Mugako emakumea
Edurne Portelak biolentzia kontatzeko modu berezia du. Irakurlearen barrenean sartzen diren emozioak sortzen ditu idazle santurtziarrak. Maddi y las fronteras eleberriaren pasarte batzuetan pertsonaien sufrimenduak hitzak zeharkatzen ditu.
Biolentziak kontatzeko modu desberdinak daude. Biolentziak sortzen dituen ondorioek, heroien balentriek edota biktimen bizipenek istorio desberdinak idazteko aukera ematen dute. Errealitate hori askotan irakurri dugu fikzioetan, baina gatazketan eta gudetan gertatutako biolentzia hori ondo jasotzeko abilezia behar da.
Edurne Portelak bere liburuetan hainbat gatazkari buruz idazteko trebezia du. Gertuko dugun gatazka batean murgildu gintuen bere bi lehen lanekin. Euskal gatazkaren erradiografia berezia egin zuen El eco de los disparos saiakeran. Bertan, zinema eta literaturarekin lotu zuen gatazka. Bere lehen eleberria Mejor la ausencia izan zen eta Amaiaren pertsonaiaren bitartez, euskal gatazkaren errelato gogor bat kontatu zigun. Euskal gatazka alde batera utzi ostean, emakumeen aurkako indarkeria islatzen zuen istorio bat kontatu zigun Formas de estar lejos liburuan. Los ojos cerrados liburuan Espainiako Gerra Zibila ekarri zigun fikzionatutako herri baten bitartez. Bere azken liburuan, Europako Historiako garai bortitzenera eraman gaitu: Bigarren Mundu Gerrara. Horretarako, Portelak eleberri bihurtu du Maria Josefa Sanzberroren bizitza Maddi y las fronteras liburuan. Portelaren imajinazioari esker, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lauso hori zeharkatzeko aukera dugu liburua irakurtzen dugun bitartean.
Liburuari buruz idatzi baino lehenago, oso garrantzitsua iruditzen zait azaltzea nola gerturatu zen Edurne Portela Maddi edo Maria Josefaren bizitzara. Izarraitz Villaluce eta Joxemari Mitxelena urte askotan aritu dira Maddiren bizitza ikertzen. Ikerketan urte asko igaro ostean, lan hau argitaratzeko moduaren bila hasi ziren. 2021.urtean, Joxemari Mitxelena eta Edurne Portela EITBrako saio bateko grabazio batean ezagutu ziren. Topaketa horren ostean, Mitxelenak argi zuen Portelari eman nahi ziola bere lana. Villaluceri bere ideia aipatu eta gero, biek Portelari eskaera berezia egin zioten. Maddiren artxibo guztia eskaini zioten baldintza batekin: Maddiren bizitza liburu bihurtu behar zuen. Eskaera horren ostean, Portelak baietz esan zuen eta lanean hasi zen. Artxiboko eduki guztia aztertzen ari zen bitartean, zalantza handia izan zuen lan horri zer nolako forma emango zion. Hasieran, saiakera bat egiteko ideia izan zuen, baina Maddiri buruz gehiago irakurtzen zuen heinean, argi izan zuen lehen pertsonan idatzitako eleberri bat egingo zuela.
Erronka handia izan du Portelak lan hau idazterakoan: artxibo batean jasotako dokumentuetatik bizitza erreal baten fikzioa sortu du. Baina, nor da Maddi eta zergatik da hain garrantzitsua bere bizitza? Maddi Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen eta Ipar Euskal Herrira joan zen gazte zelarik. Bere bizitzan pasa zuen lehen muga hori izan zen, Hego eta Ipar Euskal Herrikoa. Mugatik gertu eman zuen bizitza, eta lurralde horrek bere etorkizuna markatu zion. Kontrabandista izan zen, eta 1936ko Gerran eta Bigarren Mundu Gerran muga horretatik pasa ziren pertsona askori laguntza eman zien. Muga horretaz gain, beste mandatu batzuk urratu zituen. Emakume dibortziatua izan zen, eta, horrexegatik, jende askoren esamesen protagonista izan zen. Besteen iritziei garrantzia gutxi ematen saiatu zen, eta, horri esker, aurrera egiteko indarra izan zuen. Erlijio kristauarekin, aldiz, gatazka handia izan zuen. Elizak ez zuen bere erabakia onartzen eta jaunartzea debekatua zuen elizan. Bere fedea indartsuagoa zen eta igandero mezetara joaten zen. Jaunartzeko unean, apaizaren aurrean jartzen zen eta Kristoren gorputza lortzeko saikera egiten zuen beti.
Maddik Larrunen magaleko hotel batean lan egin zuen; hotela Louis Nicolasekin ireki zuen eta bertan denetik bizi izan zuen. Hasieran, Larrun mendiko trena hartzen zuten turistentzako etxea izan zen, eta herrikoentzako dantzaleku bihurtzen zuten igande arratsaldetan. Turismo gutxiago zegoenean baratzean lan egiten zuen Maddik. Gau batean, ume bat agertu zen hotelean, Lucien. Louisek beretzat hartu zuen umea, eta urteak pasa ahala, Maddik ere semetzat jo zuen. Bere dibortzioaren ostean, bestelako familia bat sortu zuen: bere gurasoak urrun bazituen ere, bere familiako kide batzuk gertu izan zituen, besteak beste, bere lehengusina Marie Jeanne Etcheverria. Maddiren argazki gutxi jaso dituzte artxiboan, baina Portelak argazki baten zati bat jarri du liburuaren azalean. Bertan, Maddi agertzen da, eta ez dago argi argazkiaren beste zatian norbait ote dagoen. Hori argitzeko liburuaren epilogora iritsi behar gara, eta bertan bere lehengusinarekin ikusiko dugu. Biak irribarretsu daude; seguruenik Bigarren Mundu Gerra gertatu baino lehenagoko argazkia izanen da. Argazki horren ostean, bi lehengusinak Bigarren Mundu Gerrako ankerkeriak pairatuko zituzten.
Mundu Gerra hasi zenean Maddi nazien okupazioaren beldur izan zen eta zoritxarrez bere hotela naziez bete zen. Beraiei zerbitzu eman behar zien, Erresistentziarentzat lan egin bazuen ere. Maddik sare handia zuen eta mugalarien artean oso ondo zekiten ezkutuan lan egiten. Horri esker bere lana denbora luzez egiteko tartea izan zuen.
Emakume alaia eta langilea zen Maddi. Bere bizitzan jende askori lagundu ostean, nazien esku erori zen eta tren beldurgarri batean bidaiatu zuen. Portelak gizateriaren aurpegirik makurrena erakusten digu bidaia honetan. Maddik sufritutako une gogorrak imajinatu egiten ditu, baina, horretarako, nabari da honi buruz asko irakurri eta ikasi duela. Jorge Semprunen El largo viaje liburuak inspiratu zuen tren bidaia hau idazteko. Bidaia horretan bertan Maddik sentitu zituen beldurra, nazka eta ezinegona transmititzen ditu. Liburua irakurtzen nuen bitartean, ez nuen amaierara iritsi nahi. Bizitza alai eta ausart baten ostean, sufrimendua iritsiko zela susmatzen da kontakizunean. Bidaia horretan gertatzen diren aldrebeskeriak modu oso argi eta krudelean kontatzen ditu Portelak, eta une askotan negarrez amaitu nuen. Portelaren idazkerari esker, Maddiren burutik pasatzen zena susma dezakegu. Ez dakigu nolakoa izan zen Maddi, baina Portelak Maddi ausart eta bihotz onekoa erakutsi digu, eta liburuaren egileak Maddi pertsonaiarekin duen sentsibilitate eta gertukotasunari esker, Maddi y las fronteras liburua kontakizun eder eta mingarri bihurtu du.
Fikzioaren ostean, errealitatea dago, eta preludioa eta epilogoa erabiltzen ditu errealitatearen eta fikzioaren ate gisa. Preludioan, Maddik Portelari idazten dio kontzentrazio-esparrutik. Portelak badaki liburu hau ariketa zaila dela, eta Maddiren memoriari errespetua eskaintzeko bidea testu labur horren bitartez egiten du. Epilogoan, aldiz, Portela istorio honetara nola iritsi den azaltzen du. Portelaren esanetan, Maddi imajinatzea memoria antifaxista sustatzeko modua da. Memoria hori garrantzitsua iruditzen zait. Liburuan gertatzen diren gauza batzuetan, gaur egongo egoerarekin antzekotasunak aurki ditzazkegu. Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuak Ipar Euskal Herrira iritsi zirenean, bertako egunkariek “izurritetzat” jo zuten. Maddik hori irakurtzerakoan ez zituen horrelako esamoldeak ulertzen. Maddi bizitzaren defendatzaile sutsua izan zen, eta argi zuen errefuxiatuen helburu bakarra bizirik jarraitzea zela. Gaur egun, antzeko titularrak ikus ditzakegu hedabide askotan Afrikako edo Ekialde Ertaineko errefuxiatuei erreferentzia eginez. Pertsona horiek beren bizitza salbatu nahi dute, baina Europako agintariek laguntza gutxi ematen die.
Ipar eta Hego Euskal Herriko mugara begira jartzen bagara ere, egoera gutxi aldatu dela esan daiteke. Hendaia eta Iruneko muga itxita dago migratzaileentzat eta beraien bidearekin aurrera egiteko alternatiba arriskutsuagoak hartzen dituzte; are, batzuk Bidasoa ibaian ere ito dira. Europar Batasunaren barruan mugak desagertu badira ere, batzuentzat muga ikusezinak sortu dituzte. Agian, pertsona hauek Maddik egiten zuen bidearen zati bat egiten dute muga zeharkatzeko. Maddiren garaian bezala, herriak sare bat antolatu du eta Irungo Harrera Sareak muga ikusezin hori zeharkatzen laguntzen die.
Portelak Mitxelena eta Villaluceren lanari esker ezagutu zuen Maddi. Berarentzat opari bat izan da artxibo hau jasotzea, eta horregatik, beraiei eskaini die liburua. Datu asko izan ditu erabilgarri, eta zuzen erabili ditu eleberri osoan. Dokumentu batzuk ez ziren oso argiak eta horrek Maddiren bizitza nolakoa zen pentsatzeko aukera eman dio idazleari. Zalantza horiek piztu zuten Portelaren imajinazioa. Lan honi guztiari esker bakea eta antifaxismoa aldarrikatzeko liburu ezinbestekoa daukagu eskura. Gertatutako biolentzia berriro ez errepikatzeko memoria zaindu behar dela esaten da askotan, baina liburu honek erakusten digu biolentzia horren aurka lan egin zuten pertsonen oroimena ezinbestekoa dugula.
Gehiago irakurri: