Bilboko historia ezkutua
Maria Unanuek bere familiaren historia isilduaren berri izan du Iñigo Lopez Simonen Bilboko etxola batean liburuari esker. 50. hamarkadan Bilboko hainbat auzotan hedatuta zegoen txabolismoaren historia atera du argitara idazleak.
Duela urtebete inguru nire buruari zin egin nion nire bizitza kontatzeari utziko niola, baina iritzia aldarazi dit azken astean erraiak nahastu dizkidan irakurgai batek. Argitalpen horri buruz idaztea erabaki dut, eta ezinbestean irakurri behar duzuen liburu batekin natorkizue. Mesedez eta faborez, bilbotarrak edo euskaldunak bazarete, zuen burua euskal maketotzat baduzue, zuen familiek edo zuek migratu baduzue, Historia ez-ofiziala interesatzen bazaizue edo Bilboko Udalak agerian jarri nahi ez dituen gaiek interesa pizten badizuete, zalantzarik gabe, honakoa zuen liburua da. Egin kasu, eta irakur ezazu liburu paregabe hau. Ez zarete damutuko. Prest!?
Igande arratsaldea. Telebistan etxea erreformatzen ari diren bikien programa adiktibo madarikatu hori entzuten dudan bitartean, telefonoari begira atzamarrarekin gora eta behera ari naiz, berri interesgarriren baten bila. Bat-batean, aurpegi ezagun bat: hori ez al da nirekin udalekuetan egondako mutil hura? Berriako esteka sakatu, eta hara non ikusten dudan 1996. urteko udan ezagututako Iñigo Lopez Simon. Itxuraz ez da ezer aldatu. Berria goitik behera irakurri ostean jakin dut liburu bat idatzi duela. Aja! Hori da behar dudana! Etxean irakurri gabeko 86.949 liburu dauzkat, baina zergatik ez dut erosiko beste bat?
Googlen sartu ditut egilearen izen-abizenak, eta kasualitatez, bigarren liburu bati buruzko elkarrizketa bat aurkitu dut. Elkar argitaletxeak argitaratu zuen iaz (2021), eta Bilboko etxola batean izena du. Gaiak interesgarria dirudi. Bideoa osorik ikusi dut, eta baita hainbat laguni bidali ere. Bai gai interesgarria! Bilboko txabolismoa. Txabolismoa? Nola? Bilboko populazioaren %10a inguru etxoletan bizi izan zela? 50. hamarkadaren bukaeran, Bilboko 26.000 herritar etxoletan bizi zirela? Hori ez nekien nik! Inork aipatzen ez dituen eta instituzioek nahita ezkutatzen dituzten milaka eta milaka pertsonarekin harremana duten gaiek txunditu egiten naute, isilarazitako memoria historikoa direlako.
Liburuaren argazkia aurrez aurre daukat sakelako mugikorraren pantailan. Azalean zuri-beltzezko argazkia. Tene Mujika saria irabazi duela adierazten duen pegatina ere hor dago. Zer ote da hori? Wikipediaren arabera, “Tene Mujika saria Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Robustiana Mujika Egaña idazlearen omenez urtero banatzen duten beka da. Euskal Herriko historia hurbilari buruzko ez-fikziozko proiektuak aurkeztu behar dituzte parte hartzaileek. Izan ere, euskal literatura aberastearekin batera, Euskal Herriko historia hurbila ezagutaraztea da bekaren helburua. Saridunek euren lanak argitaratzeko aukera izaten dute”. Wikipediaren hitza. Amen. “Liburu hori erosi behar dut!”- esan diot nire buruari.
Osteguna. Aste bitxia izan da. Zein ez? Lagun batekin bazkaldu ostean, beste hitzordu bat daukat arratsaldeko zazpietan. Ordu eta erdiko tartea daukat, eta txakurrekin etxera itzuli beharrean, Alde Zaharreko Elkar liburu dendara joatea erabaki dut. Harrerako langileari azaldu diot Bilboko etxola batean liburuaren bila ari naizela, ordenagailuan aurkitu, eta apalategiranzko bidea hartu du. Bere atzeatik abiatu naiz pauso labur eta arinak emanez. Emozioa. Hor dago liburua, niri begira. Hilabete honetako obsesioa hartu dut eskuetan haur jaio berria izango balitz bezala, 22,05 euro ordaindu eta Bidebarrietara abiatu naiz irakurtzera. Urduritasuna.
Iñigo Lopez Simon idazlea 1984. urtean jaio zen Basaurin, eta doktorea izateaz gain, Historia irakaslea ere bada Bigarren Hezkuntzan. Bere ikerketa esparruak hiri-marjinalitatea eta gazte delinkuentzia dira. Bere lehenengo argitalpen honek 12 kapitulu ditu, eta horietako bakoitzaren barnean hainbat azpi-sailkapen dago. Horretaz gain, epilogoa, elkarrizketatuen izen zein deskribapenak, eskerren atala eta bibliografia dauzkagu. 200 orrialde inguruko obra euskaraz idazteaz gain, bereziki polita iruditu zait bere Salamancako familia aipatzea eskerren sekzioan. Gero ulertuko duzue zergatik hunkitu nauen horrek.
Ez dut spoilerrik egingo, baina liburua zoragarria da. Irakurtzen hasi bezain pronto konturatu naiz ikerketa lan ikaragarria egin duela idazleak, baina ez dituela soilik datuak eta zenbakiak bildu. Saiakerak oso gogoko ditut, irakurtzerakoan lasaitasuna ematen didatelako, baina berriz diot: honakoa ez da ohiko saiakera bat. Biografia kolektiboa eta, nolabait, sasi-narrazio kostunbrista uztartzen dituen entsegu kritiko baina samurra da; oso berezia. Horrez gain, batzuetan, idazleak ohar kritikoak tonu erdi dibertigarrian idatzi dituela esatera ausartzen naiz, edukiari inolako zorroztasunik kendu gabe. Jenialtasun hori mimo handiz egindako lana da, errespetu osoz tratatutako deskribapen mundiala. Obra horrek informazio objektiboa eskaintzeaz gain, etxoletan bizi izan diren hamaika pertsonaren bizipenak partekatzen ditu, eta gainera, idazlearen estilo pertsonalaren bitartez.
Pikara Magazinen irakurlea bazara, honezkero jakingo duzu Historia hegemonikoa kontatzen den liburuetan gizonen Historia kontatu ohi dela. Historia ez-ofizialean ere, sarritan, Historia ofizialaren joerak gailendu ohi dira. Hots, ertzetako pertsonen narrazioak izan arren, normalean gizon zuriak dira protagonista eta pertsonaia bakarrak. Sorpresa polita izan da ikustea Iñigo Lopez Simonek ez diola liburuari inondik inora trataera hori eman, eta emakumeei eta ijitoei buruzko kapitulu bikainak daudela bertan. Emakume ezkongabe, emazte, alargun edota sexu langileen bizitzetan sakondu du egileak, eta indarkeria ere izan du hizpide. Etxoletako biztanle “baztertuenak” diren ijitoak ere ikusgarri egin ditu idazleak oso era aproposean.
“Baina zer zerikusi dauka liburu honek zure bizitza pertsonalarekin?” -galdetuko diozue zuen buruari. Ni euskal maketa peto-petoa naiz, eta nire gurasoak Bilbon jaio ziren arren, aitona-amonak migratzaileak izan ziren. Kontatuko dizuedana oso garrantzitsua da niretzat. Liburua irakurtzen ari nintzen bitartean, amak eta amamak aipatutako hainbat deskribapen eta kontakizun etorri zitzaidan burura. Hasieratik pentsatu nuen liburu honek nirekin zerikusia izan zezakeela, baina ez nekien zergatik.Bidebarrietako liburutegian irakurtzen ari nintzela, pasabidera irten eta amari deitu nion. Galderak egiten hasi nintzaion: “Ama, nolakoa zen amama Laurak eta aitite Catorrek Galiziatik Bilbora migratu zutenenan Irustan egindako etxea?”. Amak etxea deskribatu zidan eta ohartu nintzen ez zela etxea, etxetxoa baizik. Ezagutzen nautenek badakite galdera ugari egiten dudala, eta ama xehetasunak gehituz joan zein heinean, zera galdetu nion: “Ama, esan egia: amama, aitite, izeba eta zu txabola batean bizi izan al zineten?”. Amak ezetz erantzun zidan, txabolak kartoiez eta plastikoz eginak zeudela. Iñigo Lopez Simonen liburuari esker badakit harrizko, blokezko, adreiluzko edo zurezko etxolak ere eraiki zituztela, eta horrela azaldu nion. Amak ezezkoan jarraitu zuen, ordea, eta beste galdera bat luzatu nion: “Ama, eta zuen etxetxoaren inguruan etxolak al zeuden? Txabolez inguratutako auzo batean eraiki zenuten etxetxoa? Amak mar-mar egin zuen orduan, eta baieztatu egin zidan nik pentsatzen nuena: “Bai, horrelako zerbait”. Hemendik aurrera bizi izan nuena katarsi erraldoia izan zen. Aitarekin hitz egiten hasi, eta galdera berak egin nizkion, baina oraingo honetan amama Begok eta aitite Emilianok Olabeagan zuten bizilekuari buruz. Berak esandakotik ondorioztatu nuen nire lau aitona-amonak, aita eta ama etxoletan bizi izan zirela. Bidebarrietako pasabidean, telefonoa eskuan nuela, negarrez hasi nintzen entzuten nuena sinetsi ezinik. Nola da posible 38 urte izanda, 12 urte nituenean udalekuetan topo egin, baina ezagutzen ez dudan mutil baten liburua irakurtzeak nire familiaren historiaren zati garrantzitsu hau oparitu izana? Berriro diot: nik ez nekin ezer honi buruz!
Hain zuzen, idazleak oso ongi azaldu du etxoletako biztanleek bi jarrera nagusi izan dituztela a posteriori: alde batetik, liburuko elkarrizketatuen artean badaude elkarbizitza hura harrotasunez bizi izan zutenak, elkartasun sareak sortzeko gai izan zirelako baldintza ezin txarragoetan (eta hori zoragarria iruditzen zait). Dena den, zoritxarrez, nire familiak jarrera ezberdina izan du gai horri dagokionez. Lotsa. Eta horri lotuta, sekretismoa. Epairik gabe diot. Erabat ulergarria da. Amama Begok 92 urte ditu, eta bizirik dagoenez, honi buruz hitz egin dut berarekin. Argi eta garbi ikusi dut 24 urterekin joan zela etxola partekatu batera bizitzera, eta sufrimendu handiz gogoratzen duela garai hura. Zergatik? Amama Begok ez zuelako bertan egon nahi. Amama Begok etxe normal batean bizi nahi zuen. Nork ez du hori ulertuko? Nire senideek euren bizitzetako etapa hura ahaztu nahi izan dute horri buruz hitz egiteari uko eginez. Dena den, nik txundituta jarraitzen dut, eta beste gauza askoren artean, euren muturreko austeritatea ulertzen hasi naiz. Asko hitz egin dezaket horri buruz, baina agian beste artikulu batean egin beharko nuke.
Oraindik erdi-shockean nago. Asko daukat hausnartzeko oraindik. Mila esker Elkar argitaletxeari, Tene Mujika bekari eta, batez ere, Iñigo Lopez Simoni horrelako opari zoragarria egiteagatik. Ez dut uste liburu hori irakurtzean horrela sentitu naizen bakarra naizenik, eta ziur nago argitalpen honen onurak zenbaezinak direla. Nire familiak lotsaz bizi izan du etxoletan bizi izana, baina nik erabateko harrotasuna daukat gorputzean. Informazio honekin eta terapia askorekin borobila ixteko giltza daukadala uste dut. Gauza asko ulertu dut orain.
Mila esker bihotz-bihotzez liburu honengatik. Eskerrik asko isilarazitako Historia argitara atera duzuen guztioi. Oso beharrezkoak zarete.
Gehiago irakurri: