Amaia Telleria Mujika: “Ezinbestekoa iruditzen zait inguratuta egotea lagun zaitzaketen pertsonez”

Amaia Telleria Mujika: “Ezinbestekoa iruditzen zait inguratuta egotea lagun zaitzaketen pertsonez”

Amaia Telleria Mujika idazleak hiru liburu argitaratu ditu dagoeneko, eta 2020ko ekainean argitaratutako Haize-lekuak eleberriaz mintzatu gara, batez ere, elkarrizketa honetan. Bere amonaren bizipenetatik abiatutako istorioa da, euskara, memoria eta gerra ardatz dituena, besteak beste.

Amaia Telleria. | Argazkia: Joxemari Telleria.

Amaia Telleria Mujika Idiazabalgo idazle eta irakaslea da; Bergarako Idazle Eskolan graduondokoa egin zuen, eta ipuinak argitaratu ditu hainbat aldizkaritan. Orain arte hiru liburu argitaratu ditu: 2020ko ekainean, Haize-lekuak eleberria argitaratu zuen, eta 2021ean, Zuhara. Itsasoaren deia eta Pitzatuta gaude denok! gazteentzako liburuak. Aurten, Zuhara. Clionaren kanpaiak lana argitaratu du. Lehen eleberriarekin Zilarrezko Euskadi saria irabazi zuen 2021ean. Bere lanetan hainbat belaunalditako emakumeen arteko harremanak eta sareak islatu ditu unibertso literario ezberdinen bidez, fantasiazko munduetan zein errealistagoetan.

Zure lehen eleberriarentzat Haize-lekuak izenburua hautatu zenuen. Zer islatu nahi izan duzu hitz horren bidez?

Kontatu nahi nuen istorioa oinarritu nahi nuen amonak kontatu zizkidan bere haurtzaroko bizipen batzuetan. Gero fikziora eraman nuen, baina oinarri sendoa dauka bere gaztetako bizipenetan. Orduan nahi nuen izenburuak ere zerbait islatzea. Hitz asko ikasi nituen bere bidez, berak erabiltzen zituelako eta guk ia galduta edo behintzat ez ditugulako hain maiz erabiltzen. Haize-lekuak zen horietako bat; “haize-leku handia da” esapidea askotan erabiltzen zuen haizea zebilen leku bati erreferentzia egiteko. Hitza fonetikoki polita iruditzen zitzaidan, eta pentsatu nuen nire eleberri honetara ekarrita izan zezakeela zentzu metaforikoa ere, eta hori ederra iruditu zitzaidan. Gainera, protagonistak bizi dituen hainbat egoera isla ditzake metaforikoki, eta esan dezaket protagonistak haize-leku nagusi bi dituela. Alde batetik, etxea du, nahiz eta babesgune ere baden berarentzat, badu etxeko babes hori galtzeko kezka. Eta bestetik, haize-leku bortitzena Altsasu eta ingurua izango da; berarentzat gerra ezagutzeko modua izango da.

Bera baserrikoa izanik, Idiazabalen jendea falta zen etxeetan, baina gerrarekiko kontaktua ez zen hain zuzena. Bera baserriko mundutik dator, euskararen mundutik, mundu industrializatu batera, gaztelania nagusitzen den leku batera, neskame izango den leku batera, kontraste leku batera, haize-leku batera.

Haize-lekuen barruan topatuko al du babeslekurik?

Bai, etxean asko ditu, pertsonek, bereziki, eta lekuek ematen dizkioten oroitzapenak. Altsasun, berriz, zuhaitz handi bat lotzen du bere aitarekin, eta aita hurbil daukala sentitzen du hari begiratzean, seguru sentiarazten duen elementu bihurtzen da berarentzat, sinbolo bat. Eta gero, beste alde batetik, euskararen bidez lotuko da beste pertsonengana. Adibidez, beste neskamearengana, Rosariorengana, edo eskolan ezagutuko duen Luperengana; elkarren euskarri izango dira hainbat unetan.

Euskarak garrantzia handia du bai istorioan, bai hura kontatzeko egindako hautuan. Zelan erabaki duzu noiz idatzi batuaz, noiz erabili euskalkiak…?

Niri hizkuntzak eta euskara asko interesatzen zaizkit, eta uste nuen oso garrantzitsua zela euskararen bidez amonaren testuinguru hori irudikatzea: hizkuntzek sortzen zuten distantzia baserritik herrira joatean. Amak amonari esaten zion norbait izan nahi bazuen gazteleraz jakin behar zuela, bestela ez zela ezer egitera helduko. Hor ikusten da estatusa: euskara etxeko hizkuntza da, baina bestea behar duzu. Izugarrizko kontrastea zen hara iritsi, eta bat-batean gaztelerazko mundu batekin topo egitea. Euskaldunak ere baziren, noski, baina berak bizi izan zuen esperientzian behintzat, neurri txikiagoan. Eta, gero, han beste euskalki batzuekin egin zuen topo, eta testuinguru eta ezaugarri interesgarriak iruditu zitzaizkidan eleberria egiteko. Saiatu naiz hizkuntzari behar zuen garrantzia hori ematen; alde batetik, amonaren garaian kokatze aldera, bere esapideak, bere hitz egiteko modua jasotzen. Biok euskalki berdinaz hitz egin arren, oso ezberdin hitz egiten dugu; hizkuntza ere aldatzen ari da, eta bere belaunalditik nirera gauzak asko aldatu dira. Beste neskamea, Rosario, bakaikueraz jarri nuen hitz egiten, eta ikusi nuen, ez dakit oraindik baden hiztunik, baina, behintzat, galtzear-edo zegoela. Hori oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta bilatu nuen dokumentu bat biltzen zuena nola aldatzen ziren batuatik euren euskalkira zenbait fonema, etab.

Garaiko esaerak ere jaso dituzu, esaterako, “Zuek kontu egin, kristauak, alargun bati harriek ere burla egiten diotela”. Izan ere, aitaren heriotzak, hau da, amaren alarguntzeak, ematen dio hasiera eleberriari. Gertaera horrek familiaren etorkizuna aldatzen du, ezta?

Esaldi hori asko gustatu zitzaidan; amona eta iloba bati elkarrizketan ari zirela entzun nien, eta esan nuen: “ostras egia da, zein egoera uzten zuen horrelako zerbaitek, ez?”. Ez bakarrik etxeko antolaketari (ekonomikoki, etab.) dagokionez, familiakoei ere nola begiratzen zitzaien, errespetu aldetik-eta. Amonak hori esaten zuen, bere aita zegoen bitartean gertatu ez ziren hainbat gauza gertatzen hasi zela bere falta eta gero. Gizon horren irudiaren faltak emakume horiei burla egitea eragiten zuen. Beraz, alde batetik, etxea aurrera ateratzeko zenbait gatazka zegoen, eta, gainera, garai hartan ume asko egoten ziren etxean, tripa asko betetzeko. Eta beste alde batetik, inguruak lagundu beharrean, trabak jartzen badizkizu… Uste dut familia horrela apurtzea edozeinen etxean dela gogorra, baina garai horretan erronka handia zela. Pentsatzen nuen horri ere garrantzia eman behar niola; aita agertzen ez den arren, istorio osoan oso figura garrantzitsua da bere ausentziagatik. Orduan, hasiera egokia iruditu zitzaidan hiletarena, gero istorio osoa markatuko duen ekintza baita.

Medioetan egin dizkizuten hainbat elkarrizketetan trenaren irudiaz hitz egin duzu, gerraz aritzeko berebiziko garrantzia duena. Zer gertatzen da eleberriko trenean? Zer islatzen du zuretzat trenak?

Trena da bi munduen kontrastea: Mikelaren lehengo munduan trenik ez zegoen, eta oraingo munduan trena dago. Mundu industrializatuago, zabalago horretan ezagutzen du trena, eta trenak beste gauza batzuk ematen dizkio. Momentu horretan Mikelarentzat gerraren eskaparatea izango da, ikusiko du jendea merkantziazko trenetan garraiatzen, eta gerraren historia ezagutuko du, hein handi batean, trenari begiratuz. Ikusiko du trenak herrian utzi duen galera ere, eta hor izango du Felisa trenari begira, galdu dituen senarraren eta semearen zain, begirada galduta, burua galduta, egoera horri buelta ezin emanda. Gerra pasatzen ari den heinean, informazioa jasoko du tren horren bitartez, eta herrian falta dena gogoraraziko dio etengabe, trenean eraman zituztelako bere garaian.

Oso interesgarria da Felisa pertsonaia hori, emakumeengandik espero denarekin hausten duena.

Amonak aipatu zidan bazela emakume bat burua galduta bezala ikusten zutena trenari begira, bizitzeaz ahaztuta zegoena, orainaldian baino lehenaldian bizi zena, bere itxurari garrantziarik eman gabe, bere burua zaindu gabe… Ez dut gogoratzen ile laburra zuela amonak kontatu zidan ala ez, baina Altsasu pixka bat testuinguruan jartzeko asko ikertu dut Altsasu Memoria web-orrian, eta bertan kontatzen zuten, beste herri askotan bezala, ile mozketak ere egin zirela. Hori sekula ikusi ez zuen neskato baten begietan oso gauza deigarria izango zen garai horretan. Gainera, genero kontraste handia, emakumearentzako ezaugarri ez ziren zenbait gauza: ilea moztuta, burua soil…

Honako esaldian ere ile mozketa horiek agertzen dira: “(Mezetara) Joaten ez ziren bi emakumeri ilea moztu zieten behin alkandora urdinez jantzitako soldaduek, eta elizako atean eduki zituzten, ateratzen ziren guztiek ikus zitzaten. Gainezka egoten zen, geroztik, elizkizun oro”.

Nola jolasten duten beldurrarekin! Kontatu dizudan webgune horretan, hainbat testigantza eta gertatutako gauza agertzen da, eta horietariko bat zen ilea moztu zietela eta jarri zituztela hortik bueltaka. Altsasun horrelako gauza asko zegoen idatzita. Beldurra sartzeko erabiltzen zuten. “Ez dut niri hau gertatzea nahi, eta orduan badakit zer egin behar dudan: txintxo-txintxo ibiliko naiz, esandakoa egingo dut, ez naiz irtengo marratik eta ez zait hori gertatuko”. Eurentzat desohorea eta lotsagarria zen, iseka egiteko eta bakartzeko motibo. Beraz, hori ez gertatzeko beldurragatik lortzen zuten jendea nahi zuten bidetik eramatea.

Artefaktua saioan egin zizuten elkarrizketan esan zenuen zuretzat inportantea dela gerra kontatzea bigarren planoan daudenen ikuspegitik. Zer uste duzu ematen digula memoriak Euskal Herrian, eta zeintzuk memoria ariketa uste duzu egin beharko liratekeela? 

Nik garrantzia ematen diet gai hauei, amonarekin hitz egiten hasi nintzenean konturatu nintzelako ni neu ezjakina nintzela gure aurrekoen historian, eta nondik gatozen ulertzeko modua da haiek ezagutzea. Guk askotan ezagutu ditugu beraien zahartzaroan, eta ez gara kontziente imajinatu ere ezin ditugun gauzak bizi eta ikusi dituztela. Begiak

irekitzeko modua izan zen imajinatzea gure aiton-amonek gerra eta gerraondoa bizi izan zutela. Informazio asko topatu nuen gizonei buruz, eta ikusi nuen herrian geratu ziren emakumeei buruz ez zela hainbeste hitz egin. Hori ere gerra islatzeko modu bat iruditu zitzaidan, bere lekua merezi zuena. Horrek harrapatu ninduen Svetlana Aleksiévichen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan, eta hor ere asko aipatzen zen beste zenbait gauza ezkutuan, eta hainbat bizipen ahotsik gabe geratzen zela.

Memoriaren arloan lana egin dela uste dut, badirela taldeak, dokumentaziorako erabili ditudan horiek, adibidez. Zenbait idazlek ere ariketa asko egin dute, baina ni irakaslea naiz, eta orain pentsatzen jarrita, uste dut eskolan gure historia gutxi erakusten zaigula. Gerra Zibila eta abar aipatzen zaigu, baina oso kanpotik, urruneko eta arrotz, Napoleon ikasten den bezala, ez gertuko kontutzat, arbasoekin lotuz. Geroko historia, ETA eta beste zenbait gauza ere, badakit ez direla kontzeptu errazak erabakitzeko zelan landu, baina uste dut gure ondorengoek ezagutu beharko lituzketela, eta behintzat izan beharko lituzketela zenbait kontzeptu. Bakoitzak bere interesak edukiko ditu, baina gutxienez informazioa eman behar zaie, lan egin behar da gure historia ezagutarazteko.

Emakumeen arteko sareak ikusi ditugu zure lanetan. Haize-lekuak eleberrian, Mikelak Luperen ubeldura ikusi eta gero ematen dion laguntza berebizikoa da gaztearentzat. Zelako garrantzia dute zuretzat aliantza horiek?

Oso handia; izan daiteke pertsona bat gaizki dagoen unean salbaziora edo flotera eraman dezakeen norbait edo hondoratzen lagunduko diona, bakoitzaren izaeraren arabera. Hala ere, uste dut ingurukoen babesa izateak beti laguntzen digula aurrera egiten, oso garrantzitsua dela. Mikelari oso ondo etortzen zaio hizkuntzak eta generoak lotzen dituen pertsona horiek ezagutzea, eta, era berean, berak ere nolabaiteko laguntza ematen die. Ezinbestekoa iruditzen zait nolabaiteko konexioa egotea, sare horiek existitzea, inguratuta egotea lagun zaitzaketen pertsonez, eta, kasu honetan, generoak elkartzen zaituen zerbaitek inguratuta, are gehiago.

Idatzi dituzun liburuetan, generoa desberdina den arren (fantasia, errealismoa..) badira ezaugarri komunak: hots, genero desorekak, belaunaldien arteko emakumeen harremanak, kontraesan edo argi-ilunak dituzten pertsonaiak… Zer ematen dizu idazteko modu bakoitzak kontatu nahi duzun hori adierazteko?

Hasteko, beti bilatzen dut irakurlea identifikatuta sentituko den pertsonaiak izan daitezen: hezur-haragizkoak, perfektuak ez direnak, pitzadurak dituztenak… Nahiz eta gero fantasiara eraman edo testuinguru errealistagoa erabili, irakurle profilari begiratuz egiten dut hori. Gauza berezia gertatzen da liburuekin, adibidez, Zuhara liburuarekin. Nik ez nuen idatzi neskentzat edo mutilentzat, baina egia da itsas lamien fantasiazko munduan kokatzen duzun momentutik, eta azalean neska dirudien pertsonaia bat agertzen delarik, badirudiela irakurle femeninoari zuzendua dagoela. Azala ikusita, hainbat mutilek ez dio aukerarik eman. Egia da eskolako hainbat lanketatan neskak zein mutilak harrapatzea lortu dudala, baina egia da lehen inpresioan dirudiela neskentzako istorioa dela. Azalean mutil bat agertzen denean, ordea, ez dugu hori egiten; ez dugu baztertzen eta ez diogu irakurtzeari uko egiten, ez dugu pentsatzen guretzako ez denik.

Eta, zuri zer ematen dizu idazteak?

Duela gutxi, Arantxa Urretabizkaiari entzun nion idazten duenean zoriontsuago sentitzen dela, edo proiektu bat esku artean duenean osoago sentitzen dela, eta uste dut. hein handi batean, nire kasuan ere horrela dela. Oso pozik sentitzen naiz; gustatzen zaidalako idazten dut, egon naiteke idatzi gabe, ez da behar bat, baina ilusioa eta autoerrealizazioa ematen dit, testuinguru jolastia, beste bizitza batzuk bizitzeko edo beste zapata batzuetan sartzeko aukera. Idazten duzunean mundu horretan sartzen zara, eta ematen dizu aukera une hartan zauden lekutik joan, eta beste mundu batzuetan sartzeko, bidaiatzeko, hausnartzeko. Niretzako jolas ariketa da, baina, era berean, zerbait esaten saiatzen naiz idazten dudan horrekin.


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba