Mone Sakihara: “Gustatzen zait jendeak zerbait polita dela pentsatzea, eta hurbiltzean ikustea katana batek moztutako burua dela”

Mone Sakihara: “Gustatzen zait jendeak zerbait polita dela pentsatzea, eta hurbiltzean ikustea katana batek moztutako burua dela”

Mone Sakihara ilustratzaile japoniarrak giza gorputzaren edertasuna erakutsi nahi du. Bere margolanetan, shunga estiloaren eta voyeur ikuspegiaren bidez, pertsonaiek ez dute generorik.

Mone Sakihara Bilbon egindako erakusketa batean.

Mone Sakihara ilustratzailea Saitaman (Japonia) jaio zen, baina hamabost urte zituela, familiarekin batera Sestaora (Euskal Herria) joan zen bizitzera. Mangaren munduan eman zituen lehendabiziko pausoak, geroago mendebaldeko estiloa hartu zuen, eta azkenean, bere sustraietara itzuli eta hizkuntza grafiko popioa osatu zuen shunga estiloaren eta voyeur ikuspegiaren bidez. Itxuraz makabroak eta bortitzak diren eszenak jasotzen dituzte haren ilustrazioek, baina irudi erotiko eder eta harmoniatsuak bilakatzen ditu artistak. Sakiharak sorpresa faktorea, katanak, moztutako buruak eta loreak ditu gustuko. Generorik gabeko pertsonaiak sortzen ditu, egunerokotasunaren erotismoa erakusten du eta itsusia dena polita bihurtzen du.

Nola sartu zinen artearen munduan?

Txikitan hasi nintzen marrazten. Nire ahizpa nagusiak egiten zuen gauza oro kopiatzen nuen. Berak zerbait egiten bazuen, nik ere egin nahi nuen. Arropa, egiten zituen jarduerak, den-dena kopiatzen nuen. Mangan interesatu zen eta marrazteari ekin zion; ondorioz, nik ere bai. Nire amak manga marrazteko kit bat erosi zuen, marrazki solteak (eta ez komikiak) egiteko kit arrunt bat. Hortik aurrera marrazten hasi nintzen, gaur egun arte. Hona iritsi nintzenean batxilergo artistikoa egin nuen, gero Ilustrazioko goi mailako gradu bat ikasi nuen eta orain Arte Ederretako gradua amaitzen ari naiz. 

Mangaren artean eman zenituen zure lehendabiziko pausoak, eta geroago, Ukiyo-e “mundu flotagarriaren pinturak” grabatu japoniarren generoan topatu zenuen inspirazioa.

Ukiyo-e estiloan inspiratzen naiz, xilografiarekin egiten den grabatu japoniarreko estanpen estiloan, alegia. Zurarekin egindako lanak dira, horregatik dute perspektiba gutxi eta kolore lauak. Ez dute mendebaldeko estilorik, zeinetan puntu garrantzitsu bakarra dagoen eta gainerakoa bigarren mailakoa den. Edo izeneko garaian garatu zelako deitzen da horrela. Japonia shogunatos garaitik irteten ari zen, gerra garai batetik. Edo-ren garaia iristean bakea hasi zen, eta orduan, eguneroko jarduerak eta paisaiak marrazten hasi ziren. Zoriontasun handiko aroa izan zelako deitu zioten “mundu flotagarria”, jendea lasai zegoelako. Dena den, nik ez ditut gai horiek erabiltzen, estanpen estiloa baizik. Nire irudiak digitalak dira eta puntu guztiek dute protagonismoa, xehetasun guztiak ikus daitezke.

Shunga estiloa berritzen duzu, “udaberriko irudiak” esan nahi duen arte erotiko japoniarra. Estilo honek eragin handia izan du manga, anime edo tatuaje japoniarraren arte modernoan.

Shunga estiloan inspiratzea gustatzen zait, baina nolabait, berrinterpretatu egiten dut. Nire erreferentziak ez datoz bakarrik estilo horretatik. Japoniako estanpatu tipikoetan, konposizioetan, planoetan, testuretan eta koloreetan inspirazioa hartzea ere gustatzen zait. Japonian nengoenean mendebaldeko estiloarekin margotzea gustatzen zitzaidan, modu errealistago batean, degradatuekin. Haatik, hona etorri nintzenean, nire kulturaren falta sumatzen hasi nintzen, mendebaldeko estiloaz nekatuta nengoen. Beraz, zera esan nuen: “Nire herrialdera hurbilduko nauen zerbait marraztuko dut”. Estilo horrekin hasi nintzenean emaitza gustuko izan nuen, eta jendeari ere deigarria egiten zitzaion.

Irudi: Mone Sakihara.

Zein artista izan dira zure erreferenteak?

Utamaro Kitagawa, Higorise Utawaga edota Takato Yamamoto artistengan inspiratzen naiz. Era berean,  indarkeria oso modu politean erakusten duten zenbait komikitako marrazkilariek izan dute eragina nire obran (Suehiro Maruo, adibidez).

Badirudi zure irudietan agertzen diren pertsonaien genero-identitatea ez dagoela zehaztuta. Horrela da?

Oro har, oraindik garatu ez diren pertsonaiak agertzen dira, eta ondorioz, ez dakigu zein sexu duten. Ez zait interesatzen emakume edo gizon baten edertasuna erakustea, giza gorputzaren edertasuna erakutsi nahi nuen eta hazkundearen une horretan agertzen den generoa oso interesgarria dela deritzot. Zehaztuta ez dagoelako gustatzen zait: ez dago ezer argi, ez dago sailkapenik. 

Zure irudiak voyeur ikuspegi batetik irudikatuta daude, irudia begiratzen duenak intimitatearen eszena bat ikusten ari dela imajinatzen du. Protagonisten artean dagoen harremana zein izango ote den pentsarazten dizute ilustrazioek.

Agertzen diren bikoteak gay-ak diren galdetu ohi didate, eta beti gauza bera erantzuten dut: nik ez dut zehazten bikotea diren ala ez, baliteke lagunak izatea. Agian mugimenduren batek bikotea direla pentsarazten dizu, baina hori ikusten duenak atzematen du, nik ez bainuen inoiz esan bikotea direnik, ezta gay direnik ere. Jendeak sinesten du eta ziurtzat jotzen du, baina nik ez dut ez generorik ez harreman motarik erakusten. Baliteke eszena batzuetan esplizituki ikustea zer egiten ari diren, baina normalean ez dago ezer espezifikorik. Erotismoak ez du zertan generoarekin lotuta egon, edozein pertsona, ekintza edo xehetasun erotikoa izan daitekeela uste dut. Egunerokotasunaren erotismoa erakustea gustatzen zait, horrek gure nortasunarekin zerikusirik izan gabe.

Eszena makabroak ekintza eder eta harmonikoak bilakatzeko duzun gaitasuna da zure obraren ezaugarrietako bat. Nola lortzen duzu?

Jendea nire obra ikustera hurbiltzen da polita dela pentsatuz eta harrituta geratzen da beti. Museoekin eta familiako kideekin gertatu izan zait obra abstraktuak ez ulertzea eta ondorioz horienganako interesik ez izatea. Jendeak obra bat ulertzen ez duenean errefusatu egiten du eta, beraz, ez du gustoko. Nik ez dut lan abstrakturik egiten, jendeak ez lukeelako ulertuko eta itsusia irudituko litzaiokeelako. Nik ulertzen den obra bat egiten dut, ulergarria den irudi bat, obra humanista bat. Sagar bat marrazten baduzu, sagar bat dela uler dadila, pertsona bat bada, pertsona bat dela ikus dadila. Gainera, koloreen harmoniarekin jolasten dut, eszena harmoniatsua izaten laguntzen baitidate. Adibidez, Pop Art-en oso kolore saturatutak erabiltzen dituzte, arreta erakarri nahi delako, publizitatean egiten den bezala. Oso sentsazio zakarra da. Nik erabiltzen dudan kolorerik indartsuena gorria da. Inpaktu handiko kolorea denez, kolore gozoagoak erabili behar ditut balantzea orekatzeko. Kontrastea egon behar du, baina ez du oso bortitza izan behar. Loreek ere beren rola dute, elementu ederrak baitira. Lore bat ikusteak zerbait polita ikusten aritzearen sentsazioa ematen dizu, baina hurbiltzen zarenean, ilustrazio erotikoa edo groteskoa dela ikusten duzu. Gustatzen zait jendeak zerbait polita dela pentsatzea, eta hurbiltzean katana batek moztutako burua dela ikustea.

Irudi: Mone Sakihara.

Bi ilustraziok em didate arreta. Biek lore sorta batetik jaiotzen diren buru moztuak irudikatzen dituzte. Ba al dute esanahi zehatzik, ala ikusleak imajinatu behar du?

(Barreak). Loreak marrazten ditudanean ez dute beti esanahi konkretu bat izaten, baina kasu zehatz honetan, bai. Koadroek Ginrysou eta Otogirosou dute izena, biak loreen izenak dira. Lehen landarea onddoz elikatzen da, beraz, landare hori hazten zen lekuetan gorpuak zeudela imajinatu nuen. Aipatu duzun bigarren irudia marrazteko elezahar batean oinarritu nintzen. Horrek kontatzen du gazte batek bere anaia txikia hil zuela landare horretatik lortzen zen botika baten sekretua kontatu zuelako. Gustatu zitzaidan gorpu baten inguruan loreak egotearen ideia, hain gauza politetatik heriotza bezalako gauza itsusi bat ateratzea, alegia. Loreak hartu eta haien esanahian oinarritzen naiz nire ilustrazioak garatzeko.

Maskarak ere behin eta berriz agertzen dira zure lanean, batzuk zinez beldurgarriak.

Bai, adibidez, Hannyaren maskara. Maskara zuri bat da eta haserretutako emakume baten aurpegia erakusten du. Kabuki antzerkian erabiltzen da eta amorruz betetako emakume bat irudikatzen du, senarrak hil egin duelako. Indarkeria eta traizio horrek maskara bihurtzen du emakumea.


Gehiago irakurri:

 

Download PDF
Etiquetas: , ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba