“Beldurra zabaldu nahi dute gure artean, ilunpera eraman nahi gaituzte berriz”
Zehrish Khan trans aktibista da eta Pakistango Gender Interactive Alliance (GIA) erakundearen programak zuzentzen ditu.
Pakistango trans kolektiboarenganako justizia sozialaren alde lan egiten du Gender Interactive Alliance (GIA) erakundeak. Bere helburu garrantzitsuena Gobernua presionatzea da, pertsona transgeneroak herritar gisa onartzen dituen legea betearaz dezan eta haien eskubide guztiak berma daitezen. Kolektiboarentzako lan-aukerak zabaltzea da erronka handienetako bat; izan ere, pairatzen duten bazterkeria sistematikoak ohiko ekonomiatik kanpo uzten ditu, eta prostituzioan edota eskean aritzera behartzen ditu. Trans pertsonei ukatu ohi zaien doako mediku arreta ere bada premiazko aldarrikapena. GIAk jasotako datuen arabera, Asiako herrialdean halakotzat identifikatutako trans pertsonen %21ak GIBa du.
Zehrish Khanek Karatxiko bulego nagusian du lan-mahaia, Pakistango hiri handi eta kosmopolitenean. Shariaren Auzitegi Federalak maiatzaren 19an emandako irizpenak ustekabean aldatu dio datozen asteetarako agenda. Pakistango parlamentuak onartzen dituen legeak Sharia edo lege islamiarrarekin bateragarriak diren ala ez aztertzen eta zehazten duen instantzia judizial goren horrek Transgender Persons (Protection of Rights) Act, 2018 legearen hainbat atal indargabetu nahi ditu. Kolektiboaren borrokan mugarri historikoa izan zen legea kolokan dago orain, eta horrekin batera bere konkista guztiak.
Zer nolako agertokiak ekar ditzake Shariaren Auzitegi Federalaren irizpenak?
Oraingoz, guretzat, borrokarena, nazio mailan. Ez gara ekonomikoki kolektibo boteretsua, ez dugu lobby edota hedabide handirik gure alde, baina kaleak dauzkagu, eta urte hauetan guztietan egin dugun bezalaxe, gure eskubideak aldarrikatzera aterako gara. Zalantzarik gabe, apelazioa aurkeztuko dugu. Behin betiko epaia 60 egunen buruan emango dute, eta beraz, hainbat astetako mobilizazioak ditugu begi aurrean, eta presio nahikoa egitea espero dugu. Dena dela, berretsiz gero, erabakia kolpe handia izango litzateke, 2018 aurreko agertokira itzultzea, eta hutsetik hasi beharra.
Transgender Persons (Protection of Rights) Act, 2018 legeak, lehen aldiz, eskubide osoko hiritar gisa onartu zituen trans pertsonak Pakistanen. Eta zer gehiago?
Batetik, horixe, oinarri-oinarrizko eskubideak legez bermatu zituen trans komunitatearentzat: biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, hezkuntza, osasuna, enplegu duinerako eskubidea… Erroldetan izena eman ahal izatea! Edota dokumentu ofizialetan gure generoa eta izena aldatu ahal izatea. Baina, zuk diozun bezala, legeak agintzen duenaz harago, sentitzen dugu bost urte hauetan jendartearen errespetua berreskuratu dugula, eta hori da lorpenik handiena, legez debekatutako diskriminazioa gizarte mailan ere desagertzen ari zenaren sintomarik fidagarriena.
Nola edo zertan antzeman duzue aldaketa hori?
Esate baterako, trans pertsonok debekatuta geneukan merkataritza-guneetan sartzea; orain sartu egiten gara. Unibertsitateek ez gintuzten onartzen; Greenwichekoa izan zen politika aldatzen lehena. Lehen ezinezkoa zen hirietako erdiguneetan etxebizitza bat alokatzea, jabeek ez gintuzten errentari gisa nahi edo bikoitza kobratu nahi ziguten; pixkanaka periferiatik ateratzen ari gara. Lan-elkarrizketak gu ikusi bezain pronto amaitzen ziren, edo galdera deserosoekin jazartzen gintuzten elkarrizketatzaileentzako denbora-pasa bihurtzen ziren; baina bost urte hauetan kide batzuek prostituziotik ateratzea lortu dute, sexu-lanak egiteko hartzen zituzten drogak utzi dituzte, formakuntza zikloak egin eta enplegua lortu dute. Kalean, auzo gorrietatik kanpo ibiltzea oso arrikutsua zen, baita garraio publikoa erabilita mugitzea ere, tratu iraingarria jasaten genuen; hori ere hobetu egin dela uste dut.
Errespetuaz ari zarenean, “berreskuratu” egin duzuela diozu eta, horrenbestez, ulertzen dut lehen ere bazegoela edo bazenutela. Noiz, baina?
Britainiar aroa baino lehen. Arabieraz badugu hitz bat, khunsa, trans pertsonei erreferentzia egiteko balio duena. Izan ere, islamak beti onartu izan gaitu, eta Koranak ere aipatzen gaitu. Gaur egun jasaten ditugun bazterkeriaren eta estigmen oinarrian dagoen balio-sistema eta Zigor Kodearen zimenduak Raj britainiarrak inposatu zituen, eta Pakistango familiek barru-barruraino irentsi dute, etxean trans senide bat izateaz lotsatu eta kanporatzeraino.
Shariaren Auzitegi Federalak zergatik berrikusi nahi du legea orain eta ez lehenago?
Egia esateko, 2022an hasi zen gorroto kanpainaren lorpena da. Mushtaq Ahmad Khan senataria da bultzatzaile nagusia. Jamaat-e-Islami alderdiko kidea da, Pakistan soilik Shariak gobernatutako estatu islamiko bihurtu nahi duena. Gure kolektiboaren aurka oso bortizki hitz egiten zuen bideoak zabaltzen hasi zen; trans kausari lesbianentzat eta gayentzat estalgarri izatea leporatzen dio eta gogorarazten du, trans aferarekin gertatzen ez den bezala, homosexualitatea haram dela islamaren aurrean, debekatutako zerbait, alegia. Lehenegoa –trans afera– generoarekin eta identitatearekin lotzen dute, eta errespetatzen dute. Bigarrenak, ordea, pertsonen sexuarekin eta sexualitatearekin du zerikusia, eta horretan islamak ez du aniztasuna aintzatesten.
Sexualitatea ez al da pertsonon identitatearen parte?
Haien ustez, ez. Zenbait mullah edo buruzagi erlijiosok berriro ezarri nahi dute osasun-ziurtagiria, legez, ezinbesteko baldintzatzat bere burua herritar gisa erregistratu nahi duten trans pertsonentzat. 2018ko legeak debekatu zuen praktika gaitzesgarria da hori. Psikologo batek, endokrino batek, urologo batek eta genero-gaietan ustez adituak ziren bi kidek osatutako mediku-epaimahaiak pazientea aztertu eta trans pertsona ote zen erabakitzen zuen. Ezezkoan, zigorra bost urteko espetxealdia izaten ahal zen. Jakina, gehienok horren aurka egin dugu urte askoan eta, horrenbestez, oraindik ere milioika trans pertsona inongo agiri eta dokumenturik gabe bizi dira gure herrialdean.
Oker ez banago, familia errotua izatea zen herritartasuna lortzeko bigarren premisa.
Bai. Aitak eta amak sinatutako gutun bat aurkeztu behar zuen eskatzaileak, zeinetan gurasotasuna onartzen baitzuten. Baina, bistan denez, lehen lotsari eta estigmari buruz azaldutakoa kontuan hartuta, halako gutunik aurkeztu ahal izatea ere ia ezinezkoa zen. Pakistanen, trans pertsona gehien-gehienak familiarik eta etxerik gabe bizi dira, lan duinik gabe eta jendartetik kanpo. Zorionez, guk geuk elkar babesten dugu.
Itzul gaitezen legera. Shariaren defendatzaileek 2018ko legea indargabetu nahi dute homosexualei ere mesede egiten diela uste dutelako?
Bai, ideia nahiko aldrebesa da, baina mezuak urteak daramatza sare sozialetan bolo-bolo, eta eragina izan du. Nik neuk sumatzen dut. Lehenago sekula nire nortasuna zalantzan jarri ez duten aspaldiko lagunak hasi zaizkit orain galdezka, ea “benetako transa” naizen. Eta jakin badakit zenbait kideri lan-elkarrizketetan galdetu dietela trans gisa agertu arren benetan “beste gauza bat” ote diren.
Ze “beste gauza”?
Ba, gizon homosexualak, adibidez. Trans emakume itxurak eginda elkartu eta harremantzen direnak… inork seinalatu gabe. Eta gorrotoaren propaganda zabaltzen ari den beste ideia bat da 2018ko legeak emakumeen aurkako sexu-erasoen bidea errazten duela. Gizonei, emakume transgeneroz “mozorrotuta”, emakumeentzako “espazio esklusiboetara” sartzea errazten diela argudiatzen dute.
Trans komunitatea mugimendu feministarekin eta kolektibo homosexualekin etsaitu nahian dabiltza.
Bai, noski! Eta batez ere beldurra zabaldu nahi dute gure artean, ilunpera eraman nahi gaituzte berriz. Homosexualitatea delitua da Pakistanen, Errepublika Islamiarra da hau, eta zigor penalak bi urtetik hasi eta biziarteko espetxealdiak ere aurreikusten ditu.
Ulertuko zenukete zuen borroka beste horiek guztiak gabe?
Emakumeen mugimenduak pakistandar jendartean sortzen duen etika feminista eta elkartasuna ezinbestekoak dira bestetasuna onartzeko. Eta trans familiak genero maskulinoaren eta femeninoaren rol konbentzionalekin identifikatzen ez diren pertsona eta kausa guztiak besarkatzen ditu. Beti esaten dut demokraziaren adibiderik onena garela, pertsonak onartzen ditugulako haien jatorria, sexua, sexualitatea edota erlijioa kontuan hartu gabe.
Gehiago irakurri: