Eta zuk, zer egiten duzu bizitza defendatzeko?

Eta zuk, zer egiten duzu bizitza defendatzeko?

Feministes anticapitalistes dels Països Catalans kolektiboko kideek greba eguna deitu dute Herrialde Katalanetan martxoaren 8an, eraso eta zapalkuntza guztien gainetik “bizitza defendatzeko”.

08/03/2023

*Marta Claramunt

Gaur, martxoaren 8an, Catalunyan eta País Valenciàn, grebara deitu dute. Bizitza mehatxatzen duen krisia salatzeko aldarria da honakoa, bizitza baita hain zuzen ere defendatu nahi dugun hori. Sindikatu ezberdinen laguntza eta babes legalarekin, antolatzera, kalera ateratzera, zeure burua adieraztera eta zure auzo, herri, hiri, lantoki edo ikastetxeko asanbladetara bertaratzera animatzen zaitugu, baita, martxoak 8an zehar, zure esku dagoen guztia gelditzen saiatzera ere.

Urte honetan, baina, beharbada grebari buruz hainbeste hitz egin denik ez duzu sentitu. Beharbada ez da teleberrian agertu, ezta sindikatu nagusiek ez dute deitu ere egin. Ez erregina, ez emakume famatuak, ez estatu eta nazio gobernuetako alderdiak ez dira greba lau haizeetara zabaltzen ari. Honek guztiak azken urteetan jazotakoarekin zerikusia du. Aktore politiko eta enpresa askok haien publizitate-kanpainetan begizta morea jantzi izana ikusi dugu. Zenbait lege-aldaketa ikusi ditugu, zeinak, ez dago soberan esatea, gure borrokaren emaitza bezala ospa ditzakegun. Ordea, zer da gure bizitzetan ikusten ─zuzenago, bizitzen─ ari garena? Geroz eta miseria handiagoa, geroz eta indarkeria bortitzagoa, eta geroz eta sakonagoa askok iritsitako feminismoaren erakusletzat hartzen duten horretan guk hura sumatu ezinaren sentsazioa. Feminismoak, ezer baino lehen, guztion askapena baitu helburu. Gobernu eta enpresaburuetan lau emakume ikustearekin asetuko ginela pentsatzen zuten horiek, gure bizitzetara bideratutako baliabideen handitze eskasarekin isilduko ginela pentsatzen zuten horiek, aurten ez ikusiarena egin duten horiek dira hain zuzen, eta aurrez aurrez topatuko gaituzte. Greba deialdi hau argi esatera baitator ez garela guztion askatasun eta bizitza duina ez den beste ezerrekin konformatuko.

Greba eginen dugu ez dugulako gehiago jasan nahi. Esplotatzen gaituen sistema bati amaiera eman nahi diogulako, egunero-egunero gure kontra indarkeria gauzatzen baitu, nola bizi nahi dugun erabakitzeko aukera ukatzen baitigu eta, bizirauteko borroka egitera kondenatzen baikaitu, hilabete bukaerara iristeko malabarismoak egitera behartuak egonik. Bizitzarako beharrezkoa den hura baloratzen ez duen sistema da hau, lanaldi amaigabeen bidez sostengatzera bultzatzen gaituena. Emakume izate hutsagatik, ezarritako binarismoa apurtzeagatik, edo bazterretatik haraindi gure sexualitatea bizitzeagatik, lasai bizitzen uzten ez gaituen sistema da hau. Grebaren jomuga, besteak beste, iraupena sostengatzen duten lan horiek erdigunean kokatzean datza, hau da, zaintza erdigunean kokatzean. Grebak, alde horretatik, bai emakumeek bai identitate disidenteek, sexu baten barnean katalogatuak izatearen ondorioz edota kateatzen gaituen genero binarista eta/edo sexualitate heteronormatiboa irauli izatearen ondorioz, oraindik bizkarreratu behar ditugun zapalkuntza historikoak agerian jartzea du xede.

Gaurkoan ondare genealogikoa berreskuratu nahi dugu, zeinak gure etxean 1918ko urtarrila duen abiapuntu, Bartzelonako Om kalean Amàlia Alegreren esku oinarrizko produktuen eta ikatzaren prezioaren igoeraren kontra greba hasi zenean. Momentu hartan, protestaren txinparta hain zen partekatua eta beharrezkoa, non hiri osoan zehar azkar-azkar zabaldu baitzen, matxinada eta mobilizazio ugari sortuz. Mobilizazio hauen protagonista nagusiak haien baldintzagatik jasotako tratu txar soziala salatzen zuten emakumeak izan ziren. Matxinatuek prezio igoeraren errudun ziren saltokien pertsiana asko jaitsi zituzten eta zenbait ikaztegitan sartu ziren. Egunak igaro ahala, greba erasokorragoa eta jendetsuagoa bilakatu zen, eta ez zen gelditu gobernatzailearen kargugabetzea eta oinarrizko produktuen prezioaren jaitsiera lortu arte.

Gaur egun beharbada ez duzu ikatza erabiliko, baina suposatzen dut poltsikoan nabari izan duzula ogiaren igoera eskandalagarria edota argindarraren eta etxebizitzaren sekulako salneurriak,  dirudunenek luxuzko ondasunak erosten zituztela ikusten zenuen bitartean. Momentu zehatz horretan zeinetan zu edo zure auzokidea etxetik kaleratu zintuzteten. Logika kapitalista hau da preseski gainditu nahi duguna, inori bizitzeko beharrezkoa faltako ez zaion eta gure lana eta lurraldea guztion onurarako, eta ez gutxi batzuk aberasteko, baliatuko diren jendarte bat eraikitzeko.

Bizitza defendatzeak gure bizitzen autodefentsaz modu kolektibo eta komunitarioan ardura gaitezen esan nahi du. Lurralde libre bilakatu nahi ditugun gure gorputzak askatasunez bizi ditzagun esan nahi du. Indarkeria matxista eta LGTBIfobikoaren aurrean, abortatzen uzten ez digutenen aurrean, bortxatzen gaituztenen aurrean eta sozialki ezarritakotik haraindi garen eta maitatzen dugunok erasotzen gaituztenen aurrean, elkar babestea esan nahi du bizitza defendatzeak.

Bizitza defendatzeak arrazismo eta kolonialismo modu oro iraultzea esan nahi du. Jaioterri edota ezaugarri fisikoen arabera, giza bizitzek balio ezberdina izatetik etekina ateratzen duen sistema atzean uztea esan nahi du. Gure buruetatik arrazismoa kanporatzea esan nahi du ere.

Bizitza defendatzeak atzaparrak ateratzea eta indarkeria polizial eta errepresiboa geldiarazteko beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiltzea esan nahi du. Batere eskrupulurik gabeko indarkeria hau boteredunen ─bai esplotatzen gaituztenen bai haien ekintzetatik onura lortzen dutenen─ babesle dela eta, erresistentzia desmoralizatzeko gure intimitatean infiltratzeko kapaza dela ikusi dugu jada.

Bizitza defendatzea lurra defendatzearren eta planeta babestearren hortzak erakustean datza, enpresek, kontsumo kapitalismoak, bai eta zerumugan dugun eskalada belikoak sortutako etekin hondagarrien gainetik, egungo eta etorkizuneko gizadiaren ongizatea lehenetsiko duen trantsizio irmo, ausart eta erradika abiatuz. Gure planeta eta lurraldearekin zein modutan harremanetan jarri nahi garen erabakitzen ez dugun bitartean, makrokonplexuek sortutako gas emisioak, zabor sorrera eta lurraren gaineko eragina ez dira geldituko. Fauna eta flora basatiaren hondarrak diraute oraindik lurralde honetan.

Gure aurretik askok esan duten moduan: ogia eta arrosak nahi ditugu. Bizitza defendatzea bada gutxiago lan egitearen eta guztion artean sortzen dugun aberastasuna banatzearen defentsa egitea. Bada osasungintzara, hezkuntzara, kulturara, bizitzeko behar dugun guztira sarbidea izatea, eta bada hauek sostengatzen dituzten langileak pribatizazioak sortzen duen prekarietatetik lan egin behar ez izatea.

Feministes Anticapitalistes dels Països Catalans saretik, zeina 2018an sortua izan zen eta hogeita hamar bat kolektibok osatzen duten, mugitzeaz nekatu ez zaitezen eta gure bizitzeko eskubidea kendu eta orain eskuak garbitzen dituzten gobernu horien erreformekin konformatu ez zaitezen eskatu nahi dizugu. Orain inoiz baino gehiago, larrialdi egoera globalari aurre egiteko, guztia nahi dugula aldarrikatuko dugu.

Martxoak 8 honetan, sistema kapitalista eta patriarkala iraultzeko baina, batez ere, bizitza defendatzeko, mobiliza zaitezkeen espazioa sor eta bila dezakezu. Apuntatuko zara?


Gehiago irakurri:

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba