Soilik bai da bai

Soilik bai da bai

Apirilaren 20an, Espainiako Estatuko diputatuen kongresuak PSOEk aurkeztutako eta PPk eta Voxek babestutako lege-proposamen bat onartuko du, “Soilik bai da bai” legea aldatu asmoz. Lege hori, nola ez, inposaketa bat gehiago da Euskal Herriarentzat.

19/04/2023

Apirilaren 20an, Espainiako Estatuko diputatuen kongresuak PSOEk aurkeztutako eta PPk eta Voxek babestutako lege-proposamen bat onartuko du, “Soilik bai da bai” legea aldatu asmoz. Lege hori, nola ez, inposaketa bat gehiago da Euskal Herriarentzat. Proposamen horrek, epaile batzuek orain arte egindako zigorren murrizketen harira zenbait sektorek egindako manipulazio mediatikoak eragindako alarma sozial bati erantzuten dio.

Alarma sozial hori sortzea estrategia patriarkal interesatua da “Soilik bai da bai” legeak indarkeria matxisten inguruan eta, zehazki, sexu-indarkerien inguruan nabarmentzen dituen gai garrantzitsuak alde batera uzteko. Horregatik, talde feministetatik, agenda politiko feministaren eta sozialaren erdigunean jarri nahi ditugu azken urte luzeetan egindako hausnarketak, gure aldarrikapenen oinarrian daudenak. Eta, batez ere, ez dugu onartuko sexu-indarkeriei aurre egin dieten kideak erabiltzea hortik errentagarritasun politikoa ateratzeko.

Beharrezkoa da sektore politiko batzuk modu interesatuan erabiltzen ari diren eztabaidaz jabetzea. Euskal Herrian urteak daramatzagu justizia feministaren inguruan hausnartzen, eta horregatik  badakigu indarkeria matxistaren auzia ez dela zigorren bidez konpontzen, baizik eta bere dimentsio estrukturalari eta funtzio sozialari aurre eginez. Hau da, indarkeria matxistaren helburuak boterea sortzea eta erreproduzitzea dira, eta botere patriarkalaren eta heterosexisten arteko harremana mantentzeko kontrol-mekanismo bat da indarkeriarena.

Soilik bai da bai legeak prebentzioarekin eta prestakuntzarekin lotutako hainbat neurri garatzen ditu, hau da, kontzientzia hartzea ahalbidetzen duten eta eguneroko paktu sozialak eraikitzea ahalbidetzen duten prozesu kolektiboekin lotzen da, gizartea eraldatzeko eta sexu-indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko. Bestalde, lege honek hainbat mekanismo biltzen ditu, emakumeok  sexuindarkeriaren ondorioz pairatutako hainbat egoerei aurre egiten diegunean behar bezala artatuak izan gaitezen, gaur egun existitzen ez diren arreta-zerbitzu espezializatu eta integralekin. Baina, horrez gain, arreta hori salaketa jartzearen mende ez egoteko mekanismoak ezartzen ditu; are gehiago, erabakiak beste era batera hartzeko aukera ematen du, laguntza espezializatuarekin. Horrela, berehala salatu beharra desagertzen delarik.

Eta, azken elementu hori oso garrantzitsua da, sexu-indarkeriak ia ez baitira salatzen, hori egitean jasaten den birbiktimizazioa dela eta. Biktimizazio hori, askotan, bizi izandako erasoa bezain traumatikoa da. Ildo beretik, onespena erdigunean jartzearen garrantzia dago, onespena beti zigor kodearen erdigunean egon dela argudiatzen duten diskurtso erreakzionarioen aurrean.

Beharrezkoa da irmo eta argi esatea aurreko zigor kodearekin (PSOEk PPren eta Voxen laguntzarekin itzuli nahi duena) frogatu behar genuela ez zela onespenik egon. Hori gure jarrerak epaitzearen bidez egiten zen: zer egin genuen, mozkortuta geunden ala ez, gure janzteko modua… Egungo Legearekin, aldiz, ez. Hainbat lege-teknizismo erabili dira eztabaida sozial nahasgarri bat bideratzeko, era horretan praxi judizial txar baten ardura legearen edukira helarazi da.

Nahasmen hori erreakzio interesatu bat da, hain zuzen ere, mugimendu feministaren eskaera historikoa islatzen duten lemen “ez da abusua bortxaketa da”, eta “ahizpa, nik sinesten dizut!” aurrean erreakzioa. Hori da une honetan aldatuko dena. Indarkeria eta intimidazio egoerara itzultzeak gure “BAI” ozena zalantzan jartzea esan nahi du, gure EZ ozena zalantzan jarri zen moduan. Horregatik, gure aldarrikapenak defendatzen jarraitzea eta kalean jarraitzea dagokigu, araudiaren ardatz nagusi gisa gure onespena defendatzeko, abusu eta bortxaketa mota bereiztura itzultzea baztertzeko eta indarkeria sexual guztiek indarkeria eta intimidazio inplizituak daramatzatela uler arazteko.

Ez gaituzue engainatzen: onespena eraldatzen duzuenean intimidazioa eta indarkeria sartuaz, babesten ari zaretena da gizonek emakumeen gorputzera duten sarbide librerako eskubide  bereganatua.

Aurrean izango gaituzue!
Gora Borroka Feminista!

Elkarretaratzeak apirilaren 19an, epaitegien aurrean:
• Donostian, 20:00etan, Justizia Jauregian (Teresa de Calcuta Plazan).
• Bilbon, 20:00etan, Justizia Jauregian (Albiako lorategian)


Gehiago irakurri:

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba