitz egin behar luketenari buruz hitz egiten». Benetan be.
Despentesek aspalditik du maskulinitateari buruzko kezka. King Kong Teorian agertzen da, eta Vernon Subutex-en harira egindako hainbat elkarrizketatan, esate batera, honako fenomeno bitxi hau deskribatu zuen: emakumezko lagunei galdetuta, askok esaten zioten eraso matxistak jasan zituztela (bortxaketak, besteak beste); aldiz, gizonezko lagunen artean inork ez zuen halako erasorik gauzatu inoiz. Desoreka horrek zer pentsatu handia eman behar lioke jende askori (gizonei, adibidez), baina ez dirudi Despentesen adierazpenak irakurri dituztenik. Azkenean, idazleak berak heldu dio gaiari, jazarpen matxista egindako tipo baten azalean jarrita.
Baina ez hori bakarrik. Bere pertsonaien eta planteamenduen bitartez era askotako kezkak eta gaiak lantzeko bidea topatu du egileak, galdera arantzatsuei ihes egin gabe eta mahai gainean dauden auzi konplexuei helduz, hainbat ikuspuntutatik, eta esperantzari ere lekua eginez. Labur esanda: era horretako literaturak egin ninduen irakurzale.
Liburuan jorratzen da, besteak beste, alkoholaren eta drogaren erabilera eta zertarako hartzen ditugun, maskulinitatea eta gizonen ardurak, feministen belaunaldi desberdinen arteko komunikazioa eta aliantzak, klase sozialak eta arrakasta, sare sozialetako esposizioaren prezioa, zinema-industriaren mobida izugarria… Eta, literaturaren arlora etorrita, ikaragarria da enfant terrible eskuindarrei buruzko pasartea (Louis-Ferdinand Céline, besteak beste).
Narrazioaren egiturak ere badiosku zerbait, eta ez gutxi. Pertsonaiek elkarri hitz egiten diote, desadostasunak dituzte, haserretu egiten dira, Latték egia biribila esaten dio behin baino gehiagotan Jayacki, eta Jayackek drogak uzteak eragina du orobat Lattérengan… Posible bilakatzen da sare sozialetan «etsai» izandakoen arteko komunikazioa. Agian utopikoegia da, baina… horretarako ere balio du literaturak, ala?
Gehiago jakiteko
La Poudre podcast feministan elkarrizketa luze-mamitsua egin diote egileari. Hemen entzungai.
Gehiago irakurri: