“Gizakiak gara eta kontaktua dugu”
LGTBIQA+ kolektiboa eta sexu bidezko infekzioen gaia estu lotuta dago aspalditik, eta estuegi hartuta sentitzen dira kolektiboko kideak gaitz batengatik osasun sistemara jo behar dutenean edota inguruari kontatzerakoan. Kolektiboko beste lau kidek egin dute bat erreportaje honetan, estualdi horri arnas pixka bat emateko.
Berez erraza dirudi azalpenak: gizakiok harremantzeko joera dugu orohar, eta elkarren arteko kontaktua egunerokoaren parte da. Gaixotasun eta infekzioen hedapena horren ondorio da sarri. Baina sexu bidezko infekzioen kasuan, galderak errestan etorri ohi dira, eta ez soilik arriskutsu izendatutako praktika izan ote den jakiteko: harremana norekin, zein ereduren barruan, zein praktika zehatzekin, zein desiraren orientazio hobetsita… izan den galdetzen dute osasun sistemako profesionalek. Erreportaje honetan parte hartu duten bost lagunek, gainera, uste dute heterosexualei ez zaiela halako galdeketa xeherik egiten. Gaiak badu, beraz, LGTBIQA+ kolektiboarekiko deshumanizaziotik, estigmatik eta kriminalizaziotik. Halako esperientzia batetik pasatu den Ainhoak eskatzen du gaia normaltasunez tratatzeko: “Gizakiak gara eta kontaktua dugu”.
Eliteko kirolaria da Ainhoa —asmatutako izena da—, pertsonak gustatzen zaizkiola dio, inolako bereizketarik eta etiketarik jarri gabe, baina emakume batekin bikote harremana zuela detektatu zioten GPB Giza Papilomaren Birusa. 2020an 132 egun egin zituen hilerokorik gabe, eta kirol taldetik bideratu zuten Gipuzkoako klinika pribatu batera. Hainbat frogaren ostean diagnostikatu zioten GPBa, eta larridura sentitu zuela dio: “Ez nekien zer zen, banekien txertatuta geundela eta halere hartu nuela. Ginekologoak esan zidan sexu bidez transmititu zitekeela, eta galdetu zidan ea bikotekidea nuen, espezifikatu gabe mutila ala neska zen. Alde horretatik ondo”. Halere, ezinegona sortu zitzaion, ez zekielako non hartu zuen birusa, eta ez zekielako nolako sexu harremanak izan zitzakeen bere bikotekidearekin. Erdi lotsatuta, zalantza horiek ginekologoari galdetzea ebatzi zuen, eta hark erantzun zion onena zela bikotekideak ere birusa zuen ala ez jakitea, eta bestela ahalik eta neurri higieniko zorrotzenak erabiltzea: jostailu sexualak ibiltzea eta horiek ondo garbitzea. Bikotekideak, ordea, urtebete itxaron behar izan zuen froga egiteko: “Bera urduri zihoan pentsatzen gaitza eduki zezakeela, esan zioten ezin zuela froga egin, zitologia hilabete batzuk lehenago egin zuelako. Eta gu bitartean larrua jo gabe edo beste era batzuk asmatzen… Laztanekin bakarrik? Hamar mila gauza daude egiteko, baina, joe… ezjakintasunean guk ere geldialdi bat izan genuen”.
Ainhoaren bikotekidearen kasua ez da bakarra sistema publikoan. Elkarrizketatutako beste hiru lagunek diagnosi edo artatze berantiarra eduki dute: Beñatek, Izarrek eta Mikelek —hirurak ere asmatutako izenak—. Gipuzkoan lehen biek, Bizkaian hirugarrenak. Marika da Beñat eta bitan izan du halako esperientzia bat. Aurrenekoz, koronabirus garaian, almorrana moduko bat azaldu zitzaion uzkian. Ez zuen kontsulta presentzialik eduki eta bi hilabete aritu zen almorrana tratatzen. Denbora batera ikusi zuen guardiako medikuak eta ez zion diagnostikoa aldatu. Azkenean, garaua gaiztotu zitzaion, eta larrialdietara joan zen. Hiru medikuk ikusi zuten han, eta galdetu zioten ea sexu harremanak izan zituen azkenaldian. Bera laguntzera joan zen lagun emakumea kanporatu zuten kontsultatik: “Hau oso bortitza izango da”, esan zidan medikuak, eta galdetu zidan ea sexu harremanak izan nituen azkenaldian. Medikuari lotsa ematen zion galdetzeak ea sexu anala izan nuen, eta buelta asko eman zituen galdetu arte galdetu nahi zuena: ea gizon batekin izan nituen harremanak eta ea uzkitik penetratu ninduten. Bide batez, formulazio hori transfoboa da”. Horrela esan zioten seguraski sexu bidezko infekzioren bat izango zuela, eta hala hasi zen frogen dantza. Astebetera eman zioten infekziosoetan zita, baina egun horretan gastrointestinalen eremuan artatu zuten, eta papiloma zuela esan zioten.
Izar trans ez bitarra da, iaz Hego Amerikako bidaia batean izandako sexu-harreman batean infektatu zen sifiliaz, baina ia urte erdia eman zuen zer zuen jakin gabe: “Euskal Herrira itzuli nintzenean ohartu nintzen buruko min handia nuela, eta lepoa biratzerakoan zorabiatu egiten nintzela. Hasieran, uda zenez eta eguzki asko zegoenez, pentsatu nuen hori zela. Handik hilabetera, ikusi nuen pixa egitean mina egiten zidala zakilak, eta glandearen ingurunea txuria nuela. Igandea zen eta larrialdietako osasun zentrora joan nintzen. Medikuak esan zidan onddoak zirela”. Emandako tratamenduak ez zion efekturik egin, eta bi astera itzuli zen bere osasun zentrora, glandea puztua zuela. Gauza bera esan zioten bertan; onddoak zirela. Handik beste apur batera esku eta oinetan orbain gorriak azaldu zitzaizkion, eta berriz itzuli zen medikuarenera: “‘Zer duzu oraingoan?’ Esan zidan, exajeratua banintz bezala. Erakutsi nizkion orbainak eta bere aurpegian ikusi nuen ez zekiela zer nuen. Argazkiak ateratzen hasi zen kamara zahar batekin, dermatologoari bidaltzeko”. Biharamunean deitu zion espezialistak sifilia zuela esateko, eta mikrobiologiara bideratu zutela jakinarazteko.
“Ezjakintasuna”, horixe azpimarratu du Mikelek ere. Mutil bisexuala da, eta gau batean praktika arriskutsu bat izan zuela eta GIB Giza Inmunoeskasiaren Birusaz kutsatuta egon zitekeela pentsatuta joan zen biharamunean larrialdietako osasun zentrora antierretrobiralen bila. Artatu zuen medikuak ez zuen kontentzio sisteman horren berri —esposizio osteko profilaxia du izena, eta 72 orduko tartean atierretrobiralak hartzen hasita infekzioa garatzeko aukerak asko murrizten dira. Larrialdietarako neurri bat da—, eta Googlen bilatu ostean esan zion hor ez zutela halako sendagairik, eta sexu bidezko infekzioetan erreferentziazkoa den Bonbero Etxaniz zentrora joan behar zuela. Igandez itxita zegoenez astelehenean joan zen lanetik irtetean, baina eguerditik aurrera ere itxita zegoela esan zioten. Astearte goizean itzuli zen eta handik ospitalera bideratu zuten. Larrialdietako itxarongelan egon zen hamar orduz zain. Kautelazko 72 orduak pasatu ziren bertan bost ordu zeramatzanean, baina erizainak esan zion epe muga hori “orientatiboa” zela. Gaueko 20:30ean eman zioten botika.
Hain zuzen, GIBa du Xabin Fernandez kazetari eta aktoreak, eta hamar urtez isilik egon ostean, publiko egin du Kanpora sartzen antzerki obraren bidez. Herri txiki batekoa eta homosexuala izanda, lehenago ere armairutik atera dela dio, baina oraingoan desberdina izan da, hamar urte pasatu direlako infektatu zenetik. Era natural batean egin nahi izan du, ordea, antzerkiaren bidez. Intza Alkain aktorearekin dago oholtzan, eta Aitziber Garmendiak zuzendu du obra. Bertan kontatzen du oso bestelakoa izan zela diagnostikoa beretzat. Odola ematera joan zen eta handik apur batera dei bat jaso zuen esanaz odol laginean GIBa topatu zutela. 27 urte zituen orduan.
Erreportaje honetan parte hartu duten beste kideek ere adin bertsua dute: 25 eta 30 urte artean. Gazte izateak eragina du haien kontakizunetan: gaiarekiko ezjakintasuna dagoela diote, “promiskuotzat” hartu dituztela, informazioa sarean bilatu dutela, gazteen artean halakoak egotea ezohikoagoa delakoan inguruan ezkutatu dute batzuk, edo alderantziz, tabuak gainditzeko beharra ikusita kontatu dute lagun artean. Batzen dituen beste kontuetako bat da, bestalde, osasun sisteman jasotako tratua: ospitaleetan sexu bidezko infekzioak artatzen diren toki bakartuetatik hasi eta mespretxua jasan behar izan arte.
Hau ez da galdeketa bat soto batean. Edo bai?
Denek ez dute esperientzia txarra izan artatu dituen medikuarekin. Ainhoak, Xabinek eta Izarrek, esaterako, eskertu dute profesionalek haiekin izandako hurbileko tratua. Halere, haiei ere hotza iruditu zaie, orohar, gaiarekiko osasun sistemak duen harremana. Klinika pribatuan ez, baina lan taldeko medikuarekin esperientzia txarra du Ainhoak: “Ni laneko medikuak bideratu ninduen pribatura, goi errendimenduko kirolaria naizelako eta ez nuelako hilerokorik. Baina behin diagnostikoarekin itzultzean, ohartarazi zidan gaitzak ez zuela nire lanarekin zerikusirik, eta, beraz, aseguruak ez zuela barne hartzen. Nire gorputzarekin egiten dut lan, noski zuela zerikusia”. Osasun publikora jo zuen orduan, 25 urteetako zitologia egin behar zuela aprobetxatuta. Hutsetik hasi beharko luke bestela.
Mikrobiologia eta infekziosoetako ospitaleetako guneak, berriz, zokoratuta eta gainontzeko eremuetatik aparte daudela azaldu dute Izarrek, Beñatek, Xabinek eta Mikelek. Bonbero Etxaniz eraikinean dagoen eremuak, esaterako, ez du inolako harremanik azpian duen osasun zentroarekin, eta Donostiako Ospitalean ere gainontzeko eremuetatik aldenduta daude guneok. Horrek jada arrotz egiten du hara joatea. Nolabait ezkutatu beharreko zerbait edota tabua den zerbait egongo balitz bezala. Xabin, esaterako, ongi artatu zuten lehenengo aldiz kontsultara joan eta seropositiboa zela esan ziotenean, baina iltzatuta dauka jendeari kontatzeko presarik ez izateko medikuak emandako gomendioa: “Nik nioen kontatu behar nuela, eta ez nekiela ondo ze pauso eman, eta medikuari galdetu nion. Esan zidan ondo pentsatzeko, ez izateko presa gehiegi, eta horrekin izutu egin nintzen pixka bat. Berak esaten zidan pazientzia izateko. Ez zidan esan ‘ez kontatu’, baina pazientzia izateko esan zidan, eta nik hori ez nuen ondo kudeatu. Eta jarraitzen dut pixka bat mezu horrekin buruan. Iruditzen zait gizartea ari zaigula esaten ‘ondo dago kontatzea, baina bueno’”. Ez du gogoan zehazki zein galdera egin zizkioten, baina oroitzen du ez ziotela errespeturik galdu: ea bikotekidea zuen, ea bazekien zein izan zitekeen arrisku praktika… Zehazten du, ordea, gaur egungo talaiatik atzera begira, alarmaren bat edo beste piztuko litzaiokeela.
Eta hain zuzen, alertan egon dira bai Beñat eta bai Mikel kontsultara joan izan direnetan. Azkenari denetik galdetu diote: “Ulertzen dut informazio bat jarri behar dela informean, baina dena? Zer eransten du niri galdetzea emakume batekin ala gizonezko batekin izan dudan sexu praktika? Zergatik galdetzen didate nolakoa izan den sexualdia? Eskatu nion oinarrizko informazioa bakarrik jartzeko. Azkenean hala egin zuen. Baina lehenago ere sexu bidezko infekzioen analisiak eskatu nituenean, medikuak asko insistitu zidan ea zergatik egin nahi nituen. Esan nion aspaldi egiten ez nituelako zela, eta galdetu zidan ea sexu harreman asko nituen… Medikuz aldatzeko eskatu nuen”.
Antzekoa da Beñaten bizipena. Aurrena ebakuntza egin zioten ustezko “papiloma” kentzeko. Baina frogak egin ostean esan zioten klamidia eta sifilia zituela. Handik bidali zuten mikrobiologiako unitatera beste infekziorik ez zuela ziurtatzeko. Eta bertan eman zioten penizilina, bere herriko osasun zentroan jar ziezaioten. Herrian inor ez zegoen espezializatua. Estigmaren arazoa, berriz, mikrobiologiako unitatetik kanpo gertatzen dela azaldu du, ebakuntza egin zioten tokira errebisioa pasatzera joan zenean, esaterako: “Izugarri pasatu ziren. Ea nola okurritzen zitzaidan kondoirik gabe larrua jotzea, oso gaztea nintzela eta nire bizitza arriskuan jar nezakeela. Esan nion sexu hezitzailea nintzela eta banekiela, eta orduan erantzun zidan are okerrago iruditzen zitzaiola. Nola epaitzen dute hain azkar? Berak ez daki bortxatu nauten, abusatu nauten… Eta, halere, bronka bota zidan. Eskatu nion mesedez isiltzeko, bestela joan egingo nintzela”.
Handik urtebetera gertatu zitzaion giardiarena. Parasito batek eragiten duen hesteetako infekzioa da, besteak beste sexu bidez transmititu daitekeena. Kasu honetan, Beñaten sexu lagun batek zuen, zehazki, beste pertsona bati uzkian sexu orala egiteagatik —Beñatek asko azpimarratzen duen kontu bat da infekzio hauek ez direla soilik penetrazioarekin transmititzen eta sexu heziketa gehiago beharko litzatekeela gai hauei buruz—. Horregatik eskatu zion lagunak, prekauzioz, berak ere froga egiteko. Erizainak artatu zuen, eta zakar galdetu zion ea zergatik nahi zuen analisi espezifiko hori. Beñatek azaldu zion zein zen egoera, eta, berriz ere, erizainak, ezjakin, esan zion sexu bidez ezinezkoa zela pasatzea, Beñatek esan zion arte uzkian sexu orala egin daitekeela: “Nekatzen nau horrela ibilitzea, behar dudana antibiotikoak direnean, eta beste edozeini erraz emango lioketenean, pote batean kaka eginda”. Bat batean, historiala ikusi eta erizainak galdetu zion ea sifilia pasatu zion eta giardia pasatu zion pertsona berdina ote zen: “Baina ze galdera da hori? Ezetz esan nion, baina… orduan azaldu behar izan nion, gainera, giardia zuen hirugarrena nire sexu lagunaren bikotekidea zela. Erizainak ez zuen ezer ulertzen”. Azkenean positibo eman zuen parasitoan, eta eman zioten beharrezko sendagaia, baina estigmak ez du etenik. Orain dela gutxi egin ditu urteroko ohiko frogak, eta horiek lortzeko ere galdeketa bat pasatu behar izan du: “Ez zidan hitzordurik eman nahi, galdetu zidan ea pautatuak nituen frogak, esan nion sexu-osasunagatik zela, baina galdetzen zidan etengabe ea banuen zerbaiten susmoa. Eta nik ezetz eta ezetz”.
Bere gorputzak jarraitzen du sifiliaren antigorputzetan positibo ematen —Izarren kasuan ere horrela da—, medikuak ez zion ezer argi esaten, gaiaz ez zekiela eta —utzikeria hori Mikelek eta Izarrek ere salatu dute—, eta infekziosoetako unitatera joan da azkenean. Hor ere beste galdeketa zorrotz bat pasatu behar izan du: ea emakume edo gizonekin jotzen duen larrua, ea zenbat sexu lagun izan dituen urtebetean… “Hor argi ikusi nuen monogamian ezkutatu behar zarela froga gehigarririk egin nahi ez baduzu”. Horrek adierazten du, bada, LGTBIQA+ kolektiboarekiko dagoen kriminalizazio eta aurreiritzi sorta, besteak beste, promiskuitatearena.
Errua, tabua eta estigma
“Agerikoa da harreman itxi bat baduzu ere gerta daitekeela halako zerbait, baina harreman diferenteak banitu errudunago sentituko nintzateke. Parrandan norbaitekin larrua jo eta… Zergatik sentitu behar dut errua?”. Ainhoaren gogoeta honakoa da: badakielako GPBa harreman itxia zuenean hartu zuela eta ez diola aurre egin behar izan ez-monogamien kriminalizazioari. Izarrek ere gogoeta egin du horri buruz: “Edonori gerta dakiokeela esaten dudanean, benetan ari naiz. Ez nuen harreman jarraiturik, eta bi urtetan eduki dudan sexu harreman bakarrean hartu nuen sifilia. Estatistikoki bikote monogamo heterosexualek harreman gehiago izaten dituzte, beraz, zergatik kriminalizatzen gaituzte gu?”. Beñatek ere bizi izan du hori bere azalean: “Amorrua ematen zidan esatea sexu harreman bakarra eduki nuela, horrela ‘deskuidoa’ barkatuko balidate bezala”.
LGTBIQA+ kolektiboaren aurkako estigma, eta, zehazki, zakil eta uzki arteko harreman sexualen aurkakoa konstantea izan da historian zehar, eta azken denboran ere berpiztu egin da susmo hori tximuaren baztangarekin. HIESA izan da, batik bat ezikusi horren zama jasan duena urteotan. Hain justu, Xabinek motxila hori izan du hamarkada batez, eta horregatik “ezkutuan” bizi izan du seropositiboa dela: “Alerta egoera batean egon naiz. Jendearekin harremantzeko modua aldatu zait, hizketan nengoen, baina hanka bat badaezpada ere beste norabide batean nuen edozein galdera ezerosoren aurrean hanka egiteko. Beldurtuta egon naiz, eta badut kapitulu bat oso grabatuta. Telebistan erreportari bezala nengoenean, Hiesaren Aurkako Egunean bururatu zitzaien kazetari bat botika batera bidaltzea eta zuzenean froga bat egitea. Nik ez nekien non sartu egun horretan. Beldurtuta nengoen eta komunera sartu nintzen bertatik ez ateratzeko”.
GIBaren —eta garatu daitekeen HIESAren— itzala, oraindik ere luzea da, baita diagnostikatu ez dietenen horiengan ere. Mikel, esaterako urduri egon zen antierretrobiralak hartu behar zituen 72 ordu horien atzera kontuari begira: “Medikamentu horrek alda zezakeen nire bizia eta pisu hori sentitzen nuen”. Antzeko zerbait dio Izarrek ere: “Frogak egin zizkidatenetik sifiliaz gain beste ezer ez nuela esan zidaten arte ez nintzen bueltaka egon zer ote nuen, baina kontsultan esan zidatenean ez nuela GIBa, lasaitua hartu nuen. Hor ohartu nintzen inkontzienteki kezka banuela”. Beñatek gehitu du: “Arlo horretan egin dut lan, badakit GIBarekin bizi zaitezkeela, ezagutzen dut jendea 60 urte baino gehiago dituena eta seropositiboa dena, eta halere, banuen urduritasun puntu hori”.
Preseski, horrek adierazten du birusaren gainean oraindik ere dagoen ezinikusia eta ezjakintasuna. Xabinek, esaterako, talka egiten du gaitzaren gainean egiten diren irakurketa alarmistekin: “Ez du zerikusirik birusa nola tratatzen zen 1980ko hamarkadan edo gaur egun. Egun, nire gaitza detektaezina eta transmititu ezina da. Eta halere esaten digute ahotsa gehiegi ez altxatzeko”. Moralki ez ezik, muga material batzuk ere badituzte birusa dutenek gaur egun: herrialde batzuetan ezin dituzte lan konkretuak egin, eta hainbat tokitara ezin dute bidaiatu. Horren aurrean, heziketa eta lasai hitz egin ahal izatea exijitu du Xabinek. Izan ere, bai GIBaren kasuan, baina baita gainontzeko sexu bidezko infekzioen kasuan ere, tabua dagoela uste dute lan honetako parte hartzaileek.
Bostak dira gazteak, eta, orohar ingurune “seguru” bat dute denek gertatu zaiena kontatzeko. Halere, Izarrek eta Beñatek gurasoei kontatu behar izan zieten, diagnosi prozesua asko luzatu zelako: “Osakidetzari eskatu diot nire amaren telefonoa kentzeko, aurrerantzean ez dut nahi gertatzen zaidan guztia berak jakitea”, dio Izarrek. Ainhoak ere aitortu du kirol taldean ez zuela ezer esan “baztertuko” zutenaren beldur. Horregatik, hilabete luzez dutxan oso adi eta kontuz ibili zela kontatu du. Biek ala biek bat egin dute: heziketa gehiago behar da, bai gizartean eta baita osasun langileen artean ere.
Sexu heziketa kaletik hasi eta kontsultara
Xabinek joan den martxoan estreinatu zuen Kanpora sartzen obra, gaiari buruz euskaraz aritzeko, eta normalizatzeko. Txantxetan dio GIBa euskaldun berria (horrela deitzen zaio euskara ikastena ari denari, eta lehen hizkuntza ez duenari), dela, gutxi hitz egin delako horri buruz euskaraz. Ez du publikoarentzako bakarrik egin, ordea. Beretzat ere ahalduntze prozesu handi bat izan da, “terapeutikoa”, lana oso autobiografikoa delako. Hain zuzen, Izarrek eskertu egin du Xabinen zintzotasuna eta ausardia, eta txalotu egin du obra bera ere. Ainhoak ere jada ikusi du antzerkia, eta eskerrak eman nahi izan dizkio aktoreari: “Batzuetan pentsatzen dut nik ere eman beharko nukeela urrats bat aurrera eta anonimotasunetik atera. Egin duten lana oso hezitzailea da”.
Beñatek ere eskatu du estigma eta kriminalizaziorik gabeko sexu heziketa emateko, eta eskakizun horiei batu zaie Izar ere: “Aldarrikapenak kolektiboaren aldarrikapen klasikoak dira. Ez da guri bakarrik gertatzen zaigun zerbait. Kontua ez da jendeak pentsatzea infekzioa hartu dugula kolektibokoak garelako eta listo. Hori aldatu behar da. Horrez gain, proposatuko nuke txekeoak aldiro egiteko. Ganorazko profesional bat baduzu, ondo artatuko zaitu. Baina horretarako, noski, ganorazko profesionalak behar dira”.
Hain justu, horixe da Mikelek eskatu duena; osasun sisteman lan egiten dutenek ezagutza eta enpatia gehiago izatea. Arreta zerbitzuetan jarria du kexa, eta zer erantzun zain dagoela heldu zaio erreportaje honetan parte hartzeko proposamena. Ainhoak, Beñatek, Izarrek eta Xabinek ere, nork bere aldetik baiezkoa eman zuten azkar, ezkutuan egondako gaia erdigunean jartzeko asmoz, kolektiboarekiko dauden usteak uxatzeko gogoz.
Hain estu hartu dituen soka tenkatu nahi dutenaren seinale.