Ainara Azpiazu: “Koloreak eta marrak dira mundua, eta hori neutroa da: ez dago ez ondo ez gaizki, ez goitik ez behetik”

Ainara Azpiazu: “Koloreak eta marrak dira mundua, eta hori neutroa da: ez dago ez ondo ez gaizki, ez goitik ez behetik”

Utzi azalari (Dobera, 2022) nobela grafikoa aurkeztu berri du Ainara Azpiazu Aduriz Axpi ilustratzaile eta komikigileak. Proiektuari buruz hitz egiteko bildu gara berarekin.

Ainara Azpiazu Aduriz. | Argazkia: Danele Sarriugarte.

 

Bertsozaleei beharbada ezaguna egingo zaie Axpiren nobela grafiko berriaren izenburua: Utzi azalari. Bai, Maialen Lujanbiok 2017an Irungo kanporaketa hartan kantatutako bakarkako antologikoarekin lotuta dago. [Irun, 2017: «Dena ondo zihoan argia piztu den arte» gaiari erantzunez, pertsona trans baten larruan sartu zen Lujanbio, eta genero-binomioa zalantzan jarri zuen, besteak beste hau kantatuz: «gizona eta andrea nauzu / ez andrea, ez gizona / nere inon ez egon nahia ote / da zure ezinegona?». 6:21 minutu baldin badauzkazu, ikusi bideoa: bost urte beranduago, eutsi ez ezik, bertsoaldiak oilo-larrua jartzen du]. Bada, Dobera euskara elkarteak eskatuta, Lujanbiorenari tiraka istorio bat eraiki du Axpik: Eleneren istorioa, Mikelen istorioa, eta bien artekoa. Baina nobelan badira, halaber, pintzelak eta belar-metak, kolektibotasunaren eta ertzen arteko hurbilketak.

Utzi azalari nobela grafikoa argitaratu berri duzu. Gustura geratu zara?

Hiru urte inguru pasa dira dena egiten, eta oraintxe mozkorraldi-sentsazio bat daukat: ez da hilabete pasa kalean denetik, eta ez diot asko begiratu iruditzen zaidalako oraindik akatsak aterako dizkiodala. Horrelakotan nahiago izaten dut distantzia pixka bat hartu arte itxaron, eta lanari begiratzea modu objektiboagoan edo dena kontutan hartuta.

Pozik nago uste dudalako ahal nuen ondoena erantzun diedala neuzkan erronkei. Erronka handia zen gidoia egituratzea, eta gaia bera nola landu erabakitzea. Pozik nago ausartzeagatik ere; kosta egiten zait, beti dago erronka puntu bat. Saiatu naiz laguntza eskatzen ere gidoiaren trama garatzeko, edo iritziak eskatzen trans gaia lantzeko. Gidoia lantzeko Katixa Agirrerekin eta Harkaitz Canorekin egonaldi bat egin nuen Garaionen, eta trans gaiarekin Brayan Altismasberesi, Aitzole Aranetari eta Ituri eskatu diet laguntza. Artistikoki egin nahi nuen guztia ondo egiteko denborarik ez dut eduki, baina saiatu naiz oro har liburua ondo egina egon zedin, eta igual koloreei, adibidez, ezin izan diet eman nahi nien arreta guztia, lehentasuna eman diodalako dena ondo egituratuta egoteari.

Zoragarria da liburua. Ez duzu lehenengo komikia baina kasu honetan iruditzen zitzaidan erronka handia zela bertso batzuk –eta hain ezagunak gainera– abiapuntutzat hartuz beste zerbait egitea.

Abiapuntuko bertso horiek oso bisualak dira, eta klabe batzuk ematen dituzte. Hortik aurrera nik erabaki behar nuen nondik heldu. Adibidez, ez nuen oso esplizitua izan nahi gorputz atalekin, ez nuen horrekin oso bisuala izan nahi, gai delikatua iruditzen zaidalako. Igual batzuei ez zaie morbosoa irudituko, baina eremu labaina dela uste dut.

Hain justu ere iruditzen zait bertso horiek ez dutela hainbeste azpimarratzen genitalen kontua. Uste dut fokua beste nonbait jartzen dela, eta zuk ere hala egin duzula komikian.

Bai, eta bertso horien interesa ere hor dago niretzat; berak esaten du ari dela hartzen zenbait botika eta hormona, baina garrantzitsuena pertsonaia horrengan ez da bide bat egiten ari dela eta bide horren helburua zein den. Ez; kontatzen du momentu preziso horretan non dagoen eta horren aldarria egiten du. Eta hori da gustatzen zaidana. Gizarte honetan beti honakoa irudikatu nahi dugu: “Hemendik hona noa, zuritik beltzera noa, eta zer zara, zuria edo beltza? Ba zuri eta beltz naiz”. Ekarpen polita iruditzen zait; posizio horiek oso interesanteak dira gizartean, eta aldi berean, gehien kostatzen direnak dira eta gehien zigortzen ditugunak, eta generoarekin are gehiago. Beti bizi dugu katalogazio oso zurruna. Dena den, bertsoaldiak berak markatzen zuen bidea, eta orduan errazena izan zen pentsatzea nola iristen diren pertsonaiak bertsoetan kontatzen den enkontru sexu-afektibo horretara. Pentsatu nuen istorioa pixka bat atzerago botatzea, eta pertsonaia horietako bakoitza nor den pentsatzea.

Elene eta Mikel dira bi pertsonaia horiek. Elene bera –Lujanbioren bertsoetako narratzaile litzatekeena– artista da, eta zure ibilbidearen oihartzunak dakartza. 

Azkenean ezagutzen dugun errealitateaz hitz egin dezakegu ondo. Nik neska gazte bat irudikatu nuen, eta ni gaztea nintzenean arte ederrak ikasten nituen. Garai hartan, asko hausnartu nuen gai honetaz eta lehen esan dugun zuriaren eta beltzaren kontu horretaz, baita nire generoaz eta sexualitateaz ere. Hori duela 20 urte izan zen, eta feminismo hitza ia ez zen existitzen, beste borroka batzuk zeuden zentroan. Gurasoen etxetik aldenduta, gizartearen egitura eta arauak askoz garbiago ikusten hasten zara. Gogoan dut nire krisiak eta hausnarketak eduki nituela nahiz eta heteroa izan, edo hori uste dudan –ez daukat oso garbi oraindik, hitz hori ez zaidalako gustatzen–, eta momentu horretan kokatu nuen Elene.

Arteari dagokionez, gauza batzuk ere asko gogaitzen ninduten ikasle garaian, adibidez modeloak gehienetan izaten ziren oso kanonei begirakoak. Arte ederretan justu begirada lantzen duzu, eta nik neuk gauza guztiei bere edertasuna ikusten bukatu nuen ondo marrazten ikasteko. Hori da artea: ezer ez jartzea ezeren gainetik. Hor perspektiba batzuk landu behar izan nituen nire trebeziak garatzeko maila teknikoan, garatu behar izan nuen munduari nola begiratu behar nion. Mundua dira koloreak eta marrak, eta hori neutroa da: ez dago ez ondo ez gaizki; ez goitik ez behetik. Horrek ere ekarri zizkidan beste gauza batzuei lotuta beste hausnarketa pila bat, eta iruditzen zitzaidan gai honekin ere ondo lotu zitezkeela.

Mikel ere unibertsitateko ikaslea da. Idatzi egiten du, eta landa-eremutik dator.

Bertsoetan, hizketan ari den pertsonaiak beste bat kolpatzen du: zer egingo duzu ezinegon horren aurrean? Horregatik dira hain onak. Fokua parekoarengan jartzen da, eta orduan behar nuen beste bat interpelatua izango zena eta kontrastea egingo zuena. Igeldon bizi izan naiz urte askoan, eta lagun baserritar batek esan zidan bezala «kalekume izateko oso baserritarra» naiz. Erraz ulertzen ditut kode horiek, eta pentsatu nuen hor kokatzea polita zela.

Bestalde, gaur egun baserritar izatea ertz bat iruditzen zait, igual bati baino gehiagori ez zaio irudituko, baina niri bai. Azken batean, haiek dira mundu hau nola sostengatu ondoen dakitenak, behintzat maila materialean eta elikaduran, eta oso esker txarreko ogibidea da. Baldintza txarretan bizi dira oro har; lan pila bat egin behar da. Gaur egun, inor gutxik izan nahi dugu baserritar. Orduan, bueno, polita iruditzen zitzaidan hori presente jartzea, eta nekazal munduko zenbait gauza erakustea, bi pertsonaia belar-metak egiten, esaterako. Batetik, Mikelen pertsonaia oso zentrala da, mutil heterosexual bat da, patriarkatuaren eredu den mutil hori, baina nolabait ere ertz batean ere badago, eta azkenean ertz horrek nola eraman dezakeen pertsonaia bat beste ertza ulertzera.

Beste hainbat lan ere kokatu dituzu landa-eremuan eta baserrian.

Iruditzen zait gaur egun arduratsuak baldin bagara, adibidez klima-aldaketarekin eta, denok jakin behar dugula pixka bat horretaz. Ez dizut esango letxugak landatzen jakin behar dugunik guztiok, baina ez badakizu letxugak landatzen, ba erosi landatzen dakienari. Denok daukagu ardura pixka bat jende horri behar duena emateko, eta jende hori ahal den ondoena bizi dadin. Horiek dira gu ondo bizitzea ahalbidetzen dutenak, eta gaizki bizi dira, oro har; beste lanbide askok baino baldintza okerragoak dituzte, berez zentro-zentroan daude, eta gaur egun daukagun arazo nagusietako baten soluzioa dira. Hainbeste jakinduria daukan belaunaldia ari da galtzen, eta gero liburuetatik ikasi beharko al dugu baratzea nola egin? Eduki ditugunean belaunaldiak dena oso modu integratuan eta oso modu ekologikoan egiten jakin dutenak. Horren aldarria egiten dut garrantzitsua iruditzen zaidalako eta ertzean uzten dugulako gure egunerokoan. Pandemiarekin baneukan halako itxaropena, denak hasi ginen bertako dendetan erosten… Ondo jateak ere osasuna ekartzen du, ez dakit horretaz gogoratzen garen askotan.

Lujanbioren bertsoek amaiera irekia zuten. Zuk bide baikorretik heldu diozu, zabalik utzi arren.

Hasieran beste bukaera bat jarri nuen, oraindik eta irekiagoa. Ez nuen asko kontatu nahi; iruditzen zitzaidan irakurleei bide asko ixten nizkiela, eta nahi nuen bere burua hor ikusten ez duenak ere enpatizatu zezan. Azkenean erabaki nuen harreman horrek segida izatea, segida hori nolakoa den ez badakigu ere.

Enkontruak zerbait eragiten dio Mikeli.

Hori zen helburua. Bai; enkontruak Mikel atera du bere ikuspegietatik eta zabaldu dio  begirada, eta Mikelek pauso txiki bat eman du bide horretan. Gero, bakoitzari bere ardura. Mikel, espabila.

Ilustratzaile gisa feminismoarekin lotura izan duzu hainbat modutan eta egitasmotan. Zer ekarri dizu?

Arte Ederrak ikasi aurretik soziologia ikasi nuen, eta, bueno, gure etxeko ereduetatik hasita haserre ikaragarria neukan. Ez teorietatik; teoriak beranduago etorri ziren, baina baneukan sentsazio bat… Adibidez, niri artea gustatu izan zait, eta umetan marrazki bizidunak ere bai. Eta marrazki bizidunetan: zer demontre, eta gu non gaude? Pottokinak ez diren neskak non daude? Gurasoen kuadrillako lagunek semeak zituzten, eta ni beti semeekin ibiltzen nintzen, eta sentitzen nintzen pixka bat rol batzuetan estankatuta, eredu faltan, eta komikiak etorri zirenean Asterix eta Obelix eta Tintin etorri ziren etxera. Itolarria sartu zitzaidan, handi samarra. Eta pentsatu nuen: nik hau ez dut ezagutu, eta historia hauek niri ez didate balio. Orduan, traketsa izango naiz, baina baten batek hasi beharko du…. Badakit ez naizela munduko bakarra, baina horrela hasi nintzen.

Zorionez, feminismoak ere bide luzea egin du eta orain markoa askoz zabalagoa da, gauza oso interesgarriak daude irakurtzeko. Emakume batek egindako lehen komiki luzea 26-27 urte neuzkala ezagutu nuen: oso berandu.

Zertan zabiltza orain?

Maite Larbururen Arraiak kantuarentzat bideoklip bat egiten ari naiz, animazio bat. Bertsozale Elkartearentzat ere bertso batzuen animazioa egiten ari naiz, eta baita Azpeitiko Udalarentzat herriko emakumeen gertuko historiaren inguruko gauza bat ere. Egia esan nahiko proiektu handia da, audioak ere edukiko dituena, eta paneletan aztertuko da, arloz arlo, Azpeitiako emakumeen gertuko historia. Oso gauza politak dira, egia esan. Hurrengo urtera begira, berriz, pare bat liburu, muralen bat…

Besterik gehitu nahi zenuke?

Pikarako artikulu asko irakurtzen ditut eta beti dira bitamina handia. Eskertzen da halako proiektuak egotea, eta ohore bat da bertan parte hartzea.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba