‘Gu ere bagara’, non daude Getxoko LGTBIQ+ zaharrak?
Desira erotikoa gorputz bakoitzean etengabe transformatzen da, gorputzek dituzten ezaugarri, esperientzia, harreman, afektu eta bestelako errealitateen ondorioz. Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak, Portu Zaharreko gazteek, Getxoko LGTBIQ+ zaharren bizipenak ikustarazi nahi izan dituzte “Gu ere bagara” proiektuaren bidez.
Zaharra, za-ha-rra, zaaaa-haaaa-rraaaa. Mari Luz Estebanek bere betaurrekoen gainetik zuzenean begiratzen gintuen. Za-ha-rra, esaten zuen behin eta berriz. Alboko kideek berarekin batera ahoskatzen zituzten hitz horren soinuak, fonema bakoitzaren ehundurek gorputza zeharkatzean eta kanpora ateratzean eragiten zien plazera sentituz. Irribarrez, hitz horrekin elkar laztanduz. Bat-batean nire alboko kidea jokora batu zen: za- ha- rra, za- ha- rra. Irribarrez ari zen, Mari Luzek atzamarraz seinalatu eta za-ha-rra esan zion eta. Orain bera ere ari zen hitz pisutsu hori gorputzean hedatzen. Elkarri begirada oparitu zioten, eta elkarren ahotsen konplizitateaz une hori ospatu zuten.
Andrezaharraren manifestua antzezlana ikusi nuen Areetako Andres Isasi musika eskolan iazko azaroko larunbat arratsalde hotz eta ilun batean. Iluna jada ordu aldaketa egina zelako, eta iluna garai txarra bizitzen ari nintzelako. Baina momentu hartan, emakume horien guztien artean, 32 urte pasatxoko emakume honek ezin zuen irribarre besterik egin, eurei begiratu eta itxaropena sentitu, egunen batean hitz horrek definitzen banau, edo noizbait une horretara heltzen banaiz, lagunekin batera ikusi nuelako gozagarria izan daitekeela hitz hori elkarri oparitzea.
Estebanek Andrezaharraren manifestua (Pamiela, 2019) liburua argitaratu zuenean Artefaktua telebista saioan egindako elkarrizketan aipatu zuen zahartzaroari buruz hitz egitean bi joera kontrajarri daudela; hots, idealizazioa eta estigmatizazioa. Bere liburuan askotariko zahartzaroen konplexutasunak landu ditu, sozialki ikusgarriak ez diren errealitateak azaleratu ditu bere larrutik abiatuta, ni poetikoaren gorputzaren esperientzietatik, herriko ereduetatik eta erreferenteen hitzetatik. Alde batetik, Pikararen Vejez (2022) monografikoan irakur daitekeen elkarrizketan June Fernandez kazetariari azaldu dio zahartzaroan ahalduntzen diren emakume ugari dagoela; izan ere, askeago ikus dezakete euren burua, jada ez diotelako inori azalpenik eman behar. Dena den, kontziente da kontuz ibili behar dela horrekin ere, edozein adinetan nahi duzuna egin dezakezun ideia hori iraingarria edo deserosoa izan daitekeelako muga sozial, fisiko edo ekonomikoak dituzten emakumeentzat. Hori dela eta, bi joera horien dikotomiaz haragoko zahartzaroak argitaratzen saiatu da. Zentzu horretan, aipatu du Maria Angeles Duranek edota Teresa Del Vallek idatzi dutena interesatzen zaiola: “Zahartzaroa beste fase bat da, heriotzatik hurbilagoa, baina, batez ere, beste fase bat, non aldaketak etor daitezkeen eta sormena piz daitekeen. Bakardadea beste modu batera bizitzera eta kudeatzera garama adinak; hori txarrerako edo onerako izan daiteke. Irudimena ere oso garrantzitsua da”.
Horretaz gain, Estebanek zaharra=amona ideiaren aurka jo du manifestuan, eta plazaratu du zaharrak, automatikoki, aiton-amontzat jo dituela jendarteak, eta ez pertsona autonomotzat: “Geroaldi urrun batean, gaur, agian, amona izango naiz. Edo ez. Ordu erdi besterik ez diot opa gogoeta horri. Baina ez naiz, ez, aiton-amonduko. Eta norbaiti, borondaterik onenaz ere, bururatzen bazaio amona, amatxi, amama, amandrea deitzea, kexatu egingo naiz, irmo, finko, tinko. Amona banaiz ere. Sena galduta badut ere. Orduantxe ere bai”. Florencia Pagolak ere ideia hori erdigunean jarri du lehen aipatutako Pikararen Vejez (2022) monografikoan Elena Fonsecari egindako elkarrizketan, eta azpimarratu du zaharren agentzia eta desiratzeko gaitasuna ezkutatzen ditugula eurak amona hitzaren atzean ezkutatzean. Berak zentzu zabalean ulertzen ditu pertsona bakoitzaren libidoa, desirarekiko zein pazerarekiko harreman propioa (sexuala ala ez) eta erotismoa; hots, gorputzean kilimak sortzen dizkiguten gauzak egitea, bakarrik edo kiderekin batekin.
Julen Nafarratek eta Ines Bermejok, Getxoko Portu Zaharreko bi gaztek, Getxoko zaharren desirak eta esperientziak kaleratu, eta zaharrak subjektu aktibo anitzak direla ikusteko bideak zabaldu dituzte azaroaren 5ean Romoko Kultur Etxean aurkeztutako Gu ere bagara proiektuaren bidez. Andrea Momoitioren elkarrizketa batean monografiko horretan, azaldu dute LGTBIQ+ pertsonek gero eta ikusgarritasun handiagoa dutela, baina, askotan, hainbat estereotiporekin lotzen ditugula, eta homosexual gazte zuria dela gehien ikusarazten den irudia. Are, diote bazterretako edo gure sisteman funtzionaltasun gutxiago duten gorputzak ikusezintasunera kondenatzen direla (pertsona arrazializatuak, desiraren orientazio edo genero ez-normatiboak performatzen dituztenak edo gorputz zaharrak, besteak beste). Ikusarazteko nahiak motibatuta abiatu zuten proiektua, baina oso zaila egin zaie prozesu hori; izan ere, lanean hasi orduko konturatu ziren ez zetozela bat espero zutena eta aurkitzen ari zirena.
Iaz, Getxoko LGTBIQ+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak ikusarazteko sormen beka jaso zuten, eta deialdia zabaldu zuten 65 urtetik gorako LGTBIQ+ getxoztarrak eurengana hurbil zitezen. Asko kosta zitzaien jendearekin harremanetan jartzea; izan ere, askok esaten zieten ez zituztela profil horretako pertsonak ezagutzen, edo bazutela norbait (familiakoa, gurasoen laguna, lagunen laguna) homosexuala zelako ustea, baina inoiz ez zutela eurekin horri buruz hitz egin, eta ez zietela zuzenean galdetu nahi.
“Non daude Getxoko LGTBIQ+ zaharrak? Herritik alde egin dute? Agian ez dute gurekin hitz egin nahi? Ez dute konfiantzarik sentitzen?”. Galdera horiek egin zizkieten Nafarratek eta Bermejok euren buruari proiektua gauzatzeko boluntariorik hurbiltzen ez zitzaiela ikustean. Azkenean bost partehartzaile lortu zituzten, hiru emakume eta bi gizon, maila sozial ezberdinetakoak eta desirak naturaltasunez zein diskrezioz bizi izan dituztenak. Oso zaila egin zaie ondorio orokorrak ateratzea, baina konturatu dira jende nagusi asko ez dela eroso sentitzen euren desiren orientazioaz hitz egiteko: “Zer nolako gizartea sortu dugu nagusiek ezin badute lasai hitz egin?”, hausnartu zuen Nafarratek aurkezpenean. Kezka hura tristura bihurtu du 80 urte baino gehiagoko parte hartzaile batek honakoa esateak: “Ez dut aurpegia erakutsi nahi ultraeskuinaren beldur naizelako”. Beste elkarrizketatu batek kontatu die atsegin zutela euria ari zuenean Algortako etorbidetik paseatzea, euritakoaren babesean inoren begiradarik sentitu gabe oratu ahal ziotelako elkarri besotik -Nafarratek eta Bermejok barre artean partekatu dute esaldi hori etorbidean bertan itsatsi zutela, hor bertan ikusgarri egiteko asmoz-. Azkenean, egindako elkarrizketetatik hamalau esaldi hautatu dituzte, eta parte hartzaileek eskatutako anonimotasuna mantenduz, Ines Bermejo artistak muralak sortu ditu collage teknikaren bidez, gai garrantzitsu batzuk jendarteratu nahian.
Sexilioa izan da horietako bat. Elkarrizketatuetako askok aipatu dute lasai egoteko eta aske bizi ahal izateko Getxotik atera behar izan zutela eta hiri handietara joan (Bilbo, Madril…). Euskal literaturan, irudi honen adierazgarri dugu Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak (Susa, 2004) lana, 80ko hamarkadako Sakanako herri txiki batean gertatutakoen erretratua egiten duena: norbanakoak itotzen dituzten kuadrilla eta norbanakoak, utopia kolektiboen pean desio eta amets pertsonalak ezkutatzeak, edo ohitura eta legeetatik kanpo bizitzeak eragin ditzakeen minak. Dom Campistron baigorriarrak argitaratutako Bekatorosak (Elkar, 2021) liburuan elkarrizketatutakoek ere aipatzen dute gai hori; hots, herrietan sentitutako presioa edota jendearen begiradaren epaiketa. Getxo bi liburu horietako eszenatoki diren herriak baino handiagoa izan arren, auzo txikiz eratuta dago eta denok ezagutu ohi dugu elkar; hori horrela, Nafarratek eta Bermejok aipatu dute herri txikien logikari jarraitzen dietela auzo-dinamika horiek. Hor kokatu dute, adibidez, honako esaldia: “Ibamos a las fiestas de EHGAM de Bilbo a descansar la mente y cansar los cuerpos”.
Herrian ez ezik, familiaren barruko bazterketak ere pisu handia izan du proiektuan. Elkarrizketatu batzuek “aukeratutako familia” aipatu dute, zaren bezalakoa izan zaitezkeen familia. Halaber, aitaren irudia figura errepresibotzat jo izan da: “Aitak hitz egiteari utzi zidan lesbiana nintzelako. Pena hori geratu zait bizitzan” esaldiak erakusten du hori. Aurkezpeneko ikusleetako batek hunkituta partekatu du bere esperientzia pertsonala, eta kontatu du familia berarengana zuzentzeko modua aldatu dela homosexuala dela esan zuenetik, eta “maricón, vete a la compra” edota “maricón haz esto…” esaldiak entzun behar izan zituela behin eta berriro familiakideengandik. Nafarratek Getxon diskrezioz bizi izan zen pertsona bat aipatu du, Bilbon bakarrik erakusten zuena bere desiraren orientazioa. Hori dela eta, hil zenean hiletara bere lagun homosexualak agertzean jakin zuen familiak hildakoaren bizitzaren alde hori, ingurukoek ikusi nahi izan ez zutena: “Pena ematen digu; horrelako istorio asko ditugu eta ezin ditugu kontatu, hala eskatu digutelako. Asko galduko dira”, dio Nafarratek. Susy Shock argentinar trans sudakak Argentinako Canal Encuentro telebista kateko ‘Historias debidas’ saioan egindako elkarrizketan desbesarkada terminoa erabiltzen du trans askok euren familietan bizitzen duten bazterketa izendatzeko: “Zergatik exijitzen diegu gure haurrei guk nahi duguna egin dezatela, geure espektatibak bete ditzatela?”. Argentinarrak, bai idatzitako Crianzas (Muchas Nueces, 2014) liburuan bai bere lan artistikoan, behin eta berriro defendatu du gorputzen aniztasunak besarkatzearen garrantzia, gorputz horiei hegan egiteko indarra eta babesa emateko.
Nafarratek eta Bermejok azaroaren 6ko aurkezpenean Visibles dokumentala jarri zuten euren lanaren berri eman aurretik. Bertan, Madrileko 26 de diciembre proiektua ageri da. Elkarte horren lorpen handienetako bat LGTBIQ+ pertsonentzako erresidentzia espezializatua sortzea izan da; izan ere, Andrea Momoitiok (Monográfico “Vejez”, 2022) azaldu bezala, zahar asko erresidentzietara joaten direnean, askatasuna galtzeaz batera, armairuan sartu behar izaten dute berriro, langileak ez daudelako sexu eta genero aniztasunean espezializatuta, eta zaharren sexualitateari ez zaiolako lekurik ematen. June Fernandezek Julio Lajeroren 10 Ingobernables (Libros del K.O., 2016) libururako elkarrizketatutako Bilboko berakatz saltzailearen kasua aipatu zuen Gu ere bagara lanaren aurkezpenean. Gizon marika hura Bilbon bizi zen, mojen erresidentzia batean, eta Fernandezek liburua oparitu nahi izan zionean, ezetz esan zion, armairuan gorde beharko zukeelako mojek kendu ez ziezaioten. Juliok ez zuen luma ezkutatu nahi, baina mojen erresidentzian, bizitzaren azken une haietan, ez zen onartua, errespetatua eta besarkatua sentitzen. Kazetariak kontatu zigun erresidentzietako kideak elkarrizketatuz bideo bat egin zutela, eta Julioren txanda heltzean esaldi hau esan zuela: “Ea ezkondurik nagoen galdetu didazu? Ba ez, ni naiz…”. Fernandezen arabera, monjek zentsuratu egin zuten, eta bideoa editatu zuenak horrela utzi zuen mozketa hori agerian uzteko.
Zaharren sexu grinaren gaiari jarraituz, erakusketan hainbat adibide ikusi da; alde batetik, elkarrizketatu batek dio ez zaiola gogorik amatatu duen adina izanda ere. Beste batek, ordea, nahiago duela bere etxeko zuhaixka kimatu. Estebanek leku egin die gorputzen erotikaren konplexutasunei bai Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013) bai Andrezaharraren manifestua (Pamiela, 2019) liburuetan ere. Bere esanetan, erotika hori beste gorputzekin konpartitu daiteke edo ez, baina, bere ustez, ez da sekula amatatzen, transformatu baizik, norberaren ezaugarri eta errealitateek ahalbidetzen dituzten formak hartuz.
Azaroaren hasieratik, beraz, gorputz zahar anitz horien esaldiz bete zaizkigu Getxoko kaleak, eta jendearen erreakzioak askotarikoak izan dira. Badira gelditu eta argazkiak ateratzen dizkietenak, Bermejo artistari kamisetak egiteko edo laminak saltzeko eskatu diotenak, irudien QR kodea eskaneatu eta informazio bila ibiltzen direnak. Eta badira azkura sentitu dutenak ere; izan ere, murala itsatsi eta egun gutxira, “Zergatik joan nintzen Algortatik? Lesbiana naizelako” esaldia duen murala hautsita agertu zen. Halaber, Algortako auzokideen Facebook taldean ere baziren esaldi horrengatik kexatu zirenak. Badirudi oraindik ere azkura eragiten digula geure buruari eta bizi garen jendarteari begiratzeak eta ditugun pribilegioak eta mugak geure gain hartzeak. Dena den, argi dago erakusketa horrek bideak zabaldu dituela, galderak egiteko bideak, familiarekin hitz egiteko bideak, bazterretako gorputzen aniztasuna besarkatzeko bideak.
Itxaro Borda Euskal Herrian idazle lesbiana izatearen pisuaz eta zabaltzen dituen bideez ari da Uxue Alberdik 2010ean Argiarako egin zion elkarrizketan. Bere hitzetan, badirudi izaera batzuk beste batzuk baino gehiago pisatzen dutela: “Nire liburuetan homosexualitatea ez da, besterik gabe, pertsonaiei ezartzen zaien ezaugarri bat gehiago, munduari begiratzeko modu bat da, ikuspuntu bat. Homosexualitateak pertsonaien izaera baldintzatzen eta aberasten du beti. Gehienetan, pertsonaien bazter ikusmoldea aberasten du”. Gu ere bagara proiektuak, zaharren aurpegiak ikusarazi ez dituen arren, gai asko utzi du agerian: geure herriari begira jarri gaitu eta erakutsi digu oraindik pauso handiak eman behar ditugula gorputz guztientzako lekua egongo den herria sortuko badugu. Baina, aldi berean, herri berri hori eraikitzeko 14 esaldi eta 14 eredu eman dizkigu, eta 14 arrakala ireki ditu herri honetako horma zurrunetan.
Gehiago irakurri: