Mari Luz Esteban: “Emakume zaharren ildo bat behar dugu mugimendu feministan, gazteekin egin den bezala”

Mari Luz Esteban: “Emakume zaharren ildo bat behar dugu mugimendu feministan, gazteekin egin den bezala”

Bide luzea egin du Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestuak. Behar bikoitza sumatzen du antropologoak eta idazleak: zahartzaroa agenda feministan txertatzea eta adineko pertsonen borrokak feminismoz blaitzea.

21/09/2022

Mari Luz Esteban. | Argazkia: Mireya Lopez.

Andrezaharraren manifestua (Pamiela, 2019) poema-liburuaren katalanezko eta gaztelerazko edizioak jarri ditu Mari Luz Estebanek egongelako mahaitxoan elkarrizketa hasi aurretik. Ibilbide luzea egin du bere bigarren poesia lanak: antzezlana moldatu du Metrokoadroka Sormen Laborategikoekin, bertso-saio formatuan landu da hainbat ekitalditan eta Madame Birrots taldearen zein Rafa Ruedaren abestiak inspiratu ditu. Irakurketa kolektiboek arrakasta izan dute, baita publiko gaztea duten jaialdietan ere, hala nola, Iraultza Txikien Akanpadan eta Bollurrian.

“Gazteek esaten dute liburuak itxaropena eman diela, zahartzaroa irekiago ikusten dutela”, azaldu du antropologo feministak. Umorez mintzo da kritikez: “Batzuen ustez, liburuak ez du errealitate bat jasotzen, utopia bat zabaltzen baino. 90 urteko pertsona batek adierazi du nabaritzen zaidala 60 urte bakarrik ditudala!”.

Zahartzeaz hausnartzeko behar pertsonala duelako idatzi du Estebanek manifestu poetikoa. Alabaina, sormen prozesua kolektiboa izan da: 2017an, Marienea Basauriko Emakumeen Etxean gidatu zuen mintegi bateko adineko andreen ekarpenak baliatu ditu testua aberasteko. 2020an, Emakunderen enkarguz, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen Etxeetako ordezkariekin proiektu bat garatu zuen, Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kideak diren Irantzu Fernandez eta Ixone Fernandez Labastidarekin batera: Adineko emakumeekin lan egiteko gakoak. Emakume zahar kategoria politikoa lantzearen alde egin dute bertan hiru egileek, “identitatea baita edozein gogoeta edo jarduera politikorako baldintza behinena”.

Anna Freixasen lana dugu gerontologia feministako helduleku ia bakarra. Ba al zenuen erreferenterik Euskal Herrian?

Fikzioan gehienbat. Adibidez, aurten, gaia landu dugun idazleon –Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Karmele Jaio, Ana Malagon, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez edota Arantxa Urretabizkaia– lanak irakurri genituen Azpeitiko Hitzaren Eskolan, Zahartzaroa irakurgai ekitaldian. Bestalde, Durangon, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan parte hartu zuen Oneka emakume pentsionisten elkarteak eta beste tailerren bat ere izan zen. Emakunderen txostenean aurrekari gehiago jaso ditugu, bereziki Emakumeen Etxeetan egindako jarduerak.

Azken urteetan gidatu dituzun mintegietan hurrengo galdera bota duzu: nola txertatu emakume nagusien errealitatea mugimendu feministaren agendan? Nola?

Gure hipotesia da ildo propioa bultzatu behar dela, gazteekin egin den bezala. Adineko feministok gizartearen irakurketa jakin bat egin dezakegu. Adibidez, nor arduratuko da heriotzaz edota arrakala digitalaz? Gai horiek gizarte osoarengan dute eragina, baina gazteek ez dituzte landuko. Identifika daitezke zehazki emakume zaharrongan eragina duten gaiak, eta bestalde, gure ekarpena egin dezakegu feminismoak gehien landu dituen gaietan, edo gai berriak ekarri. Horrez gain, Oneka plataforma sortu den bezala, bestelako kolektiboak ere sor daitezke: imajinatu bollera zaharren talde bat!

Heldukeriari erantzuteko sortu zen gazteen feminismoa. Adinkeria sumatzen duzu mugimenduan?

Adinkeria esatea gehiegizkoa da, agian; bai, ordea, zahartzaroa lantzeko zailtasunak eta erresistentziak. Zahar-identitate kolektiboarekin bat egiteak estigmari eta tabuari aurre egitea eskatzen du, eta baita norberaren kontraesanei ere. Kuirrarekin egin den keinua bezalakoa da. Jende guztia egongo al da prest? Ezetz esango nuke.

Kuirra gogoan, zergatik ez duzu atsoa erabili liburuaren izenburuan?

Zahar hitzarekin neologismo bat sortu nahi nuen: andrezaharra. Hitzaldiak ematen ditudanean, jendea harritzen da zahar hitzaren erabilerarekin, eta eztabaida interesgarriak sortzen dira. Atsoa hitza, esan didatenez, emakumeen artean erabiltzen da Gipuzkoako zenbat herritan, ez soilik zaharrei erreferentzia egiteko. Dena den, “Atsotasuna aldarri” idatzi dut manifestuan.

Agenda feministan pisu gehien duten gaiek gazteen ezinegonekin lotura dute: adibidez, ez da Menpekotasun Legea borrokatu abortuaren legea borrokatu den moduan.

Zaharren egoitzen gaia ere hortxe daukagu: pandemian kontzientzia hartu dugu, baina ez gara kalera atera mugimendu feministaren izenean, agian sindikatuen lidergoaren ondorioz. Etxeko langileen egoera gehiago jorratu dugu. Agian laster gu joango gara erresidentzietara; hortaz, eztabaidatu beharko genuke zer aldatu behar den, egoitza feministak sortu behar ditugun… Alargun asko bizi da bakarrik, eta pandemian ikusi da zer egoeratan geratu diren. Horren inguruan zer ari gara egiten? Zaintzari buruz oso modu orokorrean ari gara pentsatzen.

Manifestuan adierazten duzu ez duzula zure burua feminista zaharren komuna batean ikusten.

Ez dut nire burua hor irudikatzen, baina ideia interesgarria da, eta Europan badago zenbait adibide. Politagoa iruditzen zait belaunaldi desberdinetako jendez inguratuta bizitzea. Gainera, komunitatean bizi baino, pixka bat aparte mantentzeko beharra dut. Alternatiba asko egon daiteke bakarrik edo komunitatean bizitzeko aukeren artean. Esaterako, eraikin bateko pisuak erosi edo alokatu eta elkarrekin bazkaltzea, eguneroko zereginak partekatzea…

Nola baloratzen duzu pentsionisten borrokarekin aliantza?
Saio batzuk egin dira, pentsionistek deituta. Ez dakit Onekakoek koordinadora feministetan parte hartzen duten. Uste dut aliantza lokalak landu dituztela batez ere; esaterako, Emakumeen Etxeetan.

Heriotzaren gaia aipatu duzu. Nola landu daiteke feminismotik?

Manifestuan esaten dut heriotzaren teoria feminista gara daitekeela. Donostiako Emakumeen Etxean egin genuen mintegi batean, ongi hiltzea zer den definitu genuen: sufritu gabe, lagunduta, heriotza norberak kudeatuta, bizitza debalde luzatu gabe, eutanasiaren aldeko jarrera adierazi genuen… Heriotzak eragin ditzakeen genero desberdintasunak identifika ditzake feminismoak; esaterako, gizonezkoek zailtasun handiagoak dituztela agur esateko. Emakumeok zaintzen eta heriotzetan laguntzen eskarmentu handiagoa dugunez, gaitasun emozionalak jorratuagoak izan ohi ditugu. Beste desberdintasun bat da emakumeok errazago egiten dugula bizi testamentua. Emakumeak gehiengoa dira Duintasunez Hiltzeko Eskubidea bezalako mugimenduetan, baina ikuspegi feminista lantzea falta da. Gasteizko bi kidek elkartean lanketa feminista egiteko interesa adierazi zidaten hitzaldi batean.

Adinkeria eta heldukeria txanponaren bi aurpegi dira. Zaharrek infantilizazioa bizi dute. Kontuz infantilizazio hitzarekin! Irantzu Fernandezek adierazi bezala, kontzeptu hori ez da egokia, badirudielako umeak horrela trata ditzakegula. Ohar bat jarri dugu txostenean azalpen horrekin.

Egia da. Esango nuke ez dugula menpekotasun egoeran dauden pertsona zaharren burujabetza errespetatzen.

Nire lagun baten ama igerizalea da. Pandemia ondoren medikuari galdetu zionean igerilekura itzul zitekeen, zera erantzun zion: “Ezta pentsatu ere!” Iruditzen zait heldu bati desberdin erantzungo liokeela. Erraz ikus dezaket nire burua egoera horretan. Nire semea laster hasiko da niri esaten zer egin behar dudan eta zer ez. Zahar errebeldeak izango gara!

Zaintza lanen derrigortasunetik askatu gaitu feminismoak, baina izaki interdependenteak gara. Nola lortu oreka autonomia eta arduraren artean?

Oso gai interesgarria da. Nire ikasleei galdetzen diet: nork sostengatzen zaitu eta zuk nor sostengatzen duzu? Batzuk identifikatzen dute, esaterako: “Nire gurasoek eta nire lagunek sostengatzen naute, eta nik nire amama zaintzen dut”. Beste batzuk esaten dute ez dutela inor zaintzen. Egon zaitezke denboraldi bat inor zaindu barik, baina desoreka dago bizitza osoan luzatzen bada. Feministok ez dugu esaten zaindu behar ez denik; nik argi daukat baietz. Belaunaldien artean konpartitu behar dira zaintzak; sartu behar ditugu gazteak amama laguntzeko txandetan, adibidez.

Basauriko Emakume Asanbladan militatzen duzu gaztetatik. Belaunaldien arteko transmisioa egiten da mugimendu feministan?

Hemen, Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista sortu da, Marienean eta Gaztetxean ere mugitzen dena, eta harreman ona daukagu. Argentinako abortatzeko eskubidearen aldeko kanpaina heldu zenean, gazteak liluratuta zeuden, eta orduan kontatu genien Basaurin horren inguruan egindakoa. Esango nuke feminismoan badagoela gizartean falta den belaunaldiartekotasuna. Ohituak gaude elkarrekin egotera, emakumeen etxeetan, ahalduntze eskoletan….

Zer gertatzen da militantziarekin zahartzaroan?

Denetarik gertatzen da. Donostiako Emakumeen Etxean, adibidez, konturatu dira 65 urte baino gehiagoko emakume gutxik parte hartzen duela ikastaroetan zein zerbitzuetan, baina gurean parte hartzen dute. Emakume batzuk utzi egiten dute edo tarteka hartzen dute parte. Intuizioz ari naiz etengabe, begiratu beharko nuke. Horregatik diot hori guztia zehazteke geratuko dela feminismo zaharra eratzen ez badugu.

Trans legearen inguruko gatazka intrafeminista azaltzeko orduan egin den irakurketa bat belaunaldien artekoa da; alegia, feminismoaren behi sakratu batzuk matxinatu direla, lekuz kanpo sentitu direlako teoria eta mugimendu berriekin.

Adina faktore bat izan daiteke, baina beste gauza batzuekin gurutzatuta, bereziki, botere estatusa. Definitu nahi dute zer den feminismoa eta zer ez, eta hori nahiko berria da. Esango nuke disziplinak ere zerikusia duela: ez da kasualitatea mugimendu horren ordezkari batzuk filosofoak izatea. Antropologian ohituagoak gaude pluraltasuna onartzen. Emakume nagusiren batek kezka adierazi dit emakumeen ezabatzeari buruz, baina lasai hitz egitearen alde agertu da. Agresibitate barik hitz egingo bagenu, agian ikusiko genuke adinak zerikusia duela gaiarekiko jarreran eta, hala bada, ikusi beharko genuke zer egin horrekin.

Mari Luz Esteban. | Argazkia: Mireya Lopez.

Mitoa al da urteak bete ahala atzerakoiagoak bihurtzen garela?

Feminismoan? Ez nuke esango. Zahartzaroan emakume batzuk ahalduntzen dira, haien burua libreago ikus dezakete: “Nik jada ez diot inori azalpenik eman behar”. Sakontasun historiko handiagoa daukazu, baina konturatzen zara zenbat aldatu den mundua. Gizartean ere, oro har, ezetz esango nuke, ez behintzat adinagatik bakarrik. Sartu beharko genituzke beste faktore batzuk, esaterako, klase soziala.

Iruditzen zait klase jakin batekoak direla emakume zahar ahaldunduaren arketipo hori.

Bai, kritika hori egin diote Anna Freixasi Yo vieja liburuaren harira. Berak ere onartzen du, baina gero egia da orokorrean hitz egiten duela, etengabe gogoratu barik emakume profil jakin batez ari dela. Ez da klase soziala bakarrik; nahi duzuna egin dezakezun ideiak ere kezkatzen nau. Ideia hori iraingarria izan daiteke, esaterako, fisikoki mugatua dagoen edo baliabide ekonomikorik ez duen emakume batek entzuten badu.

Irakurri dut zure buruari idatzi zeniola liburua. Balio izan dizu zure gorputzarekin gusturago egoteko?

Hein batean. Prozesu bat da. Adibidez lotsari lotutako pasartea antzezten dugunean, momentu intentsoa izaten da, eta egiten dut, ez da fikzio bat. Inportantea da emakume ospetsu batzuk egiten ari direna, adibidez, Emma Thompsonek egin berri dituen adierazpenak: “Ispilu aurrean jartzen naiz eta nire gorputza begiratzen dut, soslairik jarri gabe. Hau ni naiz, zahartzen ari naiz”, esan zuen. Oraindik ere irudi horren aurrean begirada eusteko ariketa egin behar dugu. Asko dugu deseraikitzeko. Lan politikoa pertsonalarekin batera egin behar dugu, abortuaren edo amatasunaren arloetan egin dugun bezala. Horretarako, erreferenteak behar ditugu.

Eta zein dira zure erreferenteak?

Liburuan aipatzen ditut Esther Ferrer, Pina Bausch, Louise Bourgeois eta Laura Rego artistak. Nire lagun batzuk ere badira erreferenteak, noski.

Angela Davis Euskal Herrira etorri zenean, omentzeko antolatu zen jaieko kartelean gaztetako kartela erabili zuten.  

Oso interesgarria izan zen! Orduan pentsatu nuen: “Baina zer egiten ari gara? Zenbat urte izango ditu dagoeneko?” Gero heldu zen eta ikusi genuen. Gutxira hasi ginen egungo argazkia erabiltzen.

Ez ditugu gizonak aipatu. Maskulinitate hegemonikoak oztopatzen du haien gorputzaren aldaketak onartzea…

Gizon helduek prostatari buruz gero eta gehiago hitz egiten dute. Iruditzen zait adin horretan prestatuago daudela haien aldaketez hitz egiteko.

Adierazi nahi izan duzu zahartzea ez dela tragikoa.

Ez lukeela izan behar! Guztiaz hitz egin behar da, tragediaz ere bai. Idealizaziorik gabe. Ez da munduko gauzarik txarrena, baina ezta onena ere. Sufrimendua egon daiteke. Maria Angeles Duranek edota Teresa Del Vallek idatzi dutena interesatzen zait: zahartzaroa beste fase bat dela, heriotzatik hurbilagoa, baina, batez ere, beste fase bat, non aldaketak etor daitezkeen eta sormena piz daitekeen. Bakardadea beste modu batera bizitzera eta kudeatzera garama adinak; hori txarrerako edo onerako izan daiteke. Irudimena ere oso garrantzitsua da.

Adineko emakumeekin lan egiteko Emakunderen dekalogoa:

  1. Berariazko esku-hartzeak, politikak eta aurrekontuak sortu
  2. Adinkeriari aurre egin
  3. Zahar-identitate kolektiboa sustatu
  4. Intersekzionalitatea kontuan izan
  5. Ikusgaitasuna bermatu
  6. Belaunaldiartekotasuna elikatu
  7. Ahalduntze indibidual eta kolektiboa garatu
  8. Errekonozimendua sustatu
  9. Bereziko espazioak eratu edota daudenak zaindu
  10. Asistentzialismotik haratago joan

Gehiago irakurri:

Download PDF
Etiquetas: , ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba