Zain dago Maialen
Gora egin du kuantitatibo zein kualitatiboki emakumeen parte hartzeak lau urtean behin egiten den Bertsolari Txapelketa Nagusian. Orain arte, Maialen Lujanbio izan da emakume bakarra finaleko zortzikotean eta ondorioz txapela eskuratzen lehena. Igande honetan hiru izango dira finaleko oholtzara igoko diren emakume bertsolariak.
Urtebeteko atzerapenarekin, iralean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia. Asteburuz asteburu egindako saioetan Euskal Herriko bertsolari onenek igande honetan Iruñean egingo den finala zuten jomugan. Maialen Lujanbio, 2017ko irabazlea dute bertan zain -zuzenean sailkatua dago-.
Txapela irabaztea lortu zuen lehen emakumea izan zen Lujanbio – bi aldiz irabazi du, lehena 2009an- eta baita finalista izatera iritsi dena ere. 2022ko edizio honetan, 15 emakumek hartu dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian. 42 bertsolari izan dira guztira, hots, 27 gizonek kantatu dute aurten. Proportzionalki sekula ez da hainbeste emakumerik izan. Hala ere, ohikoa bilakatu da azpimarratzea txapelketak aurrera egin ahala emakumeen proportzioa txikitzen doala fase batetik bestera. Baina, aurten joera aldatu da. Txapelketak hasieratik izan du emakume kutsua eta usain morea dario Nafarroa Arenako oholtzari. Hain zuzen ere, txapelketa hasi zenetik aukera handiak zeuden Lujanbiok lehen aldiz finaleko egunean beste emakume bat (edo batzuk) aldamenean lehian izateko eta hala izango da. Urrian, lehenengo fasea igarota, saioen erdiak emakumeek irabazi zituzten. Azaroan zehar egindako zazpi finalaurrekoetan lautan atera dira garaile eta azken geltokira historian lehen aldiz beste bi emakumek lortu dute iristea. Hala, txapelketa urteko gainontzeko egunetan plazan dagoen errealitatearen islara gerturatu da.
Bertsoa gertutik bizi izan dut beti, eta bertso eskolan ere eman nuen izena nerabezaro garaian. Bizpahiru neska ginen soilik eta dozena bat mutil. Uztea erabaki nuen, “ona” ez nintzela nire buruari argudiatuta. Gerora ordea ikusi dut emakume gehiago egon izanak espazio seguruago bat bilakatuko zuela niretzat eta jarraituko nuela. Horrelako hamaika kasu eta joera ezkutatzen dira tradizioz gizonena izan den jardun honen atzean ere. Tradizioak baina, apurtzeko daudela diote eta bidea erraza izan ez bada ere, beldur eta kezken gainetik, aurtengo txapelketan gertaturikoa izan daiteke horren adibide. Hala, bertso eskolako neskatila hark harrotasun eta miresmenez begiratuko dio publikoko aulkietatik datorren igandean Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabalek elkarrekin egingo dituzten ofizioei. Urte hauetan egindako lanagatik eta erakutsi duten mailagatik, baina batik bat bertan egotea merezi izanagatik eta bidean gelditu ginenongatik oholtza sekula baino hobeto ordezkatuta egongo da.
Gehiago irakurri: